05 Jotzeko griña

Jotzeko griña

Donibane Lohizuneko Mazarin karrikan bizi nintzen eta amatxiren familia Ziburun bizi zelako maiz, ene sorterrian josta nezan, poz-pozik zubia gurutzatzen nuen. Egia aitortzeko hark batzutan bildur handia ematen zidan, agian haur bildurtia nintzelako, bainan gehiago amatxiren etxearen ondoan Chicago Banda beren moto eta larruzko palto beltzekin zegoelako. Ikarati bat nintzela aitortzen dut bainan gaizto haiek edonor izutzeko gai zirela ere bai.

Batzuen aurpegi ezaguna gogoan daukat, bixki batzuena, bat Ziburuko karriketan zehar oraino noiztenka ikus dezakedana eta Bixintxoetan berak kudeatzen duen taberna ezagun batean urtean behin agurtzen dudana. Beste bat, Rachou, bandiletan gaiztoetan gaiztoena, aspaldi Donibane Lohizuneko polizia nazionala bihurtua eta esan nezake beti berdin segitzen duela, behin baino gehiagotan bere egoera zakarrez manifetan ohartu bainaiz, batez ere gazte abertzaleen aurka. Alua! Beste bat ere noizean behin portuan ikusten ahal dudana, ipotxa itxura duen buru handiko izengabekoa. Bildurgarriak ziren eta haien joko nagusia donibandarrak zanpatzea zuten, zubitik beste aldean bizi izateagatik, burgesak izateagatik, lehen ziburutarrentzat donibandarrak halakoak baitziren, gure aldekiko gorrotoa beti dilindan bizirik zegoela erakusteagatik, azken finean ohiturarengatik. Haiekin nik ez dut sekulan arazorik izan, lehenik gazteegi nintzelako eta beranduago, batzuk aski hurbiletik ezagutu ditudalako, bainan berriz ere diot ikaragarriak zirela eta borrokatzea zela haien joko maitagarriarena.

Geroago, hamasei urte bete izan nituenean Donibaneko beste talde borrokalari bat ezagutu nuen, aski azkarra, denak borrokalari kirolariak, guduan inork irabazten ahal ez zituena, Jacques, Mem, Pierrot, Sainciart… denak borroka librean aritzen zirenak, indar handikoak, batzuk gaiztokeria izugarrikoak, beste batzuk aldiz, mugimendua segitzen zutenak. Egia aitortzeko diferentzia handia zen Hegoalde eta Lapurdiko mentatilateen artean, hemen, Lapurdin, ukamiloak nahiko laster dantzan ematen zirelako, direlako oraino. Nik ez dakit rugbyaren eraginak ote diren edo populu baten senen erakusmena denez bainan hala da eta frantses influentzia ezkorrak beti halako bortizkeria beregan ekarri baitu, odol beroa izatea eta borroketan gozameneko aritzea.

Aipatu ditudan gora-beherez aparte, portu inguruko gizartea nahiko azkarra zela adierazi behar da eta bi zatitan erabat banandurik zegoela onartu ere, sozial klaseen arabera antolatuta, arrantzaleak alde batetik, hiritar “burgesak“ bestetik, ziburutarrak gorri, donibandarrak xuri, publiko eta pribatu eskolen arteko guduka ahantzi gabe. Mundu laikoa rugbyari lotuta zitzaion, arrantzari, portuari eta Zibururi. Katolikoa aldiz futbolari, Arin futbol taldeari, Donibaneri, karrikari bainan baita Akotz, Xantako, Erromardiko baserri eliztiar munduari ere. Haiei erantsi behar zitzaizkien Azkaine, Urruña eta Senperetik Santa Maria eskolara zetozen laborari mundukoak ere. Horretan sumatzen zen elizaren eta eskola pribatuen indarra.

Gauzak apur bat aldatu direla esan daiteke bainan behin baino gehiagotan ikus daiteke Iparraldean jendea muturrekotan aritzen edozoin arrazoinengatik, ez lehengo heinean halere. Pentsa beraz, orduan gaiztoek zer mundu egokia aurki zezaketen haien grina aise betetzeko eta, zinez, Donibaneko talde horrek ez zuen denborarik galtzen borroka baten bila joateko. Hori izan balitz bakarrik luma ez nuela hartuko uste dut, gaur egun kartzelara eremango zituzten denbora-pasetan aritzen zirelako eta egoera faxista bezain gaiztoak sortzen zituztelako.

Haien joko maitagarriena, Donibanetik Miarritzera motoz abiatzea zuten, homosexualen aurkako “razzia“ ikaragarriak egitera eta behin baino gehiagotan aditu eta ikusi ditut gure ohiko tabernan halako komandoak antolatzen. Aski zen batek esatea “Goazen Atalaira!” beste guzien begi dirdirak pizteko eta erabakia hartzeko. Guk bagenekien ihizira abiatzen zirela, homosexualen ihizira. Izugarria! Haien jokoa hauxe baitzen, Miarritzeko itsas bazterrean den atalairaino hurbiltzea, hura baitzen homosexualen topagunea, eta haietatik batto ikus orduko haren gibeletik laster egitea, harrapatzea eta zanpatzea, eta berehala beste batengana joatea “Sales pédés“ laidoez irainduz, denen irrien artean, harropuzkeria osoz, haien harrapakina lurrean, zentzurik gabe, odoletan utzi arte.

Egiazko harroputzak ziren, haien abenturak eta ekintza gaiztoak denei kontatzea gostukoa baitzuten eta nehor ez zen ausartzen esatera hura espantukeria bat besterik ez zela. Denek jainko txikitzat hartzen zituzten eta gu ginen gazteagook haien lagunak izan nahi genuen, badaezpada ere.

Orduko frantseskeria izugarria zen, eskoletan, familietan, karriketan, euskaraz mintzatzea lotsagarria, ahalkemangarria baitzen, hala nahi izan zuten gure sumitzaileek, agian hobe baitzuten jendeen artean ahalkea sartzea debekatzea baino. Pentsa Donibanera heldu ziren laborari familiako azkaindarrak, saratarrak, senpertarrak ala urruñar euskaldunak, etxean beti euskaraz aritzen zirenak, Donibaneko mugak Frantziarenak izan balira bezala zituzten, kaskoin gizarte modernoarenak, zibilizazioarenak... Orduko giroa higuingarria zen!,

Euskara eliztiarren eta zozoen kontuko zerbait zela sinistarazi ziguten eta haren aurkako arma handiena asmatu zuten: Lotsa eta ahalkea, frantsesaren handikeriaren eta zibilizazioaren izenean. Egun eta berrogoita hamar urteren buruan, oraino, harritzen naiz orduko ezagun bat euskalduna zela jakitea, sekulan euskaraz ez nuelako aditu izan. Harritzekoa da nola batzuk, ni politikaren bitartez ezagutzeagatik eta abertzalea eta euskalduna naizela jakiteagatik, berrogoi urteren buruan euskaraz orai hasten zaizkidala, orduko ahalkea pasa izan balitzaie bezala. Horretan bi jende mota baitago, lehengo egoera latzak onartu izan zituztenak eta erabat frantsestu zirenak, oraino abertzaleei gorroto larria dietenak, eta besteak, politika hiltzaile hura ukatu dutenak eta gutarrak bilakatu direnak.

Gure artean halako zoinbatzuk ere bazeuden, arrazoin desberdinengatik frantses mundu zakarretik euskal mundu abertzalera pasatu zirenak eta horrek behin gertatutakoa kontatzeko gogoa ematen dit. Hirurogoita hamarko hamarkada hartan, Iparraldean, Herri Taldeak antolatu genituen eta gu Donibanen lehen lerroan ginen Xan Marguirault gure herritarra presondegian sartu zutelako, lehen euskal preso lapurtarra izanez. Comité Xan hura sortu genuenean, bilkurak Rex edo Gure Etxeko zinemaren goiko egoitzan egiten genituen eta afixa eransketak ohikoak ziren. Halako batean Donibaneko jaietarako elkar-bazkari bat egitea bururatu zitzaigun, “Chez l'ami Léon“, Elhorga lagunak zeukan ostatuan. Berrogoi pertsona hurbildu ginen eta hantxe afaltzen ari ginen artean Baionan GAL-ek Pantu errefuxiatua erail zuela jakin genuen. Akabo hango parranda eta berehala Donibaneko su artifizialak gelditu behar genituela batzuei bururatu zitzaien. Nik ez nekien gure arteko batzuk erakundean sartuak zeudela orduan. Ziburura berebilez joan eta bertako kaira hurbildu ginen, jakinez handik suak botatzen zituztela. Autoak hurbildu eta kairat bertaratu ginen. Hantxe suak pizteko ardura eman zioten adineko gizon gaizo bat zegoen, bakar-bakarrik metxa eta bonbatxoen artean. Denak hurbildu gintzaizkion eta harekin solasean hasi. Gure arteko batek, lehengo kontuetan ikustekorik bazeukan batek, berarekin hurbiletik hitz egiten hasi zitzaion, animaleko muturrekoa emateko asmoz. Modu hoberena suak gelditzeko zalantzarik gabe. Hainbeste pena eman zidan gizon hark nere esku ziren guziak egin nituela muturrekoa jaso ez zezan eta gure laguna jo ez zezan konbentzitu nuen, beste moduak izan zitezkeela pentsatuz. Azkenean inork ez zuen inor jo, halere surik ez zen izan eta gizon zahar hari, modu onez, etxera joateko aholkua eman zioten..