Erasoz eraso
Denbora nardatzen ari da, bere bidea lastertu nahiz
Bainan nik ez dut horren beharrik
Lekuko ez baitut izan nahirik.
“agur, ni banoa”
hegaldaka, suzko loreak eskutan
haizeak erretzen dizkidan eskuak loretan
igerikan, joaldun maitea, gare-boia loturik gerritan
Aireak urrunera ereman dezadan banoazu
Ene gorputz busti bezain idorra badoazu
Bainan ene gogoa eta zentzua erreketan egon nahi du
Harriz harri kunkatzen nauen ur jauzietan sarturik
ezker-eskuin ur arin bezain eztiak bogaturik
itsaso egartsuaren bidea betiko harturik
ene zai dagoen bihotz urtsu gaziaren taupadak entzunik
Bat-batean gostua ezin saminagoa egina zait ahoan
Itsasgoraren indarra gainerasotzen ari zait buruan
Gero eta bortitzago, ezin gehiago, bukatu artio
Bi indarrek tinkatu naute, bat gazia, behekoa
Bestea eztia goiko mendikoa, gelditzeko agindua.
Biek bat egiten nautela dasumat
Ene izaitearen arrazoina banabarit
Denak pusaka, builaka, bultzaka eta indarka.
Denbora nardatzen ari da, bere bidea lastertu nahiz
Bat-batean dena gelditu baita, inertziaz, bahikeriz
Eta nik orain zer egin badakit, hasi igeriz
Atzeraka igeriz, bikarrez, martxa arinez
Urik irents ez dezadan, korrenteek ene azpitik iragan daitezen
Eta etorkizunik ikus ez dezadan, iragana garbiki ager dakidan
Aintzinera abiatu nahi baitut
Lekukoa izan gabe
Ni aurrean egon gabe
Eta ur indarrak heien artean elkar suntsitzen diren bitartean
Ni banoa!
Lurrartzeraino baidoa
Ene korpitz sanoa
Berriz ere desegin dituen erasoa eta arazoa
Bainan beti uretan biziko den arbasoa.
Noizko betiko uhaldea?
Benetan salbatuko nauena
Erasotzaileak itoko dituena
Eta pakean utziko gaituena.
Badakidalako herri eta hizkuntzen ama
Ez dela inoiz hilko
Ez dutela zenduko
Eta legezkoa den legea betiko dela beteko.:
Euskara ama eta Euskal herria iturria bizirik betiko!
Ama ez delako inoiz hiltzen,
nahiz eta seme alabek zauriturik bizitzera kondenatzen.
Eta etsaiek haien legez eta ekintzez hiltzera epaitzen