Michel Safy
Michel Safy Meilhan herriko Tersac gazteluan ezagutu nuen ikaskidea zen. Lot et Garonneko Villeneuve sur Lot herrikoa. Benetan gizon bitxia. Itxuraz denen artean desberdina. Mutil nahiko potoloa zen, zikin itxurakoa, gaizki orraztaturik zeraman ilea, espantagarrizko azkazal luze-luzeak zituen, eta janzteko itxura berezia zeukan, arropa zabal eta zahar itxurakoa. Mutiko hark benetan zerbait desberdina zeukan, gainera, zergaitik ez zuen inoiz kirolarik egiten sekula ez genuen jakin. Gautxoria zen eta maiz komunera gauez abiatzen ginenean hantxe aurkitzen genuen, mamu zahar baten antzera ilunpetan ibilki. Batzuek lapurra zela zioten, beste batzuek aldiz ezetz, inoiz ezer eskas ez zutelako izan.
Gure lolekua hamasei ohez apailaturik zegoen, eta berea atearen ondokoa zela oroitzen naiz, agian handik laster lekutzeko aukera ukan zukeela lehen egunetik ohartu zelako. Gauza bitxiak egiteaz aparte, espiritismoan trebe zen eta gu ginen sei edo zazpi lagunak horretan iniziatu gintuen, iduritzen zitzaizkigun harritzeko bitxikeriak lortzen.
Beti oroitzen naiz nola bere ohearen gainean jartzen ginen, musean bagina bezala, pareko ohean beste bi lagunok lekua harturik. Ni gehienetan Safy-ren parean nengoen eta barnetegian zeuden beste gainerakoak lokartzen zirenean, noizean behin, bere lolekurantz abiatzen ginen espiritismo sesioetan ari gintezen.
Hantxe gertatzen zirenak erabat sinesgaitzak egiten zitzaizkidan eta laster hantxe trukurik ez zegoela frogatu nahi izan genuen. Gure joko espiritual haietan, bi oheen parean lo-mahai karratu txikia ezartzen genuen eta Michelek eskuak gainean ezartzen zituen, ezer ikutu gabe, lebitazioan edukiko balitu bezala. Orai oroitzen ez naizen solasetan hasten zen, beti gauza berdinak errepikatuz, hau da, "Izpiritua hor al zaude?" eta beste horrelako hainbeste esaldi. Eta bat- batean inork ikutzen ez zuen lo-mahaia alde batetik bestera mugitzen hasten zen, bi oheen arteko bidean abiatuz, eskuinetik ezkerrera, Michelen esanei zintzoki erantzuten balio bezala. Benetan baldigarria, inork halakorik ez zuen inoiz ikusi eta gure sinesgaitzakeria hura frogatu nahiez, azpirantz begiratzen genuen ea norbaitek lo-maihai hura tranpetan ikutzen ari zenez, baina debaldetan, behin eta besteetan. Gure lagunaren galderei zurezko mubletxo hark baiezkoa erantzuten zienean, soil- soilik ezkerretik eskuinera zihoan, ezezkoa ematen zienean aldiz alderantziz, eskuinatik ezkerrera.
Hango esperimentuak nahiko beldurgarriak bihurtzen hasten zitzaizkigun eta behin bururatu zitzaiona paregabekoa bezain izugarria izan zen.
Lehenik esan behar dut ikastetxe hura herritik nahiko urrun zegoela eta oinez haraino joateko ur kanal sakon bat gurutzatu behar zela, inguru haiei funtsezko izialdura ematen zion zubi ilunetik. Non zegoen kanposantua inork ez zekien, are guttiago hantxe berean ehortzirik zeuden hilen izenak, denak herrikoak baitziren, eta guretzat, barnetegi hartan ginauden kanpotiarrrak ginenentzat, erabat ezezagunak.
Espiritismo sesio berri hartan lo-mahairi galdera bitxi batzuk pausatzen hasi zitzaizkion, guk asmaturiko galderak, frogatu nahi baigenuen berak zeukan indarra egiazkoa ote zen. Eta gure arteko bati bururatu zitzaion galdetzea ea zer izenak idatzirik zeuden hiltokiaren lehen hilkutxetan, kanposantuan sartu eta parez pare zeuden lehen bi hilobietan. Berak berehala hari erantzuna emateko gai zela baieztatu zigun eta horretarako modu berezi bat asmatu zuen. "Izpiritua hor zaude?” betiko leloaren ondotik, lo-mahaia erantzuten hasi zitzaion.
A batentzat kolpe bat emateko agindua eman zion, B zenean bi kolpe, C hiru eta horrela izenak osatu arte. Harritzekoa zen nola erantzuten zuen mahaiak, zer magnetismoa sartzen zioten Michel haren eskuek, eta nola zai genituen izenak osatzen hasi zitzaizkion. Lehena HENRI DUPONT izan zela oroitzen naiz, bigarrena aldiz ez. Edozein gauza erantzun zezakeela esan genionean berak izen horiek zirela baieztatu zigun eta hura frogatzeko harat hurbil gintezen esan. Guk ez genuen eskolatik ateratzeko biderik eta modu batez hura ikusi behar genuela erabaki genuen. Gurekin batean herritar bat genuen eskolan, barnetegian gelditzen ez zen bakarra, eta gauero etxera itzultzen zena, beraz gure sesioetan parte hartzen ez zuena. Hari beraz eskatu genion han agertzen ziren izenak irakurtzera joan zedin, batez ere kanposantuan sartzerakoan parez pare ziren bi hilobietan zeudenak, guk berari ezer gehiagorik aipatu gabe ere.
Zoin ez zen izan gure harridura, astelehen hartan, hiltegira abiatu zela kontatu zigunean eta parez pare zegoen lehen hobiaren gaineko izena Henri Dupont zela esan zigunean. Michek Safyren indar psikologikoak harrigarria ziren, geroztik nerau abiatu nintzen hura nere begiez ikustera eta halaxe baieztatu nuen, Henri Dupont izeneko hilobia zela. Gaur, 2012ko otsailaren 17a dela eta, eta berrogei urteren ondotik, telebistan espiritismoaz ematen ari diren emanaldi bat ikusten ari naiz, eta Michel Safy gogorat etorri zait, baita ere Godel matematikari eroa burura heldu oraitxe, mamuetan sinisten zuen “le théorème d’incomplétude” izeneko teorema ezagutuaren sortzaile bitxia, Safy ere matematiketan biziki trebea baitzen.