31 Txipiroiak

Txipiroiak

Castelroseko presondegia, arratsaldeko oren bata eta erdi, arkupearen azpitik pasatu ginen guziak tirrinta arazorik gabe egin genuen. Hamar bat lagun ginen, gehienak ezagunak, denak bertakoak, gu izan ezik. Beti bezala, seirehun kilometro egin behar harat heltzeko, neguko elurpean, Frantzian zen eguraldi txarrena suertatu zitzaigula uste dut. Zer alukeria den asmatu duten dispertsioa! Guardiek ateak irekitzeko eta ixteko trebezia erakusten ziguten bitartean, talkie–walkiez elkarrekin hitz egiten zuten, nork eta noiz sarrailak itxi edo ireki.

Azken egongelan sartu gintuzten. Isiltasuna zen nagusi. Gure artean elkarri egiten genizkion begiradek laguntasuna eta kupidaren arteko dirdirak zeukazkiten. Egun horretan zerbait berezia bazairan, usaina. Zerena ote zen, inork ez zekien, guk baizik. Besteek pentsa zezaketen norbaitek zikin usaina bere baitan zeramala, nik zer dakit bada, baina Miren Terek eta biok erakusten genuen irriñoa ziur inguruko baten batek ikusi zigula eta igerri nahi zuela. Usainarera aldiz, segur ezetz…


”Box”-etara erematen duen azken atea ireki zutelarik, zazpi zenbakia erakusten zuen gelatxorantz abiatu ginen eta bertan sartu. Lau kadiretatik hiru mahai inguruan ezarri ondotik, itxoiten hasi ginen. Urrunean ohiko sarraila zaratak entzuten ziren, preso gazte batzuk gure aintzinetik iragan ziren, egokitu zitzaien gelarantz abiatuz. Azkenean, Nitt agertu zitzaigun, ile luze xamar eta guzi. Itxura ona zeukan eta beti bezala, bere lehen irriak erabat urtu gintuen. Pozik zegoen gu ikustean eta besarkada tinko bat eman ondotik mahai inguruan jarri ginen.

Miren Tere eta biok joaten ginen aldiro Nittek ez zuen bere ziegan bazkaltzen, kartzelako janaria baino, nahiago zuelako guk isilpean eramaten genion elikadura frexko-frexkoa. Nik aldiro arnoa neramaion, galtzerditan sartuta, egun horretan ere gustokoa zuen Arabako arno gazte ona. ” Box”eko paretak mintzalagun izan balira, zer ez zuketen kontatuko, bainan ez dut uste kartzela horretakoek sekula halakorik ikusi izan dutenik ere. Nittek ongi bazekien zerbait goxoa arropen artetik aterako geniola bainan ez zuen imajinatzen ahal Miren Terek bere izterren artetik txipiroiak tinta beltzean atera zitzakeenik ere. Galtzerdi luzeen artetik oraino ia irekitan zegoen plastikozko kaxpela atera eta mahai azpian sartu genuen, laugarren kadiraren gainean utzi, ene palto luzea zintzilka ezarririk, leihotxo haien aintzinetik maiz iragaiten ziren guardek ezer ikus ez zezaketen. Txipiroiak bero-beroak zeuden, kartzelaren ondoan zegoen supermerkatuko mikrondean saltsa beltza irekin arte ezarri genituelako.

-Zer moduz Nitt? Nola zaude? ---betiko solasekin hasteko gisan baigenioen

-Ongi, ongi! ---zioen besterik ezin esan bezala.

Txipiroiak kadira gainean zeuden, estalkia irekirik, nik ogi zatiak beste galtzerdi barnetik ateratzen nituen anartean. Animaleko usaina bazegoen bainan bakarrik ginelakoan, lanjerrik ez genuen sentitzen. Eta horra, bat- batean, Miren Terek, keinu faltsu bat eginda, txipiroi guziak lurrera bota zituela, saltsa beltza denetan isuririk, irrisa bihiak hantxe hedaturik eta guk nola garbitu ez jakinik. Oihalik ez, zapirik ez, kleenexik ez, eta zaindariak aintzinetik pasatzeko beldurrez. Ostatu bateko sukalde zahar bat zirudien! Orain arte usaina bazen, oraingoa izugarria zitzaigun, jasangaitza, benetan. Zer egin? Nola garbitu? Nitt urduri xamar ezartzen hasi zen. Miren Terek, potikoka, lurretik txipiroiak biltzen hasi zen eta kaxpel irekian ahal bezain fite sartzen eta berriz ere kadira gainean utzi lagunak jan zitzan, bainan lurreko pataska guzia nola garbitu, ahal bezain laster eta inork ikusi gabe.

Artilezko lepokoa genuen garbitzeko tresna bakarra eta saltsa beltzez lohiturik zegoen lihozko lur hura laupattaka xukatzen hasi zen. Ni galeriara ematen zuen leihotik diskretuki begira nengoen, ea norbait zagerien. Lurra urinez beterik zegoen eta Nitt irriz ea nola ezabatuko genituen hondamendi horren arrastoak. Pentsa, debekatuta zegoela edozoin gauza pasatzea, are gehiago txipiroiak! Miren Terek sakelan sartu zuen lepokoa izan ezik, dena garbi-garbia zegoen, ia dirdiratsu, eta izialdura gainditurik, irrifarrez hasi ginen hirurak, ezin farra atxikituz . Nittek txipiroiak jaten segitzen zuen, denak, erabat bukatu arte. Arrastorik ez zen gelditu ere, ez kaxpelean ezta lurrean ere. Bainan zer usaina? Animalekoa!! Tanpi! Nahi zutena pentsa zezaten, zikin batzuk gintezkeela ere, berdin zitzaigun!

Azkenburukoaren tenorea. Emazteak bere bularretatik polboroiak atera zituen, Nittek gehien-gehien beti maite izan dituen gozoak izan baitira. Kaferik ezean, txokolatezko “Mon chéri” batzuk sakelatik ateratzen nizkion eta hiru izarretako jatetxe bateko deserta jan balu bezala, keinu diskretu batzuez, denak irentsi zituen. Nahiko zorte izan genuen behin bakarrik zaindari andere hura gure aintzinean pasatu zelako, ia gure aldera so egin gabe. Halere, pentsa zer esango zuten, gure ondotik, box berean bisitara helduko ziren familiakoek. Ezin asmatu! Halako alderditan txipiroiak zer diren ez baitzekiten ere.

Nitt irriz zegoen barneko bere euskal lagunari gertatutakoa nola kondatuko zion pentsatuz, Allende baitzen barneko haien sasi sukaldaria. Ordu osoa hizketan pasatu genuen, Euskal Herriko berriak kartzelakoekin bat eginez. Inork ez daki Nitt-ek zenbat denbora pasatu beharko duen zilo horretan, oraino behin behinekolehen eskaerari ezezkoa eman baitiote. Bederatzi hilabete daramazki arratoindegi horretan, gose grebaz gose greba, protestaz protesta, eskaeraz eskaera. Agian laster kanpoan egonen da. Egun horretan Donibane Lohizuneko ostatu hoberenera elkarrekin joanen gara, txipiroiak jatera noski.

Txipiroien ixtoria honek duen beste buztan irringarria kontatzera noakizue. Hilabeteak iragan ondoren, berriz ere, Nitti bisita bat egitera hurbildu gintzaizkion, betiko txipiroiak besapean. Miren Terek tuperra irekitan ezartzea du bere grina nagusia, nahiz eta izterrean erre puntuan ukan bisitako bidean. Eta halaxe, Carrefour hartan sartu ginen, bi erosketen artean, txipiroi kaxpela berotzera. Ez zen errexa! Mikrondakoa, haragia plantxan erretzen duten lekutik nahiko hurbil zelako eta bertako langileak aise ohar zitezkeelako gure joan-etorrietaz. Kaxpela irekitan ezartzeko, berogailu hura bospasei aldiz martxan ezarri behar zen, hark jalgitzen zuen animaleko usainarekin gainera. Hura baretzeko gisan, lagunak ez zuen tuperraren estalkia ireki eta jadanik hirugarren aldikotz ordularia martxan ezarri zuen. Ni betiko zaindari lanetan nengoen, ea hango langile neska hura ez zen horretaz konturatzen.

Eta bat-batean, eztanda bat entzunez, horra gure txipiroi guziak mikrouhin hartan hedaturik, izugarrizko pataska sortuz, dena beltza, saltsez betea, txipiroi guziak dantzan eta ni, neska haren begirada nereganatu nahiz, hango zalapartaz ohar ez zedin. Eta orai, berriz ere txipiroiak tuperrean ezarri behar, saltsa ahal bezain kartsuki xukatuz, baina ezinezkoa zela konturatuz, dena halaxe uztea erabaki genuen, txipiroiak kaxpelean gorderik egonez noski. Zer irriak egin genituen kartzelako bidean pentsatzen langile haren aurpegia lohikeria hura ikustean. Gure irri-solasetan, segur txinatar bat izan zitekeela pataska haren egilea pentsatuko zutela esaten genion elkarri, halako saltsa beltzik inoiz ikus ez zutelakoan. Zer ote zitekeen usain azkarreko kaka koloreko saltsa hura? Imajina mikrouhinetako haren erabiltzailearen aurpegia eta baita neska langile harena ere! Imajina haien solas zentzugabeak, txinatar ala vietnamdarren aurkako solas gogorrak… Azkenean gure joan-etorriak segur gogorat itzultzen zitzaizkiela, baina berandu zen.

Nitti gertaturikoa kondatu genionean pozik, irrifarrez, egon zen, eta gu ere, bera umore onez ikusteagatik, noski.