Prose

50 Ez dakit- Gure herria liburuan

2010eko apirilaren 21an Gara egunkarian Koldo Camposesk idatzitako artikulu bat irakurri nuen, « Irakaspen ahaztezinak » titulutzat zuena. Nere experientzatik hain hurbil zebilen, nik bizitakoari egokitua zegoen beste texto bat idaztera bultzatu ninduen eta hara zer atera zitzaidan.

Hamairu urte nituen Baionako barnetegi hartan xokolatinen saltzaile nonbratu nindutenean. Kanpokorduetan lasterka jolaslekua iragan eta besteak baino lehen « Boutique » deitzen zuten kaiola zahar hartan sartzen ginen, nere ikaskidea eta biok. Okinak ekarri zituen xokolatinak kontatu eta saskian egon behar zuten ehunak han zirela ziurtatu gabe ,gure leihotxo hura ez ginuen irekitzen.
Orduko jadanik lehen hogeita hamar ikaslek hurbil lerroa hornitzen zuten, trumilka etorriak, oihuka, eta pusaka. Libera erdi bateko opil txokolatu haiek gu denen zoriona ziren, egun guziaren zehar jaten genuken gauza goxo bakarrak baitziren.
Nik urte hartan 7 edo 8 kilo hartu nituen, opilekin batean xokolatesne hotza ere saltzen genuelako eta egia aitortzeko ez baldin banitu bi xokolatina edaten eta beste hainbeste Boncolac izeneko haiek edaten, ez nuen ezer irensten.
Barnetegiko fraileek nere eguneroko lapurketetaz ohar ez zintezen aitzaki ederra bainuen, inork jakin gabe eta ainitz saltzen zituelako, nokinak bizpahiru xokolatina gehiago ekartzen zituen eta saskian sartzen. Nike z dakit halako oparirik merexi bagenuen bainan xokolatina haien gure estomaka barnean egun guziz bukatzen zuten, ene gorputzaren pisua hamarnaka gramo egunero gehituz.
Nahiz eta marroin kolorezko edateko haiek ongi kontatuak izan, trukoa aurkitu genuen eta asteko azken kontaketa hartan botoila batzuk hautsi zirela esaten genuen. Kontuetaz arduratzen zen fraileak botoilarenak ez zizkigun sinisten bainan gure eguneroko ana eskertu nahiez, normalki ez zigun hasarrerik ematen.
Behin, gure aintzinean ikasle zirtzilen lerroa bultzakadengatik desegiten ari zelarik, frailea , ttapattan-ttapattan , axeri baten modura agertu zitzaigun eta giltzez itxi ez genuen atea bat-batean ireki eta biak boncolac banarekin eskutan harrapatu.
Ea zer ari ginen hura edaten, botoila hautsien mixterioa ulertzen zuela orain....eta belarritik harturik bere bulegora ereman ninduen. Zergaitik ni bakarrik ez nuen ulertzen, nere laguna ere edaten ari zelako, bainan norbait gelditu behar baitzuen azken xokolatinak saltzeko, ezta ?
Lagun guzien aintzinean, kanpoko eremua gurutaztu eta beriñez egindako bulego barne hartan bultzatu eta gakotu ninduen. Kanpotik denek ikus ninduketen, deitzen genuen« aquarium »hark jostalekura zabal-zabalik baizemaen, prefetak handik begiratzen ohi gintuelako.
Prefeta sartu zenean eta hitzik gurutaztu gabe alimaleko masaileko bat eman zidan, jateko eta edateko gogoa laster pasaraziko zizkidala. Eta berehala hasi zen ea non pasatzen ziren astero eskas ziren dozena botoila. Ni, izialdurez beterik, « ez dakit » erantzuten nion, agian hausten zirela errepikatu nion, edo behar bada ,batzutan eskutik erortzen ala besteetan kaixetan lehertzen .
Ez dakit « ene anaia »
-Lehertu ? Nik bai lehertuko zaitudala erantzun zidan- eta beste zafla bat eman zidan.
Hainbeste xurgatu zidan belarria, tiratu ondoko iletxoak eta orokorki zanpatu, nere negarretan ni ez nintzela aitortu nuen, nere laguna zela esanez. Jaso nuen zanpaldia sekulakoa izan zen, inoiz ez zela lagunik salatu behar oihukatuz, are gehiago gezurra esanez .
Ba ,ez dakit berriro errepikatu nion xotinka negarrez.
Kolpez beterik, saltegira joateko agindu zidan nere salkidea etor zedin esanez.
Hura esan nionean eta nere aurpegia ikusiz, zer espero zitzaion ongi ulertu zuen eta urrats xume bezain ikaratiz « aquarium »era hurbildu zen, « ez dakit » haren konsigna ongi bururatuz. Kanpotik denek ikus izan zuketen nik jasotako zanpaldia eta berriro gauza bera lagunari gertatuko zela zitzaiola bazekiten. Hala gertatu zen.. Haren lekuko izan ez zen bakarra ni izan nintzen, kaiola barnetik ez baitzen bulego hura ikusten. Nik ez dakit prefektak egia jakitea lortu zuenez, edo hark ezdakiteka aritu zenez , ala ni izaten nintzela esanda, nere zanpaldiaren antzekoa jaso zuenez, bainan betiko zerbait buruan zizelkatu zitzaidan eta gaur Koldo Camposek bere artikuluan zehazki adierazten duena.
Beraz,horra ixtorio honen morala : « Fraile bat egiaz mintatzen den aldiro entzuten dudanean, hain gezurtiak baitira, edo tolerantzia goraipatzen duten aldiro aditzen dudanean, hain zorrotzak baitira, ala elkarrizketa bedeinkatzen dutenean, hain entzungabeak baitira, eta birtutea goraldatzen duten aldiro ikusten dudanean, hain bortxatzaileak baitira, aquariuma eta prefektu hura gogora heldu zaizkit berehala eta haien bihotz oneziaz, « ez dakit » diot gaur ere.