00 ELEKTROXOK liburu berriaren Aintzin solasa

 ElektroxokDatozen lerroetan irakurriko dituzun olerkiak bitxiak iduritzen bazaizkizu, hobe! Hauxe izan baita ene xedea, zure muinak nolazpait eztandan ezartzea eta euskararen bitartez konbentzionalismotik urrun ibiltzea, batzutan montgolfierrez hegaldakan, besteetan Noeren zurezko arkaren gainean bogan, erreportailari gisa, edo noizean behin Darwinen ximinoen zuhaitzetik zintzilka, homo erectusetik urrunduz, homo sapiensera hurbilduz, edo hobe, desapiensera.
Fedeak eta fedegaizkeriak dakarzketen aurkaritzak aipaturik, desoreka orekatuarenganik ainitz ikasten da eta beste hainbeste, desorekaren maisuek, maisuak, dakarzkiguten desorden antolatuenganik. Gauzen baretasunetik sortzen den desorekak oreka bare berri bat sortzen du eta hauxe aldatzeko, berriz desoreka baitager, desoreka orekaren aita bilakatuz.*Hori izan liteke balizko Jainkoaren antzeko kreazioaren pareko ekintza.


Desorekak mota askokoak izan daitezke, baina gaur argira ekarriko ditudanek ene olerkietan funtsa eta forma dazalte. Gaur egun, tsunami baten suntsindarrez asolaturiko kreazionismoa zientziaren enbataz gogorki jota dago, eta Darwinen eskutik, eboluzionismoa aurrera doa, bere eskas eta ulergaitzezko pundu ugariekin. Big-Bang ala Jainkoa ? Eboluzionismoa ala kreazionismoa? Biak desorekatik sortuak dira eta lehenak bigarrena interpretazio berrietara darama, ebidentzia zientifikoak ezin direlako ukatu, ez gertakizunei begira, ezta denborak argira uzten dituenari begira ere.
Emeki-emeki aldaketa ttikiz eta aintzinamenduz datorkiguna,besteentzat kaltegarria, ezkerrekoa eta fede gaberikoa ; Bat-batean sorturikoa, aurkakoentzat, ipuina eta gezurra, emeki- emeki hurbiltzen ari zaiena, bibliak derakutsan kreazioa sinismenera adaptatuz.

Iduriz, aro intelektual berriek, fededunen arteko fundamentalismorik gabekoak, egoera berri batzuk aipatzen dituzte, hala nola kreazioa ez liteke 6 egunez egina izan, baizik eta egunak aro luzeak izan daitezkeela, (ez ote dira halaxe eboluzionismoari hurbiltzen?) edo kreazioa ez dela hain zaharra ,4800 urte batzuentzat, gutti gehiago besteentzat ( amerikarrak direla somatzen da)...
Ene idurikoz , guk euskaldunok azken hauxe zozokeri bat izan daitekeela badakigu, hortxe baititugu gure leizeek begi bistan uzten digutena lekuko.
Puzzle baten antzera, pieza guziak lurreko apalean daude, desoreka betean, azkenean, oreka handiena sortuko duten desordenean.
Mundua eta izadia zehastasun beteta daude, zoom batek erakuts ditzakeenak eta horiek, bat bestearen ondoan ezarririk, izadia edo mundua osa dezakete. Hau da, izadia , abstraktu zoomatu batenganik datorrela baiezta daiteke, izadia artista paregabekoa delako, handiena ! Horra beraz abstraktutik agertzen den errealitatea, abstraktuak sortzen duen izadi erreala, nahiz eta berez ulergaitza izan.
Hauxe baita desoreka orekaturantz daraman bidea, emeki, arlo guzietan dena ulergai sor dezakeena. Eta munduaren kreazioa honetatik baletor eta ez alderantziz? Zergaitik hain errez onartu mendia kreatua izan dela eta ez ttikitik handira garamatzan puzzle izugarria? (Euskarak duen aditzak hau guzia ulertzera garamatzake).

Liburu honetan dagerzten olerkiak, nahasiak agertuko zaizkizu, puzzlearen piezak oraino lurrean egongo balira bezala. Alde batetik kreazionismoa eta bere lagunak, Noe eta Jainkoa, aipatzen dituztenak, beste batzuk Darwin eta eboluzionismoaren aldekoak azalduko zaizkizu eta haien artean, desoreka berriaren maisuek sortarazten dituztenak, hauxe da, espresionismo abstraktua goraipatzen dutenak. Denen arteko derrigorrezko koropilo nahasia osatzen duten argazkilariek edo margolariek, sasi jainko kreatzaile berriak bezala dazalkigute. Ez jainkoak izateagatik noski, baina bai izadiak bere baitan daukan abstraktutik funtsa kreatzeagatik.
Liburuan zehar, horiek, Darwinen lagunak agertuko zaizkizue, eboluzionismoarenak, batere ez Jainkoarenak, agian irekienak, aroz aro durbilkigun kreazio luze baten aldekoak.
Joxe Antonio Artzeren lehen esana oinarritzat harturik eta beste hiruak erantsirik , lau lerro horietan labur daiteke olerki guzien funtsa:

Gizona mundu ttiki bat da ta mundua gizon handia
esnatzea sortze txikia eta sortzea esnatze luzea
Eguna bizi txiki bat da ta bizia egun handia
Gaua heriotz txikia da ta heriotza gau luzea,

Espresio desorekatu abstraktutik, oreka erreal desorekatura pasatu gara eta elementu ttiki/handi horiek osoaren egile bihurtzen direla, argi dirudi.
Kreazioa ez ote da izan, azken finean, artistikoa?
Hauxe daiteke agian Jainkoaren existentzia suntsi dezakeen kreazio mota, eboluzio artistiko batera eramaten gaituena, abstraktu iputs bati beste antzekoa lotzen zaiona, eta bestea eta berriz beste bat, emeki emeki zooma ttikituz, handitik ttikira pasatuz, begian zerbait ulerkorra, figuratiboa, agertu arte. Bibliak Jainkoa artista bat ez dela darakuskigu, denetan ondorio moralak sortzen dituelako, ordena baizik ez duelako ematen, gaztigua, mehatsua, mendekua, ikuspegi itxia bezain karratua dazalelako, abstraktuaren sormenak erakartzen duen alderantzizko zehatza.
Hau saltsa! Saltsa interesgarria, noski ! Baina, aintzinerat jarrai dezagun, batez ere liburuaren titulua aipatuz. Gorago nien bezala, liburu honen titulua asmatzea agian zailena izan zait eta ”Elektroxok » tinkatu arte, bidean, liburugai honek beste titulu guzi horiek izan dituela aitortu nahi nuke :

« Zoom »,"Gora Darwin armatua", "Espresionismo abstraktua " , “Darwin Jainko”, "Dibinoki errutsuak", “Erru geniala”, “Koropiloa”, “Konformismoari desoreka!”, “Nülak barrura”, “Lo espresiboa”, “Gora espresio abstraktua !”, “Sei egunez dopaturik”, « Zer ez bada hauxe » ,“Delirioak”, “Elukubrazioak”, “Saltinbankiaren laidoa”, eta azkenean « Elektroxok » .
Halere , finalera iritsi diren bi hitzak hauek izan dira: “Zoom” eta “Elektroxok”. Azken hau finalaren irabazle, Elektroxoka garunen Big-Banga izan daitekelako, garunak bizian, ttikitik handira abiatzen direlako eta gizarteak behar duen ximista deskarga bere baitan dakarrelako.

ELEKTROXOK !

Aitatxi begiluzea hedoietan dago, bakardadea aukeratu duen balizko aitona ikusgabea, gizabereak salba zitezen Noe iloba hordi xamarra , omen, hautatu zuena. Honek, ustegabean eta aginduari baietz itsua emanez, bere arkan lehen desoreka orekatua antolatu zuen.
Bide argitsutik sorturiko ulergaitzari ohore! Ulergaitza izan daitekeen sentsazio abtsrakto-errealari agur t'erdi! Kreazioaren asma galantenari, bi musu! Big bang fisiko eta intelektualari besarkada! Ximinoei gogoa, Darwini agurra eta De Kooning, Mitchel, Shneider eta Rothko eta beste artista abstraktoei ene esku zarta beroena, kreazioa, zoom desoreka orekatu abstraktu batetik sortu dutelako.

“Elektroxoka” titulua duen liburu hau « Ote iza?» ene olerki liburuaren segida izan daitekeela nioke, bai formetan, baita apurtzeko gogoan ere.
Expresionismo literarioa “Bizil eta Oldar” ene lehen olerki liburuan hasi zitzaidan, bere azken olerkian “Tobera” izenekoan. Hauxe, ondoko bi liburuen aita izan dela esan dezaket, hausturaren ildotik joateko gogoa eman didana eta nere barne sakonaren oinatzak agerian utzi, uzten eta utziko dituena.

Urratsez urrats

Kreazioa den ipuinari erantzun ikonoklasta eman nahi izanez, olerki batzuk idazten hasi nintzen eta berehala hartu zuten norabidea desbariazioetan zairatela ohartu nintzen, sortze supremoa adierazteko beste modu hoberik ez nuelako aurkitzen eta manera naturalez, nahasmena barnetik isurtzen hasi zitzaidan. Desoreka funtsa bihurtzen denean, desoreka orekatu bete-betean gaude eta itsaso horren uhainetan arinki surfa egiten, batere uhain barnera erortzeko beldurrik gabe. Aparraren gaineko bitsan lerratzen ari nintzen bitartean, galdera batzuk gogora etorri zitzaizkidan, kresalaren hitzak olerki bilakatuz.

Lehen uhainaren gainean, galdera sinple hau dirdiretan agertu zitzaidan : Frogaturik dagoen Big-Bang-ak ez ote du Jainkoaren kreazioa deuseztatzen? Eta uhaina ozenki lehertu zen, hasarre bezala. Ondoko olatuaren lasterrak bigarren galderera ereman ninduen : Giza, ximinotik datorkeela baieztatzen dezakeen Darwinen teoriak ez ote du Adan eta Ebarena ere deuseztatzen ere? Eta plasta bigarren uhaina lehertu, kolera gorrian. Itsasaldia emeki igotzen ari zitzaidan anartean, hausgai zegoen hirugarrena ene baitan entzun nuen :

- Non ostias zegoen Jainkoa kreazioa baino lehen? Agian denbora luze iragan zuen kreatzailea, bera, kreatzen ? Eta laster laugarren larria, bustia :

-Informatika programa zailena baino zailago den gizakumea eta inguruan duen mundua, kosmosa eta izadia, beti izkuturik eta gorderik egon den ezezagun famatuenak sei egunez kreatu ote zukeen ?

Galdera guzi horiei erantzun fedegaitza dagokieken arren, bitxia da, adibidez, eguzkia eta lurraren arteko tartea hain zehatza izatea, gaineko izpiritu batek ez balu halaxe erabaki ? Menturari eta zoriari esker gizabizia posible izatea izan daiteke ? Gizasemeetan agian bai baina kosmosean? Big-Bang-en lehertzearen ondorioak bere leku zehatzean koka ote ditzake guk bizitzeko behar ditugun planeten leku apropoposak, gu eta agian beste batzuk, zehaztasunetik perfekzioraino doazen toki eta tarte justuak ? Pentsa zer erredurak sor daitezkeen, jadanik, zortzi mila metroko mendi gailur batera igotzean edo hain baliotsua dugun ura, borboretan leku garaietan ezartzen denean? Hamar kilometroko zehastasunen afera baita, eta agian, munduan garai horretako gailurrik ez izatearen arrazoina, horixe da.
Nahiz eta zer erantzun ez dakidan, ikonoklasta izan nahi dut, beste batzuek, nahiz eta ebidentzia begi antzinean egon, adaptaturiko fededun izaten dute jarraituko . Hauxe baita ene esan zaharra, iturburutik askazira isurtzen zaidana, ilaunetik ohiturara nere baitan datorkidana eta zuri, irakurle, olerki horien bidez doakizuna.
Umorea erabili izan nahi dut agerturiko irudietan, nahiz eta batzuentzat, agian, laidoa izan. Ez dut uste hala denik eta ager daitezkeen ikonoklasta ttanttak ez dira fundamentalismoz hartu behar, galdera huts batzuk baizik ez baitira.

Darwin, kalexnikov bat eskutan, bere adarretan dabilen bitartean, Jainkoa lainoetan daira, ximinolariaren tiragailuaren begi miran eta De Kooning eta Mitchell margolari abstraktuek, isipuaren indarrez, desoreka dantolate, Noe zurruperoak bere barkuan abereen putiklub handia kudeatzen duen anartean, Jainkoak gizakienganik izkutatzen segitu nahi du, bere mehatsu eta mendeku nagusi. Mari, Oteiza eta hirurok horren lekuko gaude, argazkiak ateratzen, erreportailari gisa, Vatikanotik etorritako piguino tropa bat, bakean uzteko suplikatzen ari zaigun bitartean.

Baina hemen halakorik ez daiteke, ikonoklastaren funtsa forman ere dagerrelako, idazteko maneran, konbentzionalismoak hautsi nahi dituen hizkeran. Literatura tinkoak dituen formetatik urrunduz eta ohiturak sortu duen ilaunari hurbilduz, banatorkizue, apezgai balizko kutsutik ihes egin nahiz.


Arlo guzietan, desoreka orekatua, ustegabeko desordena baino, funtsa handiagoa dakarrela erakutsi nahi nuke. Ene ustez, Ikonoklasta trebea izateko, konbentzionalismotik pasatu behar baita, margo abstraktoak egin baino lehen, inpresionismotik edo errealismotik iragan behar den bezala, edo musikan, rokero on bat izateko, oinarri klasikoak ezagutu behar diren antzera. Horrek, ikasitakoa hausteko askatasuna ematen dio bat bederari, gehienetan kalitateko emaitza lortuz eta kaos antolatua erdietsiz, azken finean kaosa jatorria baita, zehaztasun handituriko irudiz egina.

Etika, morala, ohitura eta itxura ez dira eneak edo hobekiago esanda, ez nuke nahi nereak izatea, bat bederak izan duen heziketak gogoari pentsatzeko moldea eraiki diezaiokelako, eta nahiz eta hausduraren ildotik jakingosez ibili nahi, maiz, adierazteko moduak heziketaren eraginez osaturik diraukete, eta niri gauza bera gertatzen dakidakela aitortzen dut, ikasitakoak eragin handikoak baizaizkigu , agian, hausteko modua klasikoa izatearaino. Halere….

Betiko axularkerietan eroriz, gustora aitortuko nizuke, zure irakurketan batzutan ulertzen ez dituzun esanak aurkitzen badituzu, ez arbuiatzeko, eta gogoan hartzeko, niri ere, nahiz eta idazlean izan, halako zerbait gerta izan dakidakela, noiztenka behintzat, hitza eta gogoetak bibrazio eta dardaretik isurtzen zaizkidalako eta sensatzioa litzateke ulermena baino garrantzitsuagoa. Beraz halakoetan, hitzei sobera ez lotu, koropiloa askatzea ez baita beti bide hoberena, emotibitateak ekarritako hitzak adimenak ez dituelako beti ulertzen, senditzen baizik. Ez baita horretarako egina.
Eta nahikoa da, poesia halaxe hartu behar delako, kontzentrazio sakonez emandako tinta pintzelada espresionista libreak bezala. Bost axola ulertzea edo ez! Sendimendu eta emozioaren urratsez aintzinatu eta, izpiritu karratua eta zurruneria utzirik, abia zaitez aurrerantz eta irakur, emeki-emeki, batere nardatu gabe eta behar baduzu, laguntza eskatu Etxetxipiko Maritxuri.

Gora ilauna! Iturritik isuritako askazia,

Aupa hausteko gogoa eta konbentzioetatik kanpoko ibilera librea!

Biba abstrakzio espresiboa!

Handi, desoreka orekatua!

Altxa, eztanda psikologikoa!

GORA ELEKTROXOKA!

.

Bibliografia eta iturrriak

-Biblia eta Corana
-Margolaritzan diren expresionismo abstraktoaren oinarriak : De kooning, Joan Mitchell Rothko eta besteak
- Expresionista abstraktu europarrak: Schneider, Poliakof, Soulages, Van Velde anaiak, de Stael, eta besteak…..
-Arte primitiboa. Biologia, Teologia, Cosmologia.
-« Desorekaren maisuak », Parisen 2012 an izan zen erakusketa berezia.
- Indioen eta euskaldunen ohiturak eta mitologia,

-«  Espezien jatorria » Darwinen liburu nagusia,
- « Comment créer le monde ?»Peter Atkins
- «  El alma està en el cerebro »Eduardo Punset ( Santillana ed gen , Madrid 2009)
- « Pour en finir avec Dieu », Richard Dawkins( Robert Laffont 2006)
“ Le gène égoïste” : Richard Dawkins ( Odile jacob 1996)
- “Dieu n’est pas grand”: Chistopher Hitchens( belfond 2009)
“ Dieu versus Darwin” Jacques Arnould( Albin Michel 2007)
“ Traité d’athéologie “ (Physique de la métaphisique) Michel Onfray (Grasset 2005)
«  Il était une fois nos ancètres » Une histoire de l’évolution : Richard Dawkins (Robert Laffon 2007)
-Ene haurrerian eta gaztedian izan ditudan ohiko erasotzaileen aurreko gaurko harrokeria