Hezur hautsiak
Elizondora hurbiltzen ginenean « ya estan esos tres » ---esaten zuten. Hirukote xelebrea osatzen baigenuen, Amets, Patriku eta hirurok. Nik, hezurrak hautsi arte, beste biei gertatutakoaz barre ozenak egiten nituen, bizi izan zituzten erorketak eta hezur hausturak kontatzekoak baitziren.
Patriku, urtero, ihauterietako astearteetako bazkarira agertzen zen Gentzaneren etxera, eta arratsaldean Erratzuko arratsaldeko ibilaldian damen atzetik mozorroturik ibiltzen. « Iñaute, iñaute, xingar eta arroltze ! » Ez dakit arrautzik jaten ote zuen egun hartan, bainan ardo ona edan ausarki eta bazkal ondoan, gorputza oihalez estalirik, etxez etxe ibiltzen zen beste eltzegor, mozorro, musika eta jendeen artean. Frontoitik plazara, industrialdetik herriko itzulia eman, Albantzenea eta Iparla taberneetara, zubitik gora Zubi izeneko puntaraino eta inguruko etxeetaraino, Ugalderaino, hain zuzen. Han ,bide bazterrean zegoelarik besteak dantzan begiratzen, ezponda sakonean hanka sartu eta bere ehun eta hogei kiloak hankaz gora joan ziren, mozorro eta guzi.
Ai,ai,ai ! ---oihuka zebilen zulo haren zolan, itsas uhain batek bortizki eraman balu bezala. Larre eta osinetan itorik, gure buru handi bizardun lagunak garrasika segitzen zuen, txapeletik zintzilka zituen oihaltxo puntilladunak bere builak estaltzen zituzten bitartean.
Eta Patriku? ---esan zuen batek, bere murgiltze ziztagarriaz inor ez baitzen ohartu eta gure laguna ezpondatik, isilik, ahalkez beterik, ezin atera. Azkenean, bere eltzegorra sabelean zuen dama batek ikusi eta abisua eman, handik ateratzen lagundu behar genuela. Eskua emanez errotik atera genuen, bere animaleko pisua ezin ekarriz, orkatilaren inartadurak oina lurrean zapaltzen ez ziola uzten eta. Aiaika, bere gorputz nagia hanken gainean sostengatu ezinik, lurrean jarri genuen, gainean zeukan mozkorra ihesera joanik. Akabo ihauteria! Akabo egun haren gozamena!
Ametsek, aldiz, ez zuen halako bestarik behar parranda egiteko, ez ihauteririk, ez eta olentzerorik ere, larunbat arrunt batean ezuste izugarria gertatu baitzitzaion. Erran behar da Ametsek eta Elizondoko bere lagunek asteburuetan paregabeko poteoak egiten dituztela eta maiz gertatzen zaiela arratsaldeko bostetan oraino Mendi tabernan egotea, Rueda txuri batzuk edaten. Egun horretan, eta pintxo batzuk jan ondotik, zuzen- zuzen arratsaldeko poteora pasatu ziren eta, jadanik, gauez etxera joan zenean aski mozkorra zegoen. Berandu arte egon omen ziren eta Frantxiskorekin topatu zirenean azken poteak hartu zituzten. Frantxisko Ameriketan bizi den herriko gure lagun homosexuala da, urtero herriko bestetara heldu dena, sekula etxera joateko presarik ez daukana. Etxera joateko ordua iritsi zela iduritu zitzaienean, eta Amets mozkor arraildurik ikusita, etxeraino lagunduko zuela esan zion, auzokoa izateaz gain adiskidea zelako. Besotik harturik eta solas ulergaitzen artean etxera ailegatu ziren, beheko atea ireki eta eskaileratik gora abiatu lehen estaiako sarratea zabaldu arte.
Nik ez dakit Amets bere lagunaren homosexualitateaz gogoratu zenez edo zer, bainan ez zuen bere gelaraino eramaten utzi eta bakarrik oheraino joango zela esan omen zion. Nola zegoen ohartuta, Frantxiskok bere gelaraino eremanen zuela, berriz ere, aholkatu zion, bainan ezertarako ez. Frantxiskok, beraz, gabon esan zion eta eskaileretatik beherantz abiatu zen. Ohera joateko hamar metro baizik bete behar ez zituen Ametsek, bainan hirugarren urratsean, zangoa makurtu eta bere pisu guztiaz lurrera erori, ezin altxatuz. Alkoholaren anestesiak lagundurik, telefonoraino herrestan iritsi zen eta DYA-ri deitu zion, bere bila etor zitezen. Frantxisko jadanik urrun zegoen eta ez zuen ezer somatu. Ordu erdi bat bainan gehiago lurrean etzanik egon omen zen, orkatilla hautsita, horditurik, osoki damuturik, omen, ea zergaitik bere lagun Frantxisko ez zuen ohe gainean etzarazten utzi.
Medikua eta erizainak joan ziren, eritegira esku-ohatilan ereman zuten, hezurretan zeukan haustura irudi beltzetan ikusi eta modu horretan erortzeko zer egin zuen galdeketan hasi zitzaizkion. Zer erantzun ez zekien, hala erortzea eta hezurrak era horretan apurtzea ulergaitza egiten baitzitzaion. Ospitalean lo egin zuen eta biharamunean etxera ereman zutenean Frantxiskori deitu zion gertatu zitzaionaren berri ukan zezan. Telefonoko beste hari puntan, irriz lehertzen ari omen zen Frantxisko. Eta beranduago berriz ere irribarrez, bere modura, ixtorioa guri kontatu zigunean: « Zer uste zuen horrek bada, bortxatu behar nuela edo, ohe gainean etzaten ez uztean ? Ziur halako gauza burutik pasa zitzaiola Ametsi, hain mozkorra baitzegoen... Bide guztia besotik heldurik egin eta etxeko aterbe babestuenean erori eta hezurrak osoki hautsi, zer fundamentua!! »
Nerea ez zen hobea izan! Urtero San Martinetan kultur seminario bat ospatzen genuen eta urte hartan Logroñora hurbildu ginen, Joseba, Oiartzun, Filipe eta ni, Errioxako arnoaren inguruko ezagutzak sakontzera. Brioneseko museoan egon ginen eta Iñaki Gurrutxaga nere lagun baten etxean herri hartan bazkaltzen gelditu. Errioxako erara patatak eta bildots txuleta tipikoak jan genituen eta bere sotoa goitik behera bisitatu genuen. Ilundu baino lehen Logroño, Errioxako hiriburura, iritsi ginen eta erreserbatu genuen hotelerantz abiatu. Sarreran zegoen neska lirain hura berehala irriz hasi zitzaigun, atea pasatu genuen orduko berehala ohartu baitzen altxatu zituen bi gelak ohe zabal bakarrekoak zirela eta sartzen ginen lau gizon morroskoak amoros bikoteak ez ginela. Besterik ez omen zegoen, Logroñoko hotel guziak danba beterik baitzegozen gau hartan zerbait berezia baitzen. Geletara abiatu ginen, zakuak utzi eta beherantz berriro jeitsi ginen bertako tabernan Errioxako arno beltz on bat edatera. Handik atera ginenean, Laurel kale famatura oinez joan ginen eta han bizpahiru txanpinoien artean pote batzuk hartu genituen.
Afaltzeko ordua ailegatu zitzaigunean dena beteta zegoen, ostatu nola taberna, jatetxe nola pizzeria, eta azkenean kafetegi ustel batean Frankfort-eko lukainka batzuk irentsi genituen, batere gogorik gabe. Errioxaraino joan halako zerrikeriak jateko...
Beharrik eguerdian nahiko berandu bazkaldu genuela eta gose handirik ez geneukala. Total, handik atera eta Katedraleko plazaraino hurbildu ginen. Lauak, gure afari kaxkar harengatik, oraino hasarre. Eta bat-batean, eskuineko oina plazako zagorren artean pausatu eta zergaitik jakin gabe, danba lurrera erori nintzen, orkatilla bihurturik. Berehala zerbait hautsita neukala nabaritu nuen, oina bizirik gabe bezala senditzen bainuen, oinaze izugarriak nere gorputz guztia zirrarez betetzen. Eta Joseba ostikoka hasten ari zitzaidala, lurrean saihetsean etzanik bere aldera neukan ipurdia ostikoz zanpatzen, jeiki nendin, eta ni ezin, aiaika. Benetako haustura neukala ohartu zirenean, mugitu ez nendin ostikoka jarraitzen zuen.
Nik anbulantzia bat deitu behar zutela oihukatzen nien bainan debaldetan, hiruak Iparraldekoak izanez, nora deitu ez baizekiten eta ni lurrean minez josia, zerbait egin zezaten otoizka. Ondoan iragaiten zen jendeak, nere orkatilla ikusten ez baitzuen, hordi baten ixtorioa zela pentsatzen zuen eta haien bidea jarraitu. Azkenean, Josebak anbulantzia deitu zuen eta luzaz bere zain egon ginen, ni lurrean karrasika, beste hiruak inguruan zer egin ez jakinez.
Bat-batean plazako beste puntan argi laranja bat ikusi zuten eta hurbiltzen ari zitzaigun berebilari deika hasi zitzaioten, guregana hurbil zedin oihuka, eheka, guri etor zekigun. Nere lur madarikatu hartatik motorra gero eta ozenago entzuten nuen eta Josebaren builak gero eta zorrotzagoak. « Aqui,aqui » oihukatzen zuen argi laranja itzulgarri hura behingoan guregana zedin.
Azkenean, gure ondora iritsi eta zer nahi genuen harriturik galdegin zigun, hura anbulantzia inundik ere ez baitzen, zakarruntzi biltzailea baizik. “Si, si esto es la basura” ---ihartsetsi zigun irriz, eta gu, hortxe, anbulantziaren zain, zakar biltzaileen kamioiaren parean, isilik, elkarri begira, irrifarrez. ”Menos cachondeo” ---esan zigun, halako brometan berarekin egon ez gintezen erranez.
Eta Josebak guardian zeuden mediku eta erizainak zirela egitan zuen uste. Filiperi beste gauzarik ez zitzaion bururatu ni handik ereman behar zutela, baietz, ereman nintzatela...
Azkenean, egiazko anbulantzia iritsi zitzaigun, umore txarrez zeuden bi neska gidari, erizain eta mediku. Besoetan hartu ninduten modura hasarre zirela sumatu zitzaien, haien guardia lasaia hautsi genuelako eta eskuko oihalezko ohatila hartan igo ninduten trapu zahar bat bezala. Danbaka eta kaskaka otoan sartu ninduten haiek deitzeagatik mendeku bat hartzen balute bezala, eta horretan zentzua galdu omen nuen... Nere hiru lagunek nerekin etortzeko baimena eskatu zutenean ezetz borobil bat jaso zuten.
Harritzekoa ez zen ez zitekeelako hiru animaleko gizon horiek anbulantzi kaxkar hartan sartzea, hiruek batean sartzeko baimena eskatu baitzuten....
Inork ez zien erran nora eramanen ninduten, zer ospitalera edo klinikara. Goizeko zazpietan esnatu nintzenean hanka igeltsuz inguraturik neukan eta hango medikuak tibia eta perone hezurrak hautsi nituela erran zidanean hotelera deitzen entsaiatu nintzen bainan debaldetan, denak danba lo baitzeuden. Berriro lokartu nintzen eta esna orduko, lagunak deitzen entsaiatu nintzen. Alferrik, nehork ez baitzidan ihardesten. Hortik aintzina orduro dei egin nien, baina beti alferrik, nehork ez baitzuen telefonoa hartzen. Azkenean, eguerdi aldera, Oiartzunek telefonoa hartu zidan eta lezetiar boz batez erantzun, ea non nengoen eta zer neukan. Hiru haustura nituela erran nionean harriturik gelditu zen eta nere bila bazetozela luzatu zidan. Beste bi oren iraun zuen nere gogaipenak. Nere inguruan erizainak ikusten nituen haien artean elkarri galdezka ea nor nintzen eta nere bila noiz etorriko ziren eni galdeginez. Batzuen irri maltzurra ezpainen artean. Nabargarria zen, zenbaiten bekokia ikusita, hasarre zirela. Ni parrandaren ondorioak ohean iragaiten ari nintzen, lasai, lagunak nere bila noiz etorriko ziren itxoiten. Erizainak, ordea, aspertuta, handik noiz lekutuko ote nintzenez.
Azkenean, Joseba ikusi nuelarik zerua ireki zitzaidan eta nere jantziak harturik jendez beterik zegoen egongela hura gurutzatu genuen, gurpilezko aulki hartan eserita, Joseba bultzatzaile, sarratearen ondoan gure zain zeuden beste bi lagunak lekuko. Joseba kasko gogorra da eta buruan sartu zitzaion Gasteizeko Mikel Sanchez sendagile adiskidearengana hurbildu behar genuela, nere oina ikus zezan. Nik ezetz, ez zuela ezertarako balio Logroñotik Gasteizera abiatzea eta nahiago nuela Lapurdi alderantz abiatu lehenbailehen opera nintzaten. Eta berari dena berdin zitzaion, Gazteizera joateko gogoa buruan sartu baizitzaion eta hori, kasko gogor hartatik kentzeko, zinez ezina. Azkenean, Gasteizen bukatu genuen, Mikelen etxean bazkaltzen. Pentsa, mahai haren inguruan nere oinari zer sendakuntza berezia egiten ahal zion? Fitxik ez! Bainan han ginen eta inork ez zekien nola sufritzen ari nintzen. Mikelek analisiak begiratu zituenean parrandan egon ginela berehala jakin zuen, alkoholeko ehuneko neurria aski goratuta neukalako. Aholkuak ematen hasi zitzaigun, gure adinean ez zitekeela modu horretan ibili, ez ginela inoiz aldatuko eta halako kontseilu lagungarriak.
Azkenean, bazkal ondoko luze haren geroztik autoa hartu eta beste hainbeste kilometro irenstera abiatu ginen, nere zangoa etzanik, bideko zulo eta marka guziak hezurretaraino sentiturik. Joseba horretaz futitzen zen, Filiperi are gehiago, Oiartzunen kotxean sartu baitzen nere kexek nardatzen zutelako. Berekoiztasun hutsa! Arratseko bederatziak aldera Miarritzera iritsi ginen eta urgentzietan sartu.
Biharamunean operatu ninduten, tibiako haustura bikoitza eta peroneko fraktura irekia baineukazkien. Bost hilabete behar izan nituen hura konpon zedin, haustura hori nola egin nuen ezer erran ezinik, eta sinesgaitza iduri arren, modu normalean ibiltzen hautsi zitzaidala erraten nuenean inork ez zidan sinisten.
Egun hartatik aurrera, xede berri bat hartu nuen, katedraletako aurreko plazetan sekulan gehiago ez nintzela ibiliko, ”antxu txar beti bildots” erran zaharra adineko ahariei ez zaielako inundik ere aplikatzen ahal.
“Ya estan esos tres” ---gutaz erabiltzen zuten erran zaharrak bere egiazko balioa hartu zuen orduan, hiruok zangoa parrandetan hautsi genuelako.