12 EGI-ETA

EGI-ETA

Gazte denboretan eta hamasei edo hamazazpi urte nituelarik, oraindik nere amaren familiaren eritzi politikoek niregan eragin haundia bazuten. Eritzi politikoak baino, berezko sendimentuak ziren, sortzez jada izaten direnak, amaren sabelak bazkatzen dituenak eta errelijio baten antzeko filosofia irrazionalekoak izan daitezkeenak. Abertzalea nintzen, abertzale sutsua, amaren titia zurgatuz eransten diren konbentzimenduz beteta eta harro. Bainan denbora haietan aberria alderdia baizik ez zuten eta alderdia aberria: hauxe da, EAJ-PNVkoek. Nik nere bizian besterik ez nuen ezagutu, aitaren familiak zeukan frantseskeria izan ezik. Hauxe aspalditik nuen ukatu eta ene sendimenduak beti abertzaletasunari lotuak izan ziren .

Nik ez dakit artista xamarra naizelako edo, ofizialki inoiz ez nuen alderdiaren EGI gazte mugimenduan parte hartu, ez eta Amaian, nahiz eta horren inguruan ibili, lagunengatik batez ere, Bilboko lehengusuengatik, Begiraleak dantza taldekoengatik, denengatik. Denak bezala, gure orduko aberriak txistua, dantza, kantua, mendia eta pilota zituen zutabe, euskara alde batera utzirik, nahiz eta neronek haur denboratik jakin. Beraz, abertzaletasuna txikitandik, nere amaren senideen artean bizi izan nuen, amatxi Julitxori eta nere Bilboko senideei esker, nazionalismoa pil-pilean bihotzean neukan eta Donibane Lohizunen bizi izateagatik euskal politikaren mundu horrekin harreman haundiak izan nituen, alderdi horren agintariak ene senideen adiskideak zirelako ( Agirre, Muñoa, Rezola, Irala, Epaltza, Monzon, Durañona, Larrañaga, Barrutia, Agirretxe).... denek klan banaezin bat osatzen zutelako, genuelako.

Horrez aparte, Begiraleak euskal dantza taldeko txistularietatik bat nintzen eta mila bederatzirehun eta hirurogoita hamarreko talde hartan euskal giroa bizi-bizirik zegoen. Gure dantza taldean Euskal Herriko hiru gazte mota bazegoen. Lehenik, Euskal Herria, “le Pays basque français” bihotz-gogoan zutenak eta nahiz eta batzuk euskaldunak izan, beti kaskoin xamarrak zirenak. Bigarrenak abertzaleak, mendigoizaleak, pilotariak, dantzariak, PNVtik hurbil ginenok, abertzale munduan besteak baino gehiago ginela uste genuenok. Azkenean, aro hartan agertu ziren lehen errefuxiatuak eta haiei bereganatu zitzaizkien gazteak, batez ere neskak. Nahiz eta nere familiaren hurbileko lagun minak betikoak izan, gazte abertzale berri haiek eragin handia sortzen hasi ziren neregan.

Orduan sortu zen “Ez dok amairu” taldearen eragina ere izugarria izan nuen, ordurako gitarra jotzen nuelako eta kantu berri haiek xoratzen nindutelako, batez ere Mikel Laboa eta Benito Lertxundi kantarienak. Nere abertzaletasun mota aldatzen hasiko zen orduan, bi fenomeno berri haiengatik.

ETAko errefuxiatuei esker, gauza ainitz kanbiatu ziren, batez ere gure artean zeuden neska dantzariak euskal iraultzaren aldeko gudariei hurbilduko zitzaizkielako, mutiko gazte bezain zangarrak baitziren, Begiraleak taldean dantzan edo euskara erakasten aritzen zirenak, bederen ( Pruden, Sabin, Jon zena...) Hiru mota desberdin horiek nahiko ongi konpontzen ginen gure artean, batez ere dantza taldean, denak besteei modu batez edo bestez hurbiltzen gintzaizkielako. Frantximentek euskal mundua hurbilagotik ezagutu nahi zutelako, nazionalistak besteak konbentzitzen entsaiatzen ginelako eta ETAko eta KASekoak mundu berri hori modan zegoelako. Gainera euskaraz mintzatzen zuten, beste guziek aldiz eta familian izan ezik, uko egiten ziotelarik.

EAJ-k akats handia bazuen orduan, haien artean euskaraz ez zutela sekulan hitz egiten eta ni ere nere inguruan nituen lagun guziekin gaztelaniaz aritzen nintzen, batez ere gehienak euskaldunak ez zirelako eta gure artean ohitura nazkagarri hura sartu zelako, beraz espainolez aritzen ginen, espainola, frantsesa baino abertzaleagoa iduritzen baitzitzaigun orduan, politika ikuspegia Hegoaldetik baizik ez zitzaigulako ateratzen edo erdal mintzaira hura askatasunaren hizkuntza iduritzen zitzaigulako. Zer zozoak ginen, ni bederen...!

EAJ-ren bigarren akats izugarria zen Iparraldea Euzkaditzat ez hartzea eta haien politika Hegoalderantz begira soilik egitea. La France, terre d'asile, hori zuten haien filosofia erruduna. Pentsa orduan, PNV-koek Iparraldeko alderdi bat sortu izan balute zer izanen zatekeen egungo sozio-politiko egoera, gizartea hain euskalduna bezain fededuna baitzen orduan... Bainan, begirada Hegoaldean zutelarik balizko marka pausu hori pasatzen utzi zuten. Ez zen batere berdina izan Lapurdiratu ziren gazte iraultzaile haien ikuspegia, nahiz eta Hegoaldera begira egon, hementxe behar genuen suspergarri bihurtu baitziren, batzuk bederen, berriak izateagatik, abertzaleak izateagatik, euskaldunak eta modernoak izateagatik. Gurea aldiz, mendia, dantza, kantua, pilota eta PNV-ko Hegoko sasipolitika hura, Iparraldekiko elea baizik ez zen.

Guk Begiraleak-eko dantza tokia genuen bizitoki eta Donibaneko poteo berrira denok ateratzen ginen, mota guzietako errefuxiatuek ekarrarazi zuten gazte moda berri hartara, tabernaz taberna ibiltzera. PNV-ko zahar batzuk ere horretan ari ziren, Zubi, Mikel Isasi, Lekeitio, Intza eta beste hainbeste, gehienak Sabin-etxean musean. Lehen ETAko errefuxiatu batek eginiko txiste bat bururatzen zait, Lapurdirantz etorri zenean, zahar haiekin harremanetan sartu zen Mexikora joan baino lehen. Hogoitabost urteren buruan itzuli zenean, leku berean musean jarrita aurkitu zituela kontatzen zuen, muslari haiek halaxe zutela Euskal Herria askatzen salatzeko.....

Baionan errefuxiatu talde ezaguna bazen, Txomin Iturbe eta Mamarru tarteko. Txomin Errealako jokalari izan zen eta futbolari ona, besteak ere txantxetakoak ez ziren eta ETA- EGI-ren aurka egiten genituen futbol partida horietan, gehienetan, irabazten ziguten. Ni maiz atezaina nintzen eta gogoak uzten ez banau, gure taldean zeuden batzuen izenak hauxek ziren, batzuk EAJ-ko eritzi berdinetan jarraitzen dutenak eta besteok aspalditik ezker abertzalera pasa ginenok: Lehenak, baionarrak, Ander eta Xabier Barrutia anaiak, Pablo Basterretxea, Beber, Maroto, Antxon... bigarrenak Begiralekoak, Beñat Mendiboure, Joseba Durañona, Txistor eta laurok eta azkenik EGIko nafartar kideak, ekintza bortitz xamarretan Iruñean aritzeagatik errefuxiatu zirenak, Koldo eta Mikel anaiak, Esteban, Juan Mari Feliu, gehienak ere Begiraleak dantza taldearen inguruan edo Basarrik muntaturiko Mendigoizaleak danborradan zebiltzatenak.

Txistorren kasua bitxia zen eta nahiz eta EGIko taldearekin futbolean aritu, jadanik Txominen aginduetara sortu zen komando itineranteko kide isila baitzen. Berak kontaturik, matxa horietako egun batean eta egiten genituen partiduaren ondoko afarietan, Txominek keinuak egiten omen zizkion, irrifarrezko izen madarikaturiko irainen artean, inork, biek baizik, ez baitzekiten zer saltsetan zegoen sartuta EGIko jokalari ohia.

Jarraitzaile neskak ere bagenituen, Pantxika eta Kristiñe bereziki. Beti oroituko naiz nola egun horietan ere Koldo gure lagun nafarra joaten zen atletismoa egiten zuen Kristiñe ikustera, eta gu, nardatzaile paregabeak, orduan zegoen errusiar pisu-jaurtitzaile baten izenez bataiatu genuela, Txitxoba.

Zer denborak, errefuxiatuak libre bizi baitziren, karrikan, zelaian, tabernetan…. espainol eskuinak Batallon vasco español eta espainol ezkerrak GAL sortu arte. Hortik landa, inor ez zen gehiago atera eta hori montatu zutenek haien helburua erdietsi zuten, jendea garbitzea eta zauritzea bainan, batez ere, denen artean izua barneraino sartzea.

Oroitzapenean dut argiki Anai artean-ek egiten zuen lana eta batez ere Koldo gipuzkoar batena, elefantitis eritasuna gorputzean zeukana eta Anai artean-eko egoitzaren arduraduna zena, Ondarruko Fran Aldanondo, amnistiaren ondoko lehen hila izan zena, LAIA-ko Ondarru anaiak, nola ez oroitu ere Agurtzane, Txapela eta Korta gaizoak eta beste hainbeste Donibaneko karrikak eta ostatuak betiko markatu izan zituztenak. Goian beude! Gaur egun irri xamurrez gororatzen ditut abenturatxo horiek, liburu honen xedea hori baizik ez delako, bizi izan ditudan “oroitzirriak” kondatzea. Zalantzarik gabe abertzale politikan gauza sakonagoak bizi izan ditut, agian beste liburu batean serioski kontatzekoak. Agian!