Futboleko kilimiskak
Urtean behin eta gazte nintzenean Donostiara futbol partida bat ikustera hurbiltzen nintzen, Athletic / Real hain zuzen. Egun horietan zenbat abentura gertatu zitzaidan kontatzea luzeegi izango litzateke, urtero zerbait bitxia egiten baigenuen. Frankismoaren denboran ikurriña debekatuta zegoela eta, euskaltasuna eta abertzaletasuna agertzeko mila manera atxematen genuen eta guretzat errexena zena txistua jotzea zen, horrela aise pasatzen baitziren aire abertzaleak jendeen artean eta gure inguruan montatzen zen euskal giroa biziki ederra zen.
Lapurditik Donostiara futbolera ez dakit joaten ginen, azken finean berdin zitzaigun nork irabazi, sortzen genuen giroa baitzen guk nahi genuena. Prestakuntzak ez ziren txantxetakoak eta betiko gauza teknikoen aparte, esan nahi dut txistua uretan sartu, ttunttuna ongi tentsatu, apaindura politikotzat zintzilka genituen ponpoi xuri, berde eta gorriak agerian ezarri, beste elementu nagusia inoiz ez zitzaigun ahazten, danbolina edo ttunttuna desmontatzea barneko altxorra behar zen bezala emaiteko. Ttunttun guziak bezala, nereak ere zilotxo bat bazuen, barneko partea ikus ahal izateko et hori bilakatu genuen abertzale seinalearen lekukoa, diktaduraren aurka altxatzen genuen keinu umoretsu bezain politikoa. Prestakuntzak, beraz, luze xamarrak genituen eta ttunttunaren barnean eransten genuen ikurriña ttikia, karrikako mugimenduarekin eror ez dadin, aldiro berriz kolatzen genuen, ttunttunka berriz bere gainean sokatuz.
Harritzekoa zen ikustea hark zer efektua egiten zuen, zilotik begiratzean nola zagerien abertzaletasuna isladatzen zuen ikur maitagarria, denen isilean eta orduan frankismoak biziarazten zuen egoera, batere arriskurik gabe haustea eta lege gaizto horien aurka joatea. Ikurriña orduan debekatuta baitzegoen eta batto eskutartean, etxean edo edozein lekutan izateak kartzelara erematen zintuzken. Ausardia hori animalekoa iduritzen zitzaigun eta egun horietan Donostiako Alde Zaharrean txistua jotzetik taberna batean gelditzen ginenean, konfiantza sortzen zidan edozeini zilotik begiratzea esaten nion, haren izugarrizko harridura sortuz. Hori genuen irri egiteko joko abertzale handia eta zenbat jende horrekin liluratu izan nuen ez dakit. Hirurogeita hamargarren urtean ginen orduan. Eta oraino atxiki dudan nere ttunttuna zaharraren barnean orduko ikurriña bizirik dago, nahiko ximurtuta baina oroitzapenaren lekuko.
Txistuekin batera txapel zabal beltz haien gainean Athletic eta Errealaren insignak ezartzen genituen, biak, bat bestearen ondoan eta hori nahikoa zen abertzale sentimendua jendeen artean erakusteko. Hori baitzen gure xedea, euskal taldeen bi koloreak banezinak izan zitezen gure Euskal Herriaren batasuna erakusteko. Nola txalokatzen gintuzten oraindik oroitzen naiz, batez ere, adineko jendeak, eta guk orduan « Ikusi mendizaleak » airea jendearen artean zabaltzen genuen, denek Gora, gora Euskal Herria, A, A, A....! oihukatzen, zinez bihotz dar-dar arazlea.
Euskal abertzale ixtorietatik aparte, eta urte batzuen ondoren, Agustin baztandar lagunarekin Donostiaratu nintzen orduko Atotxa zelaian jokatzen zen betiko partida ikustera. Eguerditarako Alde Zaharreratu, eta arroltze eta xingarra gosal ondotik, kaleko giroan sartzen ginen, Atletic / Real oihuak besteekin batean errepikatuz. Orduko giroa paregabekoa zen eta orai bi euskal taldeen partidak halako grinak sortzen baditu ere, ez du deus ikustekorik lehen sortzen zen giroarekin, milaka jende biltzen baitzen Donostiako Alde Zaharrean, euskaltasuna debekatua baitzegoen.
Urte hartan beraz, nahiko zailtasun izan nuen txartelak eskuratzeko, egun batzuk lehenago Gipuzkoako plazan saltzen ziren guziak agortu baitziren. Bigarren eskuko batzuk lortu nituenean sakela hustu zitzaidala ohartu nintzen baina hark diru pixka bat gastatzea balio zuen. Ez nintzena konturatu zen txartel haiek Athleticeko zaleen artean bidalduko gintuztela eta Atotxako ezker goiko mutur batean harrapatu genituen gure lekuak, Athletizale guzien artean. Nahiz eta Agustini futbola berdin izan eta niri, talde bakoitzak defenditzen zuen ikurrak bere esanahia bazuen eta gaztetan Atletiren aldekoa izan arren, frankismoaren azken urte haietan bi taldeek aginte markatuak baitzituzten, Athletic-ek EAJ-PNVkoa eta Errealak ezker abertzalekoa. Beraz ene hautua laster egina zegoen eta azken urteetan Errealzalea bihurtu nintzela aitortu behar dut, Kortabarria, Gaztelu, Irigoras, eta halako jokolariek haien ikusmoldea garbiki erakusten zutelako. Txuri-gorriek Iribar, El chopo, atezaina zuten abertzaletasuna garbiki erakusten zuen bakarra.
Egun hartan beraz, poteoaren ondoko bazkaritik atera ostean, Atotxa aldera abiatu ginen, musika eta kantu bitarte. Ni, beti bazkalondoko puruzalea izanez, « farias » batzuk erosi nituen, ahoan neukana bukatzean beste berri bat har nezan. Soberan nituenak atorraren sakelan sartu nituen, partiduko aski ongi hornitua nengoela erakutsiz. Gauzak hala eta, gure lekura abiatu ginen, danba betea zeuden armailen artean, bizkaitarren artera abiatuz. Biziki atseginak ziren baina bilbotar harro xamarrak eta laster haien solasek aspertu egin ninduten. Zahatoa pasatzen zigutenen artean haien arteko trufa solasetan hasi ziren, gipuzkoarrek ez zekitela zahatoa erabiltzen, farias merke bat baizik erretzen ez negoela, haiek « agua de Bilbao » deitzen duten txanpaina egunero edaten zutela eta holako....Nardatzen ninduten eta bururat etorri zitzaidan urte batzuk lehenago bizitzen genituen giro txoragarri horiek, denborak erabat aldatu zirela ikusiz, edo jende horiek gure euskal abertzaletasunarekin gutti ikustekorik bazeukatela ere. Denak erderaz aritzen baitziren, Bilboko hiritar burges zozo batzuen antzera. Haiek izorratu behar nituela gogoan sartu zitzaidan eta zer egin une luze batez egon nintzen. Bingo! Banekien zer egin! Gu baino zaharrago zen koadrilla hori nahiko harroputza zenez, batek atorreko sakelan hiruzpalau Montekristo agerian zituela ohartu nintzen, bere xedea ez baitzen bakarrik txokorrak ez haustea, baizik eta ongi erakustea bilbotarrek halako puru garestiak erretzen zituztela.
Agustini ene solasak segi zitzan isilka adierazazi nion eta berak donostiar errealzalearena egin zezan. Ozenki mintzatzen hasi nintzen, Bilboko jokolariak haien izenez animatzen, hango kaleak eta auzoak goraipatzen besteek esaten nituenak ongi entzun zitzaten. Azkenean nongoa nintzenez dudan ezarri nituen, hain ongi ezagutzen nituen Bilboko bazter guziak,( gazte denboretan ene opor gehienak ene lehengusuaren etxean iragaiten nituela ez baitzekiten). Eta holako solasetan segitu, behin eta beste, Agustinen aurka. Bat- batean horra batek nongoa nintzen galdetzen didala eta ni, ene kilimiska lortzen ari nintzela pentsatzen hasiz ene lehengusuaren zuzenbidea ematen diot, enea izan balitz bezala....Momentu batean arras bizkaitarra nintzela sinetsi zuten eta haiekin partidan gertatzen zirenak elekatzen hasi nintzen, ni beti Athletic-zaletasuna azaldurik.
Egonaldia iritsi zenean ahoan jadanik farias txokorrarik ez neukan eta nere begiak Montecristo haien gainera itzatu egin ziren. Buruan neukan ideia gauzatzeko mementua iritsi baitzen, Pario edo apustu bat bota nion, ni bilbotarra ez nintzela esanez. Eta Agustini esaten nion: « -Honek Bilbokoa naizela uste du, hainbeste somatzen al zait edo? » Agustin, nere jokoan sarturik, irriz hasi zen bizkaitarrari puruen amua berriz ere bota nionean. « Begira hor agerian dituzun puru horiek pariatzen dizkizut, apostatzen dizkizut, ni bilbotarra ez naizela », eta hainbeste komedi egin nuen, horra baiezkoa erantzun zidala, nik aipatu nuen Alameda de Recalde kalekoa nintzela esanez gainera.
Zer poza hartu nuen berriro puru guziak apostatzen zizkidala errepikatu zuenean. Eta sakelatik frantses identitateko agiria atera nionean, haren harridura!… Sekulan ez dut ahantziko haren aurpegia apustuan irabazi nion lehen purua piztu nuenean. Bigarren parte osoan ez nuen gehiago atzera begiratu eta bizkarra emanez Montecristo hura gozoki erre nuen, ezer esan gabe. Errealak gol bat sartu zuenean oraindik sakelan neukan farias zahar horietatik bat eskaini nion eta surik eman gabe berriro bizkarra eman nion. Bere burutik zer pasa ote zitzaion jakin nahi nuke, nere ausardia madarikatzen egonen zela seguru. Bakoitzak merexi zuena jaso zuen, harroputz zozoa!
Hogoita hamar urteren buruan Joseba nere donibandar lagunarekin UEFAko partida bat ikustera Iruñera hurbildu ginen, Bordeleko Girondinen aurkako finaleko zortzigarrenak. Josebarekin gehienetan euskaraz edo frantsesez hitz egiten dugu eta « Iruña zaharra » jatetxeko bazkalondo luze haren ondoren El Sadar zen zelaira abiatu ginen. Nik orduko hanka hautsita neukan, tibia eta peroneren haustura larria lau hilabete lehenago Logroñon jaso bainuen eta nere bi makulurekin armailetara zailtasun dexentearekin igo nintzen. Gure lekuak harturik zeuden eta Bordeleko frantses haiek lekutu genituen, aldizka euskaraz edo erdaraz mintzaturik. Gure atzean strapontina izeneko aulki irekigarri txiki haietan denak eseri zirenean Josebari hitzik frantsesez ez egiteko agindu nion eta elkar ongi ezagutuz, irriz hasi ginen oraindik ez genekien kilimiska eginen geniela segurki. Jadanik haien artean, ustez ulertzen ez genuen hizkuntza baliatuz, gure aurka hasi ziren toki haietatik botatzeagatik, are gehiago nere aurka, Bordeleko atzelari batek osasundar bati ostiko bat eman zionenean eta zelai guziak oihukatzen zuen doinua ozenki builaka kopiatzen hasi nintzenean, « hijo de puta » kantatuz, makuluak gora altxatuz.
Ni erdi gorra izanez haien arteko solasak entzuten ez nituen bainan Josebak frantsesez zesatena errepikatzen , hala nola « Ce con de mec avec ses bequilles, personne ne m’appelle fils de pute moi et tu vas voir je vais lui rentrer ses bequilles dans les narines celui-là… » , inork ez zuela putakume deitzen eta makuluak sudurretik sartuko zizkidala… Eta Joseba ele horiek entzuten eta irriz. Haien arteko batek espainolez bazekien eta Josebarekin mintzatzen hasi zenean bere lagunei itzulpena egiten zien ez jakinez Josebak bi hizkuntzak ederki menperatzen zituela. Bere ondokoari esplikatzen omen zion Josebak adierazitakoa, hemen ohikoa zela putakumea oihukatzea eta bera nik ez nuela iraindu, ostikalariari eta falta txistukatu ez zuen epailea baizik.
Bordeletarrak pozik zeuden bat eta huts irabazten hasi zirelako, are gehiago minutu eskas baten falta, bana zeudelako eta emaitza horrekin finaleko laugarrenetako bidea idekita zeukatelako. Baina haien ametsa partida bukatzeko bost minuten eskas itzali zen eta Osasunak girondinak eliminatzen zituzten gola sartu zuen. Oh Putain! Luze bat bota zuten. Bordeletar on guztiak bezala, partida guzian erabili zituzten hitzak « putain » eta « enculé » izan ziren, putain hemendik, enculé hortik, haien dezepzionea nolabait azaldu nahirik. Doinu guztietako enculek baziren, haien ohiko jokalari bat iraintzeko, alferra omen zelako edo jokaldi txar hura kritikatzeko, bere jokolariak animatzeko edo Osasunaren orduaren kontrako azken jokoaz altxatzeko… Partidan zehar ez dakit hainbeste enculé ehunka esaten ahal diren ere. Epailearen azken txistukadak haien sufrimenduari bukaera eman zion. Orduan eta zelaitik ateratzeko zutik ginaudenean Joseba bereganatu zitzaion espainolez galdeginez: « Aizu, nor zen « enculé » jokolari hori » Eta gaztelaniaz bazekienak hitza hartu zuen ezetz adierazteko, enculé ez zela jokalari baten izena, esamolde bat baizik ez zela, ohituraz ainitz erabiltzen zuten esamolde lodia. Apurtxo bat urrundu ginenean irrifarrez ikusi genituen itzultzaileak besteei esaten ari baitzien galdetu geniona ea enculé jokolari bat zenez. Zozoak, haiek irriz baleude, pentsa gu...