Sortzing Act
Modernitatearen sinboloak espresiboak dira, abstraktuaren atarikoak.
Hutsaren erakuspena poetikoa bihurtzen denean,
argiz eta kolorez betetzen da.
Orduan, asma-keinua ez da sabai txuriaren betetze kanta,
ala pazientziz beteriko obra galanta.
Ez! Kreazioa esku, beso eta gogo ekintza gogorrean du bere Big Banga.
Iruditik urrunduz, “Sortzing act” bihurtzera doa,
kreatzaile baten ekintza artistikoa,
desoreka argitsu baten orroa.
Kreazioa
,
inoiz ez dibinoa,
dibertsitatea baturantz baitoa,
batasun dibertsoarengana, gogoa.
Artista ote Jainkoa?
Agian jubilatua....
abstraktu zatien sortzaile ohitua,
hobi atarian Hobbytua.
otoitz ikasiaren antzekoa,*
alzhermeitatua,
erro abstraktua ahantzia,
abstrootismez kontzebitua.
Otoizlarien txaloen artean, leize handiaren gaineko ilunbetik, argia sortu,
lehen egunean burutu
eta nekatu,
eta lotsatu,
eta gordezka dopatu,
azkenera ailatu,
argazki tresna hartu
eta zoomatu.
ezker-eskuin keinu indartsuez denak espresatu,
oihu zakarrez, kolore biziko begirada zangarrez asmatu.
Ikaspenetik datorren obra izan arren, bakartiarra da lehena,
bortxaz, eta kreatzailearen antzera, izkuturiko batena.
Asma taldeari ez! Sortze multzoari ez! Ez dok hamairu!
Hiru gehi lau berdin bat! Eta bat zati hiru berdin lau, edo bat eta beste bat.
Iep! Kasu! Hori, hori! Zer, eboluziotik datorren bat-bateko kreazioa ez bada?
Zer, ilaunetik funtsera bihurtuko den espresio abstraktua ez bada?
Artistetan artistena da izadia,
“Sortzing act”eta ximista.
.