34 Arrantzale trebea

Arrantzale trebea

-

Ziburutarra sortzez eta ttikitandik Donibanen bizitua, denak nere alde izan ditut arrantzalea izateko. Ez arrantzale profesionala, noski, ofizioko itsasgizona, ez, ez, kaikoa edo kosta ingurukoa baizik. Ene bizi guzian, itsasoa biziki maite izan dut eta ttikitandik berarekin bizi izan naiz, beti harekiko errespetu handia ukanez, eta egia aitortzeko, hein handi batean ikaratu nau. Haur, haize enbataz itsas bazterretik, eskolatik etxera oinez edo txirringaz, itzultzen nintzenean, etxeko leihotik izugarrizko ekaitza higituak beldurrez begiratzen nituenenean edo udan, bere baitan, bainatzerakoan eta igerika barneegi urruntzerakoan ala itsas zola sakonean murgiltzerakoan. Nik hori bildurra edo errespetua denik ez dakit, nahiz eta biak direla uste, edo sinpleki, nerau izuti kakati bat izan.

Jadanik hamar urteetan ni baino zaharragoak ziren Michel eta Jacques lagunekin portuan battelekuetan genbiltzanean izutzen nintzen, batez ere, ni baino zaharragoak ziren adiskide haiek, eta ni beldurtzeko asmotan, txalupa ezker-eskuin higitzen zutenean. Beraz, itsas-mutila izan naizenik ez daiteke esan eta lekuko gaur egun Urdazuri ibaiaren itsasuntzien elkarteko arduraduna, Alain Darancettek, ene eskolako lagunak, barkuz nere aintzinean iragaiten ikusten nauelarik, ibaiertzetik lagun oihu honekin agurtzen nau: “Adio, Marin d'eau douce!” Beraz, ez naiz izan ez itsas mutila ez eta arrantzalea ere, gainera amuarekin ginauden aldiro berehala pazientzia galtzen nuen eta teknika menperatzeaz aparte, arrantzale ona izateko pazientzia da altxor preziatuarena. Arrazoin guzi horiengatik arrantzan aritzeko grinarik ez dut sekula izan eta nere itsas bizian arrain tutik ere ez dut inoiz uretatik atera.

Halere, berrogoita bost urtetan barku txiki bat erostea erabaki nuen, arrantzetan aritzeko baino, ibilaldi goxoak kostatik hurbil egiteko. Bigarren eskuko ”Arcachonais” txiki bat eskuratu nuelarik, Hondarribian bizi nintzen eta noizean behin bertako portu nautikotik hango inguruko uhain artera ateratzen nintzen, inoiz sobera urrundu gabe, badaezpada ere. Hala bogatzea gustokoa nuen, aise guttiago enekin bi animaleko bidoiak barkuan kargatzea, motor kaxkar haren sokatik tiraka aritzen, ezin piztuz edo desesperazio sakonez egotea arrazoin desberdinez itsasuntziak kurritzen ez zuelako. Zer izerdiak ez ditudan bota, Ttiki izeneko barkutxo urdin hartan. Halere pozik azkenean itsasoratzera lortzen nuenean, arrantzan aritzeko tresna guztiak erosi bainituen eta, behin baino gehiagotan, nere amuak Hendaia eta Hondarribiko itsaso zabalaren artean botatzen nituen bainan.... debaldetan, noiz arrastrean, barku gibeletik hari luze hura herrestan barkuaren martxa apalean eskutartean atxiki tuz, noiz txipiroietan aritzeko tturluttak eskutartean gora eta behera arituz, noiz arrain txikitan zizare biziak peitatzat erabiliz. Beti debaldetan aritzen nintzen, eta hola luzaz, benetan aspertu arte.

Behin Erratzuko lagunak barkura ereman nituen eta Martintxok, errekako amurrain arrantzale trebeak, amuarekin pozik egon zela zioen, Baztango erreketan bezala, baina hura ez zen txantxetakoa eta nahiz une batez sentitzen den morsearen pareko tirakaldiak senditu, deseperantza guziez, ez zuen deus hartzera erdietsi. Inaxiori, aldiz, turlutak eman nizkion, ea txipiroi bat edo beste harrapatzeko gai zenez, baina debaldetan. Nola nahi duzue ene aholku eta kontseilu kakarrei segituz, zerbait arrantzatzea, orduan ezer ez bainekien, haria goitik behera uretan barneratu behar zela baizik. Nere erakaspen irrigarriekin ez zitekeela fitsik arrantzatu banekien, bainan hori ez nien aipatu ere, ene arrantzale trebezia erakutsi nahiz.

Eskerrik, portura igotzerakoan erositako arrainari esker lau lagunek afari eder bat Olagarro elkartean egin genuela, Endika beti halakoetara apuntatzen zelako deus ez egin arren. Behin, itsasoa nahiko mugituta zegoelarik, kai babestutik ateratzea erabaki nuen, bakarrik, eta itsasoa aski hasarre zegoela ikusi nuenean zalantza biziak sartu zitzaizkidan, baina halere, nere buruari indar egiteko, espedizio horri lotzea deliberatu nuen. Uhainek ezkerrretik eskuinera untzia aireratzen zuten eta parez pare olatu bat hartzen nuenean itzuli osoa eman behar nuela iduritzen zitzaidan, baina ez, eta uhainen artean nahiko ongi moldatu nintzen nahiz eta tarteka beldur izugarria jaso. Amuak bota nituenean, ez ziren hogoita hamar segundu pasa bi hariak haien artean lotzeko eta koropilatzeko. Ai Ama, zer sagaio! Azkenean hura laxatzeko pasa nuen denbora izugarria izan nuen, txoratzen bainitzen eta hari puntekin trebeki hartzea ezinezkoa nuen, ez dakit nola baina azkenean lortu nuen. Zer ez zen izan xixarea amu alu hartan behar bezala sartzea, burutik behera, arrainak ez zezan ikus amuaren dir-dir erasotzaile lanjerosa eta ahal bezain ongi egiten nuen, gehienetan amua tripatik atearaziz, eta pazientzia galduz.

Berriz ere amu artistiko hura itsasorat jaurtiki egin nuen, ahal bezain urrun baina korronteak beti nere ondora erakartzen zuen hari alu hura eta hark nardatzen ninduen, lehengo trebezi guzia ezertarako ez zuelako batere balio izan, eta ez haria ongi deslaxatzeak, ez xixareaz erdi ipurdiz amuan emateak, ezta barkutik nahiko urrun eta indarrez amua botatzeak ere. Eta itsasoa ezker eskuin zihoala, barkua perilean emanik, behin baino gehiagotan buruz beheiti eta trebeska; bazirudien ez genuela nehoiz bukatu behar. Oren erdi baten buruan edo, lehen aldiz eta harriduraz beterik, amu puntan arrain bat sentitu nuen tiraka. Zer poza! Bainan zer egin? Tiratu bai, baina nola arrainak amutik ihes egiteko ahal bezain ahalmen guttienik ukan zezan? Kainabera goititzen hasi nintzenean, ene itsasuntzi ttikittoa olatuen artean zebilela ezin sostenituz, eta bat- batean horra nondik uretatik zintzilka arrain edertxo bat jiten zaudala, buztaneko pala baten mugimenduak erakutsiz, hark ere ez baitzuen gustoko ni bezalako arrantzale kaxkar baten saretan erortzea. Bakoitzari bere ohorean, eta nerea izugarria zen, nere bizi guzian itsasotik ateratzen nuen lehen arraina zelako. Zer xantza eta zer zoriona arrain hura nereganantz airean hari puntan zetorrenean, eta ni untzian xutik, ezin egonez, erortzeko langer permanentearekin. Sinistezina! Senditzen nuen pozak nere beldurrari gaina hartzen ziolako eta lehen arrain hura barkuraino igotzeko eginahalak egin nituen. Airean, ziztu bizian zetorren arrain presoa, esku zabal- zabalez hartu nuen, behingoan geldirik egon zedin.

Animaleko ziztako bat sumatu nuen eskuan, labain zorrotz baten antzekoa, gehiagokoa ere, egitan. Eskutik odola isurtzen ari zitzaidala somatu nuen eta, sekulan sentitu ez ditudan sentitu heineko minak, karrasiak, haizeak inorantz eramanik. Arras txoratzen hasi nintzelarik, ahal bezala, beste eskuaz, motorrari indarra eman nion, nahiko urrun neukan portura, ahal bezain laster, hurbil nenkion. Dardarez hasi nintzen, mina ezin jasanez. Hark pozoindu ninduela pentsatu nuen. Nere eskua ahultzen ari zitzaidan, nere besoa emeki-emeki gogortzen eta ukondoraino balizko pozoin haren eragina sentitzen hasi nintzen... Nik zer nekien arrain pozointsuak bazirela ere, baina besotik gora igotzen ari zitzaidan mina pozoin batek sortua baizik ez zela konbentzituta nintzen. Zer oinazeak! Zinez, inoiz izan ez ditudan bezalakoak. Arraina barku barnean zegoen bere amutik atxikita, irriz bezala, bizkar gainean zeukazkien ziztak ene odolez zikindurik, zut-zutak. Horretan hark ziztatu zidala ohartu nintzen eta arras burua galtzen hasita portua gero eta urrunago ikusten nuen. Ene bizian halako bide luzerik ez dudala sekulan egin uste dut. Biziki txoraturik nengoen eta pozoinaren eragina abantzu sorbaldaraino. Besoa, jadanik, anestesiak hark lokarturik neukan.

Azkenean, eskurik gabe, besorik gabe, bururik gabe, oinazeak sorbalderaino sentiturik, portura ailegatu nintzen eta zorte txarrez, kaira ereman behar ninduen battelariak bere barku berezia jendez beterik zeukala ohartu nintzen. Haren esku keinutxoak ikusi ninduela erran zidan. Hori ikusita, patxada apur bat hartu nuen. Jendea kairaratu ondoren berehala etorriko zela adierazi bezala, itxoiten egon nintzen bainan alferrik. Izugarrizko min hura gorantz zihoakidala sentitzen nuen, ordu erdi batez sormin hura bularreraino igo baizitzaidan. Desesperaturik nengoen. Berriro barkuen artean battelaria ikusi nuenean, oihu egin nion eta bere burura eraman zuen eskuak hantxe ahantzi ninduela adierazi zidan. Zer kasualitatea! Nere erria ikusi zuenean erabat izutu zen eta ziztu bizian kairaino eraman ninduen. Nahiko hurbil zegoen hondartzaraino ereman ninduten, gurutze gorriko salbaposturaino. Han berehala xabiroi kozkor batek ziztatu zidala ohartu ziren eta pozoitsuetan pozointsuena den arrain haren ziztada jaso nuela jakin nuen.

Erabat txoraturik nengoen, konortea erdi galdurik. Ia ezin nuela hitz egin konturatu zirenean ohe hartan etzan ninduten eta ziztako medikal bat ezarri zidaten. Amoniakoaz oihal bat busti eta zauria garbitu zidaten. Oihal harekin eskua tinkatu zidaten eta ezinjasanezko min haiek laster lehuntzen hasi zitzaizkidan. Oka botatzeko gogoa aldiz ez. Bizpahiru oren ohe hartan iragan nituen eta zutitzen nintzen aldiro berriro txoratzen eta oheratzen. Ea nolakoa zen arraina galdegiten zidaten eta nik handi xamarra zela luzatu nien. Hango medikua ere izutzen hasi zen, xabiroi ttikien ziztada mingarria bada, handienarekin kasu! Eta ni bildurrez, minez,oinazez eta kexuz.

Azkenean tente ezarri nindutenean oinez etxerat abiatu nintzen eta ohean sartu. Medikua deitu genuenean nere osasunez harritu egin zen.

Emeki-emeki nere txoramena hobera zihoala ikusirik, besoko oinazea ihes zihoakidala oharturik eta eskuko mina zahulkidala konturaturik, umorea itzuli zitzaidan eta erdi irriz, medikuari nere bizi guzian harrapatu nuen lehenbiziko arraina zela aitortu nion. Farrez lehertu zen. Inguruko senide guziak ere bai.

Horretan nahiko garbi ageri da arrantzale trebe ez izanik ere, gauza bitxiak gerta dakizkidakeela. Ene alaba Iduzkiri eta bioi gertatutakoa ere oroimenean zizelkatua dut, eta nola ez, garai hartan zortzi urte baizik ez baitzituen.


1996ean, Begiraleak kultur taldearekin Quebecerat abiatu ginenean, San Lorentzo ibaiaren ertzetan ibili ginen, batez ere Trois Pistoles, Trois Rivières eta Rimousky herrietan. Noel izeneko ene lagunarekin eta gure dantza eta kantu saoiak bukatu ondoren, Rimouskitik baleak ikustera zeuden barkuetako bat hartzea erabaki genuen. Kanadako leku horiek aski lainotuak bezain hotzak dira, ipar haizeak beti gogor jotzen duelako. Zer esan hango ur hotzez, nahiz eta udan bero zakarra izan, ibaiak dituen hondartzetan maina ez daitekeelako, uraren hoztasun handiagatik. Beraz, goiz batez, untzi hura hartu genuen eta ibai barnera abiatu ginen. San Lorentzoren zabaltasuna ikaragarria da eta hiru oren boga daiteke erdian diren uhartetxoetara iristeko. Egia da gure barku hura ez zela transatlantiko handia, ez eta ximista bizian dabiltzaten beste arin horietakorik ere; ez, barku normala, nahiko zaharra, edonor xorarazteko gai den horietakoa zen. Galdegin bestenaz Noeli, hiru orenetatik biga, aise, arrainei elikadura botatzen aritu baitzen.

Hango lekura ailegatu ginenean, denbora ausarki egon ginen ea bale bat agertzen zitzaigun baina debaldetan, uharte haren gainean ekiaren izpiak baliatzen ari ziren itsas- zakur beltzak baizik ez baitziren. Zenbat denbora hantxe egon ginen ez dakit baina itzultzeko erabakia hartu zutenean ia orenbete osoa ugaztun erraldoien bila baigenbiltzala, bederen. Erabat bairatuak, Rimouskiko portu aldera itzuli ginen. Inguru haietan egiten genuen azken eguna izan zen. Biharamunean Montreal aldeko bidaia egin genuen eta laster Euskal Herri alderakoa, Bordeletik Hondarribirakoa.

Uztailean ginauden eta ene alabak oporretan egoiteagatik Iduzki gaztearenarekin Ttiki itsasuntzian itsasora itzuliño bat egitera abiatu ginen eta Hondarrabiko portutik gertu egon ginen, noiz Hendaraino hurbildu, noiz Fraileen itsasadarrean sartu. Porturantz etortzen ginelarik eta jadanik ainguraturik zeuden itsasuntzi xumeen artean genbiltzanean, nautiko deitzen duten portuan, bat- batean gure untzitik biziki hurbil, hara non itsasotik jalgitzen den izugarrizko balea ikusten dugun, beltza eta xuria, harrigarria, hantxe, barkutxoen artean. Iziturik, handik pixka bat urruntzea erabaki nuen, gorputz kolpe batez Ttiki ene barkua antxarat bota lezakeelako. Berriz ere uretan murgildurik, ea non ager zitekeen txerka aritu ginen, Iduzki alabaren begi sinesgaitzak lekuko. Eta berriro agertu, emeki-emeki, haren hats ozena airera igorriz, txistu natural hark inguru guziak estaliz. Hainbat denbora egon ginen bere bila, portuko beste puntan agertu baitzen, eta berriz ere ura sakonagoa zen toki batean.

Beste inor ez zegoen portuan goizeko bederatziak zirelako eta bat-batean untzi baten gainean jendea ikusirik, hurbildu nintzaien ikusi genuena esatera, haien haurrak uretan baitzeuden igerika. “Kontuz ibili lagunak, bale bat ikusi dugu, hobe duzue uretatik ateratzea”- esan nien. Pentsa, sinistu bazigutenez, batere, eta irri karkailetan kilimiska bat egin nahi niela eta ene trufaz aritu ziren. Nahiz eta gauza seriosa izan, kasurik ez zuten egin eta bakean utzi genituen, balearen bila berriro ibiliz. Laurden bat edo ez zela agertu eta handik lekutu zela pentsatu genuen, eta hala izan zen, une baten buruan hantxe, itsasbarnerantz igerika bere gorputz sendoa azken aldikotz uretatik jalgitzen ikusi baigenuen, urezko hari luzea bere gainetik airerantz igorriz.

Nork sinets lezake gertakizun hori kontatzen dudan bezala izatea, ametsetan ez baiginen biok. Eskerrik biharamunean egunkariak bale baten agertzea aipatu zuela, galdurik zegoen ugaztun handi baten aipamena egin zuen, guk ikusitakoaren antzekoa. Pentsa, beste barku hartan zegoen familiakoek egunkarian zagerren berria irakurri zutenean, eta ni, Kanadako Rimouski herritik San Lorentzoko ur barneetara debaldetan joana baleak ikustera eta hemen, ene etxe parean balea agertu.

Poteoa barkuz

Ttiki izeneko barku bera harturik, noizean behin Endika Alex eta hirurok portutik landa itsasoratzen ginen, zinez gutxik untziz egin duten abentura egiteko: Poteoa! Oinez, kantuz, musikaz, tabernaz taberna ibiltzea bai, bainan barkuz? Hondarribiko portu nautikoaren tabernan lehen basoa hartzen hasten genuen gure abentura, motorrak berotzeko noski, eta handik, bi nasen arteko ibaibidea harturik eskuineko aldean dagoen itsasuntzi aterbe hartan Ttiki lotu eta Marinara abiatzen ginen, gure bigarren tabernan beltz ttiki bat hartzeko asmotan. ….

Guretzat inoiz mugarik ez delakoan, handik Lapurdira pasa eta Hendaian berriki egin zuten portu berrian sartu, zurzubiaren kontra untzia utzi eta hurbileko hirugarren tabernara hurbildu. Gure lurraldeen arteko batasuna ez zela inpresioa bakarrik aski garbi agertzen genuen, barkuz alde batetik bestera abiatzerakoan. Arnoetan aldiz, aldaketa handia eta Bordeaux hura eskatzerakoan, zerbait desberdina gertatu zela bagenekien. Handik, gure probintzien arteko bide erditik, hau da Bidasoatik, gorantz abiatzen ginen, Pausu eta Behobiaraino. Haraino iristeko gorantzako itsasaldia beharrezkoa da, batez ere itzultzerakoan, eta ez bada ongi kalkulatzen, beherantzako itsasaldiak nagusi daiteke eta pasatzen ez utzi, bainan dena aintzinetik ikusia geneukan eta arazorik gabe Behobiaraino iristen ginen, hango trinketean pote bat hartzeko. Hango benten auzoan, itzulitto bat eman, azkenik Luis de Haroren azalean sartzeko eta Faisaien uharte ertzean, barkua lotzeko eta errege batzuen gisa, han bertan lurreratzeko. Ahatez eta antzarez beterik dagoen ibai bazter hartan lehorreratzeko, maniobra ainitz egin behar zen, eta aldiro barkuak kaska bat edo bertze hartzen zuen. Uhartean den oroitarriaren aintzinean orduko egoera gogoratzera jostatzen nintzen, han dagerten idazkiak aho ozenez irakurriz, ahateak eta beltxargak lekuko.

Zer goxoa zen uharte hartan egotea, maiz autoz iragaitean hain hurbil ikus zitekeen irla helgaitz bezin kondairatsu horretan izatea. Ez dakit kondairazalea edo ardozalea izateagatik Alexek bere burua hamazazpigarren mendean zekusen eta Luis XIV.aren ezkontza prestatzen ari bazen bezala antzerki gisan aritzen zitzaigun, 1659ko Pirinioetako tratatua zizelkatzen aritzen balitz bezala. Luis de Haro, Endika, eta Mazarin, ni, parez pare ezarririk, bi estatuen pakea zizelkatzen eta Maria Teresaren eta Louis XIV. erregearen arteko ezkontzaren tratua boza ozenez antzezten. Alex laguna antzezlaria dela aitortu behar dut eta erakustaldi pribatuetan aritzea gustazen zaio. Publikoa harriturik zegoen eta haien moko luzeetatik, sudurrezko soinuak ateratzen hasi ziren, txalotzen baino, haien bizi baketsua haustera ausartu ginelako.

Hura egina, itsasuntzitxoa berriro hartu eta itsasaldera abiatzen ginen, Hendaian beste geldialdi txikitxo bat egitea ahantzi gabe, poteo bitxi bezain busti hura bukatzeko, azken portuan gelditzen ginen barkua osoki gelditu arte.
Nik ez dakit beharrezkoa genuen halako zerbait egitea baina gauza bitxia izanez, bortxaz egitekoa iduritzen zitzaigun, batez ere ixtorio hau kontatzeko gaia emateagatik.

Sinbad

Joseba ene lagunak batzutan Sinbad deitzen nau, batez ere ene barkuaren berri ematen dudanean. Arrazoin mila ba omen ditu hala nitaz trufatzeko eta hala izan daitekeela onartzen dut. Hondarribiko barkutxo hura saldu nuen. Agian arrantza gustukoa izateagatik , berriz ere, Donibane Lohizunen azken urte horietan beste barku bat eskuratu dut eta Urdazuri ibaian dago dilindan. Jadanik, bortz urte daramazkit bogatzen eta gertaturiko hainbeste abenturek Josebak ni Sinbad deitzera eramaten dute.

Lehen abentura laster gertatu zitzaidan. Untzi baten jabeak jakin behar dituen legeak oraino ez nituelako ikasi, bigarren egunerako gertatu behar zena gertatu zitzaidan, Urdazuri ibaian dabilen korrentea txantxetakoa ez baita. Beste bati bigarren eskuko barkua erosi nionean, ez baitzidan batere adierazi nola jokatu untzia boian amarretzeko edo boiatik ateratzeko egin behar nituen guziak, edo hain naturalak berari iduritu, ez zidala niri batere adierazpenik eman. Hala hasi baitziren nere ardurak eta beheraldera zihoan korrenteari kaxu ez eginik, aintzinekoaren partez, gibeleko soka laxatu nuen lehenik, untziaren popa, ustekabean, uraren indarrak eremanez, esker aldera erabat joan zitzaidan, ibaian zeharkatu eta trabeskatu, azpiko palotea boiako sokan korapilatu arte. Motorra isilik, ezin aintzinera edo gibelera joanez egon nintzen, hantxe, ene desesperantza sentimenduan itorik. Zer egin ez nekien, untzia zuzen eramatea eta laguntzaren eske joatea baizik. Indarrik gabe, izerdi putzutan, nardaturik, azkenik, ene xede hura lortu nuenean, txintxorroa hartu eta arraun kolpe salbagarri haien esker, ertzeraino iritsi nintzen.Benetan nekagarria! Hala iragan zen ene bigarren itsas eguna, ur gezitik atera gabe, deika, laguntza eske, ezker eta eskuin. Azkenean telefona dei batez borondate oneko lagun bat hurbilarazi, korapilo hura laxa zezan eta berriz ere untzia martxatzeko gai ezar zezan.

Bigarren abentura etorri arte. Bi asteren buruan edo, gauza bera gertatu baizitzaidan eta urazpiko gizon bat deitu behar izan nuen soka bera laxatzeko eta, bistan da, mozteko, palotea libro egon zedin. Beste batean, Gaby aspaldiko laguna enekin harturik, badiarantz arrantzatzeko asmoz abiatu ginen, baina portuko aterat iritsi ginenean motorra gelditu zitzaigun eta arraunez atzerantza egin behar izan genuen, Komandantziaren arduradunen irrien artean, haien bulegotik portutik ateratzen edo sartzen diren guziak kontrolatzen baitituzte. Josebak dioen bezala, ziur ene barkua agertzen ikusten dutelarik, denak leihora heldu direla ea zer gertatzen zaidan ikusteko eta irrifarrez lehertzeko.

Hortik aste batzutara, gauza bera gertatu zitzaidan behin Urdazuri ibai ertzeko zurzubi baten gainean zeudan ene hiru ikasleekin. Haien parean barkuz iragaitean eta atsegina egin nahiez, ea nerekin etorri nahi zuten galdegin nien, baiezko erantzuna berehala jasoz. Hiru gazte haiek hartu nituenean, berrehun metro ez nituen egin panan erori gabe eta berriz ere arraunez itzuli. Pentsa zer irriak eginen zituzten eskolan denei hori kontatuz.

Baina ederrenak beste bi izan ziren, batez ere Pello nere lagunarekin gertatutakoa. Pellok itsasoa maite du eta orai urte batzuk itsasuntzi txiki bat izan zuen. Eguraldi ederra egin behar zuela eta, Pellori proposatu nion eguna itsasoan pasatzea, arrantzan, eta horretarako krakada ederra prestatu zuen. Goizeko bederatzietan elkartu ginen eta gure autoak garatuz, saskiak besapean, barkurantz abiatu ginen. Ertze egokira iritsi ginenean errekak zekarren mugimenduak izitu ninduen jadanik, experientzia lekuko, barkua boiatik kentzeko zailtasunak biziko nituela jakinez. Txintxorroa hartu nuen eta untzirantz abiatu. Pello zurzubian nere zai zegoen, krakada eta guzi. Motorra piztu nuenean arazorik ez nuen ukan eta sokak laxatzera abiatu nintzen, jadanik beldurrez, oraino ez bainuen batere lan horretan asegurantzerik hartu. Ez dakit zer egin nuen baina hirugarren aldikotz palotean soka korapilatu zitzaidan eta motorra kolpez mututu. Desesperaturiko keinu bat egin nionean, han zerbait egosten zela berehala ulertu zuen. Txintxorroaz bere bila joatea erabaki nuen. Biak batentzat den barkutxu hartan plomua galtzen genuen eta nahiz eta behin baino gehiagotan urperatzen ginela iduri, Xubiltz izeneko ene barkura ailegatu ginen. Barkura igotzeko Pelloren ehun kiloek ene laguntza behar ukan zituzten, gibeletik bultzaka, txalupatxoa biziki higitzen zelako eta bere hirurogoita hamar urteen arintasun eskasak laguntzen ez zuelako. Nik ere nereak gorri eta beltzak ikusi nituen barkura igotzeko eta jakin gabe nola, eskutan nuen txintxorroaren soka laxatu eta bakar- bakarrik, gure barkutxua , zistu biziko dilindan, beraldera abiatzen hasi zen, korrenteak arinki eramana. Oi alua! Eta orai? Gu biak, hantxe, untzian, txintxorroa urruntzen ikusten, palotea sokez blokatua eta ezin handik mugituz, ez barkuz ezta ere jadanik urrun zebilen txintxorroz. Ordu erdi bat baino gehiago hantxe egon ginen, ez baitzen inor pasatzen, urtarrilaren hotzak arrantzaleak lehorreratzera behartzen baitzituen. Azkenean norbait hurbildu zitzaigun eta ertzerat ereman. Ni konpontzailearen atelierrera abiatu nintzen bitartean, Pello ertzetik oinez,txintxorroaren bila joan zen, ea ibaitik itsasora ez zen oraino sartu. Atelier hartan gauzak uzkurki adierazi nizkion, erabat ahalketurik, lehen aldia ez baitzen. Arratsalde arte deus ez zuela egiten ahal esan zidanean Pellorengana itzuli nintzen. Txintxorroa aurkitu zuenez, han nekusken, urrunean, nonbait atxeman zuen eskartza baten bidez gogorki arraunatzen, korrentearen aurka, ahal zuen indar guziez, ibai gorantz etortzen, ezin erreski aintzinatuz, bere adinaren ahal guziez barkurantz hurbilduz. Oren erdi bat baino gehiago iraun zuen bere bidai indartsuak eta ni, ertzetik begira, beldurrez, ea zerbait gerta zekiokeen, hain handiak ziren bere izerdiak.…. Azkenean neregana iritsi zen eta ahal bezain bat desenkusaturik, begi apalez ongi etorria eman nion, esker milak zinez emanez.

Bere arraun haren itxura ikusiz, irriz lehertzen hasi nintzaion, ea eskartza hura non aurkitu zuen galdeginez. Beste barku baten gainean hartu zuela aitortu zidanean, hura itzuli behar genuela pentsatu genuen.
Teknikoa arratsaldean etorriko zela esan nionean bere etxera abiatzera erabaki genuen, barkuan jateko krakada bazkal genezan, eguerdi jotzeko hamar minuta eskas zirelako. Hanbateko arrantza goiza pasa genuen, ohikoa!

Autoa hartu eta Azkainera joan ginen haren baratzean bazkal genezan. Hura laster irentsita, berriz ere barkurantz abiatu, ea teknikoa etorri baino lehen zerbait aintzinatzen ahal bagenu. Txintxorroz hurbildu eta barkura igo ginen. Nola jokatu? Pellok Azkainen hartu zituen tresnak baliatuz, azpiko korapilo hura laxatzea deliberatu genuen. Horretarako, Pello txintxorroan berriz igo zen eta barkuko gibelaldera etorri, ni gainetik eskutan hartu nuen soka harekin ahal bezain ongi atxikiz. Han ginen biak, Pello txintxorrotik palotean korapilaturik zegoen soka laxatu nahiez, bere gorputzaren pisuaz barkutxua dilinda arriskutsuan emanez eta ni gainetik bere gorputz inguruan ezarri nion sokaz atxiki nahiez, badaezpada ere, urtarrileko urak ez baiziren batere beroak. Eta hara, non, bat- batean, dilingo azkar harek eramana,txintxorroa gibelelaldera doala eta gure Pello aintzinera, pulunpa! Uretara! Nik ezin ezer egin, ur azpitik atera baizik. Indar bereziez, txintxorroa bere lekuan eramatea lortu genuen eta Pello atzeraldera joanik, berriro hantxe jartzea, danba bustirik, begilagunak sudur puntan emanik, eta ni antzerki haren aintzinean irri-karkarez hasi, ezin geldituko irrifarrean sartu. Hantxe zegoen Pello, arropa guziak zipaturik, txintxorrotik ezin mugituz, hotz ikarez, zer egin ez jakinez.

Xabi! Ibai ertzetik zetorren teknikoaren oihuak errealitatera erakarri ninduen eta espektakulu haren aintzinean bera ere irriz hasi, Pelloren begirada xumea lekuko. Azkenean Pello barkura igo genuen, hotzikarez, hantxe nituen jantzi zaharrak utzi nizkion eta ene damu begiekin ahal nuen goxoki mintzaten hasi nintzaion, bere gorputza epeltzen ari zen bitartean eta bere tresna guziak, hala nola ordularia, mobila eta zapata zipatuak idortzen utzi zituen anartean.