40 Gose greba

Gose greba

2010eko abenduan, Aurore Martin gorderik zegoen euroaginduak Espainaratzeko arriskuan ezarri zuelako. Harritzekoa ikustea nola Frantziak onar zezakeen hori, nola epaileek halako erabakia har zezaketen, nola muturreko kasuentzat pentsatu zituzten legeek halako deribazioneak ukaiten ahal dituzten. Gauza da Donibane Lohizuneko gaztetxeko gazteek gose greba bat egitea deliberatu zutela. Alaba tartean nuen eta egun batzuk lehenago haien asmoa adierazi zidan, hautatu zuten lekua zehaztu gabe. Nik berehala , nere baitan, eliza aukeratu zutela pentsatu nuen bainan eguna iritsi arte ez nuen beste berririk jaso.

Ekintza horren bezperan huraxe zela hautatutako lekua jakin nuenean ea erretorari baimena eskatu zioten galdetu nien, ezetza erantzuntzat jasorik. Adinak ematen didan esperientziarengatik, baimenik gabe halakorik ez zezaketela egin aipatu nion, bainan debaldetan, beranduegi omen zelako eta biharamunerako dena jadanik antolatuta zegoelako. Eskerrik gazteen arteko batek Mikel Epalza Zokoko apezari zerbait aipatu ziola eta honek, email baten bitartez, Dominique Errecart Donibane Lohizuneko erretora jakin gainean ezarri zuela, ekintzaren gorabeherak esplikatuz, batez ere Aurore Martinen aldeko protesta bat baizik ez zela.

Astelehen goiz hartan etxe ondoan dudan elizatera abiatu nintzen ea zerbait berri ba ote zegoen. Gazteak apezarekin hantxe mintzatzen ari ziren, gose greba haren baldintzak hoberenak izan zitezen. Eguna eliza aintzinean, kanpoan pasatuko zutela pentsatu zuten, eta gaua barnean.

Arazo gutxi bazen ere, bideak ireki behar ziren gazteak haien erabakia aintzinera eremaiteko, bereziki gauzak erretorarekin ahal bezain ongi pasa zitezen. Apezari ezagun heldu erresponsable bat, haien arteko harremanen ardura har zezan, ongi iduritu zitzaion. Arazo handiena gauekoa zen, ea nola egin gazte horiek eliza barnean egon zitezen, ateak gakoz itxirik egonez? Komun erabilgarririk ez baitzegoen barnean, nola antolatu behar beraz gaualdi luzeak? Gainera seguritatearen izenean, erretorak eliza itxirik egon zedin nahiago zuen, adibidez, polizia gauez sar ez zedin. Non dira bada polizia elizan sartzen debekatzen zuten lehengo lege errespetagarriak? Non gose greba bat lasaiki eta baketsuki egiteko dretxua?

Eliza ondoan bizitzeagatik eta Dominique erretora laguna izateagatik, proposamen bat egin nion, neronek elizako giltzak ukan nitzan eta gazteek zerbitzuetara joan behar zutenean dei egin nintzaten, batez ere, elizaren gibeleko kanpoko partean diren zerbitzu publikoetan haien beharrak egin zitzaten. Nik horixe nere parte hartzea bezala izanen nuela aurreratu nuen eta hura izan zen aterabide zuzenena, nik gakoak har nitzan zeruetako giltzari baten antzeko lana egin nezan. Dena biziki ongi antolaturik zegoen, herriko etxeko langileek komunak gauez ixten zituztela ezik. Eskerrik horretaz gaua baino lehenago ohartu nintzela eta gure lehen ezuste hari laster irtenbidea ireki geniola, ene aspaldiko udaletxeko arduradun ezagunari deituz. Gaueko hamarretako pixatokiak zabalik zeuden, gazteek azken beharrak egin zitzaten.


Denek, beraz, haien lozakuak, matelasak eta tapizak elizako azken alkien atzean eman zituzten, ohiko konfesategien aintzinean, gauez haien argia balia zezaten. Hantxe tresna guziak utzirik, leku ezin hobeagoa antolatu zuten. Egunez, Gambetta karrikako alkiak egonlekutzat hartu zituzten, ekintzaren berri bandelora batez adieraziz. T-Shirt laranja deigarri batzuez jantzirik, karrikatik iragaiten ziren guziek ekintzaren berri bazeukaten, bortxaz, eta eskaintzen zuten orri izenpetze hark laster lehen sinadurak bildu zituen.

Egunak biziki ongi iragan ziren, jende pila batek galderak eginik, Auroren egoeraz jakin-gosez eta euroaginduaren zentzugabekeria salatuz. Berehala konpondu ziren agertu ziren beste oztopoak, hala nola, aste komertzialaren kari, merkatariek ezarri zuten musika ozena, justu haien alkien gaineko zuhaitzetatik zintzilik zegoena. Beharrezko baimenak lortu ondoren hura ere kentzen ardietsi genuen, bereziki herriko elektrizistak soinu tresnak itzaltzera hurbildu zirenean.

Gauetan muntatu genuen antolakuntza ezin hobea zen. Egun guziz bezala, Maria, elizandere gisakoak, elizako ateak ixten zituen, gure gazteak hantxe barneratuz eta gaueko hamar t’erdietarako gibeleko burdinazko atea irekitzera abiatzen nintzen, denek azken pixa egin zezaten. Quasimodo baten antzera hantxe gakotzen nituen. Keinu hori egiten nuen aldiro, kartzelako egoera bururatzen zitzaidan, Mattin suhia presondegian sartu zutenetik hobekiago ezagutzen dudana eta irudi errealak, hau da, gakoak, ateak, guardiak, inspekzioneak, hiztoki larriak, hitz batez, giltzapean bizi den egoera guzia gogorat heldu zitzaidan. Elizako ate hura ixten nuen aldiro, film bera ikus nezakeen, bainan kartzelan ez zeudela jakinez.

Behin, goizeko hiruretan, gazte bat goitika hasi zelako lehen telefono deia jaso nuen, beste batean seietan beste bati kakeria sartu zitzaiolako eta lehen egunetan zazpiak aldera hurbiltzen nintzaien denek goizeko beharrak egin zitzaten, barnean egoteko baimena bederatziak arte baitzuten. Nik ez dakit nekearengatik edo, baina egunero aise gehiago lo egiten zuten. Halere, Maria zerbitzari zintzo bezain leialak ateak, isil- isilik, zortzietarako irekitzen zituen, ohiko jendeak otoitz egin zezan.

Lehen gauean haizeak izugarrizko ezusteak sortu zituen, hain zuzen karrikan zeharka zintzilka eman zuten banderola lurrera botaz eta zuhaitz artean zeuden beste biak erabat hondatuz.

Lau egun halaxe iragan zituzten, gosez, bainan gazteak izateagatik, indarrez. Beste gose grebetan ikusitako jende etzanik hemen ez zegoen eta egun guzia musean, edo hizketan pasatzen zuten, zutik nola jarririk. Zein ederra gazte izatea! Egun guziz, bi elgarretaratze egiten ziren, bat eguerdietan, oren erdi batez, banderolaren gibelean, isiltasun osoan, bestea arratsaldeko zazpietan herriko itzulia oihuka kurrituz. Hantxe sortu zen dinamika ikusgarria izan zen, alde batetik jende ugari biltzen zelako eta bestetik ez ohiko jendea egunero hurbiltzen zelako. Bosgarren eguneko arratsaldeko zazpietan gose grebari bukaera eman zioten, Zibururaino martxa manifa hornitu bat muntatuz. Ziburuko plazan agiri bat irakurri ondotik bizpahiru kantu ere bota genituen.

Esan gabe doa Dominique apezari eskerrak eta oparitxo bat eman zizkiotela, denek izenpeturiko Adam gozotegi etxean erositako makarroi kaxa polita. Barnean, Auroren argazki bat “Milesker Auroren partez” aipamenarekin. Nik Jaun erretora hunkiturik ikusi nuen, opariarengatik noski, bainan baita lau egun xoragarriak ezin hobekiago pasa zirelako ere. Luzatu zidan beste arrazoinak ni hunkitu ninduen, halako gazte bikainak guttitan ikusten zituela.

Erretorak jaso zituen kritikak gutti izan ziren. Hastapenean norbaitek auzapezari dei bat egin ziolako. Honek erretora deitu, gazte batzuk elizan sartu zirela banderola eta guzi, jakin omen zuelako. Eskerrik Dominiquek zentzuki erantzun ziola eta polizia deitzeko gogoa ahotik kendu ziola gazteak elizan sartu zirela bere baimenarekin eta kanpoan ezarri zuten banderola haien ikuspuntua baizik ez zuela adierazten esanez. Baketsuki ari zirela haien ideiak erakusten ---gehitu zion--- eta beste zerbait frogatu arte, nornahik bere ikusmena adieraz lezakeela karrikan era baketsu batean eginda, ezta?

Horretan bai auzapezari sudurretik isurtzen zitzaizkion mukiak kartsuki xukatu zizkiola eta afera horretan gelditu zela, polizia batere agertu gabe. Apezpikuak zerbait esan ziola pentsatzen dut, bainan zuzen ez dakit. Donibaneko kaskoin eskuindar fededun amorratu batzuek, umore txarrez, gutun batzuk jasoko zituela jakinarazi ziotenean ez zion garrantzirik eman, nahiz eta jakin haienganik kritika gogorrak hartuko zituela. Denen gainetik erretora biziki ongi portatu zela aitortu behar dut, gazteek kontuan hartu zuten bezala. Berari esker, dena ezin hobekiago pasatu zen eta nork daki nola buka zitekeen gose greba hura apez frantximent zerratua izan balitz, edo gaurko egunean usu ikusten diren integrista horietako lepo xuria. Poliziaren eskutan, zalantzarik gabe.