24 Mikelen eztaia- oroitzirriak

Mikelen eztaia

 

 

Nere emaztearen familia eta Olaztiatarrek beti zerbait elkarrekin izan dute eta harreman hori abertzaletasunetik etortzen zaie.

Joxe, nere emaztearen aita zena kartzelan egona izan zen eta han,Angeru Olazti pasaitarra ezagutu zuen.Hirurogoi urte baino gehiago pasa eta ,bi familien seme alabak lehengusuak bezala dira eta oraindik maiz elkar ikusten dute,batez ere Baztanen.

1977ean,hogoita bost urte zituelarik, Mikel,Aingeruren semea,ezkondu zen eta eztaietara gonbidatu gintuen,nola ez. Arazo bakarra ezkontza Valladoliden ondoan zela,Secos herrian,eta andregaia, general espainol baten alaba.Osaba Angeruk hori guztia jakin zuenean ez zuen gehiagorik lo egin.Gaixoa.Halakorik ez baitzuen merexi.

Ezkontzaren berri eman zigun lehenbiziko egunean ,jadanik bere biziko gauza txarrena izan litekeela ikusi genuen,seguru aski kartzela baino gauza gogorragoa,bere semea militar baten alaba batekin elkartzea.

-« Konturatzen zarete,miltar baten alaba,general batena,kartzelan sartu gintuztenekin elkartu behar,ohartzen al zarete,fazista batekin,frankista zikin batekin…. »eta hola luzatu zuen bere lehenbiziko aurkezpena. « Denak konbidaturik zaudete eta mesedez denak etorri

han erakuts diezaiegun zer garen eta nola garen. »Berriro eta berriro esan zigun faborez joan gintezen denak,izugarriko faborea egingo geniola eta.Hainbeste maite genuen eta horrenbeste errepikatu zuen den denak Secos herri hartara joan ginela , Jose bere laguna ez bertze, urte andana bat hil baitzitzaigun eta.

Egun fatidikoa iritsi zenean denak Pasaian hitz hartu genuen eta karabana luze batean Kastillako bidean abiatu ginen ,Baztaneko lagunak,Pasaikoak,Donostiakoak eta beste gainerakoak.Nahiz eta bidaia luzea egin zitzaigun ,Valladoliden ondoko hotel batean elkartu ginen,osaba Aingeruk aurretik erreserbaturik eta ordaindurik zituen geletan.

Nehork ez daki zer negoziazioetan ibili zen gaixoa, mezan zerbait euskaraz sar zezaten.Gure Aita edo euskaraz esan zezaten bainan debaldetan,neri txistua ekar nezan insistitu zidan « Agur Jaunak  »jo nezan,bainan debaldetan ere,militarrek ez baitzuten hetsi eta haien intolerantzian bururaino segitu zuten.Osabaren aholkuak jarraituz,elizaraino txistua ereman nuen,badaezpada ere. Azken momentu arte insistitzen ikusten genuen bainan ezer, eta bere ezintasuna agerian erdi negarrez hurbildu zitzaigun txisturik ez zutela onartzen eta ez zuela balio jotzea esatera.Txistua berebilera ereman nuen eta han ,ttunttunarekin batean isil isilik gelditu ziren.

Osaba Aingeru mezara hasarre sartu zen,dena ukatu ziotelako eta batez ere bere bigarren negoziazioa zaku hautsian erori zelako ,hau zen ,mesedez etor ez zintezela generalez jantziak,militar jantzirik osabak ez bait zuen ikusi nahi.Lotsa handiegia noski.Bainan hura ere deusetako.Hango bilera militarren « La Pilarika  »eguneko ibilaldia zirudien :Andregaiaren aita,generalez,konbidatu zituen bere lagun generalak ere bai ,beste graduetako militar guztiak ere ,jantzi militar dotorez eta falta zena,herriko gazte mordo bat denak eskuin muturreko Blas Piñarreko « Fuerza Nuevaren » insignekin paltoan,denak espainol fazista aurpegiz jantziak,euskaldunen aldeko etsai amorratuak bezain probokatzaileak.

Erderazko meza hura bukatu zenean argazkiak ateratzera joan ginen bainan bakoitxak bereak,gure arteko iñor ez zedin agertu militar zikin horien ondoan.Euskaldunak gure fotoak gure artean egin genituen eta ez zen nahaskeririk batere izan.

Laster ,« Fincan »bazkaldu behar omen genuela jakin genuen,handik kilometro batzuetara zeukaten familiko eremu dotore batean. Harantz abiatu baino lehen eta gure euskal alderdietan ohitzen den bezala, bizpahiru aperitibo hartu genituen gizongaiaren famila eta lagunen artean.

Ez genekien zer gertatuko zitzaigun.Sinesgaitza egitan.

Berebilak utzi eta “finca“ aipatu hartara ailegatu ginen.sarrera txiki bezain funditu bat ba zeukan eta begi aurrean hedatzen zitzaigun eremua sasiz beterik iduritu zitzaigun.

 

Eztaiako bazkaria « Finca »ko baratze idor hartan zuten prestatu eta ezker eskuin zeunden etorbideak zagerizen .Erdiko nagusi hartara ailegatu ginenean ,jadanik jarririk zeunden jendeen begirada zorrotzak jaso genituen,guk familikoak,lagunak,han sartzen ginen guztiak eta gure artean Osaba Aingeruk,senargaiaren aita,Iñaki Mikelen anaiak eta beste guztiak.Haien begi zorrotzetan gorrotoa haiei ere nabaritzen zitzaien.Bainan txarrena ez zen hori izan,denak eseritak bait zeunden eta esertzeko leku gehiagorik ez zegoen.Aurkako famili fazista oroa jarririk,mahai luze baten inguruan denak eroso eroso emanik eta gu,senargaiaren lagun eta senideak,esertokirik gabe ez jakinez zer egin.

« Jar zaitezte,jarri »,oihu egiten ziguten.“Pero sentaros“ oihukatu zigun alegeraz andregaiaren amak irriz, Bainan nun ? Halakorik ez genuen sekulan ikusi,ezkontza bateko konbidatuak lekurik gabe,eta militar jantzi apain horiek denak haien soinean espantu eginez,haien aulkietatik irain eginez.

Zer arrazoina zeukan osaba Aingeruk,hura nahiez egina zegoela garbi zagerien,bestela ez zitekeen .Inork ez zuen ezer egin leku bat har genezan, jartokirik etxetik ateratzeko edo barkamenak eskatzeko ,nehork ez zuen behatz bat ere mugitu . Eta han , zikiro erre hura eskuz esku pasatzen,erromanotarren modura jaten, kasurik egin gabe arrotz batzuk sartu izan balira bezala. Nik,bitartean,baratzeko bazter batean,lurrean eroririk zurubi luze bat aurkitu nuen eta etorbide nagusirat hurbildurik ,lagunen artean kantoinaren gainean jarleku gisa ezarri genuen, senarraren anaiak eta guzi.Bainan orain platerik ez genuen, azitarik ez, mahairik ez eta txarrena, haragirik ere ez !Guretzat ez zen jakirik gelditzen.Harritzekoa!

Osaba Aingeru hurbildu zitzaigunean injustizi hori ezin jasanik oihuka hasi zen ,hura ez zitekeela,jatekorik ez genuela eta hura erremediatzeko zerbait egin behar zutela.

Besteak isil isilik egon ziren,nahiz eta batek esan builaka bazkaria bazela eta haragia har genezan edo beste batek aski genuela tenorez iristea.

Osaba Aingeruk aintzinetik zerbait susmatu zuela iduri zuen,Pasaitik hiru kaxa haundi langostino ekarri bait zituen badaezpada ere,eta gure ondora ekarri zituen zerbait jateko ukan genezan.Gure zurubiaren gainean ,ahal bezain trebeki sostengatuz,eskuekin langostinoak txuritzen eta jaten hasi ginen,eta platerren falta,azalak lurrera botatzen hasi ginen.Laster boz kexatuak aditu ziren eta kexadurak iritsi zitzaizkigun hala nola langostinoak jaten ari ginela baimenik gabe edo azalak lurrera botatzen genituela

.Han urrunean zalaparta baten abotsak entzun genituenean eta nere koñatu Imanolen boza ezagutu genuen,militarren kapellanekin mokoka ari zela erdi joka euskaldunen aurkako zerbait esan zuelako.Surrealista !

Are gehiago! Tuna bat kantatzera agertu zitzaigunean eta osaba Aingeruri bururatu zitzaion hura faxistakeri hutsa baizik ez zela eta ozenki bezain garbiki adierazi zuen. Berehala bere erantzuna izan zuen eta berriro ere denak mokoka hasi ginen.Batzuk ere bultzakadetara iritsi ziren,batez ere Imanol eta apez militar hura.

Bazkari xelebrea benetan.Eta zer esan hiru estaieko ezkontz tarta ekarri zutenean.Osaba Aingeruk esku tartean presidentziatik ezin hasarreago hartu zuenean eta gure bazkariaren eskasa betetzeko gisan,gure artera ekarri zigunean, panpin eta guzti.

-« Horiei ,horiei,ez dutela ezer bazkaldu »oihukatzen zuen.Senar emazte gazteek ez zekiten zer egin.Mikelek bere anaia zurubiaren gainean ikusi zuenean,egiazki hasarretu zen, orain arte ez zelako egiazki ezertaz konturatu.Gu modu horretan bazterturik ginaudela ohartu zenean hasarrea gorrian ezarri zen eta ezer ez genuela bazkaldu kondatu ziotenean bere andregaiarekin hasarretu eta zerbaiten billaka hasi.Aitaren erabakia onarturik,tarta guregantzea zuzena zela esan zuen.Biskotxaz asetu ginenean erdirantz pasatu genuen .Edaririk ez zegoen ere.Ardo kaxkar bat baizik.Kafearen ondotik koparik ez,txanpaina ez zitzaigun ailatu ere.Osaba Aingeruk ez zuen gehiagorik jasaiten ahal.

-« Zatozte nerekin » ozen batez «  finca »tik kanpo ereman gintuen eta bertan zegoen denda txiki batera hurbildu,Koñaka eta Whiskya erosi behar zigula.Dozena bat botoila besoen azpian generamala,berriro baratzean sartu ginen eta militarrez beterik zegozen bi lerro haien ondotik pasa botoilak gureak zirela erakutsirik.Puntaraino iritsi ginenean,berriz ere zurubiaren kantoin gainean jarri eta botoilak ireki.Izotza nork ekarri zuen ez dakit bainan whiskyz asetu ginen.Denda hartan petardoak saltzen zituztela ohartu bait nintzen, puroak erosteko egin genuen bigarren bidaian kargamento bat erosi genuen.Zertarako ?Ez dakit bainan ideia onez segur ezetz.Eta hala izan zen !Bizpahiru kopen ondotik muturrak aski beroturik eraso estrategiko bat egitea pentsatu genuen,bainan gertaera ongi ulertzeko ,baratzea nola egina zegoen jakin behar da.Erdian etorbide nagusia,doi doia erdiko mahaia eta bi lerro kadira sartzeko ahalmena bazuena,aulkien atzean belardi zatitxo bat eta horren atzean sasi garai batzuk,heskailu gisa landaturik eta gibelean beste belardi bat eta bere etorbide meharra,beraz sasiaren gibelera abiatzen ginenean inork ez gintuzken ikusten,argirik gabe bair zegoen,bainan guk bai aski argiki jantokia ikusten genuela eta adar eta hostoen artean jendeen itxurakgarbiki agertzen zitzaizkigun.Hauxe izan genuen gure mendekua.

Beste bi lagunekin,haien artean Iñaki ,senargaiaren anaia, petardoak botatzen hasi genien,eta sasien gainetik mahai gainera erortzen animaleko eztandak egiten: PUUUN !!!!!.

Lehenbizikoak Txikia, EustakioMendizabal komandoaren izenean bota genituen eta petardoa pizturik , « El comando Txikia ataca »oihupean ,sasi garai haren gainetik igorri eta eztanda!!!!Militarren gainera!!.Eta beste bat,eta beste andana bat.Haien builak aditzen genituen,eta gu irriz,beste petardo batzuk jadanik eskutan :

-« Ya està bien,quien lanza estos petardos »entzuten genuen,Eta pun!Beste bat,eta berriro ere.Hontakoan Argalaren izenean eta ez dakit norenean bestea.Nardaturik zeunden,ezer ezin eginik.Nik ez dakit nola bukatu genuen petardo haren besta bainan irri galantak egin genituen eta gure mendekua gogorra izan zen !

Afari hura jada bukatu zenean eta handik lekutu ginenean diskoteka batera abiatu behar ginela luzatu baitziguten eta han berriro ere liskarretan hasi ginen bertako “Fuerza Nueva“ko gazte gonbidatuekin,erdi joka batzuk,mokoka gehienak.Haiek, herriko beste lagunak ekarri zituzten eta nik ez dakit nola ez genuen gaizkiago bukatu egun horretan .

 

Gaizki hasi zen Secosen izandako ezkontza okerrago bukatu zen.Urte batzuen buruan senar emazte haiek berexi ziren,bakoitxak bere bidea harturik.Osaba Aingeruk bere fededunkeria guztiak ahantzirik,begi onez hartu zuen berexte hura eta bere semea ildo onean sartzen zela ikusi zuenean betiko irria itzuli zitzaion.

 

 

 

Xubiltz