Don Txomin
-
Don Txomin zen lagunentzat eta Hegoaldeko iheskideentzat, l’abbé Onaindia Iparraldeko jendearentzat, hala zuen izena sotana luzedun apez azkarrak, markinar elizgizon txapeldun maitagarriak. Nere amaren senideekin batean Lapurdira etorri zenean frankismotik ihes, Donibane Lohizunen bizitoki hartu zuen. Bere anaia Alberto kanonigoarekin eta Carmen arrebarekin, elizaren ondoko kale batean bizi zen, orain haren izena daukan karrikan. Jainkoaren egoitzaz frango hurbil egoiteagatik EAJ-ko gerla denborako beste errefuxiatu askok bizitoki hori aukeratu zuten. Bizileku aukeratzeko unean elizaren aldamenean egoteak bere balio handia baitzeukan, ikuspuntu hura ezin garrantzitsuagoa baitzuten, lege zaharraren aparte, Jaingoikoa balio handikoa baitzuten, denek, apezek, nere familiko eliztiar amorratuek, bere lagunek, Donibanen eta Ziburun egoiztatu zen Hegoaldeko klan guztiak, nere amatxik eta bere ahizpak barne.
Don Txomin urrundik ikusten zen horietakoa zen, bere apez jantzi beltz luzea ez baitzen txantxetakoa eta metro ta larogoiko gizon hark boneta buruan eta meza liburua eskutan, gure karriketan instituzione bat bihurtu zen. Eliza barnean oraino gehiago. Eta jendeak beldur zion, batez ere, ni bezalako mukizuek. Beti oroituko naiz nola hurbiltzen nintzaion eskolak kofesioak antolatzen zituelarik edo amatxik, gezur bat esateagatik edo ez obeditzeagatik, pekatuak aitortzera bidaltzen ninduelarik. Alde batetik ezaguna izateagatik lotsa ematen zidan berarekin kofesatzea, amatxiri aitortutakoak esango ote zizkionez, bainan bestetik erresena berarekin egitea neukan, inoiz galderik ez zidalako egiten, ez niri ez beste inori. Frantsesez pekatuak lerrokatzen nizkiola oroitzen naiz, beti ordena eta doinu berean :”J’ai menti, j’ai désobéi, j’ai dit des gros mots et j’ai frappé mes camarades” ---eta batzutan gogoratzen ez naizen azken bat gehitzen nion ere, besteen neurrikoa, zuzen infernura joateko horietakoa, apezak beti gauza berdina esaten nuela pentsa ez zezan. Haurren gauzak. Belaunikaldi llabur hartatik pozik eta atsedena harturik nere penitentzia egitera nihoan, beti berdina, nere aitormenaren antzekoa, Aita gure bat eta bi Agur Maria graziaz beteta.
Berarekin kofesatzen zirenak ez dakit ni bezain laster eta modu iraganez egiten zuten bainan han biltzen ginen, elizako azken lerro ilunetan, argizariaren usainen artean, belauniko, bere oihalez apainduriko zurezko kaiola lekuko.
Don Txomin edozein gauza egiteko gai zen, hala nola, bere kofesategi hartatik bat-batean ateratzea hitz egiten ari ginen haurrei oihu bat botatzeko edo horietako mukizu bati zafla gogor bat masailetan emateko. Nik ikusi dut herriko igande batez, goizeko meza nagusian, Donibane Lohizuneko elizako prediku lekutik, zintzilka zegoen bere pulpitutik, jeitsi eta meza gelditu bakar batzuk solasean ari zirelako edo kanpotar turista batzuk mezara berandu iritsi zirelako edo eliza bisitatzera sartu zirelako. Mikrotik entzun diot ere ozenki esaten meza hamar eta erditan zela eta hobe zela ez joatea berandu iristea baino. Pentsa, zer lotsa eta ahalkea, danba beterik zegoen eliza osoa ate alderantz begiratzea eta begiez hobendunak seinalatzea. Behin baino gehiago ere gertatzen zitzaion bere peredikuaren erdian galtza motxetan elizan berandu sartzen ziren mutiko batzuk ikusten zituela, eta arazorik gabe, haien jantzien aurkako harenga luzea botatzen hasi, Jainkoaren etxean ez zitekeela halako janzkeraz sartu, elizatik atera zitezen. Erotzat hartzen zuten. Egia aitortzeko irrigarria zen, batez ere, predikutan ari zenean, bere azentu edo doinu markinarrarekin, frantses makarroniko batean solasean, bertakoek ulertzen ez zuten hizkuntza bitxi batean, are gutxiago kanpotik etorritako turistek . Benetan irrigarria zen, bere ausardia!
Behin, zerbait bitxia gertatu zitzaion eta kasualitatez afera haren gorabeherak hurbiletik segitu nituen Baztango lagun batzuekin gertatu baizitzaion. Elizako kofesategi haren ilunpean, norbaitek, isilpean eta kofesioko sekretupean, Frantziako jauregi-erakustoki batetik lapurtu zuen“Van Dick“margolari famatuaren margo ttxiki baten berri eman zion, harekin zer egin behar zuen aholkua jakin nahiez eta berak erakustokira itzultzeko esan zion baina debaldetan. Harriturik gelditu zen. Inoiz gerta ez daitekeen gauza bat berari suertatu behar. Eta gure Don Txomin munduko egunkari, irrati eta telebista guztietan agertu zen, elkarrizketaz elkarrizketa, Van Dick hura berari eman baitzioten... Sud – Ouest egunkariak afera hurbiletik segitu zuen eta egunero haren berri bagenekien.
Urte batzuen buruan, kasualitatez, berriz ere horren berri izan nuen, irrien artean kontaturiko ixtorio bitxia gure arteko solasetara Baztanen etorri baitzen. Harrigarria bezain sinesgaitza!
Behin, beraz, Elizondoko lagun batzuekin Don Txominez mintzatzen ari ginelarik, Maria Josefak eta Agustintxok, osturiko Van Dick haren ixtorio hori jendearen artean kontatzen hasi ziren. Ni baino askoz zaharragoak ziren, hamar bat urte bederen, bainan familiako lagunak eta aski ezagunak. Garai hartan hegazkina hartzea ez zen txantxetakoa eta dirudunek baizik ez zuten halakorik egiten. Gure bikote xelebrea Elizondoko burgesian haziak izan zirenez, aski aberatsak ziren. Maiz herriz herri zebiltzaten, hegazkina aise harturik edozein tokitara abiatuz. Hondarribian poteoa lagunen artean lasaiki egiten aritu eta tipustapan batek besteari: “Barrabilik ez da oraitxe Madrilera kopa batzuk hartzera!“ ---eta…. ipso facto, aireportura abiatu, lehen hegazkina hartu eta haien poteoa jarraitzera Madrilera joaten ziren. Jende aberats bezain bitxia benetan, hala ematen zuen behintzat.
Egun horretan, Frantziako erdialdean zeudelarik, jauregi ezagun batean sartu zirela kontatzen ari zitzaizkigun eta haien arteko apustu edo pario batengatik ea paretan zegoen margo hura ebasten zutenez solasa suertatu zitzaien. Baietz, ezetz… Bost bizi baietz! Eta ez dakit nola bainan horra gure margo txiki hura Maria Josefaren boltsaren barnean hartu zuen egonleku, bero-bero, inor ohartu gabe, eta emeki-emeki ate nagusitik atera, gaztelu museotik kanpora, deus gerta ez balitz bezala handik irten, obra hura besape estalian naturalki eramanez. Eta dena ongi atera, ezin hobekiago!!! Zer nahigabea hartu zuten biharamunean prentsa guztiek lapurketa horretaz hitz egiten zutela ohartu zirenean. Deus jakin gabe Van dick bat ostu zutela ohartu baitziren. Zer egin? Han berean margolana itzuli? Ez zitekeen, ohointzat hartuko baitzituzten… Nonbait utzi? Ezta ere, edozeinek har lezake eta beretzat gorde… Zer saltsa! Orduan, etxera itzultzea erabaki zuten. Frantzia gurutzatzeko arazorik ez ukanez, Euskal Herriraino iritsi ziren, Donibane Lohizuneraino. Eta orai, muga nola pasa, frankismoaren urteak baitziren, eta margo hura, menditik aparte, mugaz gaindi pasatzea ezinezkoa zen. Orduan Maria Josefari Don Txomin bururatu zitzaion, familiaz ezagutzen zuen apez bitxia, eta Donibane Lohizuneko elizara abiatuz, kofesioko sekretuan altxor hura Don Txomini eman zion, lapurketaren gorabeherak adireraziz.
Kontaketa hark harriturik utzi ninduen, ixtorioa inor baino hobekiago bainezaguen, donibandarra eta Don Txominen ezaguna izateagatik. Eta haiek esandakoak egia zirela bainekien, halako bitxikeririk maiz egiten baitzuten, haien haur aberatsen kasketa baieztatu nahi izan balute bezala. Komunikabide guztiek margoaren agertzeaz mintzatu zirela oroitzen naiz, Don Txomin elkar hizketez josi zuten, apez maiteak bere sekretupean iraun zuen, salaezinezko konfidentzia horretan tinko eta isilik egotea bere legea izanez, egun hartan ezagutu zuen Maria Josefaren izena betikotz isildu zuen.
Urteak iragan eta, Don Txomini ixtoriaren gorabeherak kontatu nizkion, nola apustu baten medio Van Dick hura ebatsi zutenak lagunak nituen eta behin, Baztanen, nola zirtzilkeria haren berri jaso nuen. Irriño bat atera zitzaion. Goian bego!