SARRERA
Iza Ote iza? Olerki liburu bat ote? Gorputzez bai bainan bihotzez ez naiz hain seguru. Sendikortasunean olerki bat denez neurtzen bada, zalantzarik gabe baietz, irudiz, alegoriaz eta metaforez bada ez nago hain seguru. Edertasunari lekua eman baino, oihuari gogoeta sakon bat egin nahi izan diot, batzutan ulergaitza bihurtzen den oihuari, bainan berdin da, olerki ainitz ez direlako ulertu behar, sentitu baizik.
Gauza bera gertatu zitzaidan Jorge Oteizaren « Quousque tandem » liburua irakurri nuenean, baita ere « Existe Dios al noroeste » hitz laxozko olerki libretan oinarrituriko liburua. Eta gaur, pozik gelditu naiz ene “olerki” bilduma zorta honetan, Oteizarekin gertatu zitzaidana honekin gerta daitekeelako ere. Maisuarekin parekatzea ez dut helburu bainan bai modu berdintsuz gauzak transmititzea eta bere idazkerek erakusten dituzten ideiek bere zizelkatzeko manerarekin zerikusirik baldin badute, nik ere expresionismo hutsa erabiltzen dut bietan, ene tindatzeko maneran eta liburu honetan erabilitakoan. Bihotzetik ateratzen zaidana dasurat, bai lumez baita ere isipuz, eta konbentzionalismotik aparte, gizakia eta bizi den lekua, hau da Euskal Herria, ditut egun salagai.
Batzutan nahiko gogorrak irudituko zaizkizun esanak agian ez dira erreflexio baten ondoko eritziak, bizi gorriak eta amorruak bat-batean jalgi dizkidanak baizik. Berriz ere, “olerki” batzuk ulergaitzak egiten bazaizkizu, berdin da, garrantzitsuarena ez baita ulertzea, sentitzea baizik, Zer esan nahi dudan sumatzea da hemen garrantzitsua, une berezi batean isuriak izan diren olerkien inpresioa. Bitxia iduri badu ere, batzutan neroni gertatu baitzait, olerki bat edo beste berriz irakurtzean ez ongi ulertzea neronek idatzi dudana. Aldiz, inoiz ez zait eskapatu esan nahi dudana. Hori baita esana eta esan nahiaren arteko koropilo banaezina.
Margo abstraktu baten aintzinean senti daitezkeen dardarak dira, egun, hauxe irakurtzen sentitzea nahiko nukeena, funtsean sarturik, izean itorik, itomen iragankor batetik ezin jalgirik, heriotzarik gabeko itomen batean sarturik, ezin igerikan bezala.
Euskaldunek, ausardiz beterik, izotzetik izanera jauzi egin genuenean, bagenekien zertan ari ginen, gure hizkuntza eta herria sortzen hasten ginela, izetik izera gure izaera ontzen ari ginela, eta geroztik euskara gure izaitea bilakatuko zela, sortu genuen hizkuntza gu bilakatuko zela eta euskararik gabe gure nortasun berezia galtzera joango zela. Zorigaitzeko galtze horrek garrasirantz abiatzen nauena da, euskararik gabe euskal gizarik ez delako, euskal gizarik gabe euskara ez delako moduan. Hauxe da Oteizarekin lotzen nauen bigarren puntua eta horrek “olerki” liburu bat merexi zuen.
« Euskara berpizteko, giza berpiztu beharko eta pizten denak mintzaira pizten jakingo du, euskara ».
Oteiza iza ote?
Jorge Oteiza gure jeinu azkarra izan zen, gure itsaso zabala. Jabalalditik hasarrera iragaiten zen Iza, itsasgora bortitz baten unean sortu izan zitekeena, bere itsas ertzeko Orioko irail eta urriko itsasandi baten egunean. Gero, Euskal uhainek Zarautzetik Alzuzara eraman zutenean Nafarroan hazitako aparrez beteriko olatua bihurtu zen, uhain terrestrea egin baitzen, jabalalditik liskarrera hazi zen uhin jeniala, baretasunetik aharrera puztu zen onda paregabekoa. Ur gaziak, bere ohiko jazarpenari gehiturik, bihozmina koskortu zion eta isilik ez egotea hartu zuen arautzat. Bere idazkiek eta ahotsek bide hartatik bat egin zuten, itsasotik itsasora zihoan bide gazia harturik, Eusko Jaularitzak eta Joseba Arregi kultura-sailburuak bortxatu zuten bidea hartzera. Bere jenioa ez zioten barkatu, politikan sartu ziren artegabeko funtzionario haiek, Euskadiko itsaso gezi berritik bere semea botaz, batez ere Euskal Herria eta erroz beteriko edergintza abstraktua inoiz ez zutelako ulertu. Pena handia! Batez ere, Jorgek, Nafarroari bere obra guzia eman zioenean, izan zuen asmoa errespetatua ez delako izan, gaur egun nafar agintariek nahasten dutelako Euskal Herriaren ama den Nafarroa, Jorgeren amalaba kuttuna eta Nafarroarekin egin duten gauza arrotza. Beste pena izugarria!
Irakurleari, argibide eta aholkuak.
Titulua
Liburuaren tituluak bitxia badirudi ere, nere baitan erantsirik dagoen zerbaiti lotuta dago. Argitaratu ditudan azken bi liburuak iza daukate gai nagusia. Lehenik,“Izotzetik izanera” eleberria, euskararen iturriaz ari dena, prekondairako gizakiek euskara nola sortu zuten erakusten entsaiatzen dena. Izzzzzzz, isurtzen den uraren soinuk eta izaren onomatopeiaz sorturiko konzeptuak gure hizkuntza nola sortu eta eraiki zuten zen liburu haren gai nagusia.
Izan, giza,bizi,izen,izar,izor,izotz,iztil, hitz,izil.....ur eta biziaren arteko banaezin diren konzeptua gure euskararen iturburua izan zitekeela erakusten da eta zergaitik ez, frogatu.
“Bizil eta oldar” olerki liburuan, aipaturiko bizia eta hilaren arteko koropiloa, BIZIL hitzean gauzatzen da eta horren izenpean dauden olerki ainitz konzeptu hori sakontzera dabiaz.
Oraingo tituluan “Oteiza” izenaren morfologian agertzen diren soinuek bi lehenagokoekin bat egiten dutelakoan oharturik, izaren bidean naturalki jarraitzea legezkoa izan dut eta “Iza ote iza” hitz moltzoan errepikatzen diren soinuak, uretan ager daitekeen islada argira ekartzen dute,galdera bat osatuz: Iza ote iza? Edo funtsa funtsa ote? Ala funtsa Oteiza ote? Edo bizia iza ote?........? Oinarrizko ideia honen ildotik bakoitxak aurki dezakeen esanahia, Oteizarekin loturik dagoela ez du ahantzi behar, hauxe baita gaurko isurketa poetikoa.
Egitura
Liburu honen bi zatiak arras desberdinak dira, nahiz eta urak, izak, eta itsasoak biak lotu. Lehena Oteizari idatzitako “olerkiak” dira, berak pentsaturikoei eta esandakoei omenalditxo bat eginez. Euskal izanaren ikerketan bere bide adituak segitzen entsaiatu naiz, batzutan berak esandakoak errepikatzen, besteetan interpretatzen. “Olerki” horietan, aldizka, berak zituen obsesioak argira ekartzen entsaiatu naiz, euskarari eta euskal gizakiari buruzko gogoetak eginez, aldizka, funtsa baino, berak erabiltzen zuen forma ikonoklastari lotuz, gorputza eta bihotza, biek bat egiten dutelako, biak bat direlako. Eta ez dezagun ahantzi Euskal Herrian gaudela, sufrimendua jasotzen duen lurralde honetan, ez gaudela paradisuko ostatuan, baizik eta amorru bizia edozein unetan esna daitekeen herrian, askatasunik gabeko lur katetuan. Zilegi baino, bortxazkoa dugu gogorki mintzatzea, egoerak salatzea eta haien aintzinean jazartzea, isiltasuna gure etsai handiena baita.
Parte honetan dagerten zonbait olerki ulergaitzak iduritzen bazaizkizu, batez ere Oteizaren hitzak eta ikusmoldeak nolazpait errepikatzen ditudalarik, ez du balio nardatzea eta bi aukera dituzu: Lehena, ez denbora gehiegi galtzea hitzez hitz dena ulertzen saiatzea, lehengo lerroetan adierazi dudan bezala, esandakoak sentitzeadelako garrantzitsuarena. Beraz baretasuna eta uler gogoa nagusi. Bigarrena, hurrengo olerkira pasatzea izan daiteke, erresago irudituko zaizun idazki berria irakurtzea, geroago, testoak menperatzean, inork ez zaituelako debekatzen berriz ere atzerantz jotzea, irakurritakoek, bazterrera utzitako lehenak ulertzen lagunduko zaituztelako.
Gauza berdina gertatu zitzaidan “Quosque tandem” Oteizak idatzitako oinarrizko liburua irakurtzen hasi nintzenean. Bizpahiru aldiz leitzen hasi nintzenean ,aldiro , asperturik, liburua itxi eta irakurketa baztertu nuen, behin lehen kapitulua ukatzea erabaki arte. Hori izan nuen liburua preziatzeko modu bakarra, ulerkorrak izan nituen bigarren eta hirugarren solasek, lehenbizikorat bultzatu nindutelako. Salbazioa izan nuen, bestela oraino ere ez nuelako funtsezko liburu hori irakurri izana ere. Ez irakurria ez eta ere Oteizaz gaurregun irakurtzen hasiko duzuna idazten ere. Pentsa zer akatsa izan zitekeen jauzi hura orduan ez egitea. Izugarria behintzat neretzat
Bigarren partean ere oihua da nagusi, injustiziaren aurreko garrasia, etorkinek bizi duten egoera latza salatuz. Itsasoa, iza, da ildo nagusia, etorkinengan duen garrantzi handia, haiengan bihurtzen den peril handiarena. Eta hortik landa, etorkinek bizi duten eztabaida, haiengan bizi duten elkar gogo borroka, atera baino lehenagoko lurrean bortizki hasten zaiena. Etorkinen patua beste ikuspegi batez salatzen saiatu naiz, etorkin bihurtzeko dituzten arrazoinak olerkituz, herritik joateko arrazoinak mila izan dituztelako, gelditzekoak ere.
”Bigarren Tobera” deitzen den azken olerkia bi parteen sintesia da, “Bizil eta Oldar” olerki liburuan agertzen zen “Tobera” olerkiaren segida. Hura jaso ez duenari eskainia dago, Tobera merexi arren, bizitu ez duenari, ezagutu ez duenari, olerkia irakurri ez duenari, sentitu ez duenari. Nere garrasi liburu honetan jasotzen diren olerkiek halako bukaera zorrotza behar zuten, euskara, gure funtsa eta Euskal herria suntsitu eta ukatu dutenek gutxienez hauxe merexi zutelako.
Tobera ere oihukatzen diet etorkinak esistitzeko dauden arrazoinen hobendunei, itsasorantz bultzatzen dituzten sistemari eta egoerari, bere herrian pairatzen duten situazio latzei, iza erailean biziko dituzten erasoei eta lur prometitura iristean jasoko dituzten gizagabekeriei ere.Ordenaren izenean, berekoizkeria gure lurralde aberatsetan nagusitzen ari zaigu, eta errazismoz beterik, eskuin muturreko politikak normalizatzen ari direla ez gara ohartzen, sekuritatearen izenean gorrotoa laster lege sortzen baita.
Beraz “Bigarren Tobera” zuei, Herriko agintariei eta etorkin berriari sufrimendu larria jasarazten dieten bihotz gabeko jendeei, mundu txuriko gizonei,denei, gure herriko euskaldun batzuek ahantzi gabe, inoiz damutuko ez diren explotadore horiei, inoiz ez diotelako haien buruari barkamenik eskatuko,egindakoa gaizki egina jakinta.
Eta kasu! Isiltasuna dugu konplize handiena. Zer hobe bere buruari galderik ez egitea eta galderarik gabeko erantzunak gezur gorriz tindatzea eta betiko estaltzea. Egoera horien sorleek tobera eder ez al dute merexi?
Xubiltz