Batasuna
Hirurogeita hamarrreko hamarkada hartan, euskal kantua bizi-bizirik zegoen eta Ez dok amairu taldeak eginiko bidea Iparraldeko kantari batzuek ere jorratu zuten. Carrere eta Ospital ( Pantxoa eta Peio), Beñat Sarasola, Etxamendi eta Larralde ezagunenak izan zirelarik. Kantaldien moda pil-pilean zegoen eta asteburu bat ez zen iragaiten kantaldirik gabe.…. Gitarra joilea izanik eta Mikel Laboa, Gorka Knorr eta Benito Lertxundi kantarien jarraitzaile amorratua nintzenez, kantu guziak banekizkien eta lagunen artean kantatzen ere. Aireak asmatzen hasi nintzelarik, han hemenka harrapatzen nituen liburuetatik hartutako bertso zaharrak musikatzen nituen eta lehenbizikoetariko bat Martin Koxerena izan zen.
Telesforo Monzonek kantuak egiten zituela jakin nuenean, Pantxoa eta Peioren andana bat berak egin baitzituen, bereganatu nintzaion ea zer iduritzen zitzaizkion neronek eginiko kantu haiek. Familiako adiskidea izanez, Telespor, berak ---Mexikon zenean olerkiak izenpetzen zituen izena erabiliz--- iloba ttikitzat hartzen ninduen eta horregatik ez nuen batere ahalkerik izan bere etxera hurbildu nintzenean. Etxe eder haren lehen estaiako egongela hartan abestu nizkion hiruzpalau kantuak, gustokoak izan zituen eta gogoan zizelkatu zitzaidan bere orduko esaldia : « Honekin edozein tokitara joan zaitezke », bereziki Martin Koxe hura entzun zuenean. Hark animoak eman zizkidan eta beste lagun batzuen bitartez kantaldietan parte hartzen hasi nintzen, bai Donibane Lohizunen, Xabier Lete eta Manex Pagolarekin batean, bai Kantu egunean, orduko euskal kantari ezagunenekin, eta bai berantago Baionan Gorka Knorr lagunarekin.
Mendeberri etxe hartan eta ene kantuak entzun ondotik, orain kondatuko dudan ixtorio bitxia gertatu zitzaidan. Telesforok tituluaz oroitzen ez naizen liburu zahar bat bere liburutegitik hartu zuen eta bere karraskaturiko bozaz, ea bere kantu bat nahi nuenez galdegin zidan. Nik, ene poza ezin gorderik, berehala baietz erantzun nion. Zer liburu ote zen hura? Haren titulua esateko ez naiz sekulan gai izan, ene begirada papera haren gainean idatzitako hitzei iltzatua baitzegoen , eta “Batasuna” titulupeko liburu zahar hartatik kopiaturiko olerkiari itsatsia. Eskura eman zidanean izugarriko zirrara sentitu nuen, batez ere, idatzi zidan eskaintza irakurri nuenean:
Xabier'i adiskidetasunez
Monzon-Olaso'neko Telesforok
BATASUNA
Orain bildurik, gero banandu
kondaira barna ibilli gera.
Naparra'gandik ginella askatu,
amildu ginen denak batera.
Ume batekin, bi andre ziren
epailariaren aurrera etorri.
Bakoitzak zion bere seme izan,
ta harek egia behar igarri.
«Erdibiturik hartu zazute
bakoitzak umearen zati...»
Bi andrak gauza bera entzun zuten,
ta egizko amak egin karraxi...!
Hortan igarri behar diogu,
euskaldun seme leialari:
azkar egingo du harek oihu,
zatitu nahi badiote Euskadi...!
Idazten ari zen bitartean zuzenketa pila bat egiten zituela ohartu nintzen, galdera batzuk eni eginez ere, adibidez ea “orai” hitzak H bat bazuen ala ez, eta papera originala lekuko, hainbeste urtez kartsuki atxiki dudan altxorrean, lehen hitzean dagerren zirriborroa, H-a marratua, eta O letrari hizki handiko forma emanez eta erabili zuen hizkuntzari aldaketa batzuk emanda, euskara baturantz hurbil zedin. Horren ondotik kantua kantatu zidan, nik elizatik ezagutzen nuen aire batez lagunduta. Berehala gitarrarekin airea aurkitu bainion, elkarrekin kantatzen hasi ginen.
2011n garenez, 40 urte hurbil pasatu diren urteek begi aurrean dudan papera horitu dute eta nahiz eta aski ongi egon, aspaldikoa dela sumatzen zaio, ene eskuinean dudan liburu zaharraren antzekoa, zorion izugarri batez Telesforok erabili zuen liburua eskuratu dudalako.
Iaz, 2010ean beraz, antikuario den lagun batek esan zidan merkatu zahar batean euskarazko liburu zahar bat aurkitu zuela eta ,nere urtebetetzea izaki, altxor miresgarri hura oparitu zidan Harritzekoa! Telesforok egun hartan begi aintzinean zuen liburu zaharraren ale bat ene eskutara iritsi zen “Urrundik” titulupean, Mexikon argitaraturiko bere olerkien liburua.
Horra zer dioen 1945ean argitutako liburuaren estalkiak:
Monzon-Olaso'neko Telespor
URRUNDIK
Bake-Oroi
Lehengo idaztia
Estampas interpretadas en español por
German Maria de Iñurrategui
Eta horra nola dagoen idatzia "Batasuna" olerkia, irakurleak ikus ditzan zoin ziren egin zituen zuzenketak
BATASUNA
Orain bildurik, gero banatu
kondaira barrena ibilli gera.
Naparra'gandik giñala azkatu,
amildu giñan danak batera.
Ume batekin, andra bi ziran
epailariaren aurre etorri.
Bakoitzak zion bere seme izan,
ta arek egia bear igarri.
«Erdibiturik artu zazute
bakoitzak umearen zati...»
Gauza bera andra bik entzun zuten,
t'egizko amak, egin karraxi...!
Ortan igarri bear diogu,
euskotar seme leialari:
azkar egingo du arek oyu,
zatitu nai ba'diote Euzkadi...!
Telesforo Monzon
Agertzen den bezala, ortografiazko zuzenketez aparte, testuan agertzen diren esamoldeak aldatuta azaltzen dira eta hainbeste urteren buruan kontura gaitezke nolako moldaketak egin zituen egun hartan. Pentsa, nere lagunak jakingo ote zuen zer balio sentimentala zuen enetzat liburu hark? Nahiz eta geroztik interneten orduko testuak agertu lehengo idazkeran ikusi, norbaiti interesatzen bazaio liburua ikustea, enekin kontaktuan sar dadin.
Aurten, Telesfororen heriotzaren 30. urtemuga izanik, gogoeta bat burura heldu zait, euskara gaurkotu batez liburu hori berriz ere argitaratzea, berak ene aintzinean eginiko zuzenketek halako baimena ematen didatela uste baitut, bere sormena hautsi gabe eta gauzak ongi esplikatuz. Nor hobe lan hori egiteko Begiraleak elkarteko etno-folklore eta literatura sailak baino? Telesforok antzerki franko idatzi baitzituen Begiraleak elkarteko antzerki taldearentzat.
Milesker zuri, zinez, Telexpor!
Liburuan, Telesforon eskuz Batasuna testoaren idazkia sartu da