Azken solasa
Bigarren Oroitzirriak izeneko liburua bukatu dut. Ez dut uste hirugarrenik izanen denik, larogoita bi ixtorio ainitz baita eta gaur egun besterik gogoan ez daukat. Agian gauza bera esaten nuen lehen alea bukatzerakoan, baina ez, oraigoan aski da.
Eskerrak lagundu nauen euskarari, euskara erakutsi didaten guziei, euskaraz mintzatzeko parada eman didatenei eta nola ez, liburu horiek argitarazteko aukera eman didatenei. Eskerrak ere zuzenketa lanetan aritu den Joseba Aurkenerena lagunari. Barkamenak akatsengatik, eskas eta erruengatik.
Lapurdiko jende ugarik ea frantsesez zergatik ez dudan idazten maiz esaten didate. Jakin dezatela ez dudala haientzat idazten, neretzat eta euskaldunentzat baizik, eta behin edo euskaraz irakurri nahi baldin banaute, erreza luketela AEKara joatea eta gure hizkuntza ederra ikastea.
Beste modu bat ere izan daiteke, ea norbaiti bururatzen zaion nik euskaraz idatzitakoak galiarrez itzultzea. Gauza polita liteke baina nik bederen ez dut oraingoz eginen. Agian, behin edo, bi liburuen arteko aukeraturiko 30 ixtorio hartzen ditudan eta frantsesera itzuli? Baina neronek egin beharko nuke eta aintzinetik badakit lan handia litekeela, ez bakarrik itzulpenetan aritzeko denbora behar delako, baizik eta gauza pila bat isatsiko nukelako eta pentsatu baina denbora aise gehiago hartuko lukeelako. Nork daki?