22 Rugbya Baztanen

Rugbya Baztanen

Beti gutxi

Empalmeak

Potas josemi

Aguxtin txuria

Jexux,juantxo

Arizkungoa sobran

Txomin hautsi entrenamenduan pedo

Ito hernanin

Abertzaleegi

Mila bederatzi ehunta hirurogeita hamaseitik hemeretzira Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoan begirale nintzen. Orduan Frantziko gobernuak unibertsitateko ikasleei lan egiteko parada ematen zien, haien ikasketak ordain zitzaten, bereziki lizeo eta orduko CESetan, gazteak zain zitzaten. Hiru eguneko lana zen, besteetan fakultadera joateko aukera ukan genezan. Gure lana ikasleak zaintzea zen batez ere barne arauak errespeta ditzaten, bainan ere haien hor egotearen ardura bageneukan eta gauez gelditzen bagina lotegiak begiratzea ere bainan horrek lan ordu bikoitza balio zuen.

Hogeita hiru urte neukazkien eta azken kurtsuan zeuden ikasleak hamazortzi, diferentzi gutxikoak izateagatik batzuk, beraz, lagunak. Nahiz eta kanpotik Donibane herri kozkorra irudi, herrixka bat baizik ez da eta denak ezagun gara, bereziki denbora hartan, hogeitamar urtez herria biziki aldatu baita.

Hamazortiko mutil gehienak rugbylariak ziren eta Donibaneko taldean jokatzen zuten. Behin, bigarren hiruilabetea bukatzeko gisan, irakasleak ikasleen aurkako Rugby partida bat antolatu zuten, gu ginen begiraleak irakasleekin sartutak. Xantakoko zelaiean jokatu genuen eta ikasleek aise irabazi gintuzten. Egun horretan sortu zen Baztan Rugby Taldea, nere buruan bederen. Opor haietan ideia Baztanen zabaldu nuen eta laster zonbait jende kirol berri hura nerekin montatzeko prest ikusirik zegoela aurrera jo genuen eta mila bederatzirehunta hirurogeita hamazortziko udaberri hartan dena martxan ezarri genuen, jokatzeko zelaia Oronozen, materiala, nik Donibanen lortzen nuena, arropak, Donostian egindakoak. Nere Donibaneko rugby talde maitagarriaren koloreak aukeratu nituen, goikoa orlegia, galtzatxuria eta galtzerdi gorriak, azken finean Euskal Herriko koloreak.

Ekainaren egun bateko lehen partida antolatu nuen, Donibaneko nere ikasleen kontra eta Baztanera etorriz egun txoragarria iragan genuen.Egun horretan bi talde sortu ziren, bat gurea Baztan Rugby Taldea eta bestea Lapurtarrez eginiko Beti Beltza, hogoita hamar urteren buruan oraindik maiz biltzen dena,bai Rugbyan jokatzeko,baita ere parranda aritzeko.Baztanen pasa genuen lehen egun hura haien gogoetan bizirik dago denek badakitelako Beti Beltza hala sortu zela.

Guk aldiz arazo handiak bagenituen serioski segitzeko bainan bizpahiruren lanari esker aurrera eraman genuen eta udako oporren ondotik berriro taldea osatu eta jokatzen hasi.Ez txapelketetan, ezta ere lehiaketa ofizialetan, jokoa ikasi behar baitzuten eta horretarako entrenadore egin ninduten. Egia aitortzeko halako lanetan aritzeko ez nintzen oso trebea eta nahiz eta kirola txikitandik ezagutu, jokatu eta maitatu, irakasteko teknika arauak osoki ez nekizkien eta Donibanera laguntzaren bila joaten nintzen.Lehen urte hura entrenamendutan iragan genuen eta SJLO taldean zeuden jokolari ezagunak Elizondora ekartzen nituen, hala nola Bilbao, Billac, Giret, Etchevers edo entrenatzaile jakintsuak, Ledesma tarteko.

Negu hartan bospasei partida egin genituen, bi Zarauzen aurka, beste bi Donostiako zaharren kontra eta azken biak Beti Beltzaren kontra. Horrek griña handia sartu zuen eta taldea hurrengo urtean jokatzeko prest egon zen eta gauzak hala, Euskadi eta Nafarroako txapelketan sartu ginen. Entranamenduak zementuko frontoi batean egiten genituen eta han hartzen ziren kaskatekoak animalekoak ziren. Nik nere irakasteko politikarekin segitzen nuen eta noizean behin Donibane Lohizuneko SJLO taldetik bat edo beste ekartzen nuen, haien esperientziaz lagun gaitzaten bainan emeki-emeki gure arteko bati hori ez zitzaion gustatu, protagonismoa kentzen ziolako eta jendeen aurrean ezin zuelako antolatzaile on bat bezala pasatu. Hor hasi ziren Olaizolarekin bizi izan ditudan tirabirak, bainan ez nion gehiegi axolarik ematen neretzat bat besterik ez zelako eta bere Rugbyko balioa ia hutsa zelako, bainan itsuen erreinuan okerra errege.

Gure partida gehienak Hernanin jokatzen genituen, Oronozko zelaia beti libre ez zelako eta Gipuzkoako hura federatiboa zelako. Igandeetan talde montatzeko arras zaila genuen eta hamabost jokolariak biltzeko ia ezinezkoa zen, batzuk parrandan zeudelako, besteak gogorik gabe, azkenak entrenamendu gabekoak.

Ongi oroitzen banaiz hauxe ziren jokolariak:

Lehen linean: Juanjo Jauregui,Kepa Arizmendi,Karrikiri, Frias, Juantxo Etxart,...

Bigarrenean:Miguel Gonzalez, Landa, Koldo Goyenetche, Leiza,

Hirugarrenean:Olaizola, Kanan, Aldako...

Erdian: Pello Etchandi(9), Unanua(10),Ni(10)

¾: Agustin Satrustegi , Arnal, Aragon, Iñaki Fagoaga, Gonzalez, Txomin Garmendia

Atzean: Jose Mari Berekotx edo Unanua

Eta eskas ditudan beste batzuk. Barka iezadatela.

Baztaneko futbol jokolariak jende traketsa bezala hartzen gintuzten, alde batetik “Club deportivo Baztan”ean ez genuelako egon nahi, bestetik jokolari gehienak ohiko kirolariak ez zirelako eta batzuek parranda nahiago zutelako korrika egitea baino. Bigarren arrazoin hau egia balitz, lehena ez, futboleko taldearen arduradunek haien zelaia uzten ez zigutelako behin jokatutako partida baten ondotik patatak eriteko baratze baten antzera gelditu zelako.

Parranderoak bai zirela eta igandeetan maiz bat edo beste eskas genuen gautxoriak hegaldan ibili zirelako edo lo egin gabe etortzen zitzaizkigulako.

Behin Hernani jokaturiko partida batean eta “mélée” bat osatzen ari ginenean gure muturreko hirugarren linea goitikaka hasi zen eta bota zituen okak aurkako traldekoak izutu zituen, denak protestaka altxatu baitziren esanez edozoin gauza balio zuela, hori izan ezik. Haien Rugbyko bizian denetarik ikusi zuten, hala nola ukamiloak, joaldi orokorrak, gaizto jokoak...bainan norbaitek okaka gainean egitea inoiz eta besoak altxatu zituzten moduak aski ongi erakusten zuten nahiko nazkaturik zeudela.

Gipuzkoan Rugbyan aritu direnak aski ongi oroituko dira aro hartan zer baldintzetan jokatzen zen, batez ere euria egiten zuenean, izugarrizko putzu bat zelai erdian egiten zelako, beti toki berdinean, edozeini jokatzeko betiko gogoa ken liezaiokeen antzekoa. Behin Zarautzeko jokolari bat ia ito zela denak gogoan daukagu, halako gizon moltzo nahasi bat iztil hartan metatu zenean eta jokolari gaixo hura buruz behera ezin arnasik hartuz denen azpian egon zenean.Halako ixtorioak etengabeak ziren eta bi urteren buruan gure taldera desegin zen, baldintza txarrez jendea nazkatuta zelako.

Hamar urte egon ginen Rugbyrik gabe bainan berriro griña berria sartu zitzaigun eta taldea berriz ere montatu genuen, ohiko entrenatzaile lanetan segiturik. Berriz ere iparraldeko jokalariak haien aholkuak ematera etorri ziren etamontatu zen taldea aski ona izan zen, Nafarroako txapelketan parte harturik. Bi zelai bagenituen, bat Oronozen eta bestea Donezteben eta gure jokatzeko manera laster gorantzjoan zen, jokolariak kirolariak zirelako eta jokatzeko eta entrenatzeko baldintzak onak zirelako. Gure talde berriaren partaidea gehienak oronozekoak ziren,hala nola Mañolo, Juanena, Francis, Jon eta ...Altxu, Roberto, Carlos, Mikel Goñiren anaia, eta ahanzten ditudan beste bi, Jose arizkundarra, betiko Elizondarrak, haien artean jokolari hoberena zen Mañolo Pixton eta beste hainbeste.

Nik aro hura gaizki bukatu nuen, betiko olaizolak SJLOko jokolarien aholkuak ez zituelako onartzen eta itxura baizik ez zuela gorde nahi. Nik Elizondon entrenatzeko argia nahi nuen, zelaieko zati bat argituta izan zedin behintzat, plakageak eta aurreko jokoa ikas zezaten bainan dirua horretan gastatu baino Olaizolak nahiago zuen Madrileko Arkitekturaren aurkako partidak montatu eta argazkietan erdian atera. Gure desadostasuna argia zen eta gure inguruan bi talde sortu ziren, bat Oronoztarrena eta kirolariena eta bestea espantua baizik egin nahi ez zutena, Olaizola haien buru. Rugbya han bertan utzi nuen eta nahiz eta urte batez gauzak nahiko nahasiak egon, berriro ildo onetik hasi zen.

Horixe daukat poza handiena , batez ere bi mila inguruko BRTek bi aldiz bigarren dibisiora igotzeko urratsak egin zituenean, nesken taldea osatu zenean eta hogoita hamar urteren buruan oraino rugbya Baztanen bizirik dagoela ikustea.