11 Manuel Antonio

Manuel Antonio

Manuel Antonio amaren aldeko osaba txikia genuen eta Baztanen uda iragaiten genuenean maiz guregana hurbiltzen zitzaigun ainitz maite gintuelako eta gu, haur zirtzilak, arras gustokoak gintuelako. Osaba donado hark beti gu dibertitzeko zerbait zekarren: puxikak, petardoak, suziriak, kartoinezko buru handiak... Gizon bitxia zen, Iruñean mediku, unibertsitateko irakasle, bainan horren gainetik bere bitxikeria Nafarroa guztian ezaguna zen, bai Baztanen, baita Iruñean ere, batez ere irrati afizionatua zelako.

Puxika erraldoiak zituen gustoko eta Iruñeko denda zahar batean erosi ondotik Arraiozera ekartzen zizkigun, puzten eta airera igortzen genituen globo handi xamar haiek. Hura prestatzeko zeremonia luzean sartzen ginen eta lan handia zein fina zen, paper hura ongi ireki eta zabaldu egin behar zen, erdiko azpiko lotura hartan loturik zegoen kotoin borobil hura alkoholez ongi busti, burdinazko harien artean hura ongi tinkatu eta azken unean, papera erre gabe kotoiari sua eman. Kasu handia egin behar genuen indartzen ari zen suak paperezko puxika hura sukar ez zezan, emeki-emeki haundu, puzturiko borobil handi bat bihurtu arte. Gero, kotoinari sua piztu eta aireratzeko, prest egon zedin itxoiten genuen, bakoitzak alde batetik papera esku tartean hartuz eta ahal bezain zabalik irekiz. Orduan, eta orduan bakarrik, gasaren indarrez gorantz airatzen hasten zen. Igotze xuabe hura haur guzien lilura izugarria zen, maiz herriko umeak hurbiltzen baitzitzaizkigun irudizko jaialdi hartaz gozatzera.

Suziriekin errexago genuen, sua piztu eta zintzilik zegoen metxa hari pospolu piztuta hurbildu suziriak goraldeko bidea har zezan eta ozenki leher zedin. Horretarako, Manuel Antoniok zurezko igorgailu egoki bat antolatu zuen, suziriak pausaleku har zezan eta gure eskuak lanjerretik kanpo izan zitezen. Zer xoragarria genuen soinu hura entzutea eta indarrez suziria goraldera abiatzen zela ikustea, XXXXXXXXXXXX........PUN!

Gu haur bihurriak ginen eta maiz igorgailua erabili gabe eskutan helduriko suziriak amatxiren landareteara bidaltzen genituen, hura nardatzeagatik, eta gehienetan gure parean zeuden dalia-loreen erdira igortzea lortzen genuen, haien oihuen eta gure irriparren artean. Manuel Antoniok ere amatxiren builak jasotzen baitzituen, bera baitzen hobendun bakarra, gure gusto handirako.

Etxean garagardorik inoiz ez zegoen eta osaba etortzen zen aldiro pareko dendara bidaltzen gintuzten bi San Miguel botoilatxoren eske eta terrazan jarririk eta solas bizien artean pozik edaten zituen. Osabak antzinako hortzak biziki luzeak zituen eta nahiko aterata eta bere trebezi handiena zen garagardo botoila horien kapsula edo txapa hortzekin irekitzea, denen irrien aintzinean.

Lehen aipatu dudan bezala, beste bitxikeri bat bazuen osabak: irratizale amorratua zen, irrati afizionatua. Hark zituen tresnak izugarriak ziren eta maiz mendira erematen gintuen Txina, Amerika edo Hego Afrikarekin mintzatzera.

Beste irratizale arrotz haiek erabiltzen zituzten hizkuntzak eta kodek bitxiak ziren, ingelesetik aparte ulergaitza genuen komunikatzeko beste bide berezi bat baitzeukaten. Osabaren etxeko gela harrigarria zen, dena elektrika tresnez beteta, dena kable eta soinu, benetan harrigarria eta zer esan bere berebilaz, antenaz eta mikroz betea. Pentsa, hirurogoiko hamarkadan bizi ginela.

Baztanetik kanpo, Iruñeko ospitalean mediku zen eta familiako lur batzuetan etxe eder bezain bitxi bat eraiki zuen, Altzuzan, orai Oteizaren museoa dagoen pareko lurretan, ene birramonaren sortetxe abandonatua Oteizak bere atelierrerako hautatu baitzuen. Horien inguruan Manuel Antoniok bere bizi bitxia iragaiten zuen, ospitaletik etxera eta irrati batetik bestera.

Zakur handi batekin bizi zen eta hark bazekizkien egin behar ez zituen guztiak, batez ere etxeak zituen elektrika arteak gainditzeko. Behin, zakurra gela batean pixa egiteko ohitura hartzen ari zelako, irakaspen bat eman behar ziola erabaki zuen eta ipurdian zanpa bat eman baino elektrikaz ziztatzea deliberatu zuen. Pixa egin zuen leku hartan metalezko plaka txiki bat ezarri zuen, berriro txisa egitera abenturatzen balitz, pitilinean inazturi on bat eman ziezaion. Hala izan zen, baina zakurrari behin bakarrik eman zion barrabiletan tximista, eraso horretaz salbatzeko bidea laster ikasi zuelako, plakaren gainetik jauzi eginez, pixka bat urrunago, indarrik gabeko lekuan bere beharrak egiten ahal zituela ohartuz. Zer egin zuen osaba Manuel Antoniok? Egongela izan ezik, etxe guzia elektrifikatu zuen eta dena plaka zabalez bete. Zakurrak ikas zezan non bere beharrak egin, egunero lanera joaten zenean instalazio guzia pizten zuen. Osaba halakoa zen, arras bitxia.

Behin, izeba Miren Bilbotik Iruñera zerbait egitera etorri zen egun batean, osabari kilimiska bat egin behar ziola bururatu zitzaion. Bere lehen kusin maitea zirikatzeko gisan eta bere ohe ondoko lurreko plaka piztu zion. Izeba jeiki zenean animaleko deskarga elektrikoa zangoetan jaso zuen, eta Manuel Antonio irriz lehertzen gelako ate kantoinean.

Urte batzuen buruan bere etxe parera Oteiza zizelkaria bizitzera etorri zen, nere birramatxiren etxe zaharra erosi baitzuen, orain museoan den bere ohiko tailerra. Eta bere obrek forma har zezaten, burdin gainetan zanpaka aritzen omen zen. Egun bat, bestea, hilabeteak, urteak eta Manuel Antonio aspertzen hasia. Berehala deliberatze gogor bezain bitxia hartu zuen, Jorgek egiten zuen harrabotsa harrabotsarekin sendatu behar zuela pentsatu zuen eta elektrikako txistu zorrotzak jalgitzen hasi zitzaizkion. Laster kexatzera hurbildu zitzaion Oteiza. Osabak bere mailuzko soinu madarikatuak isildu arte mikrotik txistuak ateratzen jarraituko zuela azaldu zion eta hala iragan zituzten urteak, Oteiza mailuka eta zerraka eta osaba txistuka eta bozgorailuka. Bi ero, hala baitzituzten herriko auzokide guziek.

Manuel Antoniok ez zuen etxean inoiz sukaldatzen eta bere bizi guzian gauza bera bazkaltzen eta afaltzen zuen, bere mediku jakintzak kalkulatutako ekarpen kalorikoen arabera. Eguerdietan kontserbako kaxa bat sardina, olio guziarekin, patata purea eta udare bat. Gauean arroltze pare bat ogi erdi batekin, eta azken-burukotzat esneko jogurt bat. Besterik ez! Bere gerrikoko zuloek zerakuskioten arabera, loditzen hasten zela ohartzen zen eta bere dieta aldatzen zuen. Horrelakoetan, sardina kontserbatik bere platerera olio gutxiago botatzen zuen.

Eguerdiro Altzuzako denda bakar haren paretik iragaiten zelarik bere sardina lata, ogia eta purea erosten zituen, udareak kiloka. Benetan, dendariak arrazoin aski bazuen osaba bitxitzat hartzeko. Manuel Antonio urtero egun berdinean arropaz aldatzen zen eta hotz ala bero, Domine Saindu egunean udako jantzi guztiak armairuan sartu eta negukoak atera, maiatzaren lehenean alderantziz eginez.

Behin, gauza ezin bitxiagoa gertatu zitzaion. Altzuzako bere etxetik malda beherantz berebilez zihoala, gizon zahar bat herrenka bidean zebilela ohartu zen, autoaren bidea oztopatu nahi izan balu bezala, erdi-erdidik ibilki. Martxa apaldu, leihoa ireki eta laguntza nahi zuenez galdetu zion. Baiezko erantzunak gizon hura berebil barnerat ereman zuen, gidariaren gibeleko jarlekuan jarririk. Bat-batean eta bira baten ondotik, osabak soka bat lepoan nabaritu zuen, gogorki tinkaturik, agureak lepoa trinkatzeko asmoa izan balu bezala. Bidean hain kolpaturik zirudien adineko gizon hark indarrez lepotik atxikitzen ari zitzaion eta berak esandakoei kasu egiteko hobe zukeela manatu zion. Harriturik, min harturik, ea zer nahi zuen galdegin zion, batere erantzunik jaso gabe. Mementu baten buruan, bazter batean autoa gelditu eta pistola bat eskutan, kofre barnean sartzeko agindua eman zion. Zer gertatzen zitzaion ez jakinik, kofre hartan oren bateko bidea edo egin zutenean, gelditzen zirela ohartu zen eta begietan min egin zion argiak helbururat iritsi zirela adierazi zion. Autotik jeitsi eta leize ilun baten aintzinean zeudela ikusi zuen. Lokarri estu batez eskuak lotu zizkion eta autotik aterarazi leize barnean sar zitezen. Han baziren gizon gehiago haien aiduru. Lagun zauritu bat bazutela esan zionean, medikua nahi zutela ohartu zen eta horrek patxada pixka bat eman omen zion. Nabalkada zorrotza jaso zuen laguna salbatu behar zuela esan zioten eta barnerantz abiatu ziren. Gelditzeko agindua eman ziotenean, hantxe gelditu zen une batez bakar-bakarrik, agintaria zirudiena hurbildu zitzaien arte. Beranduegi zela erran zien.


Inoiz ez zuen jakin egiazki zauriturik han bazegoenez edota laguna bitartean hil baitzitzaienez. Hantxe, paretari begira eta oihal bat begietan, hantxe egoteko agindua eman zioten. Manatu zioten bezala bi oren baina gehiago, isilik eta beldurrez beterik, handik ez zen mugitu, haien akolkuak hitzez- hitz segituz. Bahitzaile haien mehatxuak aski garbi entzun zituen, kanpotik sarziloa begiratzen zutela eta atera orduko tiro bat jasoko zuela. Han goaitatzeko manatu zioten, norbait bere bila etorri arte. Ordu baten buruan edo, hotzez hiltzen ari zela eta, handik uzkurki ateratzea erabaki zuen, mendi magal hartatik beherantz abiatuz, errepide mehar batera iritsi zen arte. Bidexka arrotz hura jeistea zaila egin omen zitzaion. Hango bideetatik barrena aski luzaz ibili ondotik, berebil baten argiak ikusi zituenean atsedena hartu zuen, bere sufrimendua horretan bukatuko zela pentsatuz, baina bere bila joan zitezkeela ohartu zenean, bide bazterrean gorde eta keinurik gabeko isilpean izkutatu zen, berebila bere aintzinetik iragan arte. Bidea berriz ere hartu zuen eta laster Garesen ondoan zegoela ohartu zen. Oinez, guardia zibilaren postura abiatu zen eta bere ixtorioa kondatu.

Hilabete batzuen buruan eta Baztango errepidean lasaiki zihoalarik, leize aurrean ikusi zuen auto txuria ezagutu zuen eta laster ohartu zen kontrabandozko afera bat izan zitekeela. Orduan gertakizun hura ulertzen hasi zen eta labainez zaurituriko hura, agian portugaldar edo beste arrotz baten eskutik kolpaturik izan zela ere, eta bahitzaile hark ezustean hil zitzaien kontrabandista lagun baten sendatzera eraman zutela. Baztanen ibiltzetik ezagutzen zuten eta Altzuzan bizi zela ere bai. Berak ere berebil txuri haren jabe bazezaguen eta sekretu hori inori inoiz salatu gabe bere bizi bitxian jarraitu zuen.