32 Ikas ordainak- oroitzirriak

Ikas ordainak

 

Hamazortzi urteetatik eta batez ere nere burua baliosa senti nezan ,udako lanetan hasi nintzen.Ez uste halako lan gogorretan aritu nintzenik,ez,ez.

Uda guztiak Baztanen iragaiten nituen eta Arraiozetik egunero Elizondora abiatzen ginen,gure kuadrillarekin egotera eta han ,bereziki agorrilean,saltoki guzietan frantses kurtsoak ematen zirela iragarkia ezartzen nuen : « Se dan clases de francés,profesor nativo » lelopean.Zer lotsa,ni frantsesa izan banintz bezala…Bon,hala zen eta kitto.Eta laster lehen erantzuna heldu zitzaidan .Bide hartatik nere udako sakelako dirua aterako nuela uste nuen bainan ez zen batere hala izan.

Eskisaroi jatetxe eta tabernara maiz joaten nintzen orduan batez ere seme-alaba zaharrenak adiskideak nituelako.Bazkaltzera ere askotan gelditzen nintzen eta lagunekin ohi duten bezala,jantokia bazterturik sukaldean sartarazten ninduten,gehienetan familiaren artean bazkaltzeko.Urte hartan Pellok eta Txominek,bi seme gazteek,ekainean frantsesa ez zutelako gainditu,gurasoek kurtsoak emango nizkienez galdegin zidaten eta nik baietz.

Pozik nengoen nere biziko lehen lana hura nuelako.

Egunero goizeko hamaika t’erditako autostopean Elizondora abiatzen nintzen ea irailean gaia gainditzera lagun niezaizkien.Bi anaiek hamalau-hamabost urte zituzten, ni baino hiruzpalau gutxiago.Eskisaroi jatetxea ezagutzen duenak laster ikusiko du mementu berezi haren egoera,klaseak goiko jantokian ematen baikenituen.

Pello eta Txominek beste irakasle batekin baino etxeko lagun batekin kurtsoak ematea nahiago zuten,libertate osoa izanen luketeela jakinez. Haien etxe parean Elizondoko ohiko irakaslea Maria Jesus Arregui bizi zen eta txantxetakoak ez ziren kurtso horietatik ihes egiteko nigan salbabidea ikusi zuten , are gehiago serora frantsesa haien zigorkeriaz eskapo egiteko…. .Beraz nerekin aski pozik zeuden eta ni beraiekin ere bai.

Pello gehienetan berandu iristen zen eta frantsesari zinez uko egiten zion.Txomin gazteagori aldiz, gehiago gustatzen zitzaion ,nahiz eta izar bat ez izan.

Eskisaroira ailegatzen nintzenean eguneroko Juanitaren agur kantari goxoa jasotzen nuen,etxeko andre paregabeko harena.Bere bizi guztian, Juanita emazte ezin atseginagoa izan baita eta hark egunero ongi etorria ematen zidan,bere seme zirtzilak non note ziren galdeginez,ikastera etor zitezen.Azkenean Txomin agertzen zen bainan ia egunero bestearen atzetik ibili behar ginen.

Goiko jangelan sartzen ginenean liburua eta paperak ateratzen genituen eta irakurtzen hasten.Bi gazteek zeukaten azentu-doinua irri egitekoa zen,batez ere hizkuntza madarikatu horrek duen U letra ahoskatzeko.Eta gure irriek gero eta gehiagorantz igotzen ziren,gero eta gehiagorantz.Gailurrera iritsi ziren ongi ahoskatzen ikasi behar zutela kaskoan sartu eta enpeñatu nintzenean eta U haren entsaioak gero eta ugariago antolatzen nituen..

-« Ea Pello,”Avoir “aditza gogoz esan ezazu”

Eta Pellok bere aurpegi serioarekin :X’ai,tua, il a,nusabon,busabe,ilson,frantses U doinutik urrun bainan aski ongi bazekiela erakutsiz.

-« Ea Txomin orain »,eta gauza bera.

Iragana Pellori eskatzen nionean irriak nagusitzen ziren :Xu ,tu u,ilu,nusum,vusut,il sur.Txomin ere bere anaiaren zailtasunak ikusten,irriz lehertzen hasten zen,batez ere Pellok ezartzen zuen aurpegia ikusiz,kaka egiteko gogoa izan balu bezalako aurpegi bortxatuta ateratzen baitzuen.Eta zer esan iraganaren iragana eskatzen nionean…

-« Ea Pello errepika nere atzetik :j’eus eu,tu eus eu,il eut eu,nous eûmes eu,vous eûtes eu,ils eurent eu.Eta jadanik Txomin farrez hasten zen eta besteak-« xu u……u » lehen pertsonako azken soinua ateratzeko denbora pilla bat behar baitzuen,bigarrenean berdin « tuu…..u,ilu…..u, »Hau ezinezkoa zitzaion eta ez dakit laguntzeko gisan ala irri egiteko asmoz,nere gibeletik errepikatzera bultzatzen nuen-« nusum..u,vusut..u,ilsur..u »

Azkenean denak irriz, Txomin ia mahaiaren azpian farrez lehertzen,eta ni ere berdin.

Egunero aditz madarikatu horrekin beharbada hamar minutu iragaiten genuen eta beste gauza batzuk interesgarriagoak izan arren ,gure eguneroko irriei ez genien uko egiten ahal.

Hamabiak eta laurdenak aldera bi anaiek bertako armairu txiki batean zeuden publizitateko Martini botoilatxo horietakoak ateratzen zituzten eta aperitifa edaten genuen,nik bainan Pellok ere bai,Txominek aldiz ez, gazteagoa baitzen.Haiek ongi bazekiten horrekin kurtsoa bukatzen zela eta azken laurdena modu horretan iragaiten genuela.

Batzutan,Pellok leihotik ihes egiten zuen Antxitonera pilotan aritzeko.Goizetan palarekin eskolara heltzen etortzen zela ikusten nuenean eskapatzeko asmoa zeukala banekien eta ni,irakaslea baino,familiko adiskidea izanez,nahi zuena egiten uzten nion.

Abuztu osoa halaxe pasa genuen eta irailean biek frantses gaia gainditu zuten.

Nik ez nekien zenbat diru eskatu eta Juanita eta Paquitori nahi zutena eman ziezazkidaten esan nien.Ainitz ez zidatela eman oroitzen naiz bainan bazkaltzera eta afaltzera maiz gelditzen nintzen eta horrela ordaintzen zidatela onartu nuen.

 

Urte baten buruan Elizondoko hiru neskatxa hurbildu zitzaizkidan ea kurtsoak eman niezazkiekeen.Pello eta Txominen lehengusina zen Marina eta bere bi lagunak,Kinitxu eta Elbea.
Eskisaroiko alabak ez zirenez , kurtsoetarako lekurik ez genuen ,ez ere atxeman,Arraiozeraino inork etorri nahi ez baitzuen.Azkenean Pirrin tabernako goiko terrazan emateko baimena eman ziguten eta aski ongi iragan ziren.Agorrila bukatzear zegoen eta behin eta neska horiekin kurtsoak batibat bukatu ondoren,nere ohiko lagunekin Legasako jaietara abiatu ginen.Orduko, jadanik kontua eman nien eta zorra ordaintzen berantzen zirela iduritzen zitzaidan.Nik ez dakit etxean kurtsoak zituztenik esan zutenez edo zer bainan afera luzatzen ari zen.Norbaitek esan zidan gurasoei ezer esan gabe eta nerekin goxoki pasatzen zutelako haien kontura etorri zirela ,beste batek lehengusuek esan zietela nere klaseetan xarmanki pasatzen zela eta hortarako etorri zirela,beste batek ez dakit zer,bainan gauza guzti horiek sinesgaitzak egiten zitzaizkidan,nik hilabete osoa lanean iragan nuelako eta ea zorra noiz betetzen zuten zain nengoen urduri..

Arratsalde batez beraz,Erratzuko lagunekin Legasako jaietan ginaudelarik ,ostatu batean merendatzera joan ginen eta mahairen inguruan pozik ginaudelarik,hara nun hiru neskak agertzen zitaizkidan eta Elbeak keinu arin batez deitzen nau. Leku hartan nola ager zitezkeen harriturik nengoen,Elizondotik hamazortzi kilometrora zegoen herri hartan.Halere bereganatu nintzaion eta aditu nuena hankaz gora ezarri ninduen: eskatu nien kopurua soberaxko iduritzen zitzaiela eta ea prezioa apal niezaiokeen.Zer erantzun ez nekien eta iaz bezala nahi zutena eman ziezazkidaten luzatu nion eta berriro lagunekin esertzera abiatu nintzen eta bestei gertatutakoa kontatu nienean harritu ziren eta lehengo solas berdinak berriro itzuli zitzaizkigun,gurasoek ez omen zekitela,honeraino segitu nindutela,lotsagabe batzuk zirela...eta horrela gai hura ahantzi arte.

Azkenean zenbat eman zidatenez ez naiz oroitzen bainan haiek segurki ,Eskisaroien urte bat lehenago naturalki egindakoa aditu zuten eta kurtsoak ia urririk zirela pentsatu zuten ere.Aurtengo terraza hartan maiz gosaltzen genituen arrautzak eta txingarra bakoitxak bere dirutik ordaintzen genituela beharbada ahantzi zuten.Ez dakit eta gainera ez du batere garrantzirik.

 

Hogoi urte bete nituen urte hartan nere emaztea izango zenarekin harremanetan sartu nintzen,oraindikan ezkongaiak izan gabe.Erratzun bizi zen eta bere lagunak Erratzuarrak ziren ere,Belen,Patxuka,Sara,Kolo,Felisa Mari eta Gentzane.Nik Patxukak ekainean ingelesa gainditu ez zuela jakin nuenean,nere zerbitzuak proposatu nizkion,ingeleseko irakasle ohi bat izan banintz bezala.

Nere ingelesa nahiko kaxkarra zen,eskolakoa eta Ingalaterran hilabete batez ikasitakoa.Halere nere maiteari hurbiltzeko parada legala banuela ikusirik,berriro gauza bera eskaini nion.

Eta zer poza baietz esan zidanean .Egunero Erratzura etortzeko aukera bainuen eta kurtsoaren ondoko elkar solas hark alegeraz beteko ninduela aintzinetik banekien.

Hamabietarako Erratzun nengoen eta lehen klasea hasi orduko Patxukak ingelesa pipik ez zekiela ohartu nintzen.Gaia ez gainditzeak ez zidan batere harritu eta nere maila apal harekin zerbait erakusteko gai nintzela konturatu nintzenean hatsa sakonki hartu nuen.

Lehenbiziko egunetan kurtsoak aski seriosak izan ziren eta bere aita zen Joxe medikua ere harritu egiten zen bere alabaren ingelesaren aldeko interesaz .Noizean behin egongelara etortzen zitzaigun ea ikasgaia ongi iragaiten genuen.Astebete baten buruan eta lehen elkar ezagutzeko denbora pasa zela iduritu zitzaionean,Elvira ,ama agertzen zitzaigun ere, ez zertan ari ginen jakiteko, neri arrautze pare bat eskaintzeko baizik.Nola ezezkorik eman?Ez zitekeen.Beraz egun hartatik landa,oren erdi bat kurtso pasa ondotik,Elvira egongelara sartzen zitzaigun ea zerbait gosalduko nuenez,eta ni ongi-ikasia bezala baiezkoa ematen nion, arrautzak eta urdaiazpikoa tomatearekin ekar ziezazkidan,Patxukak ezer ez baitzuen jaten.Harekin batean derrigorrezko ardo beltza ere zekarren.Ni batzuetan handik erdi beroturik ateratzen nintzen eta azken tomate busti haren azken ahokada irentsi gabe eta esker beroak emanez,etxe hartatik Sumusura joateko ateratzen ginen.

Sumusu ,orduko taberna paregabekoa zen,txikitxoa bainan atseginz betetakoa.Bi sala bazituen eta gibeleko hartan zeuden mahaietan jendeak gosaltzen ala afaltzen zuen eta musean aritzen.Gauetan,zer txapelketa erraldoiak ez zituzten antolatzen....Gu aldiz,eguerdietan kanpoko terraza gozo hartan esertzen ginen. Eusebiorekin batean mutiko bakarra nintzen eta hainbeste nesken artean aski gustora iragaiten nuen .

Uda bukatu zenean kurtsoak ordaintzeko unea etorri zitzaigun eta nik,hainbeste gosariren ondotik ez nekien zer eskatu.Urte horretan ere nahi zutena eman liezazkidaten esan nien eta beste urteetan bezala izan zen.Dirusaria kobratzeko baino denek gosaltzeko aurpegia ikusten nindutenez,hala pasa nituen hiru urte horiek.

Sosa eskuratu nuen urte bakarra ezkondu nintzen urte hartan izan zen.Hogoita bi urte nituelarik ,Arraiozen elkarrekin bizitzen ezarri ginen bainan lanik ez genuen,ez emazteak ez nik ere. Laster, Doneztebeko etxe zahar batean frantseseko kurtsoak ematen hasi nintzen.Lagun baten bidez,herriko haur andana bat bildu genuen eta astean bi aldiz gela oker eta funditu hartan frantsesa erakusten nien.Haurren kopurua harritzekoa zen eta behingoz behar den ordaina eskuratu nuen.Berrogoi haur haien gurasoek ematen zidatenarekin pozik nengoen sekulan ez nuelako hainbeste dirurik irabazi.Bi talde egin genituen, arratsaldeko zazpietatik zortzietara lehena eta zortzietatik bederatzietara bigarrena.Bi egunez baizik lanik ez nuen egiten eta bi orduz soilik ,orduko soldata interprofesionalaren kopuruaren bikoitzera iritsiz,bainan hark ainitz ez zuen iraun urtarrilerako lan on bat eskaini zidatelako,sekuritate soziala eta guzi.Doneztebe utzi nuen.

 

Hendaiako Irandatz lizeoan eta gero Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoan sartu nintzenean, nere sorterrira itzuli nintzen eta laster irakasle izateko ikasketak egin nituen.Hogoita hamabost urteren ondotik,oraindik ere lan berdinean ari naiz,irakaskuntzean,beharbada Baztanen izan nuen esperientzari esker,bainan orain bederen arrautze pare batekin ez naute ordaintzen.

 

Xubiltz