Mans-eko 24 orduak
Klink! Psshhh... Dilin! Pssshhh.... Plak! Dalan! Pssshhh....Tin! Pa! Pssshhh....Plok!!! Zer demontre ote hainbeste soinu bitxi??? Eta berriro berdin, metalezko kanika bat itzulika ari balitz bezala eta Klink! Pssshh....Tin! Pssshhhh....plok! Peï Tronchi matematikako irakaslea arbelean idazten ari zen eta erridikulua ez izateko ala errietan egiteko gogo gehiagorik ez izateagatik, bere demostrazioan jarraitzen zuen, bere gibelean zer gertatzen ote zen jakin nahi gabe. Eta gu, hamalau urtetako mutil zirtzilak irrifarrez, gure mekanismoaz harro, ezin hobekiago atera baitzitzaigun!
Ostiral arratsaldea zen barnetegiko pareten artean eta ero bihurtzen genuen irakasle hark Mans-eko auto lasterketa famatua hiruretan hasten zela ez zekien. Guk, aldiz, bai, eskolako urteroko tradizio hutsa zelako, hiruretan punttu- punttuan lasterketa horren irteerako bandera higitzea eta txapelketa hastea.
3. Formulako auto bolidoak Mans-eko irteeran daude, motorrak orroka, Porshe eta Ford inpresionagarriak, hain zuzen, ea egun oso batez, hogeita lau orduz, zer bikotea azken lerroraino iristen ote den, eta ea iraupen gogorrezko lasterketa horren ixtorioari urrezko letretan beren izenak zizelkatzen ote dizkioten. Zizelkatu baino, bere hatzak utzi, Le Mans-eko kondairan izan diren irabazle guziek haien esku eta oin hatzak erroda baten forman dagoen trofeoan eransten baitituzte eta egiten duten brontzezko plaka hartan haien izenpetzea ere utzi.
Guk, Saint Bernard-eko ikasle bihurriok, halako gauza ofizialik ez genuen baina bai modelatzeko pastan harturiko gure hatzen erakuspen umoretsua, partaide guziek, urte hartan lauzpabost baiginen, gure eskuen hatzak bulegoaren estalki zahar haren barnean eransten baigenituen, urtea bukatu arte, hark, lasterketan parte hartu genuela erakusten baitzuen. Hicks, Hill, Beltoise, Rodriguez anaiak, Brabam, Ligier....gehienei ezer esaten ez dieten izen horiek aste horietako idolotzat genituen eta gogoan ez baigenuen ekainaren erdian izaten zen korrika hura baizik
Zergatik halako tradizioa eskola hartan? Zer arrazoinengatik halako interesa Le Mans-eko lasterketa haren alde? Inork ez zekien baina guretzat instituzio bihurtu zen eta Peï Tronchi ukaitea ostiral hartan arratsaldeko hiruretan paregabea genuen. Beste bihurrialdi batzuen pare, hauxe genuen estudiatuena, prestakuntza ugari behar zuena. Gure ikasgela zaharrak, pupitrez hornituta zeuden, binakazko mahaiez beteak, zurezko estalki kotor batez itxiak. Estalkia irekitzerakoan bakoitzak bere altxorrak bazituen, liburuez eta kaierez aparte, urtean zehar bil genitzazkeen bitxikeria handienak, pupitre hura erabat bete arte, baina Le Mans-eko eguna zetorrenean dena hustu eta lurrean utzi behar, hango antolakuntza ez baitzen txantxetakoa...
Gure jokoa zen pupitre barnean paperezko edo kartoinezko zirkuito bat egitea, berunezko kanika potolo bat atxik zezakeena, nahiko gotorra zen birez beteriko bidea, tintagailurako erabiltzen genuen zulo hartan hasten zena eta egurrean zilatzen genuen borobil diskretutik atera zitekeena. Harritzekoa zen zenbat denbora behar genuen ohorezko zirkuito bat egiteko, biretan asmakuntza baitzen nagusi, noiz ezkilatxoa, klink!, noiz metalezko erregela, pa!, noiz ere joailetxo bat, dilin! dalan! Eta hola kanika pupitretik atera arte. Zenbat bira, hainbat soinu! Zenbat soinu, hainbat irri!
Pentsa zer interesa genien kurtsoei, orduak eta orduak behar baitziren halako bide liluragarria eraikitzeko, bai errepidea tente atxikitzeko, erregelez eginiko zutoinak behar baitziren, bai birak antolatzeko, kartoinari forma okerra eman behar baitzitzaion, bat eta bestea eta berriro bestea. Lasterbide on bat izateko bost bira bederen izan behar zituen eta bakoitzean soinu berezi baten tintagailu bitxia asmatu eta instalatu. Zer poza dena tente atxikitzen zenean, batez ere kanika gainetik iragaitean, hori baitzen lortzeko zailena, berunezko pilotaren pisu hark bidea ez zezala hankaz gora ereman.
Arratsaldeko hirurak hurbiltzen ari zirenean denak urduri ginen, ez bakarrik partaideak, besteak ere, betiko ardiak, zer emaitzak aterako ote ziren zain baitzeuden. Eta Peï Tronchi arbelean bere matematikak idazten, eta adierazten, inork aditzen ez zituen solas zenbakidunak ozenki esplikatzen...
Jadanik irrifarrez ginauden, bagenekielako irakasleak ez zuela soportatzen pupitre baten estalkiak eztanda egiten, behin baino gehiagotan eskutik ihes egin eta ozenki klakatzen zigutenean animaleko oihuak botatzen baitzituen. Egia aitortzeko nahiez egiten genuen eta soinu ozen haren ikaraz hartzen zituen sustoak harrigarriak ziren eta gehienetan ezer ez esateko deliberoa hartzen zuen, beti solas beretan ez egoiteagatik.
Egun hartan isil-isilik ginauden eta ordu guzian halako klak ozenik ez zen batere izan, halako animaleko batekin lasterketari hasiera ematen geniola baigenekien. Hirurak bost gutxi. Hasieraren zain denak urduri. Hurbiltzen ari zitzaigun zigorra berdin zitzaigun, asmakuntza xelebre hark dena merezi baitzuen, bai zigorra, baita nahi zuten guzia ere. Hura egitekoa baitzen eta ezerk ez zion inori plazer hura kenduko.
Pa! Eta lasterkari guziek berunezko kanika potoloa ziloan utzi eta: Klink! Psshhh... Dilin! Pssshhh.... Plak! Dalan! Pssshhh....Tin! Pa! Pssshhh....Plok!!! Eta berriro hiru itzuli eman arte. Denak irrifarrez ginauden, Peï Tronchik zer gertatzen zen ez zuen ulertzen, halako soinu bitxiak entzuten baitzituen baina hainbeste baziren burua norat ereman ez zekiela. Eta klink! Pssshhh...Pa! Tok! Psshhh...Plok! Eta kanikak itzulika, zilotik zilora eta berriz ere eskutik eskuin goiko partean zegoen tintagailura... eta bidea hirugarren eta azken plok soinua egin arte.
Irakaslea gure ingenioz harriturik zegoen eta urte hartan bere estradatik jeitsi eta pupitretako estalkia irekitzeko agindua eman zigun, uler zezan hango folklorea. Paperezko bideak ikusi zituenean begiak borobil- borobilak gelditu zitzaizkion, arreta handiz aritu zen aztertzen bira guzietan zeunden ezkilak, joailetxoak, harridurez ikertzen zutabe haien kotortasuna, azken finean gure asmakuntza haren originaltasunez liluratuta. Balditurik ikusten aritu zen gure hatzen modelatze hura ere, pupitreetako estalkien bizkarrean erantsita zegoena, bereziki Le Mans-eko irabazleek halako saria irabazten zutela adierazi genioenean.
Ez zitzaigun batere haserretu, ezta gu zigortu ere. Bere jakin-gose handi hura asetu nahiz, galderetan hasi zitzaigun, ea nork izan zuen ideia edo zenbat denbora iragan genuen halako zirkuitoak antolatzen... Pupitre batetik bestera pasatzen zen, zoin zen ederrena ikusiz, bosten artean konparaketak eginez. Harriturik egon zen esan genionean eskolako tradizioa zela, halakorik ez baitzekien, bere lehen urtea baitzegien Saint Bernarden.
Urtero ohitura hura segitu genuen, guk hartu genuen bezala lekukoa gazteagoei pasaraziz. Noiz arte iraun ote zuen ohitura hark ez dakit baina berrogoita bost urteren buruan hura kontatzeko gogoa sartu zait, betiko gure gogoetan zizelkaturik dagoelako