Dentistaren itxarongela
Gerard Cuenca dentista laguna dut eta orain Donibane Lohizunen badago ere, lehen Hendaian zegoen eta mugaren hurbiltasunak zenbait abentura bitxi biziarazi zizkion. Elkarrekin egotean horrelakoak kondatu zizkidan maiz. Bere itxarongela ez zen handia, bere iduriko, « kitch » antzekoa, dekorazio kitxez apainduta, bainan ez nahiezko kitx batez, baizik eta ustegabeko gusto txarrezko kitchez itsustuta. Berdin zitzaion.
Nahiz eta dentista zakar xamarra izan, hortz sendagile ona da eta beste guziak ez bezala, anestesista ona, sekulan minik egiten ez duen horietakoa .
Itxarongela hartara anestesiaren baporeak iristen zirenez ez dakit, bainan han egoten zeudenak erdi lainoetan zeudela badakit, laino sakon batean nahiez sartzen zirela ere bai. Itxarongelara txanda berri baten bila zetorrenean erizain gazte hark ez zekien bere sartzeari esker izugarrizko egoera isil hura erabat hausten zuela eta begirada zorrotz bezain tinkoak dantzan ematen zituela. Hura txantxetakoa ez baitzen!
Ondoko aulkian jarririk edo parez pare, behin baino gehiagotan aurki zitezkeen ETAko militante errefuxiatu ezagunak eta Irungo polizia nazional zanpatzaileak edo egunkarietan berriki agertu zen militante baten argazkiaren inkarnazionea edota Irungo guardia zibilen zuzendari ohia. Nahiz eta sinesgaitza iduri, hala zen, alde batetik Irungo poliziak haginak antolatzera “Frantziara” heldu zirelako eta bestaldetik Hendaia Hegoaldeko errefuxiatuz beterik zegoelako.
Gerard-ek bere bezero guziak ezagutzen zituen, baita haien lanbide edo okupazioneak jakin ere. Tarteka, bi etsai amorratu hantxe biltzen zirenean, neska erizain gazteari hitz erdiz eta izerdiz xuxurlatzen omen zion ea bi ondoko bezeroak itxarongelan itxoiten ari ote ziren? Hura izugarria omen zen eta hantxe gertatzen zirenak sinesgaitzak, bai haien arteko gorrotoz beteriko begiradak, baita haien sakelako pistolari ferekak ere. Denbora hartan denak ezagutzen baitziren eta egonaldi hura txantxetakoa ez zen, denak ezagunak, batzuek besteak fitxeroetan argazkiak edukitzeagatik edo berriki egunkarietan agertzeagatik, besteek gudukan zituzten helburu garrantzitsuenak izateagatik eta denak itxarongela hartan jarriak.
Erizaina, hitzorduak hartzen zituenean, elkartze terrorifiko haiek ez sortzea entsaiatzen zen bainan zaila zitzaion, batez ere, berri batzuek telefonoz hitzordua hartzen zutelako. Inoiz ez zen ezer gertatu nahiz idazkariaren akatsa izigarria bihur zitekeen. Behin, ustegabean eginda, inoiz ez zuen errepikatzen egoera hura, handik aurrera nor norekin elkartzen bazekielako. Pentsa, Irungo komisarioa hortzak konpondu ondoren zoin fite abia zitekeen bere fitxategiak begiratzera eta hau edo hura zela segurtatzera; edo beldurrez ea handik ateratzerakoan etakidearen lagun bat edo beste bere zain egonen zitekeenez.
Gerard dentista lagunak kondaturiko ixtorioa da, zinez egiazkoa, behin baino gehiagotan bildurra eman ziona, bere egoitza hartan atentatu bat izan zitekeela oharturik, edozein momentuz, barnean edo kanpoan, aski zelako baten batek hitzorduaz konturatzea eta atentatua antolatzea, edo alderantziz, polizi haien informazioarengatik vasco-español taldeko komando bat egun hartan agertzea. Egoera bitxia bezain latza, zinez. Eta pentsa, haien artean zozo-zozoa, ezertaz ohartzen ez zen hendaiar postaria ala trenlari frantses gaizoa, edo begirada zorrotzen erdian bere hagin ustel mingarria madarikatzen ari zen aduanero buru arina…. Surrealista, benetan surrealista. Zorionez itxarongela hartan inoiz ez zen fitsik gertatu, begiraden gurutzatzea baizik.
Segur, bakoitzak bere geroko giroan hango egoera latza aipatu izan zuela, bainan agian elkarren beldur eta errespetuarengatik, bakoitzaren balizko xedeak ez ziren sekulan gauzatu. Eskerrik!