Prose

0000 SORTZEAREN EZTANDAK. Eleberria Ed Elkar 2016

0 Aintzin solasa

EREN EZTANDAK 

Azken bolada honetan, alderantziz ibiltzea grina handiena bilakatu zait. Bizia den itsaso zabalean bizkar igeriz aintzinera joatea, ikusgabeko etorkizunerako aurrerantzako igerian. « Sortzearen eztandak» liburu honetan, balizko lehenbiziko gizon-emazteak izan ziren Adan eta Eba holako bide lehor bezain harritsuan sartu ditut, jakin gosez beterik. Aintzineko pertsonaiekin batean, bidez bide eta leizez leize ibili izan dira, Homo Sapiens, Homo Habilis eta Homo Erectus lagunak eskutik harturik, ximinoak aurkitu arte, Richard Darwin expedizioaren gidari izanez. Alderantzizko bidaia horretan, aroz aro, zientziak egiaztatu duen Big- Banga izango dute helburu. Gizakiak, erlijioak asmatu zituenean, heriotzaren ondoko misterioari erantzun bat eman nahi izan zion, eta horrekin batean, naturalki, bere jatorriaren misterioa begi aintzinera etorri zitzaion. Hortik sinesmenak.

Orain hilabete batzuk, Elekroxok olerki liburua atera izan nuelarik, teologian sartu izan nintzen, kreazionismoa eta eboluzionismoa parez pare ezarririk eta umorezko probokazione baten medioz, biei irriño bat eginez. Olerki horietan, Darwin eta Jainkoa mokoka zagerten, bakoitxak bere morroi buru makurtuekin, ximinoak eta fedegabeak lehenarenak, aingeruak, Noe eta fededunak bigarrenarenak. Itxurazko guduka bortitz horren erdian kokaturik, bi aldetara begira nengoen, olerkiak eman dezakeen askatasuna gogoan atxikiz.

Poliki- poliki, zientziaren deskubrimenduek erlijioak zalantzan ezarri dituzte eta elizak egoerari egokitzean izan du beharrezko etsipena, Big-Bangak Adan eta Ebari gaina hartu dielako. Nahiz hori hala izan, eta sinesmen zaharrak ezin direlako bat-batean eta behingoz ezabatu eta ukatu, aterabide paktatu bat agertu izan da, eztanda izugarria dibinoa bihurtzea.
Tohra eta Bibliaren itun zaharren Edeneko ipuina idatzi zenean, hau da, orai bospasei mila urte inguru, orduko gizartea islatu zutela nabari da, orduko bizimodua, nahi gabe, ohitura eta guzi, hebraitarren populua baino lehen besterik ez balego bezala, Homo Sapiens, Homo Habilis eta Homo Erectus ahantzirik edo, hobekiago esanda, ez ezaguturik. Zer zekiten orduan zer zen Big Banga eta eboluzioaren teoria ? Biblia gaur idatzi izan balitz erabat desberdina izango litzateke edo ez litzateke izanen....

Denboran zehar ibiltzea ikasgarria delako, atzerako alderantzizko bidaia bat martxan ipini dut, beraz, aroz aro bizi izan diren kide ohiak elkarturik eta, esan bezala, denboraren nozioa erabat galdurik eta zientziak egiaztatu duen Big- Bang-erantzako abia harturik, giza eta munduaren jatorria aurkitu arte. Eleberrian zehar, beste pertsonaia berezi batzuk badagerte ere, hala nola ihauterietako Hiruburuak, lehena, oraia eta geroa sinbolizatzen dutenak, Bibliaren eta Tohararen idazleak eta itzultzaileak, Rael sinesmen bereziaren elohimdarrak eta beste hainbeste, Erek, Habil eta Sap, denak Adan eta Eba eta Richard Darwinen ondoan.

Munduan sinesmen mota ugari badago eta batzuk ditut hemen aipagai, hala nola kristautasuna, judaismoa, islama, Darwinen eboluzionismoa eta fede gutxiengoetan, elohimdarren Raelarena. Batzuk nahiko ezagunak badira, besteak gutxi edo batere. Elohimdarrena hain hurbiletik bibliarekin lotua baita, mereximendu berezi bat merexi zuela pentsatu dut, beste garrantzirik eman gabe.

Fedez edo fedegabetasunez grinatuak daudenek barka diezadatela, haiek sines itsukerietan erortzea ez baita ene errua. Agian bakoitxaren hezikuntzarena daiteke. Nere bizi emotiboak izan dituen gorabeherek, zalantzarik gabe, elizatik urrundu egin naute. Horrengatik eliza dut hemen jomuga, noski, ez fedea.
Agian Francisco, François edo Pantxoa Aita Sainduaren ez ohiko jokabideek, katolikoei ikuspegi berriak irekiko dizkie, baina maiz gertatzen den bezala, arkaitz sendoak higigaitzak dira, lurrikara bat ez bada gertatzen bederen. Hauxe arriskurik gabe ez baita, mendiaren aurka altxatzen den lurrikarak mugitzen ahal dituen arkaitz sendoak bere gainean eror litezkeelako eta hitz berri itxaropentsuak bat- batean isilarazi, Dallas hor baitugu lekuko.

2015 urte honetan, Auschwitz heriotz kanpamenduaren askapenaren hirurogoita hamargarren urtemuga izanez, juduek bizi izan zuten genozidioa gogoan izan nahi nuke, halako larrikeririk berriro inoiz gerta ez dadin. Halere, horrek ez digu gogotik kendu behar, hainbeste basakeri jasan ondotik, Israelek palestinarrei jasarazten dien desmasi neurgaitza.

Biak onargaitzak ! Onargaitzak ere denboraren zehar erlijioaren izenean izan diren gehiegikeri guztiak, izan daitezen alde batekoak edo bestekoak, atzokoak ala gaurkoak.
Jainkoa benetan izan balitz, berak egindako gizakiei halako basakeriak egiteko baimena emango ote lieke ? Liburu honetan agertzen diren pertsonaiei otoi galdegin...

 

 

 

 

 

 

Eskaintza

 

- Munduaren sortzeari
- Zientziarren aurrerapenari, erlijioetatik kanpo, munduaren jatorriari adierazpen bat ematen ari zaionari.
-Balizko Jainkoari, beti izkutaturik egoteagatik.
-Iragana, oraia eta etorkizunari.
- Emazteei
- Amari
Eskerrak Joseba Aurkenerena idazleari, liburu honen zuzenketak egiteagatik

  • Aurkibidea


  • Aintzin solasa.......................p1
    Eskaintza.............................p3
    Aurkibidea...........................p3
    Izan bedi ene antzeko..........p 4
    Adan eta Eba ibilki..............p19
    Tel Aviv/Baiona 2015..........p 25
    Adan eta Eba ibilki..............p 37
    Elohim, urrunetik etorriak..p 49
    Mistifikazioa...................... p 58
    Adan eta Eba ibilki............. p 67
    Itzultzaileak...................... p 81
    Richard Darwin 1809........ p 86
    Argia..................................p 89
    Itzultzaileak eta Elohim........p 98
    Hiruburu........................... p 107
    Sortzetik sortzera..............p 113
    Ipuinlarien itun berria...... p120
    Bukaera.............................p135








Sortzearen eztandak

Xabier Soubelet

« Xubiltz »

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

«  Izan bedi ene antzeko »

 

 

 

Gaua ez dut maite. Inoiz ez dut maite izan. Batez ere, bere baitan argirik ez daukalako. Ez dut maite itzalik ez daukalako ere eta itzalik gabeko argia gaua delako. Gaueko izarrak eta bere ama den ilargia argi emaile hitsak dira, agian, gauak merexi dituen bakarrak. Eguerdirik gabe, ilunbeak ardatzik ez du, buru gainean behar dugun argirik gabe, biziak bizirik ez du.

Nere lur zimaurraren gainean etzanik nengoen, lo, argi gabeko egun hartan, gogoa hegaldan, lanbroetan, sekulan oroituko ez naizen balizko ametsetan. Hantxe, ene udazkeneko ohiko pago eder haren pean, itzalpeko lur hostotsuan etzanik nengoen, urduriak sorturiko izerdi putzutan, ezin egonez, ametsetan itoa. Gaua zen, argirik gabeko gau nardagarria, bizitzera oztopatzen duen ilunbe nazkagarria.

Pausaleku orekaturik ezin tinkatuz, ezker eskuineko higiduretan nenbilen, urduri, zerbait izugarria gertatuko izan balitzait moduan. Bat-batean ene gorputza hegaldakan sentitu nuen eta izugarrizko zoramenez harturik, burua itzulipurdika ezarri zitzaidan, inoiz euki ez nuen zoramen mota batean murgildurik. Ene gogoa bihurtu zen lurraren iduriko pisurik gabeko puxika borobil puztu hura, alde guzietara itzulika hasi zitzaidan, jirabiraka, biribilka, zortzi baten antzeko biraka, baloi nahasi baten gisara eta ni erdian, planeten artean itzulika bezala, arrautze formako Oteizaren « ovoide » gisako eskultura batean sarturik nengoen, gogoa erabat galdurik. Geldigaitzezko mugimenduan nenbilen, birez beteriko hutsak gogoa gainerasotu egin balit moduan. Gorderik zegoen iduzkiak bere lurrararekiko helburua galdu ote zuen galdetu nion ene buruari  ala haien arteko balizko neurgailua betiko hondatu ote zen ?
Ezin zutituz nengoen, erabat zorabiaturik eta hanken gainean altxatzeko saiakera guziek loleku neukan ohiko lur zimaurrera botatzen ninduten, berriz eta berriro. Asmaturiko leihotik, zeharka sartzen hasi zitzaizkidan lehen eguzkiaren izpiak ez nituen batere lagungarri izan ere, desoreka ene baitan sartu zitzaidalako, LSD-ren indarrez gogoa galtzen banu bezala.
Osoki etzan behar izan nuen, hotsik gabe, ohol ihar baten pare, eta isiltasun mugigaitzean egon nintzen, geldi- geldia, ea argia behingoz jeikitzen ote zen, baina ilusiozko sendatze horrek berriz ere zorabioan botatzen ninduen, zoramen izugarri batean murgildurik. Geldirik egotea neukan bide bakarra eta, begiak pizturik, desoreka betean, ene baitan bat- batean sorturiko oka gogoak irentsirik, gaineko zolara begira ezarri nintzen, errealitate krudela behingoan amets bihur zedin.

Munduaren sortzearen pareko pirripita horretan, nere gogoak eztandetan zerraien, grabitate gabeko kosmosean meteoro baten ibilera arin legez, zuhaitzetako sagar libreak airean dilindan baleude bezala. Egiazko ametsetan ote nengoen ? Ene sasi loaldian, nahiz eta eguzkiak bere argia jadanik ekarri izan, bizi orekatu batera ezin itzulirik nengoen, inoiz ez gertaturiko inpresio bitxian, beste mundu batean banengo moduan, agian Edenean izan banintz bezala. Eden baketsua baino, hark Big-Bang izugarria zirudien eta azkenean atzarri nintzenean munduaren kreazioa, ximista baten pare, ene gogotik iragan zela ohartu nintzen.

Erotzen ari nintzela iduritu zitzaidan eta ene amets dibinotik itzultzea ez zitzaidan batere erraza izan, agian hain gozo neukalako zuhaitz haren itzala. Denboraren nozioa erabat galdurik, izar dilindetan biraka, ene dilingozko barne atmosferan nengoen oraino.
Hantxe etzanik, gogoa airean, ene eskuineko saihetsean zagerkidan orban misteriotsuak hazkura emaiten zidala ohartu nintzen. Lo ala esnaturik nengoen ez nekien, agian biak batean. Formak eta funtsak bat zegiten, ametsa eta bizi erreala, egia eta gezurra, gaua eta argia.

Aharrausika nengoen, begiak argiz zauriturik, esnatzeko beldurrez. Ametsa ala errealitatea izan nuen jakiteko, saihetsean lehen ikusi nuen orbana beti hor neukanez, burua makurtu nuen, gerri aldera so eginez eta goitik behera azaltzen zitzaidan marka luze hark harritu ninduen. Airezko bidaiaren bukaeran hegal bat errotik atera balidate modura hura nekuskeen eta bizi izan nuen nahaskeria ametsetakoa ez zela batere izan froga bat azaltzen zitzaidan horretan, loaldi luzean ikusitakoak benetazkoak zirela ohartuz eta bizi berri batera etor litekeen haur baten antzera, ozenki negarrez hasi nintzen.
Nere ondora etzatera etorri zen emazteak kontsolatu ninduen eta muxutxu bat emanez, zer ote zen zaurratz hura bazekienez galdegin nion. Bere begi urdin argi kontsolatzailez eztiki estaltzen ninduen eta egin zidan irritxoak, konplizeak izan ginatekeen ideiak susmoa sortarazi zidan. Nitaz errukiz, esku keinu gozo batez, ilea ferekatu zidan zerbait eskertzeko balit bezala edo xinpleki bere amodioaren erakusgarri.

Oraintxe galdezka hastea egokia ote zitzaidan zalantzan nengoen, erdi zoratuta bainengoen oraindik eta, irriñoa beti ezpainetan, ene begileetatik itsasturik neuzkazkien makarrak lehunki kentzen hasi zitzaidan. Ene bihotza urturik zegoen, ene lehen amodio sakona izan balitz bezala. Berriz ere hazkurak deituta, gogorki hazkaka egiten hasi nintzen ea bere begirada behingoan orbanaren gainera tinkatzen ote zuen. Ene gorputz etzanari goraldi txiki bat eman nion begi aurrean jostura hura ukan zezan.
Ohiko marka zitzaion, are gehiago, ohiko gizona nintzaion. Ni, aldiz, ezertaz ez nintzen gogoraten, ez beretaz ezta ere gure arteko loturaz. Muxu luze bat eman zidanean, aspaldiko lagun minak ginela konturatu nintzen, elkarrekin bizi izan ginatekeela ere, eta segidan, ezpain bustizko muxuan erantzun egin nion, biok bat egiten genuela oroitzen banintz bezala.

Galderari ateak irekirik, uzkurki halaxe esan nion : «  Zer gertatu zait , maitea, gogoa erabat hutsa daukat, ez naiz ezertaz gogoratzen, noiztik ote nago hala ? »
Lasai egoteko eta gozoki pausatzeko luzatu zidan, eztiki, horretarako denbora oraino ez zela ailegatu ulertaraziz. Begitarte ezti hori baliatuz, alboan neukan orban bitxi hori zer ote zen berriro galdetu nion eta hauxe erantzun zidan :

- « Deusetaz ez zarela oroitzen dakusket . Jakin ezazu lokartu egin zarela eta zure loaldian izugarrizko zoramena izan duzula. Bitxi zait ez oroitzea zer duzun gorputzean, horrek nere izate bera zalantzan ezartzen duelako. Bainan utz dezagun hori geroko, hobe dugu. »

Nik absolutoki horren berri jakin nahi nuen eta ea operazio baten ondorioa ote zitekeen galdegin nion. Bere urrikal aurpegiak ezezkoa erakusten zidan eta jostura hura aspaldik baneukanez luzatu nion. Bere espresioak ea burua galtzen ari ote nintzenez erakutsi zidan, hain harritua zazalen. Ez nuen ezer ulertzen eta magiaz agerturiko orban horrek adierazpen zentzudunik ez zeukan. Ni emaztea izan banintz ? Oraino ! Eta hura bide eznaturalez eginiko sortze baten ondorioa izan zitekeen . Bainan ez zen posible, marka horren tokia zesarea baten ondoriorako aproposa ez zelako eta gainera arra nintzen.
Bizi izan nuen buru itzulipurdikatze horrekin zerbait ikusteko ote zuen  galdegin nion baina pazientzia galtzen hasi zela nabaritzen zitzaion eta bakean uzteko esan zidanean, nere ondotik lekutu zen, lurretik zairaten udazkeneko hostoak berarekin hegaldan eramanez, bakarrik egoteko gogoz, gertaturiko egoera berri hori azter zezan.
Nik banekien eginiko galderak ezin arrarogokoak zitzaizkiola, bainan ene baitan neukazkien sentsazioak erabat bitxiak ziren eta zerbait aitorgaitza gertatu zitzaidala ene baitan sentitzen nuen. Pentsaketetan ari nintzen bitartean, boz sendo batek ene gogoeta galdegarrietatik iratzarri ninduen orroka esanda :

« Eh Adan, zertan ari zara ?»
Alde guzietara begiratzen hasi nintzen, gorderik zegoen boz haren bila eta hura entzutean, Eba berriz ere hurbildu zitzaidan, ni babestu nahian, zerbait adierazi nahi, doinu hori arras ezagun bezain beldurgarri egiten zitzaiolako.
Nik aldiz, non nengoen ez nekien, nork mintzo ere ez. Emaztea negar zotinka ari zen, nik ez omen nuelako hura ezagutzen eta bozari karrasika hasi zitzaion, beldurrez eraginda egon balitz moduan. Zer jakin behar ote nuen nik ? Beso artean hartu nuenean isildu egin zen, bere begi urdin eztietatik nere altxotan hartzeagatik eskerrak bota balizkit bezala. Pozik nengoen hala ikustea eta ezezagun haren elea gehiago ez aditzeak baretu egin ninduen ni ere. Aspalditik maiteminduak ginaudela ideiak gainditu ninduen, amodio ilaun batek ez zezakeelako halako dardarik sortzen eta hori zen sentitzen nuena, maitasun ikara. Beste muxutxu bat eman nion eta gorputzean oraino zituen lingarda isurien hondarrak erabat idortu nizkion. Nere kontra amultsuki biribilkatu zenean, zer ote ziren galdetu nion, amultsuki. Oraindik egia aitortzeko unea ez zela iritsi ustez eta, isil- isilk gelditu zen, nere besoetan lokarturik.

Esnatu nintzenean hango paisaiak lilluratu ninduen, dena hain argi baitzegoen eta hura paradisua izan zitekeela iduritu zitzaidan. Argia hainbeste maite zuen ene bihotza poz- pozik zegoen eta fruitondoz beteriko baratze ederrak zorionez hauntu ninduen. Dena arbolez estarilik zegoen, udarondoz, pikondoz eta batez ere sagarrondoz. Ene ondoan oraino lo neukan neska-laguna ez nuen atzarri, bera babesteko zerbait egin behar nuela nik ere.
Isiltasuna zen nagusi. Nik ere isilik egotea deliberatu nuen, hango isilera errespeta nezan, nahiz eta, ene baitan, hura luzarako ez zuela iraunen jakin, aurretik igarritako zerbaitek bake hura laster hautsi zezakeela jakinez.
Lainoetan entzun nuen bozak arrazoin eman zidan eta militar manatzaile baten antzera, norbait, berriz ere, oihuka hasi zitzaidan, eginbeharrak aginduz. Hark Eba esnatu zuen eta egia aitortzeko unea iritsi zela pentsatuz, nigana hurbildu eta eskutik harturik, aurrera ibilki abiatu behar genuela luzatu egin zidan. Berehala aitortzaren mementua ailegatu zela sumatu nuen eta bere eskua tinko harturik, gozoki, pasaiatzen hasi ginen. Ezer gehiagorik esan baino lehen, boza hori arras gaiztoa iruditzen zitzaidala esan nion, hain ozena zenez, arrakeriz jandako izaki batena izan behar zuela ere luzatu egin nion. Irriño bat jalgi egin zitzaion, berak ongi bazezaguen gizon horren misoginia eta ene orbanari fereka ezti bat emanez, zuhaitz baten itzal azpian jarri ginen, biok, biluzirik. Hotz xamar zegien eta gure gorputzak orbelez estali genituen.

Ebak ezer esan baino lehen eta aurrea harturik, gizon haren boza berriz indarrez hasi zitzaigun. Lehen aldiz, eta erdi ikaratuta, arreta osoz haren hitzak aditu nituen,
Ebak, iduriz, jadanik, ezagutzen zituenak eta Adan nintzela kontuan hartu nuen, munduko lehen gizona eta ondoan neukan laguna, Eba, nere emazte ohia. Hain arrotz egiten zitzaidan egongune hori aspalditik ezaguna neukala ohartu nintzen, baita ere zein zen bizitzen ari ginen unea.
Nahiz eta oroitzapen garbi- garbirik ez izan, gauza bat nabari zitzaidan orai, hura ez nuela nere lehenbiziko bizia eta aroz-aro jadanik bizi izan nintzela. Berriz ere boza mintzatzen hasi zitzaidanean aitortu zidanarengatik balditu egin nintzen, hau da, bereganik hantxe utziak izan ginela eta berak idatzitako patua bete behar genuela. Mundua ugaltzeko helburua aintzinetik tinkatu omen zigun, lurra askaziz bete dezagun eta lurra gizakien bizitoki bihurtarazteko agindua eman zigun ere. Beldurrez eraginda baiezkoa eman nion, Ebari so galdegarri bat botatuz.
Halere, lehengo susmo txarrak gogora itzuli zitzaizkidan eta bere bozaren doinu desatseginarengatik, berriz ere, munduko lehen gizakia ez nintzela nere baitan sentitu nuen eta lainoetatik etorritako bozaren esanak gezur izan zitezkeela gogoan hartu nuen ere. Emaztea eskutik heldurik, han hurbilean zegoen mendi kaskora, urduri xamar, igo ginen ea beste amildegiaren aldean ihesbiderik balegeri edo salbagarri zen zerbait bagenekuske.

Nahiz eta orai arte boza agintaria baizik ez aditu, handik lekutu behar ginela gogartu genuen eta egoera jasangaitz horri irtenbide bat atera behar geniola pentsatu genuen. Amildegi horren erpinera iritsi ginenean, oreka erabat itzuli zitzaidala konturatu nintzen eta argiz beterik berriz ere nengoela. Alde guzietara begiratzen hasi ginen.
Hango zeru gaine urrunean, planetak ikusten genituen, gehienak itzalean gorderik. Entzundakoak hango batetik etortzen zitzaizkigunez nere buruari galdegin nion, ozena izan arren, ez baitzen batere garbi entzuten. Urrutian nekuskeen itzalez inguraturik zegoen planeta hura Jainko batentzat gordeleku ederra izan litzatekeela pentsatu nuen.
Eguzkia hantxe zagerien ere, ezin urrunago, bere izpiek argia mendiaren beste aldera bota nahi, gugandik ihes egin nahi bezala.
Ezker urrutian, beste planeta bitxi bat zegoen, laino argiz beterik, jatorrizko energiak bere iturburua erakusten baligu bezala. Inguruan, airean zeuden kolore guzietako planetak dantzan zebiltzan, mugagaitzeko kosmosean, itzulika, eta izan nuen zorabirazko amets suntsitzaile hura gogorat etorri zitzaidan, ni ere hantxet dantzan egon banintz bezala. Horixe zen nabaritu nuena, ezin menperatuko borobiletan sarturik egotea, beti jira-biraka, alde guztietara.
Gibeletik Ebak deitu ninduen, ea zer ari nintzen gailur horretan, beherako bidea jadanik hartu zuela eta... Bera bakarrik sobera denbora ez uzteagatik, berehala jeitsi nintzen eta gure patuari lotu egin gintzaizkion. Ebak nik baino gauza gehiago bazizkien, batez ere, gure sortzeaz eta Edeneko paradisuan egoteaz.
Iduriz, Jainkoak sei egunez mundua kreatu omen zuen, egunez egun, eta zazpigarrenean pausa egin. Emaztearen jakitatearekin bat egin nuen eta begi belarri kondatzen hasi zitzaidanari arreta zorrotzez adi- adi egon nintzaion.

-” Jainkoak egin gaitu, maitea”, baita ere hementxe dauden argia, sabaia, ura eta lehorra. Dena Adan, dena!
Entzundakoa hain beldurgarri egin zitzaidan, neronek biziriko esperientziaren kontakizuna galtzea erabaki nuela, betiko, eta nere biziaz hitz egiteko, kontalari bati lekua utzi egin nion. Jainkoak egin gintuela horrek amarik ez genuela esan nahi izan zuen eta , zinez, hain hunkigarri nintzen, nahiago nuela beste batek ni nintekeen gizadiaren aitaren ixtorioa kontatzea, ene burua askoz libreago sentitzen nuelako eta ene umezurtasunaren tristeziak negarrera erematen ninduelako, eta hori ez nuen nahi.
-”Entzun otoi Adan, zer duzu? Entzun hau , garrantzitsua baita: -”Lehen egunean “- Izan bedi argia”- esan zuenean argia sortu zen”- luzatu zion Ebak.
Adanek Ebak esandakoa moztu zuen ea bera horren lekuko izan ote zenez? Ebak, ezetz erantzun zion, zuzenki ez zuela ikusi izaki bizigai bat baizik ez zelako oraino eta hezurrezko leize batean sarturik zegoela oraindik ere. Halere, denak entzun omen zituela... Eta solasean jarraitu zuen.
“Bigarren egunean,“- Izan bedi sabaia-” oihukatu zuenean zerua sortu zuen ”
-Hirugarren egunean, -”Bil bitez multzoan zeru azpiko urak eta ager bedi lehorra, oihukatu zuenean, hala izan zen”, luzatu zion Ebak eztiki.
Adanek, ipuin zoragarri baten kontaketa baizik ez zela pentsatu zuen eta antzeko hura entzuten jarraitu zuen, serio- serio. Ebak halaxe segitu zuen:
-” Eman bitza lurrak belar hezea, hazidun landareak eta frutarbolak beren hazi eta guzti-” esan zuen Jainkoak eta hala izan zen”- eta geroago, luzatu zuen- “Izan bitez argizagiak, eguna eta gaua bereixteko”- gero- “egin dezaten urek borbor bizidunez”- eta-“ egin dezaten hegan hegaztiek, halaxe bosgarren eguna bururatu arte”.
Bestean esan zuen - “Egin dezaten urek borbor bizidunez”- geroxago -“egin dezaten hegan hegaztiek, eta Jainkoak denak bedeinkatu zituen”.
Hainbeste sormen berrien aintzinean Adan sinesgaitzeturik zegoen, nola zitekeen Ebak hori guzia jakitea eta berak ez, leku berean egon baziren. Bainan ez zen hala eta Ebak segitu zuen: “- Maitea, horren segidan gu sortu gintuen, beno, egiari zor, zu jaio zinen lehen-lehenik, bere antzeko, ar, Jainkoaren ispilu, emazterik gabeko gizon handi.”

-” Eta zu Eba, noiz jaioa?”

-” Lasai gizon, hori baino lehen, hauxe esan zuen ere -” Egin dezadan gizakia; izan bedi nere antzeko, nere iduriko, menpera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak eta lurrean narrataka dabiltzan piztia guziak.”

-” Eta zu?”

Ebak, bere gizonaren orbanari begira, buru keinu bat egin zion, hain misteriotsu zen marka hura zuzenki adieraziz. Adanek ez zuen ezer ulertzen eta berriz ere, egia esatera ausartzen ez balitz bezala, neskak orbanari keinu bat bota zion, bera saihets horretatik atera egin zela garbi adieraziz. Adanek halako astokeririk ez zuen sinesten ahal, arra baitzen eta inondik ere amatzeko ahalik ez zuen ukaiten ahal. Ebak, Jainkoak ahalmen guziak zituela luzatu zionean gizona gogoeta luzeetan sartu zen, indar dibinoek mugarik ez zeukatela konturatuz.
Eba bere kontra tinkatu zen, oraindik zeukazkien plasma lingarda arrastoak behingoz idorturik, bere kuttuna kontsolatu nahiez, han hurbilean zegoen fruitondoiraino abiatuz, biek bat eginez. Adan, sagarrondo baten kontra pixa egitera hurbildu zen, batere inoren eraginik jaso gabe. Itzuli zenean Eba sagar gorri bat horzkadatzen ari zen eta bat-batean zerua goibeldu egin zen. Zer zekien Adanek Ebak Jainkoaren debekua jaso zuela, erdian zegoen zuhaitz haren sagarrak jateko debekua?
Zer zekien ere suge nazkagarri batek horretara bultzatu egin zuela?
Zorabiatu zen bitarteko oroitzapenik ez zeukan batere eta bera ohartu gabe, mundua sortu zutela ideiak pena handia eman zion. Han egon eta ez konturatu. Benetan gogorra !

Gauza bat nabarmen agertzen zitzaion, boza entzun ondotik, emazteak piku hostoz bere alua izkutatzen hasten ari zela, bere aurrearen ahalkea sortu balitzaio bezala. Bitxi egin zitzaion. Horren berri, zerbait galdegitera ausartu zitzaion eta Ebak hauxe erantzun zion :
-” Sugeak engainatu nau , maitea, bainan beti Jainkoaren agindua segitzen, gizakien patua aintzinetik idatzia dagoelako eta Jainkoak - Jainkoa baita- aurretik, dena kalkulatuta daukalako. Sagar gorri hori erdiko zuhaitz horretatik jateagatik, sekulako oinazeak zigortzat izango nituela erditzean luzatu zidan, besterik ez nuela merexi, eta betiko senarra nagusi izango nuela ere.” Adanek une sendikor hura baliatu zuen fereka gozo bat bere emazteari egiteko eta, badaezpada ere, bere zakila piku ostoz estali zuen ere.
Premonizio baten idurira, Ebak irritto bat egin zion, bere gizonaren erreakzio biziak baretu nahiz.
Eta Ebak jarraitu zuen: ”- Nekearen nekez atera beharko zenuela janaria esan zidan, baita ere zeure bekokiko izerdiz jango zenuela ogia lurrera itzuli arte. Handik izan zinela hartua eta, hautsa zinela eta hautsera itzuliko zinela.”
Adanek ez zekien zer erantzun, sobera berri magiko baitzagerien bat-batean. Gauzak gogoan garbi ukan ditzan, bilduma ttiki bat egiten entsaiatu zen, ea Ebak dena onartzen zionez.
-”Beraz, Jainkoak mundua sei egunez egin duela diozu, zerua, lurra, ura eta hementxe dauden gauza guziak, gu ere egin gaituela ezta? Agindu zozo bat ez betetzeagatik eta zigorra zigor, hauts bihurtuko gaituela luzatu zuen, ezta?”
Baiezkoa eman zion Ebak, horixe zela eta Edenetik bota behar zituela ere. Eta Edenetik bota zituen, betiko, izaki hegadun ikaragarriak ateetan zaindari ezarriz, suzko ezpata eskutan.
Zakil eta alu estalgarri eman zien piku hostoak bazter batera igorri zituzten eta mundu horretan gelditzeko azken indarrean, amildegirantz begira zegoen azken arbolaren adarretatik atzaparrez harturik egon ziren, tinko, dilindan luze batean, gorputz biluzia zintzilka. Aingeru zaindarien suzko ezpatek, kolpe batez, adar hura bertan behera moztera hurbildu zirenean animaleko eztanda gertatu zen, planeta guziak dantzan ezarriz, bikotea luzarako indarrez airera igorriz.
Atmosferarik gabeko eremu ilun bezain ezezagun hartara botarazi zituen, meteoro mugikor galdu baten antzera, oreka galdurik, hain misteriotsu egiten zitzaien gune hartara, ez gora ez behera eta emeki- emeki Edeneko ikusaldia gero eta ttikigoa ikusten zuten, behin betiko galdurik.
Erabateko suntsidura izan zen, handiena, agian Big-Banga. Adani bitxi egin zitzaion Jainkoak eginiko ekintza batenganik Big-Banga sortzea, ziotenez, hauxe ez baitzen inolaz ere dibinoa izan, bainan nahiz eta sinesgaitza izan, hala zirudien. Hainbeste sinesgaizkeri bizi izan zuten, dena irenskor bihurtu zitzaiela. Eztandaren indarrez, neurgaitza zeukaten urruna baino urrunagora iritsi ziren, bizi-bizirik, inguruan gerta zitekeenari adi- adi. Planeten arteko kaskek animaleko harrabotsa sortzen zuten eta kosmosa hankaz gora zegoen.
Halere, hantxe, berriz ere, Edenetik ikusiriko planeta bitxi bezain argitsua han zagerien, eguzkitik hain urruti bezain hurbil, hartu zuten bide berritik gero eta urrutiago, hantxe, beste miloika planeten artean nabarmen, haien helburua zen lurretik gero eta urrunago. Hura ere galdu egin zuten.

Big-Banga ote zenez zalantzan osoan zeuden, nahiz eta denboraren nozioa galdu izan, bizitako hura, halere, nozio horren barnean baitzegoen, eta egiazko eztanda apokaliptikoa ez, askoz ere zaharrago izanik. Bizi izan zituzten nahaskeriek atea denari irekitzen zioten eta hemendik aurrera, deus gertaezin ez litzatekeela orai bazekiten.

Atmosferan sartu zirenean lurra ikusi zuten, urdin- urdina, urez beterik estalia. Erdian, lurralde zati handi bat zagerien, itsasoz inguraturik. Mirakulu batek joak bezala, zeramaten abiadura erabat moteldu zitzaien eta poliki- poliki lur gainean pausatu ziren. Edenaren antzeko paisaia zirudien, nahiz eta lurralde lehor batean egon. Ebaren sabel beteak emandako aginduaren urratsak betetzen hasi zirela baieztatu zien eta ipuin baten antzera, herrialde hautatu batean pausatu ziren, bizi berria hasi zitzaien eta haur ugari izan zuten.

Ebak bere sabela gero eta hantuago zekusan. Bere semeari Kain izena eman zion. Egia aitortzeko, ez zekien ongi nor zen ume horren aita, egin zuten bidaia bitxian Adanekin harreman berezirik ukan zuenez ez zelako batere oroitzen eta beraz aparte, agertu zitzaion gizon bakarra Jainkoa izan zen. Nahiz eta Edenetik botatuak izan, orai ezagutu zuten lurralde emankor berriak baratze zabal- zabalak zituen eta haietan fruitondoak ugari. Paradisuaren antza bazeukan.
Bizia aintzinera zihoan eta Kain haurra kozkortzen hasi zen. Laster Ebak beste seme bat ukan zuen, hauxe bai segurki Adanek eginikoa. Abel izena eman zioten eta artzain bilakatu zen. Nondik debru ateratzen ote ziren Abelen ardi eta bildots horiek nehork ez zekien, munduko lehengo emaztearen semea izan balitz bederen, hantxe, haiek ez beste, inor ez baitzen bizi. Beste Jainkoaren asmaketa ote? Agian bai, berak esandako bezala eta gizakia sortu baino lehen, orotariko bizidunak egin behar zituela agindua eman baitzuen, abereak, piztiak eta narrastiak eta halaxe izan omen zen. Manamendu hori paradisutik beheraino hedatu zela ohartu ziren eta ardi horien presentziak Jainkoaren magiaren handitasuna zerakutsan.
Bizia berriz ere aurrera zihoan eta arrazoin ilun batzuengatik Kainek bere anaia erail zuen, Jainkoaren mendekua betikotz jasanik. Jainkoak mehatxua zuen gogoko, baita ere mendekua, bere nortasun berezian eta bere senetan tinkatuak baleude bezala eta hortxe zekarren frogak aurkaritzarik ez zeukan, hauxe, Adan sortu zuelarik beren iduriko gizakia egin zuela, zer esan beraz bere semeaz, katuek ez baitute sekulan zakurrik erditzen.

Adanek eta Ebak ezin zuten paradisuan gertaturitakoa ahantzi, batez ere, nola sagar inoxente bat jateagatik zigortuak izan ziren, berak amatzerakoan oinatze latzak eukitzera kondenatu zuela eta senarra lan egitera eta ogia bere izerdiz irabaztea ere. Halere, Kain eta Abel amatu zituenean, ez zuen sobera oinazerik sentitu eta igarritakoak hainbestekoak ez zirela pentsatu zuen orduan. Abelen erailketa ez zion Kaini barkatuko, garrantzirik gabeko ixtorio batengatik seme bat hola galtzea ez baitzen zuzena. Laster, zenduriko Abelen ordez, beste seme bat izan zuen Ebak, Set izenekoa eta modu horretan, emeki-emeki, ugaltzen hasi ziren bertako populua osatu arte.
Beraz, gizakia bere idurikoa egina izan zuelako, eta iturriak bere ura beti isurtzen duelako, lurrean ere gaiztokeria nagusitu egin zen, Jainkoaren ADN-ean zeuden mehatxua eta mendeku gosearen ereduak jarraituz. Horren arrazoina ahantziz eta bera hobendun ez balitz bezala, zigor berria gogoan bazerabilen, sortu zituen guziak suntsitu behar zituela. Ukatzaile galanta baten pare, gizakia asmatu izatea damutzen hasi zen eta bere burua ukatzen balu moduan, denek bizia gal zezaten, uholde ikaragarri bat asmatzen hasi zen.

Zer egin orduan denak goitik behera jotzeko eta haien gizabizia betiko urratzeko? Bere baitan gorabehera isilak elkar gudukan ari izan zirela inork ez zuen jakin.
Denak lurretik bota eta suzko ezpatadun abere zaindariak ezarri? Ez! Jadanik egina zegoen! Kainen antzera, anai guziek labankada zorrotza haien parekoei sarrarazi? Ez zen aski, abereak horretatik kanpo gelditu izan liratekeen eta ideia berria ez zen!
Emazte guziak bigarren arloko izate bezala tratatu eta ama izan zitezkeenak deuseztatu? Jadanik hala zen!
Tsunamia! “Itsunamia!” Gizaki guziak suntsi lezakeen uholdea. Horixe bai asmakuntza trebea! Txalo!

Berak aginduta moduan, orduko gizakiak ugaldu egin ziren eta lurrean denetarik bazegoen, bai jende onak, bihozdun agurgarriak zirenak, baita ere gaiztoak, herradun bezain minkorrak. Abereetan gauza bera zen, batzuk goxoak eta atseginak baitziren, besteak basak eta odolzaleak.
Tsunamia prestatzen ari zen, bai, baina horretarako gizon traidore bat atxeman behar izan zuen. Ate guziak joka aritu ondoren, begiko zeukan morroi inoxente hordia morroitzat aurkitu zuen: Noe. Bihotzez, gizon ona bazen ere, ukatzaile xamarra zagerien, ardo pinta batzuen truke, bere kastako guziak suntsitzeko prest zagerkeena. Odol gaiztoa, bai, bainan bildurrez eragina, ere bai. Bera eta bere senideak zigor horretatik salbu gelditzeagatik, beste gainerako guziak kondenatzeko prest zegoena. Jainkoak galdera egin zion egunean muturra nahiko beroa zeukan arren, moskorra pasatzerakoan bere zozokeriaz errukitu egin izan zitekeen, bainan ez! Nahiago ospea eta traizioa, solidaritatea baino. Jainkoaren indarra bazezaguen ere, eta agian, bere ahalmenaren aurka ez joateagatik, ezezkoa ematea ez zen ausartu, Jainkoak ozenki esan zioenean bazter guziak erailko zituela, bizidun guziak suntsituz, ez zuen pipik ere erantzun, aginduak hitzez hitz betez eta Jainkoaren esan erailgarrietara belaunikatuz.
Halere, abere mota bakoitxeko bikote bat biltzeko aginduak zekarzkien arazoak ez zituen batere neurtu, berak uste izan baitzuen Jainkoaren ahalmenak denak elkartuko zituela, berez, bainan oker zegoen. Bere lan zikinetan aritzeagatik inork ez zuen lagundu izan nahi eta izerdi itsasoak bota zituen animalien bikote bana biltzeko. Azkenean, bere eginbeharra lortu egin zuen eta denak prest izan zituenean, Jainkoak halaxe esan zion:
“- Egizu zeuretzat untzi bat erretxina egurrez, antolatu gelak barruan eta estali bikez barrutik eta kanpotik. Hona zein neurritakoa eginen duzun: Ehun eta berrogoita hamar metro luze, hogeitabost t'erdi metro zabal eta hamabost metro t'erdi gora. Sabaiez estaliko duzu, gailurretik hegalera metro t'erdi emanez. Alboan atea jarriko diozu. Hiru solairu izango ditu.” - Ai ama! Falta zitzaiona, bera zurgin lanetan batere trebea zenari untzia egiteko lana eman. Eta nehorren laguntzarik gabe gainera, betiko lagunei laguntza eske joateak ez zuela balio bazekien, traidoretzat hartu baitzuten betiko.

Eta halaxe jarraitu zuen bere hitzaldia Jainkoak:

-”Nik uholdea bidaliko dut mundura, zerupeko bizidun guziak suntsitzeko. Munduko izaki guziak hilko dira, bainan zurekin ituna eginen dut”.
Noek igurikatzen zuen bakarra horixe izan arren, hau da, bera eta bere familia salbu egotea, damutzen hasi zen, ea munduan izango zen giza bakarra bihurtuko ote zen? Bakar- bakarra, adiskideek uko eginen ziotelako....Bainan ez zen oroitzen lagunik ez zuela batere izango, denak itota gertatuko liratekeelako ere.

-” Sar zaitezte untzian zu eta zure emaztea, baita zure semeak haien emazteekin ere. Animali mota bakoitzetik bikotea, ar-emeak, sartuko duzu, zurekin batera iraun dezaten. Hegazti- abere eta narrasti-mota bakoitzetik bina sartuko dira zurekin, bizirik iraun dezaten. Elikagai guzietatik bildu, zer jan izan dezazuen -”
Zehatz mehatz Noek agindua bete nahi izan zuen baina ustegabeak gertatzen hasi zitzaizkion. Abere guziak, sar lerroa ezin osaturik, guduka hasi ziren, sasi- abereak ahulagoak horzkatuz eta aztaparkatuz, narrastiak ondokoak erasotuz eta pozoinduz. Ugaldun baretsuak ahal bezain fite arkako ihesbidea harturik, hirugarren solairuraino igo ziren, babesleku eroso bat atxemanik. Gudukek hantxe zirauten, edo hobe esanda, sarraskiek zerraiten, xoriak hango odol itsasoaren gainetik hegaldatzen hasi ziren bitartean. Denbora berean, gorilak irriz zeuden, inork ez baitzuen haien atakatzeko ausardirik erakusten, ezta ere kokodriloek eta halako abere basatienek ere. Lepoluzeak, elefanteak, hipopotamoak, errinozeroak, eta basa pizti guziak, azkenean eta lerro desegin batean arka- untzian sartu ziren, ximinoek, ingururat azken begirada emanik, sarratea ixteko kargua zutelarik.

Jaunak denak untzian sartzeko agindua bete zuela ikusiz, zazpina giza-bikote, mota guzietatako ar-eme, oro sartu ote zituen begiratu zuen, zeruko hegaztiak ahantzi gabe, ea binaka sartu ote ziren? Egiari zor, Noe, nahiz eta zurgina ez izan, arka dotore bat eraiki zuen, Jainkoaren hitza osoki betez, bai neurriari, baita ere barneratu behar zituen guziei begira. Jainkoaren laguntza morala jaso zuen bere etsipenak untzia ongi bukatzera lagundu izan zuela segur zegoen, lehenago halakorik ez baitzuen sekulan egin. Halere, nehork ez zekien zer lanak egin zituen Noek arka hori eraikitzeko, bakar- bakarrik, haren izariak neurrigaitzak baitziren, bederen orduko, etorkizun urrunean egiten zituzten gurutzaldi ederrak egiteko pakeboten antzekoa baitzen, ximini eta guzi.

Urak jadanik hain trumilka zetozen, non laster arka uhainen gainean dilindan hasi zen, ezker- eskuin, jostailuzko untzi bat balitz bezala. Kanpotik ikus zezakeen dilingoa hain izugarria zagerien, non Jainkoa bera izutu egin zen, baina, arreta gehiago emaiten zion barnean gertatzen ari zenari kanpoko ekaitzari baino, bere idurira sorturiko gizabizien jokamoldea hain ezustekoa izan zitekeela baitzekien. Urperatuko zen Titanic untzi erraldoian agertuko zen nahasmen ikaragarriaren antzeko irudiak zetorzkion, denak hankaz gora, bat besteari bultzaka eta kolpeka. Ezker-eskuineko pareten kontra itsasita tinkaturik, oreka ez galtzen saiatzen ziren, bainan debaldetan. Denak elkar zapaldurik, kaskaturik, orok bat bestearen gainean kolpeturik airean zebiltzan, edozoin zintzilikadurari hatzapartzeko indarra eginez, bainan ezertarako ez, hango higidura paregabeak denak airera bultzatzen baitzituen.
Ximinoak dantzaldi izugarri hura bare- bare begiratzen ari ziren, indar berezi batez zutik egoteko ahalmena atxikiz. Bakarrak ziren. Beste guziak itzulipurdika zebiltzan, oro kaskaka eta oihuka. Abere handienek ere oreka galtzen zuten eta berriz zangoen gainean altxatzeko zailtasun ikaragarriak zeukazkiten, berriro hankaz gora airatuz. Tripa txuriz gora zegoen krokodrilo baten gainera, elefante kozkor bat erori zen, erraiak alde guzietara zipristaturik. Hango urrin usaina nazkagarria izugarria zen, benetan jasangaitza.
Hirugarren solairukoak isil-isilik zeuden, ea inor haietaz ez zen konturatzen. Han Noek sokazko zintzilkadura batzuk montatu zituen, bera eta bere familia hirugarren solairu horretan egongo zirela jakinez eta agian, ekaitzaren indarra aintzinetik neurtzeko ahalmena izan zuelako. Bere senide guziak eta ekarri zituzten konpainiako abereak haiei tinko eratxikiturik zeuden. Beherean aldiz, txitxi odoltsuak airean jauzika zebiltzan, odol errekak xurrutan bazisurten, sarraskia bete-betean zegoen.
Kanpotik, arka- untzia dilindan zebilen, bere sabela erabat gorderik eta inor ez zen ohartu ezuste batean, gorilak larrua jotzen hasi zirela, ezker eskuin, haien nagusitasuna erakutsi nahiz eta beste abere guziak bortxatuz. Halako indarra nondik etorri zitzaien nehork ez zuen ulertzen, ezta animali indartsuenak ere. Denak zituzten eme, denak hargai, handi, ttiki, basa ala pizti.
Zerk bultzatzen ote zituen hortara nehork ez zekien ere. Patuak hala eskatzen balu bezala lan lizunetan ari ziren, askazia ximinotarra izan zedin, agian? Hura ez zen Jainkoak idatzitako patua.
Uhainek leihoen kontra gogor jotzen zuten eta eskerrik Noek paregabeko zurgin lana egin zuen Jainkoaren aholkuak segituz, hau da, untzia eraikitze lanetan erretxina egurra erabiltzea eta dena bikez estaltzea. Sarraskia aintzinera zihoan eta gorilak beti aurrera eta atzera! Bat hartu eta txorta sartu, bestea eta izorratu, eta hala abere gehienei larrua jo arte.
Sinesgaitza benetan! Alde batetik odolezko itsasoa, bestetik bortizkeri sexual kolektiboa!
Untzi barne hartan, Noek zer egin ez zekien, bere oihu zorrotzei inork ez baitzien kasurik egiten eta bizitzen ari zen egoera eskutik kanpo joan zitzaiola nabari zen. Egia aitortzeko, aski lan zeukan bere bizia eta bere senideena salbatzeko eta hirugarren solairura ximinoak ez igotzeko.
Denak urperatzea merexi zutela pentsatu zuen Jainkoak, instant batez, baina aginduen ondorioa bete nahian, den- denak bizirik utzi zituen. Noe, ohikoetan zebilen eta isilka, gorderik ekarri zuen xahakoari trago luze batzuk ematen zizkion, berak ekoizturiko ardo beltza ahanztarazlea zela baitzekien.
Agure edale zaharrak, bere seirehun urtea bete zuen hilabete hartan, eta adinarengatik naski, gertatuko ziren borrokak aztiatzeko gai ez zen izan, are guttiago ximinoek modu horretan larru jotzearen arrazoina ulertzeko. Bere esperientzia luzeari esker, ximinoekin bizitakoak beste zerbait igartzen zuela gogoan hartu zuen, beste izaki dibino batek, tirabira baten irabazteko hori guzia antolatu izan balu gisan, bainan Jainkotik aparte beste nehor ez zegoen, ezta? Jainkoak, agian, horren berri bazeukan, edo hobekio esanda, segur bazekien, dena omen bazekielako, bainan zinez isiltzekoa zuen, bere gaineko agintari supremorik agertu balitzaiokeela ezin zuelako aitortu. Ez zuen ezer salatu eta egiten utzi.
Uholdea bere azkenekoetan zegoelarik eta untzia ertzean lotu zutenean, Jainkoa bere azken lanetan biziki lanpetua zegoela ikusi zuten, hantxe, ur bazterretik nahiko urruneko maldatxoan bizirik gelditu ziren beste gizabere guziak erailtzen zegoen, uretatik ihes egin zutenak eta mirakulu batez, salbatu izan zirenak, denak uholdearen baretzea igurikatzen egon baitziren izkuturik.
Hiru aingeruen laguntzari esker, lan odoltsua betetzen ari zen eta, berak esan bezala, Jainkoak bizi arnasa zuen oro erail zuen. Aginduak zioen gisara, inork ez zuen bizirik iraun eta bildurrez eraginda, bizirik gelditzen ziren bakarrak barkamena eskatzen hasi zitzaizkion, gaizki zer egin zuten ez zekitela esanez eta bizirik uzteko suplikatuz. Bere aintzinean negarrez agertzen zitzaionari heriotza eskaintzen zion, denak goitik behera urratuz. Hantxe, errabiaturik, bere aurrean belaunikaturik zeukan hura lepotik urkatu zuen, bere bizi guzian bihotz onekoa izan zela erregutu arren, beste hari, suzko ezpataz, aingeruek zintzurra moztu zioten eta hala, denak, gaizto, ez gaizto, bere zentzugabeko agindua bete arte. D
enak hil egin behar zirela idatzita bezala, hala gertatu zen.

Nahiz eta bere helburua lortu eta bera eta bere familia salbatu, Noe, halako sarraskiak ikusirik, erabat ahalketu egin zen, bere Jainkoa hainbestera iristea ez zuelako sekulan uste, baina gutti ezagutzea zen, ADN-a denen baitan betiko sartua delako. Beste zerbait ez zion barkatzen orai ere, suntsi lanetan bakarrik ez aritzea eta beste bati, berari beraz, horren konplize izatea manatzea. Horrek Jainkoarenganik etorriko zen populu berriaren nortasuna ez ote zukeen finkatuko, bere buruari galdezka zegoen Noe, hitz batez, faltsukeria ez ote zitzaion gizadiari betiko nagusituko ?
Jainkoa pozik zegoen, berak sorturiko gizadi gaiztoa betiko desagertu izan zelako, ondorioak ez hain gaizto bilaka zitezen, omen, bainan zenduen okerra ez zen benetan hain handia izan, ezta ? Haurrik ez zuten salbaiki erail, ezta ? Ezta ere modu basakian gizaki bizirik ama batenganik errotik atera ? Non entzun ote zen emazteak bahitu, bortxatu eta erail zituztenik edo halako basakeritan aritu izan zirenik ? Inon ez ! Haien bekatuak arin xamarrak ziren, nahiz eta behin edo beste, Abelen gizerailketaren antzekoak gertatu, baina nahikoa zuen nor beraren aurkako epaiketa moral bat egitea eta hura mundutik errotik ateratzea, ezta ?
Zergaitik genozidiora iritsi, hori izan baitzen juduen aurkako lehen suntsiketa, ezabatze programatua, eta Jainkoak gizona bere antzera egiteagatik, agian, ez azkena.
Noek salbaturiko giza eta abere bikote guziei, bat- bateko irrifar ozena atera zitzaien....

Ehunta berrogoi hamar egunen buruan, oraino, senideak, abere sanoak eta Noe untzi barnean zeuden, hilabete t'erdi uholdea bukatu arren. Urak ez zirela lekutu lehenik, lurra oraindik hezea zegoela gero, beste arrazoin ezezagunarengatik azkenik, hantxe omen zeuden eta senideak aspertzen hasi omen ziren, piztiei, ase ondoko gosea berriro azaltzen zitzaielako, eta Noek, hortxe, aginduak betetzen, bele begirale bat leihotik bota zuen lehenik, uso bakezale bat inguruak miatzerat igorri zuen gero, denak kartzela hartatik behingoan atera nahiz.

Jakin gabe nola, untzia ur kabitik norbaitek indarrez atera zuen eta Ararat mendira ereman. Usoak berri onak ekarri zituenean, denak arkatik atera egin ziren eta malda beherantz abiatu. Eraikitako aldarean erre opariak Jainkoari eskaini zizkioenean, Noe moskortzera joan zen, bere mahastiaren ondoko sotora joanez. Hantxe biluzik erori baino lehen, senideak oihuka hasi zitzaioten:

Aizu, zenbat denbora egon gaituzu untzi horretan, dena basakeri, sexu eta odol jario? Denei jasanezina egin baitzaigu. Hobe genuen besteekin batean hiltzea, ez al duzu uste? Eta munduaren aurrean traidore zikintzat betiko agertzea merexi zuela uste al duzu? Gainera, bortizkeria dibinoki bideratzeko eredutzat hartuko gaituzte, baita genozidioak antolatzeko ere, Jainkoak egindakoaren etsenplua jarraituz.
Hauxe zure errua da, zergaitik besterik gabe Jainkoari baiezkoa eman? Zu zinen bakarra, hor milikatzaile galanta. Pentsa lan zikinetan aritzeko nehor aurki ez balu, deus ez zatekeela gertatu izan, ez uholderik, ezta ere sarraskirik. Agian denak heriotzak jota bainan beste modu ohoretsu batean behintzat.

-” Ez dakit maitea,- erantzun zion apalki Noek eztiki bere emazteari- Nik ez dut ezer gaiztorik egin eta untziko lemaren nagusitasunik ez neukan ere, ezta ere uhainen ibaialdi beherakadaren menderakuntzarik. Jainko jaunaren afera baita, ez nerea.”

- “ Bai, bai, beti berdin, sekulan ez duzu ezer egin, ezer esan, ardoa edan baizik. Bazekien bai Jainkoak nori galdegin, herriko hordi handienari noski. Eta zuk baietz erantzun, betiko lainoetan egonik. Zer egin diodan nik Jainkoari halako senarra emaiteko! “

- Lasai egon andre , hemen dituzu zure semeak, begira hortxe, oro salbu, Sem, Kam eta Jafet. Zer nahiago zenuen kanpoko uholdeak denak ito zitzan edo?”
Senideetatik urrunduz, sotorat joan zen eta bere ardo goxoenaz beste hainbeste trago egitera, lurrera erori arte.
Zergaitik biluzirik ote zegoen nehork ez zekien, ezta bere emazteak ere. Kamek bere aita biluzirik aurkitu zuenean, kanpoan ziren beste bi anaiei jakinarazi zien. Sem eta Jafetek soingaineko bat eskuratu zuten eta aita biluzia estali zuten. Ardoaren lozorrotik esnatu zenean jakin zuen Noek seme gazteenak egin ziona eta biziki hasarretu zen eta zinez betiko madarikatu. Semeak ez zuen ulertzen zergaitik aitak, bere biluztasuna estaltzeko lana eskertzea baino, halaxe kondenatzen ote zuen? Zer egin zuen berak aita laguntzea baino eta besteen bistatik sor zekiokeen ahalkea baztertzea baino? Bainan ez! Biluzirik ikustea izan zen bekatu handiena eta Jainkoak hala manaturik eta bigarren aldiko, pudorea munduan hedatu zuen, bere ondorioak batere neurtu gabe. Horixe falta zitzaion andereari, jadanik gizonaren menpe ezarri zuenari, orai gorputza betiko estali behar eta...
Ipuin guztietan bezala, Noeren biziak bederatzi ehun urte iraun zuen eta azkenean hil egin zen, ardoaren eragin gaistoak gezur izan zitezketeela erakutsiz.

Noeren semeek seme ainitz ukan zituzten eta haien askazia ere semez semez haritu egin zen, hango gizartean neskarik eukitzea debekatuta izan balitz bezala. Kanaandar jatorriko guziak munduan zehar barreiatu ziren, hainbat herri sortarazirik. Noeren semeen leinukoak, nor bere ondorengo eta herrien arabera, ugaldu egin ziren, besteekin batera erabaki garrantzitsu bat hartu arte, hiri bat sortu behar zutela eta haren erdian zeruraino iritsiko zen dorre bat, batez ere, ospetsu izan zitezen. Noeren jatorrikoak zirela nabari zen, kasta berekoak, hark ere ospe beragatik Jainkoari nehork egin nahi izan ez zion lana bere gain hartu zuen, herriko traidoreetan traidorena bilakatu arren.
Horiek ere ospea irabazteko lan handietan hasi ziren, Babelgo dorrea altxatu nahiz. Orduan, populu guziek hizkuntza bera omen zuten, hizkuntza adamikoa, hebraiera ala arabiera, eta garaietan garaiarena izango zen dorrea egin nahi izan zuten. Bitartean Jainkoa agertu eta laugarren aldiko hasarretu zen. Bildurrez josiak, dorrearen lanari utzi egin behar zioten, Jainkoak mendeku bat hartu zuelako, denek ulergarri zuten hizkuntza bera mila zatitan haustea eta mintzaira desberdinez mundua estaltzea, elkarri uler ez ziezaioten. Dorre egileak munduan zehar sakabanatu zituen, bakoitxari hizkuntza berezi bat emanik.
Hala uste izan baitzuen Jainkoak, mintzaira bat baizik munduan ez zela. Hala zen, bai, berak kudeatzen zuen lurraldean, noski, Adan eta Ebaren ohiko Edenean, Noe eta bere jatorrizko jendeen artean, baina aspaldi, beste hizkuntza mordo bat bizirik zegoen munduan zehar, beraren kontrolpean ez zeuden eremuetan, eta hori, berak jakin gabe, noski. Jainkoa ez zela dena ikusteko gai horretan garbi agertu zen.

Aspalditik inork ez zuela Jainkoaren berri izaten, sarraski hura itsuski antolatu zuenetik eta ustez eta lasaitasuna munduan zehar betiko itzuli zela sinetsiz, berriro agertu zen bake hura haustera. Zer axola zitzaion bada dorre bat eraikitzea, bere ohoretan egina baitzen? Bainan ez, gauzak lasaiki bere ildotik uztea baino, nahiago zuen bere dominazioa erakutsi, denak bere menpe egon zitezen. Gizakiak sakabanatu behar zituela eta bakoitxari hizkuntza bat eman behar ziola, horrela elkarri uler ez ziezaioten entzun omen zen. Zer zen astokeri berri hori? Ez ote zekien aise lehenago, aro hormatuetatik denbora epeltzera joan zenean, leizeetan agerturiko ur sotilek onomatopeia berri batzuk sortu zituztela eta haietatik jalgitako IZZZZZZZZ soinuaz hizkuntza bat sortu zutela Euskal Herrian? Ez ote zekien beste hainbeste tokietan ere halako mintzairak bazirela, Jainkoak ez omen zekien dena? Ez ote zekien, hau guzia baino lehenago beste zerbait ere izan zela?
Indartsu eta ahalmentsu izateagatik bere helburua lortu izan zuen, beti mendekuan oinarritua, bere betiko sena ez zuela inolaz ere galdu uholdearen ondotik erakutsiz.

Abrahan, Noeren kastako, semez seme sorturiko azkenak Haranen hartu zuen egoitza eta behin, Jainkoak dei egin zion: -” Utzi zeure lurra, zeure ahaideak eta zeure aitaren etxea eta zoaz nik erakutsiko dizudan lurraldera. Nazio handi bat eginen dizut eta ospetsu bihurtuko dut zure izena. Bedeinkatuko zaitut, eta bedeinkazio iturri izango zara. Bedeinkatzen zaituena bedeinkatu eginen dut; madarikatzen zaituena, berriz, madarikatu. Zure bitartez bedeinkatuko ditut lurreko herri guziak.” Huntakoan ere, Jainkoak bazekien nori galdegin mesedea eta beste gizenganik banatzeko griña beti hor zeukala garbiki erakutsi zuen.

Abrahanek ospearena entzun zuenean zalantzarik ez zuen izan, Noeren iturburukoa baitzen, eta Jainkoaren aginduak segitzeko erabakia hartu zuen, nahiz eta mendekuak eta mehatxuak ez atsegin.
Abiatu zen beraz, Abrahan, Jaunak agindu bezala. Hirurogeita hamabost urte zituen Harandik atera zenean. Berekin hartu zituen bere emazte Sarai, iloba Lot eta Haranen lortutako eta erositako esklabuak. Hala Kanaan aldera jo zuen. Harat iritsi zirenean lurraldea igaro zuen Siken deritzan lekuraino, Moreko arteraino. Kanaandarrak ziren orduko bertako bizilagun. Jainkoa berriro agertu zitzaionean hura zela hautaturiko lurra esan zion, bere ondorengoei eman beharko ziena. Noeren antzera, Abrahanek ere aldare bat eraiki zion Jainkoari mendi aldera abiatu baino lehen, Betel-en ekialdera. Hantxe kokatu zuen oihal etxola eta Jainkoari eraiki zion bigarren aldaretik gurtu zuen, lur berri bat emaiteagatik. Gero Negeb aldera jo zuen.
Baina laster gosete izugarria izan zen lurralde hartan, hau ere Jaunak sortua. Hain larria zenez, Egiptora joan zen Abrahan, atzerritar gisa bizitzera. Harat iristear zegoela, bere emazteari esan zion: -” Adizu Sarai, badakit emakume ederra zarela. Egipziarrek ikusten zaituztenean nire emaztea zarela usteko dute et hil egingo naute eta zu bizirik utzi. Esazu otoi, arreba zaitudala, zuri esker bizirik utzi eta ongi har nazaten”.
Jainkoaren azpijokoa zela jakinez, emaztea isil- isilik zegoen, senarrak eskatzen zionari beti baiezkoa emanez. Faraoiak Abrahanen arreba zela jakin zuenean, emaztetzat hartu zuen eta bere gorputzaz gozatu. Bainan laster egia zabaldu zen eta hasarre, faraoiak emaztea itzuli zion handik lekutzeko agindua emanik. Lot ilobak ez zituen halako gauzak ongi hartzen eta gizarte hartan emazteak jasaten zuen umiliazioa ez zuen onartzen, bainan inork ez zion kasurik egiten, hain arzalea zen orduko ohitura zaharra. Halere, bien arteko liskarra sumagarria zegoen eta Abrahanek aitzaki eder bat aurkitu zuen Lot bere ilobarenganik urruntzeko. Haren ardi eta abere guzientzat hantxe lekurik ez zegoela aski esan zion eta elkarrenganik berexi behar zutela esan zion osabak. Bakoitxak bere lurraldea hartu zuen, Lotek Sodomaraino zedaen baratze ederra harturik, Nilo ibarraren antzekoa.

Orduan Sodomako jendea nahiko gaiztoa zen eta Jainkoaren aurka egiten zituzten bekatu larriak ugaltzen ari ziren ere, baita hurbilean zegoen Gomorrakoa ere. Mendekuari ohore eginez, hango erregeak galipot putzu batean eroraraztea lortu zuten eta gainerantzekoak mendi aldera ihes egitea ardietsi. Halere, hantxe bizileku hartu zuen Lot bahitu zuten eta leku ezezagun batera ereman. Abrahanek hori jakin zuenean bere lagun guziak bildu eta errege haien ondotik joan zen Daneraino. Bere gizataldearekin etsaien gainera erori ziren eta garaitu, Lot iloba bere sehaskara itzularaziz, baita bere ontasun guziak ere. Basakeriz basakeri Jainkoaren kondaira aintzinera zihoan, gizaki bakarren konplizitateak lortuz eta modu jasangaitz horretan bere aldeko sinesmena sortu eta tinkatu zen.

Adan eta Ebak, mendi kasko hartatik aspalditik lekutu zirelako eta haien bidai berezian jarraitzen zutelako, hura guzia ez zuten jakin bainan, egia aitortzeko, hobe izan zuten, hainbeste mehatxu, mendeku eta bortizkeri ez zutelako batere gogoko eta Jainkoaren ADN-z aspaldi dena baitzekitelako.


Adan eta Eba ibilki

 

Naski, bere idurira berak egiteagatik, Jainkoak ere Adan eta Eba ongi ezagutzen zituen eta bazekien ere nonbait gordeak zeudela, bainan bere idurikoak hain pareko bikainak egin zituen, ez zituela batzutan ikusten ahal, bera, miraila batean bezala, agertu gabe. Hainbeste denbora pasatu zen sortu zituenetik, zenduak izan behar zutela iduri zuela, bainan ez, bizi-bizirik zeuden eta egia igartzeko gogoz, nahiz eta jakin ezuste izugarriak deskubrituko lituzketeela. Berdin zitzaien eta begi aintzinean bizi izan zituzten sarraskiek Jainkoarekiko zalantzan ezarri zituzten, bazekitelako onezia ez delako inoiz tzarkeriarekin erakusten .
Mundu berri bat hasten zela garbi zegoen eta Adan eta Eba bizirik ote ziren zalantza hedatu egin zen, mendi gailurrean izkutaturik zeudela jakin arte eta halaxe, berriz ere, lehenbiziko gizon emazteak mundu berri horretan izango zirela jakin zutenean, ez zitzaien batere atsegin izan, esperientzia lekuko. Halere, Noe azpisugea, bere senideekin batera, hantxe zegoen bizirik eta bera zen egiazko konplize bakarra.
Haien gorde ihesan, Adan eta Eba bide harritsuan aurkitu zituzten ximino batzuei esker, harkaitzen gaineko leize sakon batean sartu izan ziren eta, babesleku epel hartatik, “itsunamiaren” *gorabeherak ikusi zituzten, bereziki azken une larrien testigu izanez.
Jainkoa ere, odolez beteriko ezpata eskutan, bere ekintza basa horretaz apur bat lotsaturik zegoela zirudien. Gainera, bere ahalmen magikoa amiñi bat ttikitu zitzaiola ohartu baitzen,

*Itsunamia: itsu eta “ tsunamia” ren arteko hitz berria

 

dena ikus zezakeen Jainkoak bikotearen testigantzaz ez baitzen konturatu eta berak lekukorik ez zuen nahi, behin edo beste, modu desberdinez berria zabal zezakeen lekukorik bederen, Noe eta salbaturik zagerten bere senide fidelak izan ezik.
Bikoteak ximino bihozdun haiek biziki lagunak egin zituen eta elkarrekin ibiltzeko proposamena egin zienean baiezkoa eman zioten, leizeari esker bizia salbaturik ukaitea ez baitzen txantxetako gauza izan. Bihotz bihotzez eskertzeko gisan, ximinoek bidean segitzea deliberatu zuten.

Zer bidaia mota egingo zuten oraino ez zekiten arren, konfiantza guzia haiengan ezarri zuten eta aintzinera abiatzeko prest zeuden. Gizabere tropa alaiak gorantzako bidea hartu zuenean, denak pozik zeuden, bereziki sarraskitik eta bere egilearenganik urruntzen ari zirelako. Mendi haren kaskoraino iritsi ziren gailur haren puntatik zedaen ikuspegia arras ederra zen. Alde batetik paisai zabal- zabala, ezkerralderantz, lurrertzeraino zihoan ikusaldi lanbrotua, irek-irekia, biziari ongi etorria ematen ziona, ustegabeko iraganez beterik zirudiena ere. Eskuinaldean aldiz, ibar hertsia, uholdearen arrastoak erakusten zituena, leku haizetsu bezain hezea, lohiz betea, mendi gailurrek mugatzen zituzten ibarrez inguratua, hedoien artean, herabeturiko ortzadar etorberriak bere kolorezko argiz, uzkurki, bizia eman nahi ziona. Hori guzien lekuko izan baitziren, “itsunamiaren” hastapenetik bukaeraino eta hantxet, haran haren inguruko Ararat mendiaren gainean arkaren arrasto abandonatuak nabarmen ageri zirela ikus zezaketen. Balizko zoom bati esker, goiko leihotik nola bele bat hegaldakan jalgi izan zen ikusi izan zuketen ere, nola haren hegaldi luzeak ibar osoa kurritu zuen, behatzaile baten lana beterik. Mendi gaineraino ez zela iritsi ikusirik, oraino arka barnean zegoen Noeri nola berriak ematen zizkion, lurra oraindik heze bezain bizigaitz zegoela esanez ere. Egun batzuen ondotik, uso bat atera zela begiz begi testigantza jaso zuten ere, belearen bide berdina kurrituz, nola laster itzuli zen, hango bazterrak erabat idor bezain bizigai bihurtu zirela Noeri eta bere familiari berria ekarriz. Jainkoaren agindua segiturik Noe eta bere senideak untzitik, behingoz, atera zirela ere ikusi izan zuten, den- denaren lekuko izanez, hala nola, haien gibeletik bizirik gelditzen ziren hirugarren solairuko ugaldunak eta atzetik, danba aseak zeuden piztiak eta basabereak nola untzitikatu ziren. Benetan harritu zituena hauxe izan zen, azken azkenik, gorilak irten izan zirela eta urrundik, mendi gainean haiekin zeuden ximinoei esku keinu agurgarri bat bota zietela. Bitxi egin zitzaien hain urrundik haiek halaxe ikustea bainan agur horrek mezu bat zekarrela zerakutsan, ximino guziek bat egiten zutela eta ahalmen dibinoak lortu izan zituztela, arkuntzitik atera zirenek, behintzat.

Bitartean, odolgaizto galanta baten antzera, Noe, untzitik atera zenean, bere komandante supremoari aldare bat eraiki ziola goititik ikusi zuten ere eta zauriturik zeuden abere guziak sakrifiziotzat erre zizkiola ere. Gertatu zenaren testigurik ez ote zuen bizirik ikusi nahi edo bere hitza bukareraino bete behar zuen, modu horretan bere fideltasuna azkenetaraino erakutsiz? Agian bainan mendi kasko hura bistatik galduta zeukan eta lekuko nagusi bihurtu ziren sorturiko lehen gizon emaztea bere aurkari nagusiak bilakatuko zirela ez zuen kontutan hartu.

Halere, Jainkoa pozik zegoen! Hantxe eta modu ospetsu batez, azken suntsidura izanen zela zin egin zuen, halako besterik ez zuela inoiz ez antolatuko, gertatu izan zen honekin gizakiak nola portatu ongi ikasi zuela zirudielako. Ez zen Noeren ondokoak ongi ezagutzea, genozidioa zer zen ikasi baitzuten, baina, hango denek sinetsi egin zioten.
Egunak eta gauak, nola sasoin guziak, betiko kokatzen zituela entzun zuten ere.
Noerekin sinaturiko azken itunaren lekuko izan ziren ere, munduan zegoenetatik, gizakiek denetarik jaten ahal zutela, berak, bere senideak eta bere askazi guziak. Eraileak, bere erailketez ahazturik edo, hemendik aurrera gizakiari debekatua gelditzen zitzaiola gizaren odola isurtzea oihukatu zuen eta hala gertatuko balitz, berak ere odola galduko lukeela.
Hedoien artean itun berria zehazki entzun zuen ortzadarra, berriz ere, keinuka agertu zen eta eztiki, odol xortak begian, irri egin zuen.

Esan bezala, bere hurbileko senideekin batean hau dena ospatzeko eta esan bezala, Noek, bere mahastietara jo zuen eta urteko azken ardo gozoez mozkortu egin zen, animaleko parranda eginez, bere etxolaren erdian biluzik eroriz, ondorio jakinak sortaraziz.
Anartean, egoitza laketgarri bilakatu zitzaien mendi gailurra utzi behar zutela aipatzen hasi ziren eta ximinoek beheralderantz joatea aholkatu zuten, haiek bide hura ongi ezagutzen zutela eta galtzeko arriskurik batere ez zegoela. Erabaki zentzuduna iduritu zitzaien eta, eskuineko alde hartan Noeren askazia ugaltzen ariko zen bitartean, ezkerraldera joatea deliberatu zuten, izadi zabal bezain harkor hartara, alderantzizko bidai bat egiten hasten balute bezala. Ximino gidariek egitarau osoa eman zieten, begi aintzinean zabalik zituzten paisaiak adieraziz. Mendi haren izena edo leize harena, beste erreka biziarena eta halaxe, inguruak zehazki deskribatu arte. Hantxe Jainkorik ez zegoen eta bizia emeki-emeki joaten zela zagerien, denboraren noziorik gabe edo denborari iraupen ezin luzeagoa emanik.


Eboluzioa, zabal- zabala, eta ezin polikiago etorria, klorofiletik landareetara, uretatik bizira, ximinotik gizara eraikitako ohiko bizia. Hori guzia bisitatuko zutela erran zieten eta bidaian hasteko prest bazeuden galdegin zieten. Adan eta Eba harriturik zeuden, lehen gizon- emazteak ez zitezkeela ohartuz, Edenean gertatu zitzaiena amets bat baizik izan zitekeela konturatuz edo ipuin dibino baten pertsonaiak baizik izan ez zitezkeela ikusiz ere.
Haien bizi arrazoina hankaz gora zihoan, baita haien sortzea ere. Lehengo bizia oroitu nahiez, Adanek orbanari begirada arin bat bota zion, bere saihetseko marka biziki arindu zela konturatuz. Ebari hura aipatu zionean, isilik egoteko agindua eman zion, bizi berrian sartzeko dena ahanztea askoz hobe zela eta bidai ikasgarri honek bere sortzeari adierazpen zentzuduna eman ziezaiokeela luzatu zion. Agian !
Orduan, Jainkoaren izkuturiko boza berriz ere entzungo zuketeela pentsatu zuten baina ez, han ez zen oihartzun gehiagorik izan eta eskuineko parte hartan betiko gelditu zela gogoan hartu zuten.
Ximinoen atzetik, Adanek ezker alde hartaranzko lehen urratsak egin zituen, emaztea bere atzetik uzkurki abiatuz. Atzeko partera azken begirada bota zioten eta tentazio baten eraginez, paisaia erabat aldatu zela ohartu ziren, haien deigarri. Hark, orai, baratze handi bat zirudien, zuhaitzez hornituta, haien adarretatik fruitu ugari zintzilik, inguruan abere libre bezain iheskorrak lasterka eta loreak, kolore guzietakoak, haien gizon emaztearen arteko amodioa suspertu nahian bezala. Bainan esperientzia lekuko, hura lilura tranpati bat baizik ez zela iduritu zitzaien, sugez beteta, eta burua aintzinera emanik, beherako bidea hartu zuten, hantxet zagerizkien tentazio guziak bistatik galdurik.
Nahiz eta haien pausoak uzkurrak izan, ximinoen segurtasunak babesten zituen, norat joan bazekitelako eta haien ezagutzak erakusteko gogoz zeudelako. Beren bizia haien eskutan jarri zuten.

Laster, parez pare, ibar luze bezain lainotsu ezezagun hartatik, orro ulergaitz batzuk entzun zituzten eta han, urrunean, talde bat oinez haiengana zurbilela ohartu ere. Handik zetorren gizabere multxoa gero eta hurbilago zuten eta agure zahar baten atzetik, bi gizaki bitxi zetozen, zikin bezain iletsu. Batek oinez ibiltzeko zailtasun ainitz zerakutsan, sekulan zutik egotea ikasi ez balu bezala; bigarrenaren gorputza dilindan zebilen, urrats txikiak emanda, beso luzeak zintzilik. Bere atzetik egiazko ximinorik ez balitz heldu, haien arteko bat litzatekeela esango zuten, marraskaka baitzetozen, aitatxi ile luze xuridun haren gibelean. Gainean zituztela eta, Adan eta Eba ximino adiskideen atzean izkutatu ziren, aurkitze berriek haien baitan, beti, susmo txarra bazekartelako.

-“Ud monin” edo halako zerbait esan zien agureak, mundu berriko mintzatzeko ahala bazuela erakutsiz. Denek ezagun balira bezala, besarkada tinkoez elkar agurtu zuten. Giza bikotearen hor egoiteak ez zituen batere harritu, bereziki zaharrenak, eta patuaren zorte onaren antzera, hizkuntza bitxi batez agurtzera saiatu ziren haiek ere,“egunon” edo halako zerbait esanda. Bidaiaren egitarauan ikusgarri antolatu bat izan balitz bezala, aintzinetik igurikatzen zuen topaketak agurea ez zuen batere harritu. Eta zinez, hala zen, denek aurkitze hura gogotik itxoiten zutelako.
Eba isil-isilik zegoen, pentsakor. Lehengo munduan kondenatua izan zen gizonaren menpe bizitzeko patuaz, berarena eta bere eme askazi guziarena, oraintxe benetan hasten zela susmoa izan zuen andreak, bera baitzen eme bakarra eta paretik heldu zen taldea gizonez eta ximino arrez baizik ez zegoelako osatuta. Orai arte Adanerengan konfiantza bazuen ere, engoitik kontuak desberdinak izango zirela bazekien.
“-Animo, andere, esan zion Adanek, ez dugu berriz atzerako bizian erori behar, begira zer itxura daukaten britaniko honekin datoztenak, erdi gizon erdi ximino, bihotz onekoak iduri, ausar gaitezen maitea, ez zara damutuko, ikusiko! ”
Beste erremediorik ez zeukala ikusiz, baiezkoa erantzun zion nahiz eta bihotza goibel izan. Egia esateko, haien amodioa hain gotorra zen ez zutela elkarren aurkako erabakirik hartu nahi, bat bestearen gabe galduta zeudelako. Jadanik, mesfiantza apur bat sartu zitzaion Adani, Ebak, orduan, sugearen aholkuak segituz, sagarra horzkatu zuenean eta denak, hondatzera ereman zituenean, bainan errazegi zen emazteari erru guzia botatzea, Jainkoa ezagutu eta geroz. Aintzinetik, dena programatua zeukala ohartu baitziren. Aurrerarako abian, beraz, batek besteari ezezkorik ez ematea zin egin zuten eta hori izan zitekeen elkarren arteko maitasunaren atxikitzaile bakarra.

Zerua beltzatzen hasi zen eta gizabereak biziki urduri zeuden, izugarrizko erauntsia botako zuela nabari baitzen. Denak orroka hasi ziren. Agureak, bere konpainian zeuden gizakei, haien izenez deitzen hasi zitzaien, bati Erek izengoitia emanik, besteari Habil. Senar- emazteak basa horiek izen bat izatea begi onez ikusi zuten, haiek bezain zibilizatuak zirela erakusten baitzieten. Horrek Eba hunkitu zuen, erakusten zuten itxurarekin zer ikustekorik ez zeukatelako. Beste zerbaitek ere konfiantzan sartu zituen ere, ximinoek izenik ez zutela eta bi izakien arteko desberdintasuna horretan garbi agertzen zela.
Euria hasi zen, gogor, eta mendi gainetik ikusitako uholdea gogorat etorri zitzaien. Agure zaharrak bere baitan ekaitz hura dibinotzat hartuko zuketeela bazekien, bainan haren naturaltasunaz xuxurlaz hitz egin zien, hura zigor bat batere ez zela, jendea gaztigatzeko gisan sorturiko uholderik hemen ez zegoela... Mehatxu eta mendekuen mundua gogoraturik, hura baino txarragorik ez zitzaiela gertatzen ahal pentsatu zuten eta haien eskutan berriz ere etorkizuna ematen utzi zieten. Zaparrada horiek tankera berekoak ez zirela berehala oharturik, hemen, lurralde berri honetan, Jainkoaren bortizkeriaren ondoriorik ez zitekeela etsitu egin ziren, jainkoa betiko desagertu zitzaielako.
Hango harpe batean aterbetu ziren erauntsia erabat gelditu arte.

Gizon zaharrak, gentleman baten antzera, bere burua aurkeztu zien Richard Darwin zela esanez, adin gabeko gizon britanikoa, bainan zer zekiten haiek zer zen britaniko, hebraitar edo mundutar izaitea. Erekek eta Habilek, haien izenak ere luzatu zituzten, haien mintzatzeko ahalmena horretara mugitzen balitz bezala. Ximinoek, gizaki irrifartsu batzuen gisara eta hortz handiak agerian erakutsiz, mintzatzeko modu haiek onartu zituztela nabari zen eta leizea utzirik, hantxe zagerren aintzira baretsu haren inguruko bidetik aintzina egin zuten. Mendizale tropa baten gisara, binaka elkarrekin mintzo ziren, denak, Adan eta Eba, lerro bitxi haren azken lekuan segurtasunezko pausuak emanik. Aintzirako itzulia eman zutenean oihan hornitu bat agertu zitzaien eta ximinoak, haien jatorrizko nortasuna erakutsi nahiz, zuhaitzetara igotzen hasi ziren, adarretatik zintzilika, haien berezko arintasuna erakutsiz. Erek eta Habilek, noiztenka, portaera horretaz jelos zageritzan, abere horien ondorioak zirela nolazpait salatuz. Erekek sagarrak gustukoak zituen eta sagarrondo bat zekuskenean, haren gainera igotzen entsaiatzen zen, puntaraino isatuz, goiko fruituak behekoak baino hontuagoak izan zitezkeela ustez eta.
Agian emazte bakarra izateagatik, Ebari hoberenak luzatzen zizkion, oroitzapen krudelak oroitarazten zizkiola jakin gabe.

Txarak, oihanak, ibarrak eta ordokiak kurritu zituzten, gehienetan gaueko gordelekutzat leizeak harturik. Bazter guziak zitzaguten, hortxe ezponda sakon bat zegoenean, hantxe harpe babesgarri ilun bat irekitzen zenean ala hementxe egarria asetzeko aintzira, ur jauzi edo putzualdi bat bazegoenean. Non lo, non jan eta edan bazekiten, bazter hori arras ezaguna zutela erakutsiz. Bildurra zer zen ez zekiten ere eta denbora luzeko ibilera hartan beste erasorik ez zuten jaso, agian beste abereek horien indarraren jakin gainean zeudelako edo adiskide gisa ikusten zituztelako. Hartzuloetan sartzen zirenean, hartza zuten etsai bakarra eta haren usainik ez zegoenik, derrigorrez egiaztatzen zuten.
Nahiz eta leize haiek tenperatura gozoan egon, erdi biluzirik zeukaten gorputzek hotza senditzen zuten. Hotza baino, hezurretaraino sartzen zitzaien hezetasuna, harpearen paretetik zisuriten ur sotilen IZZZZZZ soinuak haien gorputzen barneraino sartzen balira bezala.
Batzuetan Erek eta Habilek ere hartzuloak ezagunak zituzten eta paretetan agertzen ziren marrazkiak ohikoak zituzten ere. Bikoteari aldiz, arras bitxia egiten zitzaion, hark hantxe aspalditik jendea bizi izan zela zerakutselako. Eba, Adan baino urduriago zegoen eta bere galderek senarra nardatzen zuten. Lehenbiziko gizakiak ez zirela gero eta konbentzituago zeuden baina zertarako berriz ere hori aipatu ? Azkenean, noiztik bizia berdin zuen, eta nahiz eta haien gogoa aspalditik itzulipurdika hasi, gogoeta urduritsuetan berriz ere ez zuten erori nahi. Hau, bizi lasaia zen, ikasgarria zen bizi berria eta kitto !

Ebari beste galdera nardagarririk ez egitea eskatu zion, erdi hasarre, ezagutzen zuten munduko hirugarren giza hasarrea denen aurrera plazaratuz. Lehenak Jainkoarenak izan ziren, beraz dibinoak eta gizakienen artetan kontutan ez hartzekoak, lehen gizarena beraz, Kainerena, bigarrena Noeren emaztearena eta hirugarren hauxe, apal-apala eta ondoriorik gabekoa. Eba leizetik atera zenean Erekek eta Habilek bere urratsak segitu zituzten, gizonki, baina emaztea berehala horretaz ohartu zelarik, Adani bere ondora joatea oihukatu zion. Darwin agureak adinekoei oihu bat bota zien eta zintzo zintzo, bi gizon iletsuek gibelerat egin zuten, taldearen hurbilera itzuliz. Ebaren esker-begirada baliatuz eta eleka hasteko esku luzatua kontutan harturik, halaxe hasi zitzaien:
- “Dakusazuen bezala, alderantzizko bidai luzean sartu gara, gizakiaren sortzeraino eremango gaituen bidaian. Badakit hori harrigarria zaizuela baina ipuin batetik ateratako pertsonaiak zaretela nahi nizueke erakutsi. Lehen gizon eta emazte zehatzik ez baitago, bizia emeki-emeki agertu zelako munduan eta nahiz eta ximinoen gizakiratzeko bidea arras luzea izan, hemen daude gaur Erek eta Habil lekuko. Laster, gure bidean, Sapiens eta Kromagnon izeneko gizaki modernoak aurkituko ditugu, bidean nahiko galduta, gu bezalako garunak jadanik bazituztenak eta, nahiz eta muin murritz bezain pobreak izan oraino, pentsamena martxan zaukatela baieztatuko duzue. Haiengandik heldu gara, denok, zuek, ni eta beste gizaki guziak. Zuek ezagutu zenuten mundua eta urez itoa izan zena biziki berria zela jakin ezazue eta Edenean bizi izan zenuten bizia lilurazkoa, nahiz eta zuek uste egiazkoa izan zela. Asmaketa bat baizik ez zaretela jakin behar duzue eta bidai honen lehen pausoek jadanik lehenengo gizon emazteak zaretenik zalantzan sarrarazi dizuete. Orai aintzinera bagoaz, bainan lasai, gure asmoa ez baita zuek bortxatzea, ezta ere indarrez ideiak sarraraztea, are guttiago mehatxu egitea edo edozoin gauzetaz mendekatzea. Nitaz fida otoi eta lasaiki aurrera jo dezagun.

 

 


 

Tel Aviv- Baiona, 2015 ko urtarrila


Poloniako Auschwitzeko kontzentrazio kanpamenduaren askatu zuten hirurogoita hamar garren urtemuga kari, eta juduen erailketa masiboa gogoan, beste genozidioa, Tel Aviveko “Historia eta erlijioa” kultur taldeak, aste osoan, oroitzapenarekin loturiko aste bat antolatzea erabaki zuen. Osteguna zen eta laugarren hitzaldiaren emanaldiaren atarian zeuden. Lehen hiruetan, Auchswitzekoa oroigarri, hizlari ospetsuek lekukoak elkartu zituzten orduko exterminazioari buruz mintzatzeko. Gaur, eta beste urteetan egiten zen moduan, Tohraren gogorapena zeukaten ospagai, bere sortzea, Tohra eta Bibliaren itun zaharrak dituzten idazki berdinak mintzagai. Beste egunetan politiko ainitz bildu bazen ere, gaurko hitzaldira bertako eliza ortodoxeko errabinoak gonbidatuak ziren eta haien ondoan, beste urteen ohitura jarraitzeko, katoliko batzuk ere gomitatuak zeuden, nahiz Jainkoa eta ez Jahve izan erlijioaren zutabe.
Publiko ugari zegoen, lerroz lerro, sarratearen aintzinean eta aretoan sartzeko poliziak kontrol zorrotzak antolatu egin zituen, nori metal detektagailua gorputz gainean pasa, nori nortasun agiria eskatu, itxuraren arabera eta arabiarrei biak. Denek haien jarlekua hartu zutenean, aurkezle gazte hark hitza hartu zuen:
-” Arratsalde on jaun- andereak, aste berezia dugu eta ezin dugun ahantzi gure populuak jasandako genozidioak honera ekarri gaituela. Gaur egun oroigarria dugu, esterminazio kanpamenduaren askapenaren eguna baita eta hori beti gogoan zizelkaturik izanen dugu. Hirurogoita hamar urte iragan dira eta asko iduritu arren, atzo izan zela denok gogoan daukagu.

Aste guzian antolatu ditugun hitzaldietan arlo guziak ukitu izan ditugu, urtero bezala, bai politikoak, bai historikoak, baita ere erlijioari lotuak. Gaur, gure izaitearen berpizkuntzaren eguna gogoan izanez, Israel gure aberriaren lortzea oroigarri dugu. Diaspora behingoz utzirik, hauxe den gure herrian hartu genuen bizileku eta gaur ere, kanpoan dauden juduei dei bat igortzen diegu, guregana hurbil daitezen, ongi etorriak izango direla eta. Aurtengo
Pariseko Charlie Hebdoren sarraskia larria izan da eta horren ondotik izandako gure Karcherreko supermerkatuaren aurkako erasoa izenik gabekoa. Denda horren jabeak, Israelera etortzea erabaki duela jakin dugu, bizia jasangaitza egiten zaiolako Parisen. Ongi etorria, beraz, gure etxeko atea zabal-zabalik dauka, bainan ez genuke nahi soilik antisemitismoak bultzaturik jendea gureganatzea, bere borondate onez baizik. Onargaitza dugu juduen aurkako gorrotoaren izenean gu denak erasotzea eta bildurrez bizitzera kondenatzea. Ez da posible, eta horretan gaude, gero eta gehiago!
Judaismoak eta katolizismoak ardatz berdina badute, itun zaharra eta munduaren eta gizakiaren kreazioa, gero aldetzen direla badakigu, guk Jesukristo Jainkoaren semea denik ez dugula sinisten bainan desberdintasun horrek ez gaitu bat bestearen aurka ezartzen. Halere hori ez da gure erlijioek gazteak galtzeko arrazoina, agian katolizismoak gurea baino gehiago bainan, biek gazteen lekutzea sufritzen dute eta federat berrurbiltzeko bideak elkarrekin aztertzeko gaur hemen gaude bilduak, gure ustez, testu sakratuak biziki gaurkotu behar direlako jendearen egarria ase dezaten.
Jadanik, Bibliarekin moduan, bere denborean izan ziren itzulpenek testoak berritu edo interpretatu zituzten, gizartearekin bat egiteko asmotan. Orain guri dagokigu berdin egitea, eta liburu zaharrei hautsa kentzea. Beraz, urruntzen gaituena bazterturik, Itun Zaharra dugu elkartzen gaituena, hasieratik profeten hitzetaraino, eta horretaz hasiko gira mintzatzen.

Egun, gonbidatu bereziak ekarri ditugu eta katoliko ordezkariak gure artera etorri zaizkigu, iragana oroit dezagun eta gure bi erlijio lehengusuek bat egin dezaten. Elkarrizketan izango diren hizlariak hauxe izango ditugu: Jaffako frantziskano komentuaren priorea, Domingo Aidnaino, katolikoen ordezkari, Antoine Levy Jerusalemeko soziologo ezaguna, Tohraren aplikazioan maisu trebea eta azkenik, gure sesio horietan aurkaritza legezkoa dugulako eta demokrazia garbi bat izan nahi dugulako, Jon Kepa Irurzun, euskalduna, Tel Aviven ikasle, agnostiko hutsa eta urtero honera etortzen zaigun Bernard Levy psikiatraren iloba.
Lehen aipatu dudan bezala ezin dugu Pariseko kazetarien erailketaren aintzinean isilik geratu, nahiz eta horiek haien karikaturetan sinesmen guziei eraso egin. Demokrazia hori da, trufa bilakatu zaien filosofia onartzea ere, guretzat maiz jasangaitza bilakatu arren. Batzuek ez dute hori sekulan ulertuko.
Mende askotako aintzinatasuna dute bi erlijioek. Ez dira liburu xinple batzuk edo idazle bakar batek idatziak, idazki askoren bilduma baizik eta oso izaera ezberdineko idazkienak dira gainera. Egia esateko, gaurko gizakiaren pentsaera eta esperientziatik urruti samar dauden gertakari eta ideiak bertan dagerte eta hori dugu gaur berritzeko asmoa. Batzuen ustez, prestakuntza historiko, linguistiko eta literario ona daukatenentzat egina dago liburu sakratua, eta gainerako guztientzat, gehiengoarentzat noski, liburu arrotza litzateke, nahiz eta erlijio zutabe gurgarritzat eduki. Nork irakurtzen ditu liburu horiek, bai Biblia baita Tohra ere? Ez jende arruntak, fedean sartuek eta intelektualek bazik ez dute irakurtzen eta hori dugu onargaitza.”
Hitz horiekin hasi zuen hitzaldia. Israelen erlijio kontuko aferak arrakastatsuak baitziren eta gaur ere, entzuleen kopurua ikusiz, hori nabari zegoen.
Laburmetrai bat erakutsi behar zuten lehenik, hogoi minutukoa edo, eta bertan, modu moderno batez, munduaren kreatzailea erakutsi, aingeruak hegaldan bere inguruan, nola munduko lehen gizon emaztea, Adan eta Eba, sortu zituen herrikoiki zabalduz. Ikusle guzien interesa piztu zuen biziki ongi egina zegoelako eta Jahve edo Jainkoaren ekintzak modu desberdinez aurkezten zituen, publikoaren txaloak irabaziz. Han infernurik ez zen agertzen ezta ere suge gaiztorik eta on eta txarraren konzeptuak erabat desberdinak ziren. Nahiz eta iduri liburu sakratuekin haustura handia zekarrela, hala ez zen, eta funtsa hortxe zerraien, betiko oinarri izanez.

Bitartean, Baionan, Pax aretoan, bertako eskola katolikoetan ibili izan ziren juduen elkarte berriak bere aurkezpena zegien, batez ere Saint Bernard barnetegian, orai berrogeita hamar bat urte egon zirenak. Orduko hainbeste lagun ikusteko gogoz, ni ere harat hurbildu izan nintzen, batez ere eskola horren ohiko ikasleak biltzen zirelako, elkarte orokorrak deituta.
Juduen elkarte hori, elkarte orokor horretan sarturik zegoen eta hogoi bat kide zituen. Sud- Ouest egunkaria hurbildu zitzaien fenomeno hori ulertzeko, ez baitzen usu eskola katoliko batek juduak onartzea. Gainera, urte honetan, prentsak juduei loturiko gertakizun guziak begi handiz begiratzen zituen, Auchwitz kanpamenduaren askapenaren hirurogeita hamar garren urtebetetzea kari.
Kazetaria harriturik zegoen Bernard Levy, Antoine Jobbe Duval, Georges Parritzky ezagutu zituenean eta buru belarri egon zitzaien haien ixtorioa kontatu ziotenean. Hiruak elkartearen zutabeak ziren, Bernard lehendakaria izanez. Honek, Tel Aviv-eko hitzaldi saioa bazterrean utzirik, elkartearen sortzea aukeratu zuen, horrek beretzat garrantzi handi baitzuen. Andaluziako Granada hiriko psikiatra eta psikanalista ezaguna zen, madrildarra sortzez eta gazte denboretan, Espainiako hiriburutik Baionako Saint Bernard barnetegira orduan etorria, bere ikaskuntza osoa bertan egin zezan. Parritzky, polones batzuen semea, Kanadan zegoen orai, nahiz eta eskola urteetan Donostian bizi, Clermond Ferrandeko Michelin lantegitik Lasartekora etorritako arduradun baten semea zelako. Antoine Jobbe Duval, Bilbon, egurreko esplotazio eta lantegi baten enpresari baten semea. Hirurak judu, eskola pribatu katoliko batean ikasle.

Bitxi bada bitxi, halako beste batzuk baziren, dozena bat edo, Madrilen bizi zirenak gehienak. Zertara heldu ote ziren hain urrundik St Bernard Baionara La Salle fraile eskolara? Lehenik, biziki ospetsua zelako, Frantzian izan zitekeen ospetsuenetatik bat, gero La salle kongregaziokoek fama ona zeukatelako Espainia guzian, haien erakaskuntza kalitatezkoa zelako eta azkenik, frankismo denboran judu eskolik Espainian ez zelako eta, nahiz eta bakean uzten zituzten, katolikoa ez zena ez zen batere ongi ikusia. Eskola gehienak apez eskolak ziren, erregimenarekin bat egiten zutenak. Bereztasunak bazeuden, halere, eta haien artean hirietako fraileak, batez ere jesuitak, frantziskotarrak eta La Sallekoak. Francoren aurkakoak izanez, eta haien onezia plazaratuz, juduek berriki bizi izan zuten jazarpena begi txarrez ikusi zuten eta laguntzeko prest zeuden. Ohiko bide eragilea zen Hitlerrek juduen aurka sortu zuen gorrototik senideak babestea eta Espainian hori biziki zaila zen, diktadurak bere begiraleak zituelako nonahi. Juduak laguntzeko beraz, haien kongregazioek erbestean zituzten eskoletara juduak bidaltzea zuten lege eta La Sallekoek Baionako Saint Bernard aholkatzen zien, gehienetan familien baiezkoa jasoz. St Bernard zen onartzen zituen eskola bakarrenetarik bat, eta beste kongregazioak horren jakin gainean baitzeuden. Hori zuten, beraz, Lapurdira etortzeko arrazoin nagusia. Hark Biblian agertzen den Egitpo alderako ihesa zirudien, Jaunaren aingerua agertu zitzaionean ametsetan Joseri eta Egiptora ihes egiteko aholkua eman zioenean, Herodes haurraren bila zebilelako. Ateraldi hura atzerritar guzien sinboloa bihurturik, Bernard eta lagunei aplikatzen ahal zitzaien, non zen Egipto eta nor zen Herodes jakinez .

Haien barne egonaldia ez zen txantxetakoa, Bernard Levy eta bere anai zaharrena, adibidez, barnetegitik, soilik eguberritan eta udako oporretaran ateratzen ziren eta horrek eskolak bere baitan zituen gorabehera guziak ezagutzea erakartzen zituen. Bizi baldintzak zorrotzak ziren. Zazpi edo zortzi urte debaldetan pasatzen ez direlako, dena ezagutzen zuten, baita ere fraileek erabiltzen zuten larderia igandeetan nola goza zitekeen.
Zorrozkeriez aparte, beste zerbait bazeukan eskola hark, orduko heziketa motak aberatsen semeak baizik ez zituela ekartzen, orduko, biziki garesti zelako lehenik eta halako jendeen artean modan zegoelako ere, heziketa zuzenaren gose zeudela ahantzi gabe.

Berriki sortu zen juduen elkarte berri horren arduradunak ziren hiruak nahiz eta judu fedean sarturik egon, haien praktikuntza ez zen hain zuzena. Haiek, eskolaren orduko filosofia nolazpait eskertu nahi zuten, batez ere, oraingo aro berri horietan, oraino antisemitismoa hain bizirik zegoen denboretan eta hori zuten han egoitearen arrazoina.
Urtero, urtetxak kari, Tel Aviveko aste kulturalera joateko ohitura bazuten, batez ere, Georges-ek eta Bernardek, hantxe ospatzen zen sesio berezi hartan parte har zezaten, juduen kondairaz antolaturiko kultur aste famatu horretan. Esan bezala, gehienetan hizlari gisa parte harten zuten, bainan aurten, Auschwitzeko askapenaren urtemuga izanda, nahiago izan zuten ez joatea, Parritzkyren aitatxi eta amatxi han erail zituztelako eta oroitzapen krudelak bazituelako. Hura bazterturik, beraz, besteak bezala, Saint Bernardeko judu elkartearen fundazioara hurbildu zen ere.
Eskertzeak ez zuen esan nahi laudatzea eta nahiz eta oroitzapen eskerkorrak izan, nahiko iroigarriak ziren eta horretaz mintzatzen ari ziren, nostalgia nagusi.

- Gogoratzen zara zer zartakoak ematen zizkiguten, bereziki Roman fraileak, bere pilotari esku latz gogor harekin? - Esan zuen batek- ” Eta barnean iragaiten genituen igandeak?“ -beste batek-. Maiz gertatzen den legez, halako zaharren biltzarrak oroitzapenez josiak izaten dira eta hemen ere, hala zen. Ni, ongi oroitzen nintzen bai, maiz zigortua nengoelako eta asteburua eskola barnean preso egoteak Bernard eta besteak ongi ezagutzera ereman ninduelako. Igande haietako gure arteko desberdintasun nagusia ni zigortua nengoela geneukan eta haiek ez. Horrek esplikatzen zuen fraileek haiekiko zeuzkaten begirada urrikaltsuak, zorrozkeria bazter batera utzirik. Nerekin eta beste zigortuekin batere hala ez zen, nahiz eta batzuetan ezti egoera bat nahigabean sortu.

Biltzar hori ez zen soilik juduena, baizik eta eskolako ohiko ikasle guziena, bainan horren kari, juduen elkartea sortzea baliatu izan zuten.

Gogorapen gehienetan bezala, gauza onak baizik ez dira gogoan gelditzen, bainan gu denoi, judu ala ez judu, hantxe bizitako egoera hain txarra izateagatik, pairamena betiko zizelkatu zitzaigun, batez ere, igande triste haiena, nahiz eta une bakan batzuk alai xamarrak izan. Aipaturiko errukia modu desberdinez gauzatzen zen, hala nola goizetan hiriko katedralera erematea meza entzutera, -zer ateraldi berezia ezta?- edo bridge partidak zolazpiko joko lokalean arratsaldeetan antolatzea ala hiru boletako billar zabal hartan partidak montatzea...bainan hark une goibelak ez zituen erabat ezabatzen ahal. Ongi oroitzen nintzen ere nola “Ducul” izengoitia zeukan Leontzio fraileak , hain hurbil zegoen kirol zelaiera Rugby-ko partidak ikustera erematen gintuen, Aviron Bayonnais taldearen matxak batzutan segitzera, borondate onez, noski. Nik, egiari zor, geroztik, Aviron delakoa ez dut begien puntan ikusten ahal, oraino zigorrarekin lotzen dudalako.

Bernard Levy Jon Kepa Irurtzunen osaba zen eta, berari esker, gaztea Tel Aviveko elkarrizketetan murgildurik zegoen, aurkari lanetan ariturik. Bernard juduen aldekoa bazen ere eta erlijioa ongi errespetatzen bazuen ere, katoliko mundua ez zuen jasaiten, batez ere, pairaturiko egoerarengatik. Bistan da eskertzekoa zela juduak Saint Bernarden onartzea, bainan, nahiz eta orduko gazteak horretaz ohartu eta ahal bezain ongi portatu, jasangaitzak beti jasangaitz dira nahiz eta familian beharrezko jokamoldea aski errepikatu. Amodio eskas erakuspen hark, larderia eta bortizkeriarekin beti lotuak zeuden eta apezen aldeko gorroto latza baizik ez zuen sortzen. Bernardek horixe zeukan bihotzean, batez ere, jasotako zartengatik eta gertaturiko beste gauza zikinengatik ere. Ni ere berdintsu nintzen etxean amodio guti eta eskolan zorrozkeri ugari.
Nere ikasbidean sufritu dudan guzia burura heltzen zitzaidan, ene orduko zirtzilkeriaren arrazoinak argira jalgituz. Ohitura zaharren jarraitzale izanik, aitak eta amaorde gogorrak Baionako barnetegira bidali ninduten ene eskolatze guzia iragan nezan. Hura enetako benetako kartzela zen, nahiz eta lagun onak izan.
Ama galtzetik aparte, Parritzky eta Levyren egoerak nerea baino hobeak ez ziren eta hori izan zen gure adiskidantza orduan sakondu zuena.
Beraz, gure gaurko elkar topatze hau bizitakoak argira ateratzeko hauta genuen, hala nola pederastian eroritako apez haren jokamolde zikinak. Hori jasangaitza genuen denok, batez ere Georges Parritzkyk. Casimir frailea gure logelaren zaindaria zen eta gure arteko gazteenak, politenak edo nesken antza zeukatenak modu berezi batez maite zituen, batez ere buruz- buru morala eman behar zielarik, gaualdian, denak ohera sartu ginelarik, logela handiko garbigela ilunetan. Parritzky zen hautatuetan hautatua, gazteetan neskatxa baten eitea bazeukalako. Guk hura ikusten genuen bainan sobera sakondu gabe, ikasle hautatutzat hartzen baigenuen, frailearen baldintzarik gabeko aliatua izan balitz bezala, gure aurkako, noski. Pentsa halako ixtoriek bere nortasuna eta pentsatzeko manera ez ote zuten betiko osatu... Hori guzia genuen mintzagai, eta denok, gure antiklerikaltasuna bizitutako esperientzia gogor horietatik zetorkigula bagenekien eta larderiaz beteriko hezkuntzak gorrotora ereman gintuela ere. Orduko ohiturak halakoak ziren, eta fraileek ez zuten denborarik galtzen jakiten ikasle baten zirtzilkeriaren arrazoinak zoin ote zitezkeen, zigorra baitzen erantzuna, Bibliaren itun zaharrak ongi erakusten duen bezala.
Hori zuten ere gogoan nere lagun juduek eta haien errezibitzea eskertu arren, pozoinkeri guziak ez zituzten ahazten ahal.
Lagunen arteko topagune horretan, bi hitzaldi mota zagerizen, “off”- eko solasa, larderia, mendekua, gaiztokeria, pedofilia eta holakoak erakusten zitzutenak eta “on”- eko hitzaldia, ofiziala, judu gazteen eskerpena. Halere, Baionako elkarketa nahiko arina zen, batere erlijioaren funtsean tinkatua, lagunen arteko oroitzapenak irriz gogarazteko baizik egina.
Tel Avivekoa aldiz, ez, hura serio bezain dramatikoa zen.
Baionan hauxe zioten: “- Oroitzen zer gurutze bideak egiten genituen St Bernardeko kaperan? Atseko estudioa gainetik kentzeko nola elizattora ginoazen gurutze bidea egitera, hura baitzen ihes egiteko bide bakarra. Zer irriak! Gehienetan fraile bat edo beste otoitzetan zegoen eta gurutze ikur haien aintzinetan egoten ginen aldiro jalgitzen zitzaizkigun irrifarrei, begirada zorrotzez erantzuten zien, xoka arituz.
Bernard, Georges eta Antoine gurekin zeudela orai ohartzen naiz , nahiz eta judaismoak kristorengan ez sinistu. Eta han, gurutze bide hartan belaunikaturik, gurutzefikazioa zerakusten eskultura ttikien aurrean, ohargabeko ukazioaren ukatzaile izanez.
Zer genekien guk juduak zirela eta hura ez zela haien sinismenaren oinarria? Hura gazte zozo batzuen irtenbide irritsua baizik ez zen, deus gehiago. Bernard, ixtorio hori entzun zuenean haien axolagabekeriaz harritu egin zen, nahiz eta ez zion garrantzi handirik ez eman.

 

Tel Aviveko hitzaldi serioarekin jarraitzen zuten: -” Gure itun zaharra historia zabal eta bariatua da, era literario oso desberdinetan emana: narrazioak, zerrendak, legeak, esaera, zaharrak, himnoak, otoitzak, parabolak, hitzaldiak, gutunak, kontaketak eta abar baitaude. Liburu saindua bere alderdi historiko, geografiko eta literarioaren aldetik, bertan isladatzen diren pentsaera eta bizimoduaren aldetik, sakon eta zehatz ulertzea eginkizun zaila da, azterlari eta adituei dagokiena, eta horixe da filma honen balioa, Tohra eta Biblia arrontzea, gazte guziek iturri beretik edan dezaten.”- Entzule guziak begi belarri zeuden- ”Guri dagokigu gaur, orai dauden desberdintasunak errespetatuz, testu zaharrak eta munduan izan den testuetan entzunena eta irakurriarena gaurkotzea, arlo desberdinetan plazaratuz, denen mailetara egokitzeko eta hori dugu gaur egunetik aurrera egin beharra. Guk beti testo zaharrenganik helduriko liburua izan dugu, aldiz kristauek Biblia grekora itzuli zuten eta latinera geroago, ustegabeko akatsak itzulpenetan egin zituzten, batez ere, hebraieratik grekora itzultzerakoan, aldaketa eta akats ainitz eginak izan baitziren, batzuk nahiez, besteak erru batzuengatik jalgiak. Haiek berritze lanetan, nolazpait ere, aritu izan ziren, haien neurri murritzean, noski. Batzutan, akats horietatik sinesmen berriak sortu ziren ere, guk aldiz, tradizioz beteriko betikoa gure artean atxikiz. Ez nago hemen besteen auzia egiteko, historikoki gertatu ziren gertaerak aipatzeko baizik”....

Gu, Baionan, oroitzapenez oroitzapen ginauden, lagunen arteko une zoragarria pasatzen eta Tel Aviven gertatzen zena susmaturik, beti sakonkeri hutsetan baitziren, Euskal Herrian gelditzea ongi egin zutela pentsatu zuten, iloba hantxe ortodoxen eskutan utzirik. Israel urrunean, filma pedagogiko haren ondoko solasetan ari ziren bitartean, Baionan kateximako kurtsoak mintzagai genituen, zer irrifarrak egiten genituen Roman fraileak Biblia irakurtzen zigunean eta esandako esaldiei genizkion irri erantzunak. Nahiz eta laidotsua izan, denek genuen gogoan “ Jainko Jaunak lur-hausez gizona moldatu zuen; sudurzuloetan bizi- arnasa putz egin zion , eta gizona bizidun bilakatu zen....” behin esan zuenean, gazte zentzugabedun zirtzilen pare, irrifarrez hasi ginela, putz puzkerra izan balitz bezala eta keinu egokiak eginez. Roman hasarretu egin zitzaigun eta harrapatu zituen bi lehenei animaleko masailekoa eman zien, denentzat irakaspen izan zedin. Hori baitzen mutilen arteko orduko barnetegiko bizia, nor astoago eta nor irriarazleago eta zanpatekoak naturalak gisa hartzen genituen, ezker, eskuin, noiznahi.
Hala ere, gure hiru lagun juduek, fedea bortxaz sartu nahi delarik, alderantzizko emaitzak lortzen direla zioten gaiez aldatzeko eskatu ziguten.

Bernardek bere kasua aipatu zuenean denak adi egon gintzazkion. Aita, judu, ama katoliko nafarra, Madrilen bizi zen bost seme alaben familiakoa, judu gisa nahiko pertsegituak izanak. Hogeigarren hamarkadan, Primo de Riveiraren diktadurak eskainitako legeei esker, espainol nazionalitatea nola bere aiton-amonek hartu zuten kontatzen zuen eta nola, bigarren gerla mundialean, Hungariako enbaxadore zen Angel Sanz Briz judu espainolari esker, gordeta egon ziren, bere aita eta osabekin batean, azken honek Francoren aginduaren aurkako jokabidea erakutsi baitzuen.
Beraz, denetatik salbatuak egon arren, frankismotik ez ! Diktadorearen errejimenaren erakusle ziren eskola katolikoetatik ere ez! Eskerrik disidenteak baziren. Hori izan zen Baionara igorriak izan zitezen arrazoina.
Negu gordinak egiten zitzaizkien bi anaiei Saint Bernarden eta hori, zortzi urte luzez. Pairamen horrek ondorio psikologiko ugari beregan izan zituela esaten ari zen eta Espainian bizi izaiteagatik, jazarpenea oraino krudelagoa.
Bere justizia gosea, eta gaztaroan bizitako frankismoaren aurkako klandestino tirabiran, katolikoenganik kanpo bilatzen aritu izan zen, eta ezkerraldera jo zuela zioen, beste hainbestek sufritu duten antzera. Elizarekin nola izan lagun, paraitzaileekin bat egiten zuela ohar ondotik ? Konformismoarekin nola izan adiskide, poderearekin ados zirela konturatu ondotik ?
Beraz, ongi ikasia izan arren eta elkar harreman zuzenek ongi eramatera ekartzen zutelako, bere barne sakonean ez zituen apezak, fraileak eta katolikoekin zerikusirik zeukaten guziak begi puntan ikusten ahal, zigorra zutelako jainko eta faltsukeria aingeru. Berarekin ados nengoela esan nion, ni ere ildo beretik abiatu nintzela ia arrazoin berdinengatik.
Biltzar horretan zeuden ikasle guzien artean, juduak ala ez, bazegoen bat, inork ezagutzen ez zuena, nahiz eta gure adinekoa izan. Bere ile- adats luze txuridunak eta zeramazkien betaurreko borobilek begietan itxura misteritsu bat ematen zioten. Denborak bere erasoa jendearengan ekartzen duelako, hastapenean ez genion sobera kasurik egin, bat gehiago baitzen, bainan emeki- emeki, juduen elkartearekiko bere interesa handia zelako, nahita ez hurbildu gintzaizkion bere izena galdeginez eta gure orduko ikasgelan ala barnetegiko lotegian zegoenez. Eta baietz, Wardin zuela izena, ea oroitzen ote ginenez ? Nehor ez zen gogoratzen inglesik barnetegian bazegoenez gurekin, bai polakoak, espainolak, italiano bat edo beste, frantsesak noski, eta belga ugari, bainan britanikorik ez. Halere, berak zituen gogorapenengatik ez gintuen gehiago harritu, gauza zehatzak gogoan bazituelako eta horrek zalantza guziak itzali zizkigun. Hala ere bitxi zen.
Liburu debekatua aipatu zigularik, orduko liburutegiaren berri bazeukala erakutsi zigun, hantxe hautsez beteriko liburuen artean, bazegoelako bat, inork har ez zezakeena, podere magikoak omen baitzituen. Hantxe zegoen, goiko apal hartan, nehork ikutu ez zezan eta fraile arduradunak begiratze berezi bat botatzen zion ea leku sakratu horretatik mugitzen ez zen. Nola mugitu behar zen, kristalezko kaxa batean sarturik baitzegoen, giltzaturiko ate ttiki haiek begirada jakin gosetuetatik erabat babesten zutelarik. Liburuzainak erabiltzen zuen zur zaharreko zurubi hura ere, baimenik gabe, inork ezin zuen hartu, beraz misterioz beteriko liburua iritsezina zen. Denok bagenekien aintzineko Biblia bat zela eta, agian zirtzilkeri bat edo beste egiteagatik ezik, gure interesa pizten ez zuen misterioa zen.

Wardin-ek ixtorioa horren berri bazekien, beraz Saint Bernardekoa izan zela dudarik ez zen. Horren azpian zegoen anagramen liburua aipatu zuenean, oraino guttiago. Niri berehala anagramen ixtorio hori bururat etorri zitzaidan, nola pasatzen genuen denbora izenen anagramak egiten, hala nola, Yvel Bernarderentzat, Ykztirrap Georgesrentzat edo Telebus enetako. Wardinenak ia Darwin zegiela berehala pentsatu nuen, ixtorio horri amaiera emanez.

Tel Aviven aldiz, beti serioski ari ziren, gauza erabat desberdinak esaten, doinu ospetsu eta galant batez. Bainan ez zen bakarrik hori, liburu sainduak gaurkotzeko asmoa baitzuten, denen eskutan izan zitezen, gaurko gizarte modernoa, nahiz eta judua izan, praktikatik urruntzen ari zen eta liburu sainduak gaurko gizartera egokitu behar zituztela pentsatu zuten, balizko irakurleak berriz behar zuten ohiko ildora ekartzeko, eta hori zen filmaren helburua. -”Denek ongi dakizue gazteak eta bereziki haurrak behar direla federa hurbildu lehenik, sinesmenaren funtsa har dezaten eta jadanik, horretarako daude eskolak......”. Eta gero eta serioago -”Liburu saindua idatzi zenean erlijio gosea arras sartuta zegoen gizartean, hau da, heriotzaren ondotik izan zitekeenaren gaineko galderak ohikoak bilakatu baitziren eta etorkizunak beti iragana berarekin zekarrelako, gizakiaren jatorriaren misterioa aztergai bihurtu zitzaien. Hori izan zuten haien idazkiaren xedea, zientzilariak ez baitziren, ohiturazaleak baizik. Argi eta garbi zegoen haien kontakizunaren aberastasuna ez zegoela lehenbiziko gizakia jalgi izan zen unean kokatzea, baizik eta haien mugaturiko pentsamen ahalaren araberako unean, inork orduan ez baitzekien deus, ez zeluletaz, ez klorofilaz are guttiago Big-Bangaz.
Idazkia beraz, bere aro zehatzean idatzia izan zen, ez lehenago ez beranduago, bere aro zehatzean ere grekora itzulia eta bere aro zehatzean latinera itzulia izan zenean. Gaur gure lana ez balitz liburu saindua berritzea, lehen aldiko idaztea baizik, ez litzateke batere berdina izango eta gure fedea arras mota desberdinekoa izango litzateke ere. Dagoen bezala ber idazten bagenu, sinesgaitza bilakatuko litzateke! Jadanik eta beharrez, kontaketa ipuintsu baten itxura bazuen ere, pentsa zer tankerakoa izango litzateke gaur, era berdina zabaltzen bagenitu gertatutakoak, bereziki geroztik zientziak frogaturikoa ezaguturik”.

Beltzez jantziriko ikusle ortodoxo trentzadunak jadanik protestatzen hasi ziren, hura ez zela batere haiek igurikatzen zutena eta onargaitza zela halako gauzak esatea ospakizun berezi horien urtemugan. Adineko katoliko ordezkaria ere kexu agertu zen, bere segitaile batzuk ere, batez ere tradizioaren barnean sakonki sartuak zeudenak.

Bitartean, Baionako giroa alaitzen ari zen eta baten batek ozenki esan zuen berak ere gorroto ziela, denei, bere hezkuntzaz arduratu ziren guzei, gaiztokeriz gaiztokeri ibili zirenei, hori baizik erakusten ez zutelako. Autoritatea, larderia, zigorra, mendekua, mehatxua, hori baitzuten eguneroko ogia, ustez eta horrek mutil zirtzilak zintzo eta ongi ikasitako helduak egingo zituela. Oroitu ginen ere Roger Lakaberats adiskideaz, droga desmasiaz zendua, Michel Frachou, bandila bihurtua, kartzelaren ondotik, polizia egina, Christian Francois, mistizismoz beterik, muturreko ezkerretik Albiko fraile komentu batera joana, Alain Geneze, familia eta haurrak abandonatu ondoren, ugarte iduzkitsu batean lan aitorgaitzetatik bizi zena eta beste hainbeste, drogari eta edariari emanak. Esku tartean geneukan orduko argazkiak hogoita hamabost bat ikasle zerakutsan eta horietatik erdia behintzat, gaizki bukatuak. Besteak bistatik galduak. Han bildurik ginaudenak, bederen, ez ginen pleñitzekoak. Ageri den bezala, sorturiko juduen elkartea ez zen batere tradizionalista, nehork ez zeraman ez kalorik ez eta trentza loturik, nehor ez zen bizardun beltzez apaindurik.

Tel Aviven aldiz, lehen adoratzen zituzten idoloez hasi zen hizlaria, erlijioa beharrezkoa zela sinesmen basa horiek lekutzeko: “ Babilonian, Bel eta Herensuge idoloak bihotz- bihotzez gurtzen zituzten eta Daniel, haiengan ez sinisteagatik eta oldartzeagatik, babiloniarren esku utzi zuen bertako erregeak eta lehoi zuloan sartu, irents zezaten. Haizearen indarrez, aingeru bat Judeatik hegaldan hurbildu zitzaion eta ogi papurrak ekarri. Daniel, orduan, ohartu zen, maite zutenak, Jainkoak ez zituela inoiz baztertzen eta ahazten. Guk ere ahaztuak izan ez dugulako nahi, fedea dugu gure xedea. Guk ere gauza bera egin baitugu Biblia grekotik latinera ekarriz itzultzerakoan”. Pentsa zer aspergarria izan zitekeen hura guzia ikus- entzule arruntentzat, nola gazteria haienganatu halako ohiko matrakekin.

Jon Kepa Irurtzunez aparte, denek bazuten judu itxura, ez fisikoa, noski, bainan bai estiloa. Hebraiazko kondairarekin jarraitzen zuten eta Tohra edo biblia idatzia izan zen unean, idazleek bizi zuten gizartea garbi agertzen zela, dena, nahita ez, irudi biziak bilakatzen.
Jon Kepak hitza hartu zuenean, trentzadun bele beltz horien lerroa higitzen hasia zen jadanik, urduri:
”- Guri, Europako herrietan eta niri, hego Euskal herrian, katoliko eskoletan inoiz inork ez zigun esan Biblian agerturikoak irudiak izan zitezkeela, edo iruditzat hartu behar zirela eta Adan eta Ebaren ixtorioa hitzez hitz egitzat erakatsi ziguten bezala, halaxe hartu genuen. Ez guk bakarrik, orduan hala baitzen eta alegoriak bazterturik, besterik ez zen. Egia da zientziak ez zituela hainbat gauza frogatu oraino eta errezagoa zela fededun izatea.”
Nahiko serio erantzun zioten, han Israelen zeudela eta egoerak biziki desberdinak zirela ere. Nolazpait hitza mozturik, berehala ohiko esaldi klasikoetara itzuli ziren: “ -
Aro hartan, hau zen, orai bost mila bat urte, izpiritualitatearen funtsa gizonengan agertzen hasi zelako eta hil ondorengo bere arima, mamia edo pentsa ahalmena zer bilakatzen zen jakingosea sortu zitzaien ere. Behin, gorputza ehortzita, zer gertatzen ote zen pentsamen ahalarekin, hitz batez, arimarekin. Gaur egun, beraz, erantzunik gabeko galderek airean jarraitzen dute ere. Harat beraz, zer izan zen, orduko idazkiaren eta gaurko bere interpretazioaren funtsa.
Esan bezala, lehen idazleak lanean hasi zirenean, Moises lehenik eta profeta guziak ondotik, ipuin baten antza eman zioten, leienda zaharretan oinarriturik, batzutan egibidez bazkaturik, besteetan asmabidez erantsirik. »

Jon Kepa ipuin batean dena libro dela eta gezurra egia bihurtzen den bezala, egia gezur bilaka daitekeela pentsatzen ari zen. Besteek jakin balute zer zeraman bere gogoan, harrituko lirateke.

Baionan, gure arteko batzuek elizaren desmasiek bereganik zenbat jende ez zuten apartatu, esan zuten, poderearekin izan zituzten harreman sendoak ez zirela ahantzi behar ere, bereziki diktadoreekin, Franco, Hitler eta Musolinirekin eta hori gizadiari jasangaitza zitzaion. Dena ahanztea edo ahantzaraztea errazagi baitzen. Parritzkyk Pio XII.ak naziekin izan zituen harremanak aipatu zituen, bere familiak horretaz asko bazekiela eta bere aitatxi- amatxiren erailketak aipatu zituenean, negar zotinka hasi zitzaigun...
Bitxi zen ikustea elkarte horren kideek eritzi desberdin asko bazutela. Antoine Jobbe Duvalek adibidez. Berak dirua eginda, poderetik hurbil egotea laket zeukan, batez ere frankismoaren ondotik egin zituen negozioei esker, Bilbon.

Elkar solas horietan argi eta garbi zagerien judu eta kristauen arteko diferentzia eta katolikoak zirela beti desmasi guziekin lotuak, kondairan kristau eliza izan delako nazkagarri. Georges-ek horixe aipatu nahi izan zuen gurutzearen izenean egin ziren astokeri guziak azpimarratu zituenean eta juduak horretatik kanpo zeudela ere. Hego Amerikaren konkista, gurutzadak, Ku Klux Klana, adibidez, gurutzea eskutan egindako ekintzak izan dira eta nahiz eta Saint Bernardeko fraileak gaur eskertu, hori guzia gogoan zeukan Georges-ek.

Desberdintasun izugarria zegoen bi topaguneen artean, bai funtsez, baita ere formez, Tel Avivekoan doktrina eta kontu zaharrak, Baionan, oroitzapen krudelak eta katoliko elizatik at egiteko arrazoin desberdinak.

Eta halaxe jarraitu egin zuen  Israeleko hitzaldiak, letania baten pare, beti gauza berdinak errepikatuz. Bururapen gisa jarraitu zuten  esanez, idazki guzi horiek erlijioa tinkatu zutela, amatzeari seme bat eman behar zitzaiolako, beti, amatze guziei, lehen amatzea agertu arte.  Hitzaldiaren lehen partea bukatzear zegoelarik, moralari eta azkenik emaztearen egoerari loturiko hitzak bota zituen, iturrizko gaitik erabat urrundurik : 
« - Mundu zibilizatuaren gaurko gizartea moralez husten ari da eta etika beharra dugu, denok, gizonen jokamoldeek moralez josiak izan behar dutelako, jokamolde zuzenak, inoiz baino gehiago, denek bizia lege zintzoez inguratu behar delako.
Tribunlari trebeak txalo ugari jaso zituen. Nolazpait, sendimendu berriak sortu eta emaztea bere kateetatik libratu behar zela esan zuenean. Gure gizartea aski aintzinatuta dago arlo horretan bainan ikus besteak.... Horretan bukatu zen lehen partea eta pausa une labur bat hartu izan zuten.

Euskal Herrian afaltzen ari ziren, denak pozik, juduak, katolikoak baita ere fedegabeak, denak elkarturik, denak zorionean murgildurik.

Georges-ek biziki hunkituta zerraien, agian ardoaren eraginez, beti erdi nigarrez, Saint Bernardeko juduen elkarteko konstituzio egunak biziki hunkitzen zuelako. Berriz ere, bere aitatxi eta amatxi nola ereman zituzten Vartsoviatik Auswichera kontatzen hasi zen, bere aita eta izebarekin batera, urte bat edo pasa ondoren, gas gelatik pasa eta nola betiko ito zituzten, biak eta haien alaba. Nola bere aitak zortea izan zuen esan zuen, metalak lantzen bazekizkielako eta alemanek jasotzen zituzten pitxiak erabiliz, gurutze esvastikak eta SS ikurra zeramaten urrezko pitxi berriak egitera bortxatu egin zutelako. Egunero urrezko hortzak, eraztunak, lepokoak, esku-muturrekoak eta edozoin apaindura ekartzen zioten, gasatuak izan ziren juduen ontasunak kendu ondotik. Esterminazio kanpamendua izugarri handia zela zioen eta, beste zazpi milekin batera, errrusoek bere aita askatu zutenean, berpiztu izan zela iduritu zitzaiola esaten bukatu egin zuen.
« -Beraz ulertuko duzue Tel Avivera aurten ez joateko gogorik izatea ezta ? »

Bera hain zainbera ikusirik, Bernard, Antoine eta beste lagun katolikook nigar zortak dirdiratsuak begietatik isuri genituen ere.
Laster beste gauza batera pasatu behar ginuela gogoan hartu genuen, hura dramatikoegi baitzen, bainan ezin. Batek Jainkoak sortu zuen lehenbiziko uholdearekin alemanena konparatu baitzuen, juduen genozidioak horren eredua hartzen zuela, bainan Antoinek Georges laguna iroiturik, isiltzera ereman zuen, halako gauzak ez zitezkeela esan. Afaria bukatu genuen doinu alaiago batean, oroitzapen goxoetara berriro itzuliz...hala nola berriro anagramen ohiturara. Roman fraileari Namor ezarri genion izena eta Leontzeri Eztnoel, « Ducul » betiko izengoitia ahantzirik, batez ere Eguberritako oporrak hurbiltzen zitzaizkigunean. Nolazpait presondegia alaitu behar genuen eta edozein modu atsegina genuen.
Tel Aviven, hitzaldiaren bigarren partea hasi egin zen eta betiko gai seriosetan ari ziren, Tohra hemendik eta Biblia hortik. Leitmotiv baten pare, liburu saindua idatzirik, idazki zaharretatik harturiko leiendak eta sineste zaharrak harturik, gizakiaren jatorriraino igo nahi izan zutela zioten, munduko hasieraraino eta Tohraren pasarteak irakurtzen hasi ziren, ondoko komentarioei lekua uzteko.
Kontakizunaren pasarteen irakurketa garrantzitsuenen ondotik, lehengo idazleek izan zituzten gorabeherak aipatu behar zituela esan zuen, testua idatzi baino lehenagokoak, haien barne solasak eta eztabaidak. Hauxe idatzi behar zutela, batzuek, besteek hura sinesgaitza izan zitekeela eta moldatu behar zutela, edo igartzaile finenek, zer ondorioak ekar zitzaketen halako pasarte mistikoek, zer ezbehar ekar lezakeen honek ala hark, heriotza eta sortzeak halako funtsa merexi ote zuten ? Edo sinpleki, kontakizunean esandakoa baino lehen gizakiak bizi izan zirenez.
Denen agerian utzi zuten orduko asmakuntza hura haien orduko bizimodu aintzinatua laudatzeko egina izan zela, eta horren arabera, Jainkoaren gizarte berria, morala, etika eta nolazpait, misoginiaz beteta. Noeren pasarteari hainbeste komentario egin zizkioten, bere indibidualismoa azaldurik.
Jon Kepak bigarren aldikotz hitza hartu zuenean, Georges-ek esandako berdina esateko izan zen, ea uholde izugarria ez ote zen juduek sufrituko zuten genozidioen inspirazioa? Bere disonantziei ohituta zeuden, jadanik bizpahiru hitzalditan parte hartu zuelako, bainan bitxi zen, nehork jakin gabe, hain urrun zeuden bi pertsonek ia une berean gauza bera esatea. Jon Kepak hitz egiten jarraitu zuen :

«  Oixtion esan duzue heriotzaren misterioak orduko gizonak ereman zituela biziaren ondoko enigmez gogoeta sakonak egitea eta horrek, isurpen natural batek erakarririk, biziaren aintzineko jatorriaz pentsatzera ereman zituztela, oker nago ?
Gizakiaren jatorriarekin batean munduko jatorriarenera ekarri zituela eta hortxet sentitu zutela erlijio bat asmatzeko beharra. Jadanik, bazeuden sinesmenetan oinarriturik, denen ezagunak diren Jahve edo Jainkoa sortzen dute eta horiek mundua eta gizakia kreatzen dute, ez da hala ? Beno, ba nik uste dut, agian zuk lehen aipatuta moduan, erlijio berri bat beharko litzatekeela sortu gaur egun, orai ditugun elementu berri guziekin. Zein diren ? Ba zientziak erakutsitako gizakiaren iturburua, jadanik, ziminotik Homo Erektusera, Habilisera eta Sapiensera iragan izan dena.
Iduri luke hori testu sainduaren idazkien aurka doala, orduko idazleen ikuspegi murritzek, kreazioa haiek menperatzen zuten ezagutza arloan kokatu zutelako. Horrek erakutsiko luke ipuin bat baizik ez dela eta Adan eta Eba diren lehen pertsonai nagusiak, sorgin azti baten gogoetatik jalgiak direla. Beraz, jatorriari buruzko lehen gezurra. »

Batzuen aurpegia aldatzen ari zela nabari zen, bainan Jon Kepa mintzatzen utzi zuten.

- «  Bibliara eta Tohraren desberdintasun garrantzitsua da juduek ez dutela Jesukristorengan sinesten, haientzat ez delako Jainkoaren semea eta bete behar zituen profeziak ez zituelako inolaz ere kunplitu. Nehork ez du dudan ezartzen Nazareteko Jesus esisititu zenik eta berari buruz kontatzen zituzten eguneroko gauzak egia ez izatea, bainan ez Jainkoaren semea izatea. Zuek, juduek hori duzue judaismoaren zutabe nagusietatik bat. Beraz, nik diot, bi erlijioen jatorrizko elementu nagusia, hau da kreazioa, ez baldin bada kontatu benetan izan zen bezala eta Jesukristo ez bada Jainkoaren semea, derrigorrez beste erlijio bat asmatu beharko litzatekeela diot, gaurko ezagutzari egokitua, heriotzak eta sortzeak, agian, behar dutelako adierazpen teologiko bat, haien bide luze bezain laburrari zentzu bat emateko, heriotzak itxaropen bat behar duelako, noski.

Ez ote dago loturarik - segitu egin zuen- alde batetik barbaria eta bortizkeria eta bestetik Kristo gurutzatuaren artean ? Itun berri hau ez al da, kondairan zehar, barbariaren ama izan? Kristoren aldekoak ez ote izan beti zanpatzaileen aldean  eta juduak aldiz, zigortuen arlo horretan ? Eliza aberatsak ez al du eredu ezin txarragoa eman? Poderearekin bat eginez, ez ote du heriotza jendeen artean banatu ? Agian Frantzisko aita saindu berriak ildo berritik eremango ote du eliza ? Baietz iduri luke, beharrezkoa baita jendea hurbilarazteko eta sineskor izateko ere. Noizko elizaren ontasun guziak salduko munduko gosea asetzeko ? Agian aita saindu honekin horretara iritsiko da, ez badute erailtzen, bederen ? Katolikoek eredu hori jarraitu beharko lukete, eliza pobre batena , zuena, juduek, duzuen antzekoa. Bainan kontuz ere Tel Aviven bihotzean somatzen den bizi moderno bezain aberatsez, opulentziara erakartzen duen axolagabekeriez. Beraz horixe diot, erlixio berria, pobrea eta erakargarria, agian Jainkoa esistitzen ez dela baieztatzen duena eta aitarik gabeko Kristoren bide xumera daramana! Ura, zerua, sua, lurra adoratzen zutenak ez ziren hain paganoak, hura zuten haien erlijioa, pobre bezain sineskorra ! »

Jon Kepak tribunan esandakoak, katoliko guziak hasarretu egin zituen eta aretotik kanpo ateratzea erabaki zuten, protestetan oihuka. Judu ordotoxoak hura irain eta laido bat baizik ez zela eta onargaitza zela builatuz, handik lekutu ziren ere. Irurtzun gazteak ez zuen uste probokazio gisa esan zituen hitzek halako ondorioa ukan zezaketenik, batez ere, aretotik ateratzeraino iristea. Erabat damuturik zegoen, bera hitzaldirat konbidatu zutelako eta halako hitz gordinak botatzeagatik ahalke apur bat sentitzen zuelako. Ez zuela hainbestera ailatu behar etsiturik zegoen, nahiz eta funtsean esan guzia pentsatu.

Baionan, Tel Aviven berririk nehork ez zuen jaso Jon Kepak osaba deitu arte. Ea zer egin zuen iroitu zion osabak, bere senidea izateagatik hantxe zegoela eta familiaren izena erabat guttitu izan zuela esan zion. Gazteak ez zekien zer esan eta laster elkarrizketari etena eman zion. Azken finean, han gertatutakoak ez ziren Baionan azaldutako hitzekin hain urruti egon, hemen ere fedegaizkeria nagusitu egin zelako. Gorabehera horietan sartuta, eta eguna bukatzear zegoela, nehor ez zen konturatu Wardinek liburu magikoa ebatsi egin zuela....






 

 

 

 

 

 

Adan eta Eba ibilki

 

 

Hantxe zegoen, ibilki, tropa guzia, Darwinen atzetik, nahiko nekatuta bainan jakin-gosez beterik. Oihan baten sarreran, Darwinek denak bildu zituen hauxe esateko: -” Aintzinera jarraitu baino lehen, lagunak, gure bidaiaren berri eman behar dizuet, orai arte ikusitakoa, bilduma bat baizik ez delako izan eta hemendik aurrera zehatz-mehatz aritu behar duzue dena ongi uler dezazuen”.
Gizon horrek errespetu handia zesorten eta bere baitan zeukan karisma izugarria zen. Bere itxura ilun bezain zientifikoa intelektual tankerakoa zen, baina zeukan ile luze xuriak, orkestra baten zuzendari konposatzaile batena zirudien, edo magian trebea zitekeen artista batena ere. Berdin zen, denak adi - adi zitzaizkion, Jainkoaren hitza isurtzen balu moduan.
-” Begira adiskideak eta zuek ere entzun otoi! Hau guzia jakin behar baituzue - luzatu zien ume batzuk bezala jostetan ari ziren Ereki eta Habili - denbora alderantziz kurritzeak irakaspen asko erakartzen ditu, batez ere bizian izan ditugun egia eta gezurrak agertarazteko. Nik, jadanik, dena kurritu dut bere martxa zuzenean eta gure jatorrizko hainbeste mixterio nahi nizkizueke erakutsi. Prest al zaudete?-”
Eba eta Adan ezin gertuago zeuden, haiek omen ziren lehenbiziko bikoteari hainbeste aurkaritza agertzen zitzaizkion, xedea ezin garbiago zutela, haien egiazko jatorria argia mundu zabalera jaldi zedin. Erek eta Habil mugimendua segitzeko gertu zeuden ere, bainan inertziaz, ez baitzuten ongi ulertzen eskatzen zitzaiena. Darwinen morroi buru makurrak zirela garbi ageri zen eta zailtasunik ez zutela sortuko ere. Ximinoak, aldiz, konpainiako abere bihurtu ziren, erabat hezituak eta haiek ere bideari ibiltzeko gai zirela erakusten zioten, nahiz eta azpigogoak ongi gorde.

Richard halaxe hasi zen: “- Begira, gure bidaia biblia idatzi den ipuinaren aroan hasiko dugu, neolitikoaren ondoko mendekada horietan. Zibilizazio berriak gogoetak zituen gogoko eta gizakiaren aintzinamendua izugarria izan zen orduan. Lehen aipatu bezala, heriotza eta sortzea zuten kezka berria, ea gure giza izatea nora zihoan hilaren ondotik eta nola kokatu ote ginen mundu honetan ere.
Hebraieraz mintzo ziren, hauxe omen zuten orduko hizkuntza ederrena, aberatsena eta joriarena eta haiek populuen artean populu ospetsuarena omen ziren. Erlixio bat asmatzeko lanetan, nola pentsa haietatik aparteko herri bat ipuinean ager zitekeela. Ezinezkoa!
Haiek ziren nagusi, haiek protagonista. Gizarte hori aurrerakoia izateagatik, aski hurbilean zeuden bizimoduak eta eman zituzten lehen urratsak bazezagutzan, batez ere Neolitikoaren ondoko bizimodua. Bainan goazen, bidean aintzina. Mundu honen aldaketa handienak denboraren aldaketak eman izan ditu, batez ere tenperaturaren igotzeak. Hotzak azken aldiz epeldu zirenean bizimoduak erabat aldatu ziren eta jendea zokozale bezain etxezale bilakatu egin zen. Akabo lehengo ibilaldi luzeak, egoitzik gabeko mugimendu nekagarriak, gizakia leku batean kokatu zen eta hantxe bizi, ugaldu, lan egin hil arte. Egoite horrek elkar bizitza sakondu zuen baita ere hizkuntzak aberastu eta gogoeta mota berriak sortu ziren ere”.
Haien aurrean lanean ikusten zituzten laborariek Adan eta Eba ez zituzten hainbeste harritu, haien adina ez baitzen hain handia, bai Erek eta Habil ordea.
“Emeki- emeki eta baserritarrei esker, behiak jeizten ikasi zuten, esnekiak ekoizten, ardiak mendiz mendi eremaiten eta uda beroan kasko orlegietara erematen, beheko belarra haz zedin”- eta begi aintzinean hori guzia ikusteko parada zeukaten, dena filma bat izan balitz bezala.

Horixe baitzen gizakiek ikasi zutena orduan, gauzen iraupena kalkulatzea bereziki, orai ereitea geroago biltzeko.”- Eta han zagerizen laborariak ereiniko garia biltzen ikusten zituzten, urrunago zeuden bihitegietarat eramaiteko...-
“Erlearen lana kopiatuz, aintzina zihoazen, xinaurriaren zuhurreria ikertzen, haiek ere etorkizunari begiratzen hasi ziren. Nahiz eta marmutx jakintsu horiek hura jokamolde berria ez zela erakutsi, orai gizakiari tokatzen zitzaion aurrera joatea. “- Eta baserritarrak bihiak eta belarrak garautegietan nekez sartzen hantxe ikusi...-

Orduko gizakiek lan tresnak ere berritu zituzten eta artisaugintzan lanean hasi ziren eta lan mota berriak agertu ziren, hala nola zurgin, hargin edo arotz. Baten jakintza bestearen truke aldatzen zuten eta hala, gizarte berriak gizon- emazte modernoak eraiki zituen.
Ihizia, arrantza, barazki eta fruitu bilketa orduko ogibide bihurtzen ziren, eguraldi epelez ihes egindako abere handiek iparraldera jo zuten eta hemengo aberegoa ttikitzen hasi zen, behi eta ardi bereziki, mamutak, bisonteak eta halako kabal handiak betiko galdurik.” -Eta den- dena lillura batean bezala ikus zezaketen-
“Elikadura erabat aldatzen ari zen ere eta garia, garagarra, artoa eta halako zerealak agertu ziren, gizakiari ohitura berria erakarriz, batez ere, nola ekoiztu eta kontsumitu.
Bainan gauzetarik garrantzitsuarena laborantxa agertzea izan zuten, lurra ereitea eta gerorako prestatzea, bat-bateko elikamodua bazterrera utzirik. Gizakiak ureztatzen ikasten zuen ere, ereinitakoa sobera idor ez zedin, bilketetan aritzen zen, baita ere bihitegietan bildutakoak gordetzen neguko hotzak horma ez zitzan.”- Eta hantxe lurrari ur ugari botatzen agertzen ziren...-
“ Gurdiak ziren lantresna berriez lurra lantzen hasi ziren, baita ere sasi eta larrez garbitzen. Abereak hezitzen zituzten ere, abelzaingoa haien lanbide ohikoenetatik bat bihurtu baitzen. Egoitzak ere erabat kanbiatu ziren, lehengo etxola arinen ordez, kotorrago diren etxe zabalagoak eraikitzen zituzten, herriak sortuz eta elkar bizia betiko hartuz eta egokituz. Jadanik, gizartea eraikitzen ari zen, bere langile eta artesauekin, baina ere bere agintari eta pentsatzaileekin. Horiek hasi baitziren gure gaurko bidaiaren gaiaren lehenbiziko ildoak marrazten. Sinesteek ere bere lekua kausitu zuten ere eta mitologia leku guzietara hedatu zen, herri bakoitxak bere sineste zaharrekin batera”. - Eta kontatuko guzia begi aintzinean kurritzen ari zitzaien, denborari jauzi ikaragarri bat emanez.-

Adan eta Eba harriturik zeuden, begi belarri, Noeren zurgintza eta ardo ekoizpena, Edeneko fruitu baratze antolatua, Abelen ardi eta bildotsen heziketa sortu zen aro berri horretakoak zirelako, zalantzarik gabe.
Ez ote ziren beraz benetazko lehen gizon emazteak? Gero eta duda gehiago zutela nabari zitzaien. Halere, ezin etsiturik zeuden, haien biziaren arrazoina hura baitzen eta irtenbide jukutritsuak aurkitzen entsaiatzen hasi ziren.
Richarden bigarren erakaskuntzak berriro zalantza bizian sartuko zituen, batez ere mesolitiko hitza lehen aldikotz erabili zuenean. Batere ez zekiten hura zer zen eta zehazki adierazi egin behar izan zien.
Bidaian aintzinera joatea deliberatu zuten eta bat- batean animaleko hotzak sentitu zituzten, inguru guziak xuritu eta hormak bazter guziak hartu zituen. Zer gertatzen ote zen? Zenbat denbora iragan ote zen neolitiko horretatik orai zezaguten bizira, nehork ez zekien. Mila, hiru mila, bost mila urte? Kanpoan bizitzea ez zen engoitik posible eta babesleku baten bila abiatu ziren. Eta Richardek aurrera zerraien: -”Ikusten duzuen bezala, azken bolada horretan, gertaturiko aldaketak izugarriak izan ziren eta horrek gure populuaren bizimodua erabat aldatu egin zuen. Begira lagunak, orai arte epel denboran ikusi dugun bizimodua nahiko erraza izan zen baina horma gogorretako arorat iristean, beste gauza bat izan zen eta gizakia gogortu izan zen.”- Erek eta Habil nahiko harro jokoetan hasi ziren...
Eba, erabat balditurik, ea leizetan bizi ziren galdegin zion, halako bizi atzerakoia bizigaitza iduritzen zitzaiolako. Edenean ere, halakorik ez zegoen eta biluzirik bizi ziren, batere hotzik izan gabe, pentsa.
Richardek bere solasaldia jarraitu zuen, orduko gizakien egoera adierazi nahiz.

-” Esan bezala, beraz, leizeko bizia soportagaitza bihurtu zen, horma bortitzak guritzen hasi zirelako. Urtze berri haiek lurra bustitzen hasi ziren eta gizakiak, ohitura zaharraren jarraitzaile izanik eta zorigaitz izugarri hura ezin onartuz inondik, mendi kaskoraino igo ziren, zurrupita nardagarri haiek ezin jasanez oraindik. Toki ilun hura egoitza berotzat hartu zutenean, arbasoen erranak zituzten segitu. Harpeko sarreratik nahiko hurbil bizi ziren, kanpoko argia balia zezaten. Hantxe pizten zuten suak berotzen zituen baita ere basapiztiez babesten. Haien bizimodu zaharra abandonatu izan behar izan zuten, eguzkiak indarrez berotzen hasi zuelako eta izadia erabat aldatu zelako ere. Hormaldi gogogorrak urtu eta desagertu egin ziren, euri ugariek lurrak bustitzen eta hezetzen, oihanak agertzen, bereziki haritz, pago, hurrondo, zuhar eta halako zuhaitzez hornituak, esan bezala abereen neurria apaldu egin zen eta hartzak, otsoak eta basurdeak nunahi agertu ziren. Aldaketa guzi horiek gizakia erabat aldatzen zutela pentsa dezakezue ezta?”
Bikoteak interes ikaragarriz segitzen zituen agurearen hitzak, hori guzia haiek baino aintzinago ala beranduago gertatu ote ziren ez jakinda. Haiengan zuten susmo aitorgaitza bizi zaharretan zaharrena kontatzen ari zela zeukaten eta horrek hankaz gora emaiten zituen haien munduan gertatutakoa, agian, ipuin bat baizik ez zela baieztatuz.

-” Entzun ongi” -jarraitu zuen Darwinek- “ ehizian aritzeko tresna berriak asmatu zituzten ere, ez baitzuen ezertarako balio abere erraldoiekin bezala, amildegitan errekaratzea haien gibeletik laster eginez. Halako abererik ez baitzen gehiago, iparraldera jo zutelako eta arkoa eta zagitak asmatu zituzten, sobera hurbildu gabe abere gaiztoak erail zitzaketenak. Dardak, lantzak eta halako eta horretarako pieza aldakorrak asmatu zituzten ere, lantzaren harrizko punta zorrotza soilik alda ditzaten, ez baitzuen gehiago balio arma guzia alperrik galtzera botatzea. Horra, beraz, nola bizi izan zen jendea leizearen ondotik.” - Eta hantxe zebiltzan gure ehizlari zaharrak, elikaduraren txeka aterata, sobera arriskurik gabe, eta urrundik, uzkurki zagerten abereak hiltzen eta besteengana eramaten.

Erek eta Habil urduri zeuden, nahiz eta gauza handirik ez ulertu, haien biziaz laster mintzatuko zela sentitzen zutelako eta haien edergintza argira aterako zela ere. Nahiz eta basati izan, artistak ziren, paretetan zagerizen marrazkiak lekuko, bereziki, orduko ehizia idurikatzen zutenak. Leizea izan zen, beraz, hotz denboretan gorputza goxatzeko modu bakarra, abere larruz janztearekin batean. Gero eta urrunago denborean, gero eta hotz gehiago eta horrek Adan eta Eba gaztetzen zituen, nahita ez.

Habil-ek bere aroan egindako tresnak erakutsi zizkien, keinuz, harriz eginiko karrakagailuak eta mozgailuak. Orduan mintzatzen ez zekitelako, esku keinuz komunikatzen ziren eta bikoteak orai ulertzen zuen Habil eta Ereken atzerakotasuna, giza denboraren lehen urratsetan kokatuak baitzeuden. Habil, lantresnak bazekizkielako egiten, Erek doi-doia zutik egoiten ikasi zuelako. Gizakiaren alderantziko bidaiak bere amaiera ikutuko zuela nabari zen, zutik egon baino lehen jarririk eta etzanik bizi izan zirelako, gizatasunetik urruntzen. Darwin poz-pozik zegoen, bere teoria argira utziko zuelako eta egiari zor, biziki harro zegoen. Haiekin zeuden bi ximinoak ere bai, une hartan, gizatasunaren aita- amak bihurtuko zirelako. Adanek eta Ebak zer esan ez zekiten, gizakia ximinoetik zetorrela baitzioten, emeki- emeki abere basa horretatik gizakitu zelako. Harrigarria benetan! Haien bidaia bukatzen ari zitzaiela nabari zen, Ebak galdera bat Richardi egin zion: -” Aizu, ongi ulertzen badut, gu gezurrezkoak gara ezta? Ipuin batean agerturiko irudiko pertsonaiak ezta?”.

Darwinek emandako eboluzioak lekuz kanpo uzten zituen arren, Ebak jarraitu zuen: “ Ados, baina Jainkoak gu ez bagintuen egin eta lehen gizon emazteak ez bagina, nork sortu ote zuen lurra eta mundua, Jaunak edo berez egina ote zen”?
Richard nahiko nekatuta zegoen, hainbeste solas eta solas baina lehen erakustaldia lortu bazuen, bigarrena ere lortuko zuenaren susmoa bazeukan eta, Big-Banga, modu arinez, aipatzea ausartu egin zen. Besterik gabe. Hori uste izan baitzuen, behintzat, baina Adan eta Ebari
zerbait ezaguna egiten zitzaien, antzeko zerbait bizi izana bazuten bezala, batez ere, Edenetik bota eta erori zirenean, bainan oroitzapenak nahiko lainotuak zeukazkiten.
Denak unatuta zeuden eta lotan hasi ziren, batzuk lasai eta bare, ametsetan, besteak urduri. Noiztenka Adan lokartzen zen bainan laster esnatzen ere eta Ebari begira ezartzen zitzaion. Adanek osoki begiak ireki zituen, bere ondoan zegoen Eba maitea so eztiz lainotzeko asmotan. Bere eskuz, emaztearen gorputza ferekatzen hasi zen, ileak, bizkarra, bularrak eta hankarteko zakila pizten hasi zitzaion. Emearen kontrago ezarri zen. Eba, begiak irekiz, Adanek belauniko ezarri nahi zuela ohartu zen, eta irritxo bat eginez, bere ipurdia erakutsi zion, busti bezain zabalik, gizonaren zakil beroa bere baitan jaso arte. Joan- etorri batzuen ondotik, Adanen ur hazia magina bustiari zirriztatu zitzaion, behin izan zuten haien
munduko lehen larru jotzea oroitarazirik. Hura bai gozo izan zela, bainan ea munduko lehenbizikoa izan zen edo beste batzuk horretan aritu izan zirenez oraindik lehenago, orai zalantzetan zeuden. Paretetako marrazkiek haiek baino lehenagoko lizuntzaileak izan zirela erakusten zuten, eta haiek, Edenean lizunkerietan hasi baino lehen, harpeetako marrazki egileak horretan aritzen zirela begi bixtan zeukaten, naturalki, denak zakildun eta aludun zirelako. Hala erakusten baitzuten marrazki haiek.
Erek eta Habil jelos zeuden bainan zer egin? Eba bortxaz hartu edo ximinoekin bat egin? Bidaia beste dantzetan sartzen ari zela ohartzen ziren. Richard, denen gainetik zegoen eta halako beharrik ez zeukan. Gainera eme usaina hedatzen zuen bakarra Eba zen eta horrek arrak hurbilarazten zituen, bai kuriositatez josia zeudelako baita ere sexu beharretan zeudelako ere. Eba neska bakarra izanez, engoitik, kontuz ibili beharko zela konturatzen
zen, denen menpe baitzegoen eta Adanek bera defenditzeko, gauza handirik ez zuelako egiten ahal tropa horren kontra. Orai ohartzen zen zergaitik, beste denbora batean, lau hanketako ibileratik emaztea zutitu egin zen. Erekek ere hori bazekien, orduan, susmoa hartu zuelako gizonari bere alua errezago izkututzeagatik zutitze hura gertatu izan zitekeela eta lagun keinu batez, andreari halaxe baieztatu egin zion.


Ximinoetatik aparte, Erek zen taldeko giza zaharrenak Edenaren berri jakin nahi zuen, nolazpait berenganik aski hurbil egoteagatik, bera baitzen adin handikoarena eta noizbait gizaren kreazioa egitan gerta izan balitz, bera izango litzatekeela lehenetarik bat nahiz eta Adanek eta Ebak moderno itxura ukan.
Biek, bukatzen ari zen bidaian, aski pozik ziruditen, bereziki pausaleku ugari aurkitzen zutelako eta etzanaldi haiek lasai egon zitezen hartzen zituzten, neke itxura erakutsi behar baitzuten, oraindik zaharrenak zirela erakutsi nahi bezala. Beste guziak oso unatuak zeuden hainbeste joan etorrizko urratsak emaiteagatik. Bikotea ez zen ohartzen alderantzizko bidai luzea egin baino lehen, bide zuzenekoa egin zutela denek eta, ziminoekin batera, Erekek eta Habilek zeukatela nekatuak egoiteko arrazoin handienak, nahiz eta beren morfologiak horretara aintzinipini. Urrundik ikusiz, bikotea batere leher egina ez zegoela nabaritzen zen.

Berriz ere, haur bati ipuin bat kontatzen zaion modura, Edeneko ixtorioa kontatzeko Erekek Ebari eskatu zion, erdi nigarrez erregutuz. Gizabere zahar horiek halakorik entzuteko ohiturik ez zeukaten eta, egia aitortzeko, normalki, haiei entzuten egoten ohi ziren.
Begi- belarri egin zion. Irritto xamur bat eginez, Ebak hitza hartu zuen :
« - Edena horretarako asmatua izan baitzen, zeru urdin-urdina, iduzkia argiaren emaile, landare eta zuhaitzak udaberriko orlegiz alaituak, eta sagarrak gorri-gorri. Nahiz eta pizti gaiztoak izan, batez ere, sugeak, denak, ipuin guzietan bezala, eledunak ziren » . Behin, nola narrazti madarikatua solasetan hasi zitzaion kontatzen hasi zen, berriro galdeginez ea Jainkoak zer aginte eman zion, ea baratzetako fruiturik jatea debaketu ote zien. Ebak, hamekagarren aldiz eta borondate onez, ezetz erantzun zion, debeku bakarra sagarrak jatea zela, beste fruituz asetzea libre baitzegoela.
- « Bai, hantxe zegoen, erdi- erdian sagarrondo ederrena, sagar gorriz hornitua, benetan miresgarria. Eta abisatu ziguten hain deigarri ziren sagar horietatik janez geroz, zorte gaiztoa gainera eroriko zitzaigula eta bertan hilko ginela, baina ez nion kasurik egin. Suge maltzurrak Jainkoa gezurti bat zela xuxurlatu zidanean, esandakoa ez zitekeela inolaz ez egia izaten ahal pentsatu nuen eta zalantza bizian egon nintzen, nor sinetsi, gezurretan omen zegoen izaite gordea edo narrazti maltzur eledun hura? Sugearen esanak egia ote ziren, sagar horiek zuhurreria eta jakintasun osoa zuzenki ekartzen ahal zuten? Hala baitzioen berak, fruitu horiek irentsiz, begiak zabalduko zitzaizkidala eta Jainkoa bezala bihurtuko nintzela, dena ezagutzeko ahalmena betiko lorturik. Zer egin? Zer egingo zenuketen zuek, esan? Ba, seguru asko horixe, tentazioari etsitu, eskutan sagar bat hartu eta horzkatu ezta? Nik egin nuen bezala, hementxe dagoen Adan ene lagun onari koska egin zezan luzatuz. Honek ere gustora jan zuen, ez uste.”

Ipuina biziki ederra zen eta ongi elekatua gainera. Ebak halako ahalmen berezik bazeukan eta esaten zituenak denei , modu hunkigarriz, pasarazten zizkien, hantxe egon balira bezala. Hark Baionan gertaturiko juduen biltzarra zirudien, oroitzapenez oroitzapen.
Ebak ez zuen gehiagorik esan eta gerokoak isildu, batez ere, sagar horiek afrodisakoak zirela. Agian hori izan zitekeen Jainkoaren arrazoina, hainbeste zentsura eta pudore baitzeukan gogoan? Sugea irri maltzurrez zegoela ere isildu zuen, norbaitek manaturiko agintea gordezka bete balu bezala eta bikoteak piku hosto estalgarriak berriz ere hartu zituztenean, sexu parteen erakusteko ahalkea sortu zela ohartu zen, pudorea, gaztigu eta zigor gisa. Bainan hori nehork ez zekien eta espresibo modu harkor batean, bere mintzoan halaxe jarraitu egin zuen: “-Arratsean Jainkoaren oinotsak entzun genituenean, zuhaitz artean harenganik gorde ginen, baina ikusle supremoa hitz egiten hasi zitzaigun, ea zergaitik izkutatzen ote ginen? Elkar solasetan luzaz egon ginen, berak hainbeste gauza iroituz, biluzik ezin zitekeela egon, nik, sugeak engainatu ninduela, berak, narraztia betiko sabelaren gainean ibiltzea zigortuko zuela, eta hautsa jatera kondenatzen zuela, berriz ere, orpotik ez dakit zer eta halako. Nik jadanik ez nekien zer erantzun beti arrazoin zeukalako eta indar izugarria zeukalako, gurekin egin nahi zuen guzia egiteko heinekoa.”

Adan, bere zokotik atera zen eta ixtorioari segida ematen hasi zitzaion: “ Orduan Ebari, oka egiteko gogoa sartu zitzaion,- e maitea?- haurdun zegoela argiki adieraziz, baina Jainkoaren esanek izugarrizko ikara sortu zioten, ez baitzekien batere zer zen amatzea.
Eta Jainkoak, gainetik, oihuka errepikatzen zion haurdun gelditzean oinazeak ugalduko zitzaizkiola eta haurrak saminez izanen zituela. Ai ama! Baita ere irritsak neregana bultzatuko zuela eta izango ninduela nagusi. Egiari zor, ni adi-adi nengoen ea noiz tokatuko zitzaidan Jainkoaren hasarrea entzutea eta arrazoin neukan! Begi krudelez, mehatxatzen hasi baitzitzaidan, lehen esanda bezala, nekearen nekez nere bizitzako janaria atera beharko nuela, nere bekokiko izerdiz jango nuela ogia, lurrera itzuli arte, hautsetik izan omen bainintzen hartua eta hautsera itzuliko nintzela ere.”

Entzule guziei Jainkoa arras gaiztoa iruditu zitzaien eta Adanek halaxe jarraitu zuen:

Ez nuen ongi ulertu zer zen ogi harena, munduaren kreazioan ogirik ez nuela nihun aurkituko pentsatuz, baina irudi bat baizik ez omen zen… Ebak esana bezala, halako galderetan aritzeagatik Edenetik bota gintuen eta suzko ezpata dirdiratsu batzuk zituzten hegaldun aingeru batzuk atean ezarri zituen, pasa bidea betiko ixteko. Eta Edenaren izkin-izkinetik hutserantz begiratzen hasi ginen, oreka erdi galdurik, atzetik indar lagungarri dibino batek bultzatzen bagintu bezala. Eskerrik Edena lurraren pareko forma borobilik ez zuen eta angelu karratu horren puntan atzarpaturik egon ginen, huts ilunari begira, atmosferarik ba ote zegoen ziurtatzeko bezala.”
Erek, Habil eta ximinoak adi-adi zeuden, Darwin eta Eba txoko batean elkar mintzo zeuden, ea neskak agureari interesa sor ziezaiokeen, interesarengatik, noski, ez beste edozein gauzengatik. Noizpait bere beharra izan zezakeela gogartu baitzuen neskak eta hobe zela berarekin hurbileko harremanetan egotea.

Eta Adan bere kontakizunean aintzinera zihoan: -” Bizi baldintza guzia aldatuko zuen egoerak dardaran ezarri gintuen eta dantza dilindan hasi ginen, indarrik gabeko norantzarik gabeko bidean, beherantz zuzen-zuzen eroriko ginatekeen beldurrez, grabitate sendoak bere lana eginez”.
Haize trumilkari batek aurrera botaturik, Edeneko lurrari ezin izan ziola gehiago heldu, luzatu zuen eta pisu astun baten pare, itzulika ilunerantz murgildu zela, oihu galkor baten erdian. Oihartzuna bizi-bizia bihurtu zelako, susmo txar bat hartu zuen, zerbait ezezagun batek beregana soinua erakartzen baitzion. Eta beste Eden bat ote zegoen hurbil pentsatzen hasi zen. Ala purgatorioa ote? Infernua ez, ez zitekeelako hain hurbil egotea.”

Richard salbu, besteek ez zutela tutik ere ulertzen konturatu zen Eba. Zer zekiten zer zen pugatorioa eta infernua. Hastapenetik norbait isi-isilik egon zen, bere hor izatea iheskorra bihurtu arte. Nehork ez zuen aipatu, behin Sap bidean aurkitu genuela eta bera, agian arrazoin horrengatik, ikusgaitz bilakatu zen, inork galderik egin ez ziezaion asmotan. Itsas untzietan noizean behin dagerren bidailari gorde baten pare, hantxe egon zen inork ikusi gabe, arratoinen lagun bilakaturik, ustegabean marinel batek zoko batean izkutaturik aurki lezakeen biziriko heriotz zokozalea. Noeren arkuntziko hirugarren solairuan hantxe gorderik egon zitekeen senideen kanpoko arrotz ukatzaile baten antzekoa.

Kontaturiko ipuinak, aldiz, bere interesa piztu zuen eta bere zokotik atera egin zen. Bizi izan zuen isiltasunak gogoa zorroztu zitzaiola aitortu zuen eta bere pentsamen ahala askoz bidertu egin zitzaiola ere. Sap, bidean aurkituriko gizon aditua zen, Erek eta Habil baino askoz aintzinatua, ia Adan eta Ebarekin bat egiten zuena. Infernua eta purgatorioa zer ziren ez zekien arren, susmo berezi bat bazeukan eta gauzak adierazteko prest zegoen, bere izpiritua argiz beterik zegoelako. Horrek zer esan nahi zuen galdegin zionean, Ebak bekatuak purgatzeko leku bat zela, luzatu zion, zerua irabazi baino lehenagoko erruki pausua.
Zentzu orokorra ongi ulerturik, Sapek ipuin hori, ipuina soilik ez zela adierazi zion, irudiez eginiko kontaketa baizik. Zergaitik bat- batean mintzatzen hasi Sap eta halako gauzak esaten hasi? Ebari hauxe luzatu egin zion: “ Begira Eba, zuen ondoan, isilik egonez, gauza ainitz ikasi ditut, bai alderantzizko bidaiak erakutsiak, baita ere zuen hitzetik isuriak. Bidai honek sortu dituen nekeak eta pairamenak egiarat eraman gaituztela orain ulertu dut, eta horren pareko zerbait izan daitekeela purgatorioa ere bai. Irudi bat baizik ez da. Horrek esan nahi baitu helburua lortzeko, lan egin behar dela eta bizia, nekea baizik ez dela eta zer hobe gure bidaia baino horixe adierazteko, ezta? Hala baldin bada zuenganik datorren ixtoria guzia, irudiz irudi egina dela ohartzen naiz orain eta egitan, jakintsuentzat egina dela ere. Nork uler lezake horren esannahi sakona aditua ez bada? Sapek esaten zuena baldigarria zen, zuhurtzeak halako gauzak ulertzea ereman zuelako. Richard ezik, nor ote zen gai esateko Ebak kontatutakoa irudi bat baizik ez zela, nor ote zen gai halako kontzeptuak buruan atxikitzeko, ezta ere liburu saindua jainkotzat hartuko zutenak ere. Eta halaxe jarraitu egin zuen:
“Horri lotua ere, bitxi egiten zait, eta irudien ideia hori segitzen, inon ere, munduaren kreaziotik zuenaraino eta ipuinaren hasieraren bukaeraino ere, jatorriaz soilik mintzatzea, inoiz ez heriotzaz, gauza bat garbi dagoelako, heriotzaren misterioak jatorrizko galderetara gizakiak ekarri dituelako eta hori ez da nihon ere agertzen. Zergaitik? Zergaitik ez hasi ipuina heriotzak erematen duen bizira, hori baldin bada egizako xedea? Sinesgarriagoa izan zitekeen Jainkoaren argiaren inguruan legokeen balizko heriotz eremutik bizi berria hastea eta zuek hortik ateratzea. Helburua ez ote da jendeari hilaren ondoko bizi argitsua badagoela pasaraztea? Zergaitik, beraz, biak ez lotu? Richarden harridura ikaragaria zen, nondik ateratzen ahal zituen Sapek halako gauzak? Hogeigarren mendekoa zirudien, Tel Aviveko aretoan zeuden baino askoz adituagoa, Baionako judu guziak baino modernoagoa, Richarden antzeko gizon ikasia.
Eba ere harriturik zegoen Sapek eginiko aintzinamenduekin, bai hitz egiterakoan, baita ere bere adimenduzko ahalmenean eta laster, teologo zaharra bilakatuko zela susmoa sartu zitzaion. Purgatorioa eta haien bidaiaren arteko parekatasuna bikaina baitzen, bainan hori bakarrik Adan eta Ebak zekiten. Zer esan heriotzaren beldurra bazter zezakeen bizi berri horren helburua ulertzea? Harrigarria! Benetan harrigarria!

Agian orai arte isilik egoteagatik eta ezikusia eginarazteagatik, nehork ez zion kasurik egin ezta ere bi lagun berriek izan zuten elkar hizketa sakonari. Sapen konpainia bazterrera utzirik eta hasiriko kontaerari segida bat emateko gisan, Ebak, halaxe jarraitu zuen azken zatiari bukaera eman ziezaion:
-” Bai, begira, biak Edeneko lurrari ezin heldurik dilingo luze batean sartu ginen eta izugarrizko soinua entzun genuen, baita ikusi ere, suntsiketa itsua sortaraziz. Planeta guziak dantzan ezartzeko moduko eztanda horrek izutu egin gintuen eta haren indarrez, argirik gabeko eremu ilunera betiko igorri gintuen. Zuk aipaturiko Big-Bang hori orduan gertatu izan ote zitekeen?” galdegin zion Richardi.
Darwin irriz zegoen bazekielako etorkizunean eta bistan zenaren aurrean, fededun teologoek, zientziak frogatuko zuen eztandaren ebidentziaren aintzinean, Jainkoaren kreazioa eta Big-Bang naturala elkartuko zituztela, dibintasuna inolaz ezin ukatuz eta bigarrena bortxaz onartuz.
Oraintxe Ebak esandakoarekin bat egingo zutela bazekien ere, baita ere kontakizunaren segidan esaten ari zenarekin, hau da, planeten arteko kaskek animaleko harrabotsa sortu zutela eta kosmosa hankez gora zegoela ikusi zutela. Hantxe zegoen, dirdir, urruti zagerien borobil argitsu hura. Sapek hura bazekiela zirudien ere.
Halere, Richardi ere, zerbait bitxi bazegoela esandakoen artean iduritu zitzaion, Edenetik ikusiriko planeta argitsua lurra ez zitekeelako izan, berriz eta berriro aipatzen zuena, eguzkitik urrun bezain hurbilen deskribitzen zuen hura, distantzi neurgaitz batean omen zegoena, denen artean desberdina, eta behar bada, nork ez jakin arren, jendez bizitua izan zitekeena, baina hori susmo bat baizik ez zen. Hala ere, Richarden susmoa ez zen txantxetakoa...
Adanek eta Ebak bizi izandako hura, Big-Banga ote zenez zalantza sartu zen beraz, baina, bitxi bada bitxi eta denboraren nozioa galdu izan arren, eztanda hura, ezagutzen zuten nozio horren barnean zegoen, haien hor izatearen pareko, biak benetan bizirik izateagatik, eta egiazko eztanda apokaliptikoa, aldiz, denen ezagutzaren arabera, neurrritik kanpo zegoen, askoz ere zaharragoa eta hortxe zegoen arteko inork ez zuen gogoratzen ahal, ez Adanek , ezta Ebak ere, nahiz eta lehen gizon- emazteak izan zitezkeela baieztatuz, orduan bizirik ziurki ez zeudelako, ez haiek ez inor ere.
Azkenean duda handiena hauxe zen, ea Adanek eta Ebak bizitakoak nahiko berriak ote ziren edo, benetan, munduko beste kreazio batean gertatuak? Seinale gehienek, asmakizun berri bat zela zerakusten bainan, han, zerbait argi eta garbi zegoen, bizi izan zituzten nahaskeri guziek galde atea denari irekitzen ziotela eta engoitik deus gertaezina ez litzatekeela orai bazekiten.
Ebak bere kontakizun oroigarria holaxe bukatu zuen: -”Erortze puntu hartatik zenbat hegalda egin genituen ez dakit, baina laster, urdin- urdin zegerien lurra ikusi genuen. Eta hori genuela helburu sumatu genuen.”

Darwin balditurik zegoen, Ebak esandakoak eboluzioko teorian erabat kokatzen zirelako eta Edena ezik, erortze horretan ikusitakoek munduaren sortzearen egiarekin bat egiten zuten, hala nola eztanda, planeten dantza, eta orai arte aipatu ez zuen klorofila usaina.

Halako gauzetan denborarik galtzea ez zuela balio pentsatuz, elkarrekin bukatzen ari ziren bidai luze hartan, begiak zabalik zerraiten, ikus, iker eta uler.
Izugarrizko Big-Bang kosmologikoa, berez izan zela garbi eta argi zegoen, bainan noiz gertatua? Bizi guzia kosmosetik zetorrela ere bai, baina kosmos dibinotik ere bai edo zer neurrian? Agian leherketa handi horrek Edena sortu ote zuen eta harekin Jainkoa? Bi gauza desberdinez mintzo zirela nabarmen zegoen, nehork ez zuelako bikotearen hitza zalantzan ezartzen, bai aldiz esandakoen esanahia. Halere eta Darwin aitatxi jakintsua izan arren, bere aldekoak zirenek sineste dibinorik ez zeukaten berekiko, naturalista bat baizik ez zelako eta munduan biziak aspalditik bere ibai isurtzea bazeukalako, eboluzioa zeukaten lekuko, elkarrekin hori guzia bizi egin baitzuten. Han, nehork ez zuen sinesteren beharrik, bizia llaburra eta galderarik gabekoa baitzen. Arrazoin zeukan baina Sapen aintzinamenduak hain erraldoiak izan ziren, eboluzioaren teoriari ostiko bat emaiten ziotela, ez zitekeelako homo sapiens batek hogeigarren mendeko baten eritziak izatea. Zerbait bitxi bazegoen horretan.

Leitmotiv tintingarri bat bihurtu balitz bezala, Adan berriz ere bere buruari galdezka hasi zitzaion, ea benetan zergaitik egin zituzten Eba eta bera? Ipuin batetik jalgiak ote ziren edo? Nonbait gizaren eboluzioan biak sar zitezkeen?
Galderez josia zeukan bere gogoa eta buruko minez zegoen. Halere, begi aintzinean zutenaren aurrean eta hainbeste denbora iraganda, inon ere lekurik ez zeukaten, ez mundu eta gizaren sortzean, ezta tartean ere. Agian askoz ere berantago, bigarren kreazio baten denborean, edo bizi izan zuten gaur egun horren baitan, bidaian zebiltzaten errepresentanterik gabeko aro berri horretan? Nahiz eta gezurretan ari ez zela, besteek esandakoa, nolazpait ere, onartzen zuten, berak, kontatukoen frogak eman nahi zizkielako bainan azkenean hori ezinezkoa zitzaion, bikotearen gogoan baizik ez zegoelako. Zinez, besteei nola ulertarazi benetan Edenetik jauzi zirela, beste egiarik ezagutzen ez zutela, nola zehazki munduaren sormenaren ondotik haiek ere kreatuak izan zirela, Eba bere saihetsetik errotik aterata izan zela eta sagar debekatu bat jateagatik lur dibinotik bota zituztela? Bat- batean orbana gogora etorri zitzaion eta nahiz eta bere marka biziki ahuldua egon, josturaren orratzaren koropilo markak oraino zagerizen eta hura frogatzat agertarazi zien, Ebaren lekukotasunaren laguntzaz. Bitxia zen bai bere saihetsean zegoen ezaugarria, bitxiago oraino Eba handik atera izan izatea. Bere borondate ona garbiki agertzen zen arren, beste guziek erotzat hartu zuten, bereziki arra zelako. Argudiorik gabe zaila zitzaion hura baieztatzea, nahiz eta bidai luzeak denen arteko konfiantza sartu eta gezurretan aritzen ez zela aurretik denek bazekiten. Ametsari leihoa ireki zioten, beste adierazpenik ez zegoelako. Halere bitxiarena zen Ebak hura ez ukatzea eta senarrak esandakoari baietza azaltzea. Sap ere harritua zegoen, zer esan Richardek gogoa zeukana...

Ixtorioa bukatu behar zutela pentsatuz, aurrera jo egin zuen, Jainkoaren krudelkeria aipatuz, balizko kreatzaile horren gaiztokeria. Eta zer esan bere fierkeriaz, agintari supremoz jantzirik zegoen mehatxuez eta mendekuez. Nola sinestarazi besteei kreatzaile gaizto bezain krudel batenganik sortuak izatea? Nola adierazi debeku horien arrazoin zozoa? Eta emaztearen sumisioa, itsukeria erakusteko baizik? Hortxet garbi ageri zen halako gizartea bizi zutenek eta bizi izan nahi zutenek hura asmatu izan zutela, bai, haien moduko gizakiak, haien aroko legeak eta bizimoduak, baita Jainkoa ere, hori guzia babesten ahal zuena. Zein bide hobea beren gizarte modeloaren gutizia mistifikatzea baino, denek betiko onar zezaten.

Darwini zerbait bururatu zitzaion eta halaxe luzatu zien: “ Eta Ebak sagar horretaz jango zuela, Jainko horrek aintzinetik jakin balu eta xinpleki, misoginiaz beteriko agindua nahiez bete izan balu, emaztea betiko galzorian sartzeko, munduko oker guziak emaztearengan betirako uzteko eta haien luzarako sumisioa onartzeko? Eta Stocholmeko sindromean eroriak izan balira, beren sufriarazlea hain beste maitatzeko eta defenditzeko? Halako sindromean erortzean, bahitzailearen ekintzak barkatzera eta ulertzera erematen baitu, ez ote zaie halako zerbait gertatu ote biei? “
Ebak ez zuen ezer erantzun, hainbeste aurkaritzen aurrean, erdi zorabiaturik zegoelako. Zer egi, zer gezur? Edo hobekiago erranda, zer egi, zer ilusio? Hainbeste jirabiren artean bizitzea zaila zitzaion, berak ez zuelako munduaren aurrean akats eta bekatuen eredu bihurtu nahi eta ustegabekoan horretara bulkatzen zuten. Orai,denborarekin ikusirik, halako zerbait izan zitekeela bere isiltasunak baieztatzen zuela zirudien... Hainbeste galdera, hainbeste mixterio. Eta denak munduari begirada zorrotz bat bota zioten.
Azkenik eta modu apal batean, ixtorioaren bukaera kontatu nahi izan zien, bainan indarrik ez zeukan jadanik eta nahiko suntsituta zegoen. Ipuin gozo bat kontatzen den modura entsaiatu egin zuen bainan debaldetan, hura ez zelako jadanik ez momentua ezta ere gunea. Mementu hori baliatuz, Darwinek menperatzen zuen balizko zientzia Adan eta Ebaren aurka zegoela adierazi zuen. Misterio ainitz egitan.

Richardek, une latz bezain serio hura apurtu nahiez, kantuz hastea hoberena zitekeela pentsatu zuen eta ea kantuz bazekiten galdegin zien. Bistan da Erekek eta Habilek ez zekitela zer zen ere hitzekin kantatzea, nahiz eta batzutan txorien txistua kopiatu nahiz, ezpainen arteko doinu bitxietan aritu, baina hari adierazpenik emateko gai ez ziren. Sapek gehiago ezagutzen zuen, bere denborean osaturiko hezurrezko txistu hari esker lerrokaturiko dantzan aritu izan zirelako eta aireak gogotik heltzen zitzaion. Ximinoak, zer esan, abereak baizik ez baitziren. Adan eta Eba berriz ere, kontradizioetan zebiltzan, alde batetik gizaki normala bezain modernoen itxura zeukatelako eta bestetik giza ohiturak erabat arrotzak zituztelako. Hantxe denbora luzaz bahituak egon bezala ziruditen, urte luzaz gizartetik kanpo egon diren horien sintomak erakusten zituztelako, errealitatik kanpo egonez, haien antzeko gizaki guziek kantua zer zen bazekitelako eta haiek ez. Halere, Richardek laster ikas zezaketeela pentsatu zuen eta aintzinera egin zuen ea fandango hori gustokoa ote zuten eta halaxe kantatzen hasi zen:

Alderantziz baledi mundua egun hasirik, oraiaren zilbor hestea tinko eskuraturik
leize sortzerainoko sokaz trezatu bidetik, mendez mende atzerantz, gizakiari so eginik
gizaz giza, adinez adin atzeraka abiaturik, aurreko bidea harturik....”

Aupa! Hauxe fandangoa, aurretik atzera doana, kaguendios!”-oihukatu zuen Erekek- Biba! Irrifarrez, bere hiruzpalau hortz handi ustelak erakutsiz. Adan eta Eba, aldiz, nahiz eta harrigarria izan, dantzan hasi ziren, biak besotik heldurik, bat bestearen kontra, aspalditik ez zuen bizi une amodiogarrian sartuak, tinko- tinko elkarri begira, Sapen so gogotsu ikusezinaren dilindan, baina horretaz nehor ez zen konturatu. Halakoetan Ebaren begirada urdinak Adan urtzen zuen eta beste ezer inguruan ez balitz bezala, haien mundu bakarrean zebiltzaten, Richarden kantuaren hitzei kasurik ez eginez.
Besteek halakorik egiten ez zekiten, beste adineko batekoak baitziren.....

Ebari berriz oka egiteko gogoa sartu zitzaion eta bere sabel beteak inor ez zuen harritu. Adan aita zela oraindik ere ez. Hilabete batzuk iragan ondoren alaba bat ukan zuen.
Aspaldi elkarrekin ezagutzen zuten bi gizon prehistorikoek, Erek eta Habil, bere maila murritzean segitzen zuten eta haien harrokeri bakarra zen bi ximinoak sorbalda gainetik begiratzea, haienganik eboluzio handia izan zutela erakutsiz.
Sap erabat intelektualizatzen ari zen eta nehork ez zuen gogoeta motarik berak bazituen, Ebaren gostuko, hainbeste, Sap aitorde bezala hartu zuela.
Denek bat egiten zuten, ixtorio baten katebegiak zirela ohartuz.
Ximinoek eta leizetarrek askaziz askazi aroetan zehar ibilitako gizabere gizakatuak bihurtu zirela betiko kontutan hartu zuten.
Adan eta Eba menderen mendetan gazteenentzat hartu zituzten, itxura modernoa izateagatik, noski, eta Richard Darwin, bere irriño ironikoarekin, gero eta zokozaleago bihurtu egin zen.

 

Elohim, urrunetik etorriak

 

Ihes egin zuten munstro haiek bi presuna hil eta beste dozena bat zauritu zituztela jakin zutenean, izugarrizko bildurra sartu zitzaien ea noraino iritsiko ote zen zientzilariek asmaturiko bizi berria. Aspaldidanik lan aurrerakoietan ari zirela bazekiten, noizean behin telebistak horren berri emaiten zuelako, bai eta egunkariak ere. Irudi guziek amantal txuriko zientzilariak ikerketetan erakusten zituzten, puntako laborategietan inoiz lortu zituzten emaitzak erakutsi gabe. Halere, berria zabaldu zen sorgai ziren enbrioiak zelulen bidez sortarazten ari zirela eta zientzia mundua eztabaida handitan murgilduta zegoen, ea noraino joaten uzten ahal ziren ikertzaileak. Izaite bizi horiek nola ote ziren nehork ez zekien ere, ikerketen emaitzak izkuturik gordetzen zituztelako. Zesatenez, izaki bizi haiek bikainak ziren, gizakiaren antzekoak, bareak eta lasaiak gehienak, baina ikerketa sakonek bildurgarri ziren izaki bitxi bezain gaizto batzu lortu zituzten ere.

Egun hartan, laborategi berezi hartan, horietatik bi oldartu eta ikertzaileak zauritu ondotik ihesari eman zioten, kartzela xuri hartatik arinki ateraz eta hiriko karriketara izua zabalaraziz. Emazte batzuk bortxatu omen zituzten eta agure bat hilik atzeman zuten ere. Ume bat erdi jana aurkitu zutenean, hiriko polizi osoa eraileen gibeletik hasi zen, azkenean preso harrapatu arte. Bortxaturiko emazte haien haurrek, monstruak aterako zirela beldurrez, biztanle guziak ikaratzen zituzten, eta erabaki gogorrak hartu behar izan zituzten, berehala aborta zezaten agindua emanez. Berri hark egunkarietako lehen orria bete zuen eta gizarte zientifikoan agertu zen eztabaida bizi- bizia izan zen. Batzuek perilik gabeko ikerketak zirela eta dena kontrolpean zegoela zioten, besteek aldiz, etikaren izenean, halako ikerketarik ez zitekeela aurrera eraman eta bertan behera gelditu behar zirela ere.
Urte bat baino gehiago iraun zuen zalaparta hark eta isilpean, ikerketek beren bidea jarraitu zuten, estatuko gobernuak bere herriaren handitasuna gizakien ongi izatearen gainetik zegoela pentsatzen baitzuen. Noizean behin, kazetari ausart batek edo bestek berriro experientzien berria zabaltzen zuen baina debaldetan.

Urte hartan, Elohimdarren herrian, hauteskundeak izan zirela eta, moralik gabeko agintariak baztertu zituzten eta beste zentzudunagoak gobernuan sartu. Laster erabaki berriak harturik, ikerketa lanjeros horien eztabaida kalera atera zuten, ea balio ote zuen halakoetan segitzea, kontrolpe osoan ez zeuden lanak garestiegi zirelako, alde batetik, eta orai urtebete gertatutakoaren antzeko zerbait berriro gerta zitekelako, bestetik.

Hori zen planeta haren gizarte hain aintzinatuaren arriskua, ikerketa horiek eskutik joatea eta lege berri bat legebiltzarrera ereman behar zutelakoan, eztabaidak pil-pilean sortu ziren, nor alde, nor aurka. Eskuinak aintzinera joan behar zela, ezkerrak, aldiz, ez. Batzuek besteei atzerakoiak zirela eta gizartea kandeleetako bizimodura itzuli nahi zutela, horiek aldiz, hainbeste aintzinamenduk ez zuela ezertarako balio eta bertan behera gelditu behar zirela erantzuten zien.Nahiz eta aspalditik sekulako aintzinalderako urratsak eman, gizarte horrek bere integrista tradizionalistak bazituen, batez ere ohiturari lotuak. Haien itxialdiaren arrazoinak ez ziren batere erlijiotik heldu, halakorik ez baitzuten ezagutzen, baina bai, gizakia laster ohituretan laketzen ohi zelako eta tradizioak legetzat hartzen zituelako. Ilaunari gorroto zioten, ohituren aita ilauna beti izan zela esanari uko eginez eta ohitura jainkotzat harturik. Zenbat mobilizazio ez zen ote izan azken urteetan, bai zientziaren aintzinamenduen aurka, baita ere gizarteak berez ekartzen duen aurrerakuntzaren aurka. Horretan biziki atzerakoiak zirela zerakusten, sektore batzuk bederen eta haien griña politikoa denen gainetik zegoela zagerren.
Hori guzia komunikabide guzien gai hautatua bilakatu zen eta izaki berrien kreatzeaz aparte ez zen beste ezertaz mintzatzen. Gizarte tunka bat bihurtu zen eta jendea mobilizatzen hasi zenean, manifak eta berezko desmasiak gertatu ziren han hemenka.

Zuhurren komisioneak zioen, lege bat egin baino, elkar ele seriosetan ari behar zutela probetxuzko irtenbide bat lortzeko. Kosmologian ziren adituak ere deitu zituzten eta sei hilabete osoz, isilpeko gogoeta sakonetan aritu izan ziren. Zientzia akademian txostena atera ondotik, ateraturiko proposamenarekin denek bat egin zuten, bai modernoak baita ere ohiturazaleek.
Emaitzaren aurkezpenaren egunean hizlariak komunikabideei hauxe adierazi zien: -”Munduko herri argiarena garelako aspalditik beste planeten ikerketetan aritu izan gara eta hantxe urrunean gure bizi baldintzak betetzen dituen beste bat jadanik ezagutzen dugu, harat hainbeste bidai astrologiko egin baititugu jadanik. Planeten arteko ikerketek atmosfera bere inguruan baduela erakutsi digu, hatsa hartzeko gaitasuna eskainiz, baita ere zutik egoteko ahalmena, grabitateak nahiko pisua duelako. Hutsik dagoela frogatu dugu aspalditik eta gure bigarren egoitza izaiten ahal zitekeela pentsatu dugu. Zergaitik ez jarraitu gure ikerketa arriskutsuak planeta horretan eta sortuko ditugun izakiaz hura bete? Ez litzateke batere arriskurik guretzat izango lortu ditugun izakiak han bizitzera eremaiten bagenitu, ezta ere etorkizunean lortuko ditugun besteak hantxe kokatzen bagenitu ere. Espazioko bidai berri bat lehenbailehen antolatzea dugu helburu, lehen-lehenik berriz ikusteko hura nola dagoen, hutsik dagoela segurtatzeko eta bizi baldintza berriak aztertzeko. Hori egiterakoan eta guk pentsatzen dugun bezala baldin bada, gure ikerketa zientifikoak harat ereman ditzakegu, planeta hura izaki bizi haietaz herritartuz.”

Legebiltzarrean zuhurren proposamena eztabaidatu ondoren, legea aintzina atera zuten eta laster, espazioko zeharkatze berria antolatzen hasi ziren. Herri aintzinatu hark prestakuntza guziak laster bukatu izan zituen, alde batetik, zientzilariek buruturiko suziri berezia, bestetik kit-ean eginiko laborategi eremangarriak, eta hirugarrenik, jadanik sortuak zeuden izakiak, xaloak eta bareak alde batetik eta bortitzak eta munstroak bestetik.

Elohimdarren lurraldean egun berezia iritsi zenean, denak urduri zeuden, batez ere, zientzilari jakintsuak, ez baitzen batere txantxetakoa izaki biziez beste planeta bat betetzea, kreazio baten itxura baitzeukan, huts hutsa zegoen leku batean bizia sartzea. Lurra, hala bataiatu baitzuten, telebistan eta aldizkarietan agertzen zen, haren itsaso et mendiekin, lur hezetsu eta basamortuekin, oihan eta pentzeekin, ibai eta errekekin, ibar eta ordokiekin, azkenean haien planetaren antzeko izadiarekin. Irudi haiek ez zitzaizkien batere bitxi egiten eta haien bizileku huts baten era baizik ez zuen.
Denek begi onez ikusi zuten harat joatea, aldakuntza gehiegirik ez baitzuten somatzen. Herriko tradizionalistenak ere, azkenean, ados agertu ziren, haien mundua arriskuan ez zutelako ezartzen eta haien gizartea garbi- garbia gelditzen zelako. Halere, etika komiteak deribazioneetan inoiz ez erortzea abisatu zuen, azken urteetan irten izan ziren arrazista ideiek ez zutela horretan bide egokirik hautatu behar, errezena traba egiten zuten guziak harantz bidaltzea izan zitekeelako. Arrazismoa, misoginia, desberdina zena baztertzeko erabiltzen zuten “ismoa” zer zen ongi baitzekiten, aintzinamenduak bere ondorio latzak beti bazituelako. Horrek eztabaida politikoak sortu zituen ere, gehienak bortitzak eta eskuin muturreko populismoak bere entzun-ahala modu akurkoi batez handitu zuen, argudio babeskor batzuk plazaratuz, hala nola, izaki horien aintzinamendua ea nork kontrolatuko zukeen, behin, haien planeta inbaditzeko xedea bururatzen balitzaien, adibidez? Bere dekalogo politikoan jadanik zagerizen puntu ezin arrazistagoak garbiki plazara atera zituzten, adibidez gizartean sobran zeuden etorkin ilegal guziak harat igortzea, baita homosexualak eta pedofiliarengatik kondenatuak izan zirenak ere, kartzelak betetzen zituzten guziak harantz igorriak izan zitezen. Horrek erreakzio gogorrak jalgarazi zituen eta gizartean zeukaten onarpena, haiek berek apaltzera eraman zuten halako astokeriak esanez. Ideia bitxiak ere agertu izan ziren, batez ere turismoarekin lotuak bainan haien bidea ez zuten egin, halakoetan aritzeko oraino arras goizegi zelako. Nahiz eta denbora ainitz zalapartetan elkar urratu, adostasun amankomun batera iritsi ziren, hau da, inoiz ere, nehork ez ziola erabaki horri buztanik aterako eta zientzilarien esku gelditzen zela planeta berri horren herritartzea. Halere, teoriko bezain debaldetako elkar solas izan ziren, ekintzetan, ez baitzen batere erraza kosmoseko beste alderako bidaia antolatzea eta nornahik ez zuen hori montatzen ahal.

Laborategiak pil-pilean zeuden, azken zehastasunetan aritzen zirelako. Egiari zor, izaki horien sortaraztea ez zen sekula batere gelditu, aspalditik horretan segitzeko debekua jaso arren, eta nahiz eta ikerleku haietan kazetarien filma-kamerak debekatuak egon, gizaberri haien irudiek mundua kurritu zuten, denen harridura altxatuz. Nola zitekeen experientzia horiek hain luzaz sekretuki aintzinera ereman izatea eta debekatu zituzten ordutik, izaki berri horien ahalmenak gehitu izatea ere? Baldigarria zen ikustea haien benetako itxura, gizakiarena baizik ez zelako eta hori bildurgarria ager zitekeen, balizko lurrikara batek jendeen artean libro uzten ahal zituelako, nehork ohartu gabe nor egi, nor kopia.
Gauza bat zen munstro lanjerosak lur honetatik kanporatzea, bai, eta hori denek ulertzen zuten, bestea gizakiaren antzeko izaki berriak hemendik lekutzea, desberdintasun zehatzik ez zegoelako batere, sendimentu eta guzi, eta planetatik lekutzeko arrazoin argirik ez. Gogora etorri zitzaien orain mende andana bat enbrioiekin sorturiko emaitzek zer zalapartak gizarteratu zituzten, baita ere ama gorputzen alokatzeak ere. Bainan horiek kontu zaharrak ziren eta oraikoetan dena gertu zegoela ziurtatu zutenean, abiatze interplanetarioa martxan ezarri zuten.

Espaziar zentro bikain hark bihotz ikara sartzen zuen eta garraiobide aurrerakoi haien motorrak marrumeka hasi zirelarik, hango zientzilarien harrotasuna agerira irten egin zen. Beste mundura ereman behar zituzten izakiak erakarri zituztenean denen jakin gosea gehitu zen, hantxe baitzeuden, kartzela ibilgarri batzuetan, ezin hobekiago babestuak. Lehen lerroan zeuden bi emazteek erabat triste ziruditen, haien mundua betiko uztera kondenatzen balituzten antzera. Zer egin zuten handik lekuarazteko? Haien errua ez baitzen, norbaitek, behin, asmatu izan balitu, gaur egun besteak bezala baitziren, preso egoteko arrazoinik gabe. Haien animoa pixka bat alegeratzeko, sagar gorri bana eman zieten bainan debaldetan, bien arteko batek antxarat bidali zuelako, halako tranpetan ez zela inoiz eroriko esanez. Guantanamoko heriotz korridorea iduri zuen, denak laranjez jantziak, eskuz eta hankez katetuak, urrats ttiki bortxatuez aintzinera abiatuz.
Telebista pribatuko kazetariak behin eta berriro galdetzen zuen zer egin ote zuten haiek hola tratatuak izan zitezen? Ikus-entzuleek ezer ez zuten ulertzen, itxuraz, bederen, gizaki arruntak zirelako, deus eskatu ez zutenak, are guttiago sortzera, beste guziak bezala. Zer desberdintasun nagusi ote zegoen, beraz, hantxe zeuden zaindarien eta kondenatu horien artean? Nahiz eta jendeak jakin nola jaioaraziak izan ziren, lakegarriak zagerizen eta urrikalgarriak bihurtzen zitzaizkien.
Erabakia ofizialki aspaldi hartua izateagatik ez zen atzeko pausorik emaiten ahal eta den- dena aintzinera abiatzen hasi zen. Airean ibili ziren beste ideia guziak, behingoz, baztertu izan ziren, hala nola izaki sorberrien bidai berean beste presuna batzuk parte har zezaten, kazetariak adibidez.

Telebistak antolaturik azken elkar debateetan aurkaritza handiak agertu ziren, beste motako galdera berri batzuk plazaratuz.
Teologo ospetsu batek ea interpretazio faltsuak ez ziren eginen galdegin zuen. Inork ez zuen ulertu hark esandakoa eta berriro bere ideia zehatz- mehatz adierazi zuen: -” Pentsa gauzak eskutik joaten zaizkigula eta guk sarturiko izakiak modu izugarrian ugaltzen direla, batere jakin gabe nola ekarriak izan diren eta belaunaldiz belaunaldi planeta hori betetzen dutela. Behin edo, haien jatorria adierazteko galderetako grina izanen dute, guk gure iturburuaz daukagun modu beraz, eta gure bidaiaren arrastoa inon ere ez bada agertzen, edozoin sineste mota sortu dezakatela pentsa, dibinoki agertu direla, ala hutsetik aroz- aro eraiki direla edo, zer dakit nik? Nola kontrolatu hori beraz eta halako sinesteak ez sortzeko zer egin? Agian noizean behin gure arteko batzuk haraino bidali beharko genituzke bertakoei gugandik datozela oroitarazteko, gure xedea, planeta hori kontrolpean ukaitea baita eta guk nahi dugun etorkizunerako erabiltzea, ezta? Hori ez dugu sekulan ahantzi behar, denborak dena ezabatzen baitu...”
Parez pare zeukan aurkariak berehala hark esandakoari buztana atera zion, bertako jendeari hori guzia berdin baldin bazitzaion, zer egin beharko ote zen?
-”Pentsa gure kontrolatzaileen agerpenak beste munduko ezezagun batzuen intrusioak bezala kontsideratzea edo gurekin harremenetan sartuko liraketenak erotzat hartzea, ezinezko gauza bat izan balitz bezala? Ez al da honetan, behin edo beste, egoera eskutik ihes egiteko arriskurik?”
Mota guzietako argudioak zebiltzan, teologiarekin lotuak batzuk, besteak eboluzioarekin zer ikusirik bazutenak, beste batzuk medikuntzarekin ere. Elkar hizketa hark gizarte guzia gogorki kaskatu zuen eta eztabaidak berriz hasi ziren, bidaia, egun batzuk atzeratu arte. Halere, jende gehiena ez zen horretaz batere arduratzen eta intelektualen afera zela zioten. Nahiko zuten bizitzea eta horretarako zituzten arazo handiei irtenbide arrunta ematea eta hainbeste diru gastatzea alferreko gauzetan behartsuen aldeko politikariak nardatzen zituen.

Bitartean, patuak bere bidea betetzen balu bezala, bidaiako prestakuntzak aintzinera zihoazen eta jadanik, neurrigaitzezko suziri urdin hura azpiko sutan zegoen. Komunikabide guziak berria hedatzeko gertu zeuden eta bidailariak bertara iritsi zirenean, kazetariak, irudietatik aparte, elkar hizketa bat lortzen saiatzen ziren, bainan debaldetan. Hamabi izaki ziren, batzuk burumakur, etsiturik, haien ohiko mundua uzteko pena, besteak, laborategitik kanpoko bizia behingoz hasiko zutela, nahiko pozik. Haien arteko batek kazetariei oihuak botatzen zizkien, bere espresatzeko gogoa erakutsiz, bainan inguruan zituen zaindariek aurrera bultzatzen zuten, preso arriskutsuak izan balitz bezala. Ez ote zituzten haiek berek sortu modu horretan tratatuak izan zitezen? Denak kabinetan sartu zirenean, kaiola berezietan “munstruak” ailegatu ziren. Inork, kaleetan zaurituak izan zirenetik aparte, ez zituen inoiz ikusi eta kazetarien jakingosea izugarria zen. Urrundik hain bitxiak ez zirela zirudien eta kamera batek eginiko zoom batean handitu zutena, gu bezalakoa zela zerakutsan, berez zuen agresibitatea gorderik. Erotetxe gogor batetik aterata izan ziren ohiko eskizofrenoak iduri zuten, dirdirezko begirada tinkoko gizakiak, lehen soaldian izua sar zezaketenak, baina besterik ez. Mundu aurrerakoi horretan ez ote zen azpiegiturarik sorturiko gizaki horiek sartzeko eta ikertzeko? Zergaitik beste mundu batera ereman, jakin gabe zein izango zen haien hango jokabidea? Politikari eta zientzilari guzien arabera han kontrolpean egonen lirateke eta sekulan ez lituzketeela bakarrik utziko zin egin zuten.

Kazetariek, irudi horietatik salbu, elkar hizketetarik ez zuten lortu, ez eta ere haien arteko batek bidaian parte hartzea ere. Azken mementua arte, prentsa, irrati eta telebista munduak bere ordezkari bat planeta berrira igortzea entsaiatu zen bainan debaldetan, kontrol bakarra zientzilariena izango zela erabaki baitzuten eta bertako populuak espedizio horren berri haien bitartez baizik ez zuela jasoko. Horrek, manipulaziori bidea irekitzen ziola denek bazekiten eta interesatzen zitzaiena baizik ez zutela erakutsiko ere. Halere, besterik ez zegoen, hura sekretu zerbitzuen afera zela argi eta garbi ageri baitzen.

Denak suziriaren barnean zeudela eta, bi saihetsetan itsasturik zeuden plater hegalarien ateak itxi zituzten, lur berriko atmosferan sartzerakoan banandu beharko zituztenak. Orokorki berrogoi bat presunez osaturiko bidaia zen, hamabi sorberri, bost izaki arriskutsu eta dozena bat ikertzaile. Eta hogoi bat langile trebe, hango eraikinak nahiko fite eraiki behar zituztelako, laborategi, begiratoki, sendaleku, psikiatriko, informatika leku, zibertegi eta abar. Dena aintzinetik ongi pentsatua zeukaten, batez ere izakiak kontrolpean ukateko bideak eta azken su orlegi hura piztu zenean, hamar, bederatzi, zortzi, zazpi, sei, bost, lau, hiru, bi, bat, zero!!!!!!!!!!!!!!
Eragozpenik gabe suziriak gorantz jo zuen laborategiko ingeniarien txaloen artean. Haien poza izugarria zen eta besarkada luzeetan elkar tinkatzen ziren, urte luzeetako lanari irtenbide baikorra eman ziotela baieztatuz.

Han barneko bizia lasaia zen eta izakien kateak askatu zituzten, libre biziaren lehen urratsak egin zitzaien. Loturik egoiteko arrazoinik ez zegoen, izaki normalak baitziren, giza enbrioi batzuetatik aterata eta “munstroetatik” aparte, denek bat egitea ikasi beharko zuten, izan zitezen ingeniari edo jalgiberri.
Zergaitik arriskutsu ziren beste izaki horietaz trabatu? Jende arruntakin ez ote zen nahikoa? Hantxe zeudenen artean xede berri batzuk agertu arren, aurrera jo zuten espazioaren barna. Laborategi eta ikerlekuetan, ingeniari guziek pausoz- pauso jarraitzen zuten suziriaren bidea, arazorik gabe iragan zedin, tresna urdin haren abiadura biziki lasterra zen eta aste bat baino guttiagoz, aneurkin guziak irensteko gai izan zen.

Manu, txoko batean zegoen pentsakor, halako bidaia ez baitzen txantxetakoa eta den- dena aurrikusia balitz ere, ezusteko gertakizunak gerta litezkeela bazekien. Ondoan zeukan Maddi ere eritzi berekoa zen eta suzirian zeudenen artean, nahiz eta programari fideltasuna erakutsi, eszeptiko xamarrak baziren, halako igortze batek benetan merexi ote zuenez haien buruari galdeginez. Funtzionari dozilak izanda ere eta baiezkoa eman arren, beste ez ohiko grinak bazituzten gogoan, zientziatik urrun.
Ustegabeko izaki bizidunik lurberrian agertzea zuen kezka handiena Manuk. Ea orai arte eginiko ikerketa astrologikoek gorderik egon zitekeen bizia ez ikustea posibilitaterik ba ote zuenez? Maddi, aldiz, beste gogoeta sakonagoetan zegoen, ea luzarora, eta batzuek han goian jadanik pentsatua zuten bezala, haien bidai sekretu honi norbaitek jatorri dibino bat eman ziezaiokeen, bainan isilik egotea hobe zuen, halako zerbait igartzea ez baitzen batere erraza, lehenik eta gero, nahiago zuelako Manurekin zituen solas isiletan hura atxiki, traidore bezala berehala hartuko luketeelako.
Eztabaida horietan zeudelarik, bozgoragailuetatik atmosferaren berri eman zuten, laster iritsiko zirela esanez. Ondorengo lanak zailagoak izango zituztela bazekiten, suziria airean uztea eta denak plater hegalarietan sartzea, lurrartzeko bidean abiatzea eta lur arrotz haren gainean hiru zango kotor haiek pausatzea. Ikuspegi teknikoaz aparte, izugarrizko berrikuntzaren lehen pauso emaileak izango zirela buruan zeukaten eta horrek emozioz betetzen zituzten.
Eragiketa guziak arazorik gabe lortu zituzten eta lurrera hurbiltzerakoan, lehen irudiak etorri zitzaizkien, hura erabat hutsik zegoela erakutsiz. Kalitate bikaineko kameren ahalmena izugarria baitzen eta milaka kilometro inguruan zageriena erakusteko gai ziren, lur, mendi, itsaso, ibai, oihan, ibar eta guzi, bere zehastasun guziekin. Manuk berehala haien planetaren antzekoa zela baieztatu zuen eta bizitzeko baldintzak onak izan zitezkeela ere, bainan hori izan zen planeta hori aukeratzeko arrazoin nagusia ezta? Goikoan bezala, denborak bere eragina izan zuela nabari zen eta aspalditik sorturiko lurraldea zela zagerien ere. Agian aroz- aro eraikitako izadia zuten begi aintzinean, oihanak eta belardiak denboraren epeltasunaren lekuko. Sumendi batzuen arrastoak bazeuden ere eta lehen egun berezi hartan eguraldia nahiko hitsa zegien. Haien ohiko bizilekuarekiko desberdintasun bakarra hutsik zegoela zirudien eta hori zen populu berriak baliatu behar zuena, noski.

Soinurik gabeko plater hegalarietan sartu eta, emeki- emeki, beheraldako bidaia hasi zuten. Tresna haren azpiko argi gorri indartsuak bazter guziak argitu zituen, azpian zagerien baratze eder hura argiturik. Haren erdian pausatu ziren eta ateak zuhurki zabaldu zirelarik, ingeniari bikotea, Manu eta Maddi, bihotza dardarez, bertatik atera zen, baratzondo hartan zeuden sagarrondoen artera, haien lurraldean zeuden antzekoak zirela baieztatuz.
Airearen eraginez edo, buru gainean lainozko koro ahul bezain hits bat atera zitzaien, mamien babesgarri modukoa, lur horrendako haien garun zorrotzek indar gehiegi edukirik, aire berrira egokitu behar balira bezala. Buruaren luzaera natural bat zirudien, sainduen ustegabeko misfikazioan sartzen balira legez.
Begi aintzinean zedaen lurrak etorkizuna zuela pentsatzen zuten, iragana betiko han urrunean laga egin zutela jakinik. Platerera itzuli ziren dena baketsu zegoela besteei aditzera ematera eta denak, zuhurki, tresnetik kanpora ateratzen hasi ziren, lehenik funkzionarioak, fiertasunez beterik, atzetik eta katerik gabe, izaki sorberriak eta azkenik bi kaioletan zeuden “munstroen” idurikoak. Egiari zor, ez zen hainbesterakoa eta besteen antza zeukaten ere, batez ere, lur berri hartan itsatsi zitzaizkien hatsezko koro borobil hura ikusurik. Azkenean, arazo bakarra izan zen ihes egin izan zutela eta jendea erail eta zauritu zutela, agian heien defentsa propioan, nork zekien. Bidaiak ere erabat lasaitu zituen eta bare- bare zeuden, ea noiz kaiolatik aterako zituzten.

Aire-untzitik denak atera zirenenean, denak libre uztea erabaki zuten lur berrian laket zitezen eta zaindari lanetan denborarik nehork gal ez zezan. Lurrartzearen eginbeharrak nahiko fite egin zituzten eta Manu eta Maddi, lurra zapaldu zuten lehen gizon emazteak izateagatik, aski pozik zeuden bainan ere, bidaia ezin hobekiago iragan zelako, plater hegalaritik arazorik gabe atera zirelako eta ezin lasterrago bizimodu berrian laketu zirelako.
Goiko planetatik begiratzen zituztela bazekiten eta haien urrats guziak kontrolpean zeudela ere. Izaki arriskutsuak libratzeagatik, agintarien hasarrea susmatzen zuten, bainan lurrean, haien erabakien jabe ziren. Han urrunean interes handirekin jarraitzen zituzten lurberrian gertatzen ziren aintzinamenduak baita ere praktikan, nola tinkatzen ziren bulegoetan deliberatu zituzten erabakiak.
Arreta berezia emaiten zioten aukeratu zuten hizkuntzari, han, beste planeta hartan, mila eta hameka mintzaira erabiltzen baitzituzten eta hemengo, beheko honetarako, hebraiera baizik ez zutelako hautatu. Elohim izena betiko hartu zutenean, bere esanahiari kasu handia eman zioten, goitik etorri zirenak adierazi nahi baitzuen hitzak, ainitza erabiliz, kanpotik etorritako izaki ugari, bat baino gehiago bederen, izan balira bezala.
Hainbeste planetaren ikerketen ondotik, lurra aukeratu zutenean, bizitzeko baldintza hoberenak zituelako izan zen eta haien lurraldearen inguruan zeukaten antzeko atmosfera bazuelako, nahiz eta apur bat desberdina, buru koroak lekuko. Ez bakarrik hori, haien gizagai ikerketetarako, lurralde hoberena zelako ere eta bizitza artifiziala aintzinera eramateko hauta zelako ere. Hau guzia jakiteko, hamar bat bidai jadanik egin zutela inork ez zekien, nahiz eta sekulan ez airuntzitik atera. Nehork ez zuen jakin ere lurraren inguruan satelite ikertzaileak aspalditik kokatu zituztela. Argiaren indarra izan zuten ikerketa zailarena, batez ere jakiteko ea bere izpiek ez zuten argi gaiztorik bidaltzen, erre zezaketen arrai minkorrik, bainan laster, erabat egokia zitzaiela ohartu zirenean uren ikerketetan hasi ziren. Itsasoa zabal- zabala zela ikusi ondotik, haren zol- zola begiratu zuten, hain sakona ez zela baieztatuz. Aski zuten eztanda bortitzak probokatzea lur mordoak ur gainetik agertzeko eta lurralde berriak lortzeko.
Manu eta Maddik, hori guzia bazekiten, sorberriek, aldiz, ez. Bazekiten ere aintzineko bidai guziak lur berria bizitzarako prestatzeko egin zituztela, ez bakarrik itsasotik lurralde bakar bat sortarazi egin zutela, baita ere, kimikazko landare zelulen laborategi bati esker, landaredi osoa jaiotarazteko ahalmena izan zutela, bertako leku desberdinen arabera.
Haien prestakuntzaren abiadura izugarrizko lasterra izan zen eta fite, mundu berria hornitzeko gai izan zuten, bai izakiz baita izadiz ere. Eguzkia eta izarren begiratze zientifikoei esker, egunen eta urteen iraupena neurtu ahal izan zuten, hemengoa goikoarena baino aise luzeagoa zela oharturik.
Hori guzia aintzinetik antolatua zeukaten arren, zehastasun guziak eskas ziren, praktikan agertu zen bizia ez zelako osoki laborategietan aintzinikusia bezelakoa eta etorberriak eta haien askazi ugariak lan zientifikoetan aritu beharko ziren ere, lurra haien bizi baldintzetara erabat egokitu egin zezaten.

Beheko bizia aintzina zihoan, jatorrizko planetan zuten esan zaharra hitzez- hitz betez, hau da, ugaldu behar zirela herrialde berria bete zezaten, hauxe baitzen planeta bereganatzeko modu hoberena. Ugaldu bai, bainan haien artean, osoki debekatua baitzegoen kreaturiko eta Elohimdarren arteko harreman sexualik eukitzea, ondorio ezezagunarik sor ez zedin.

Haien asma lanetan segitzen zuten eta itsas arrainak lortu zituztenean, itsas barneko izaki urtiarrek behar zuten elikadura guzia ere sortu zuten. Ekologian aski trebeak ziren, inoiz ez zutelako beste bizitiarrik suntsitzeko ahalmena ukan zezakeen beste izaki motarik sortu. Izugarrizko lorpena izan zen!
Hain ugaldu ziren, lurraren lau izkinetara iritsi zirela, itxura desberdineko jendea han- hemenka agertaraziz, batez ere beltzak eta ilun xamarrak, eguzkiaren indarraren arabera.
Mundu aintzinatu hartan artistak ere baziren eta dena kolore ederrez estali zuten, izadi berari lehen artista errola emanez. Xori batzuei, kolore guzietako lumez hornitzeagatik, hegan egiteko zailtasuna sortu zitzaien, itxura funtsaren gainetik balego bezala. Halere, traba horiek ugal dantzetarako baliatuko zituzketeela asmatu zuten, abere munduko parada ederrenak modu horretan sortaraziz. Zientzilari batzuek, abere gaiztoak asmatu zituzten, egiazko munstroen parekoak, erraldoi bezain izugarriak.
Denak denboran zehar bizitzen hasi ziren eta, maiz, Manu eta Maddiri haien etortzearen arrazoina gogora etortzen zitzaien, hau da, baldintza hoberenetan jende berria ugaltzea eta lurra biziz betetzea. Horretarako eta arrazen arteko genozidiorik izan ez zedin, asmatu zuten bizi haria bikaina izan zen, belarjaleak lehen- lehenik sorturik. Haragizaleen asmaketa geroko utzi zuten, belarzaleak lasai ugal egin zitezen, emeki- emeki odolzaleen elikadura bihur zitezen.

Lurrean bizia kontrolatzen zutenek, asmakuntza guzien arteko lehiaketak montatu zituzten, ea nork asmakuntza aberatsena sor. Lehen gizaki berriak sortzeko unea iritsi zenean, denak urduri zeuden, orain arte egindako guziak, landareak edo abereri mundukoak izan baitziren.
Sortu ziren gizaki guziak beste planetatik etorritako askazikoak zirela nabari zen baina etorberriek zituzten ikerketa genetikoak biziki aurreratuak zirela ageri zen ere. Hemen, bi sor mota desberdin bazegoen, batto, betikoa, zientzilarien artekoa, larrua jo eta emeki- emeki ugaltzera eremana. Bigarrena, aldiz, artifiziala, jende berriak sortzea eta haien artean, gero, modu tradizionalez, ugaltzen uztea ere. Laster lurralde guziak bigarren motako jende arruntez bete ziren, ikertzaile adituek kasta berezi bat eginez. Haien pentsa ahalmen paregabea sortuenaren baino askoz ere handiago zen eta horretan zagerien bien arteko desberdintasun nagusia.

Zientifiko tradizionalistenak ez zuen onartzen ahal mundu berrian gizaki artifizial gehiegi sortaraztea eta planeta zaharra abandonatzeko arrazoin nagusia hori izan zen. Askotan oroitarazten zuten. Jatorrizko planetan bizi zirenak ere beldurrez zeuden, ea balizko sorberri horiek, behin edo, haien bakea nahasteko ahalmena lor zezaketen pentsatuz.
Jatorrizko lurraldean eskandalo hutsa izan zen. Onargaitza zitzaien kreaturiko gizaki berrien ahalmen intelektualak kreatzaileenak baino zorrotzagoak ahal izatea eta horretan arrisku bizia bazegoela ohartzen ziren. Egiazki ez zen batere hala, bainan, urrutitik ikusiz, beldurrez eraginda zeuden.

Lur berrian bizia aintzina zihoan eta planeta guzia jende desberdinez bete zuten. Jatorrizko lurrekoek susmatzen zuten arriskua baztertezko, Manu, Maddi eta ikertzaile Elohimdar trebeek bat- bateko erabakia hartu zuten, hau da, jaioturiko gizaki berriak, primitiboki bizitzen uztea, aintzinamendu gehiagorik gabeko gizarte batean betiko utzirik eta orain arte eginiko asma lanari, mistifikatze balio bat ematea, dena dibinoa zela ustearaziz.

Mundu berrian zehar sakabanaturik zeuden ikertzaile taldeek, haien iduriko jende egokitua bertan utzi zuten, nahiez, munduko arraza guziak sor zitezen. Orai arte kreatua izan zen guziari etenaldi izugarri bat eman behar ziotela deliberatu zuten, batez ere, punta-puntako ikertzaileen lanari, hantxe, lur aintzinatuenetan zeuden horien aurrerakuntzari. Ikertzaile trebeen lanlekuak hain joriak eta aberatsak ziren, hantxe aurki zitezkeela landare ederrenak, abere bikainenak, lore usaintsuenak eta kreaturiko gizaki adituenak, adimendu zorrotzenetako sorberriak.
Nahiz eta bitxia izan, orai haiek sorturiko biziari arrisku bat ikusten zioten, bainan hori aintzinetik ez al zekiten? Eta planeta zaharra abandonatzeko arrazoina izan zen horixe ote izan? Goiko erabaki teoriko horrek, bere aurkariak bazituen beherean, orai arte egindakoa alferlanetan gertatzea ez zutelako inolaz ere etsiko, bainan goikoek manatzen zuten eta haiek zuten erabaki supremoa eskutan, edozoin unetan Elohimen planetara itzultzeko deliberagoa har zezaketelako, baita ere lurrean sorturiko guzia suntsitzea ere. Mundu berrian bizitakoa, han urrunean, teorikoki baizik ez zuten ezagutzen, eta nahiz eta irudiak ukan eta dena kontrolpean eduki, populu berriak zeukan sentimendua ez zuten, inolaz ere, neurtzen ahal.

Maddi aspalditik jende berri talde batekin lanean zegoen, haien jokamoldeak aztertuz , haien berezko izaite moldeak ikertuz, zer eragina zuen familiak eta gizarteak norberaren nortasunean, noiztik jendea iraganari baino, etorkizunari begira zegoen, nola eta noiz sor zitezkeen heriotz eta jatorrizko galderak haien baitan eta holako.
Beste batzuek beste ikerketa mota zeramaten, eguneroko biziari lotuak, elikadurari eta edateari, gorputzari, loari, kirolari eta abar... Nola hiltzen ziren, zer eritasunak hartzen zituzten, eta halako gauzak aztergai zeukazkiten.
Begirale eta begiratuen arteko desberdintasun nagusia iraupena zen, lehenak ez baitziren sekulan zahartzen, ezta ere hiltzen ere eta belaunaldiz belaunaldi jarrai zezaketen populu berriaren bizia. Haien lorpen handiena heriotza hiltzea izan baitzen eta hori zen planeta zaharretik ekarri zuten aintzinamendu handiena. Eritasuna eta zahartzea zer ziren ez zekiten, edo, hobekiago erranda, aspalditik garaituriko zientzilanak zituzten. Horrek abantaila handiak bazituen, baita emaitza desegokiak ere. Alde batetik, presuna batek bere ADNaren baitan zituen genetika eta fisika zehastasunak zehazki definitzea lortu zuten eta zahartzeko ala eritzeko kausak erdietsi, ahultasun horien aurkako tratamenduak asmatuz eta hilezkortasuna lortuz. Bestetik, haien biziaren iraupen gehiena zaharrerian kurritzea zuten akats handiena, gazteria laster iragaiten zelako, adin erdia ere bai, zahartzearen aroari luzaera izugarria emanik. Esperientzia lortzez aparte, bizi indarra galduta zeukaten eta gaztetasunak bere baitan daukan ausardia itzalia. Beste arazo bat bazen ere, biziaren ondoko bizia agure- atsoen gogoetatik desagertzea, biziaz aspertzea, eta heriotzaren eskasean, sinesmenik batere ez agertzea haien gogoetan. Hila izan daitekeen beste bizi baterantzako bidea desagertuta zeukaten betiko, derrigorrez, heriotzarik gabe, beste bizirik ez baitzegoen eta betiereko bizia lurreko bizian lortzen zelako.
Modu batez, gizakia Jainko bilakatzen zen, zeruratzea lurreratze bihurtu zelako, gizaki-izaiteari hilmuga kendurik.
Abantailetan ere, dena kontrolpean egotea zeukaten eta fitsik ez zitzaiela eskuetatik ihes egiten, haiek moldaturiko gizaki berriak haien antzera osaturik. Desegokikerietan, besteen beharra erabat desagertzea zen garrantzitsuena, autosufizientzia bilakatu zelako nagusi. Gizartearen beharra desagerturik, gizakien berezko izateak zuen balio bakarra, gizaz-gizaz joanik, giza taldea ezabaturik.
Hastapenetik, Elohimdarren antzeko jendea jaioarazten zutela argi zegoen, haiek sortarazitako izaite eta ohiturezkoak, arras berekoitzak, bainan denborarekin, sentimendu arloa askoz zorrotzagoa agertu zitzaien, bai maitasuna, baita ere sentimendu mota desberdinak. Elohimdarrek gorputz eta gogoaren bikaintasuna ezin hobekiago erdietsi zuten, jende berriei sendimenduak emanik, dardarez eta hotzikarez eginik.
Hori zen desberditasun handiena. Halere, argi eta garbi agertzen zen nor zen nagusi eta nor morroi.

Maddi aspalditik talde batez arduratzen zen eta haien jokabideen gorabeherak aztertzea zuen lana. Kepa mutil gaztea biziki azkarra zen, hala gogoz, nola gorputzez, mutiko aditua eta usu ez den bezala, zientzian eta artean trebea. Andre ikertzailearen interes ikaragarrria pizten zuen eta denbora ainitza berarekin iragaiten zuen. Maddik lorturiko izakia hain minbera zen, non giza sentimenduak osoki bere baitan zituen, eta horrek, elkarren arteko interesa piztu zuen. Hainbeste aurrerapen ikusirik, emazteak, laster, bere lankide bilakatu zuen, zientzi lanetan laguntzaile bihurturik, bizi emotiboari loturik zeudenetan. Alderantziz ere, munduaren ikuspegi berri bat kutsatzea bideratu zion mutikoak. Kepa, besteak baino adituago zen eta berarekin egoteak zorion izugarria ematen zion Maddiri.
Nahiz eta Maddiren adina ezezaguna izan, mutikoaren adinaren antzekoa zirudien. Emazte ederra zen, aditu bezain eder. Kepa, emeki- emeki, bere arduratzaileaz maitemintzen hasi zen eta berez eta teorikoki, sentigaitza zela jakin arren, ohiko harreman goxo kontutan hasi zitzaion, irriño, atsegintasun, hurbiltze, fereka, pott eta muxu eta laster lagunminak egin ziren, Maddiren sabela lekuko.
Zenbat denboretan haien harremana erabat sekretua izan zen, nehork ez zuen jakin. Keparen berezko neurgailuaren arabera, urte bat hurbil, Maddiren aro mugagabeaz, ainitz gehiago ala askoz guttiago, denboraren noziorik gabean bizi baitzen.
Halere, debeku ikaragarrian bizi zela bazekien eta galarazpen izugarria hautsi zuela ere. Hori ez zioten, inolaz ere, barkatuko, jende berriekin edozoin harreman pertsonaletan aritzeko baimenik ez baitzuten, are guttiago larru jotze jokotan aritzea.
Ikuspegi zabalez jokoak barkatuak izaten ahal balira ere, haurdun egotea inondik ere, horrek populuaren izate berria zalantzan ezartzen zuelako. Zer izanen ote zen bere seme edo alaba? Elohimdarra ala lurtarra? Bere baitan zuen haurra galdu behar zuela erabaki zuen, beste inor ohartu baino lehen, bainan boztizkeria erabiltzeaz aparte, ezinezkoa egiten zitzaion, bere esku ez zituelako beharrezko erremedioak, ezta ere , nehor konturatu gabe, klinika, eritetxe edo osasun zentro batean sartzerik. Denbora iragan gabe, lehen izaki nahasia sortu zen: Miren.

Traidorea auziperatzera deliberatu zuten baina laster, Maddiren kasuan bezalako beste batzuk bazeudela ageri zen, ikertzaileen artean, giza berrien preziatzaile ugari bazela, heziketa oso bat eman nahi zien horietakoak eta batzuk, ikertzaile bihurtu nahi zutenak ere. Auzi hartan, han hemenka, izaki batzuk ikasketa zientifikoetan hasi zirela ere jakin zenean, elohimdarren arteko izugarrizko zalapartak sortu ziren, mugagabeko eztabaidak ere, sortzaileen pareko adimenduraino iritsiko ote ziren beldurrez. Epaileek laster ikusi zuten Kepa holako jende berria zela eta albistea, zoko guztietara, zimista baten pare zabaldu zen. Nunahi auziak antolatu zituzten, ez haurdun egoteagatik, baizik eta jende berriei gehiegi erakusteagatik. Kepa bezalako jendeek haien burasoak iroiztatzen hasi ziren, buru makur izateagatik eta haien seme alabei zientzi lanetan aritzea debekatzeagatik.
Eskerrik Maddi bezalako jendea izan zela gizarte berriari adimenaren indar berezi bat eman ziezaioten.
Jatorrizko planetetik hori guzia ez zen batere begi onez ikusten eta egoera berriak gaina hartu baino lehen, handik lekutaraztea erabaki zuten, han bertan, lurrean, jende kutsatua abandonaturik, Maddi, Miren eta beste hainbeste. Goi-goitik haien aintzinamenduak begiratuko zituztela xedea hartu zuten, inoiz ez zitezen haiek baino aurreratuak izan eta sekulan ez zezaten jatorrizko planetaraino joateko ahalmen askirik eduki.
Egoera eskutik joan ez zekien, mistifikazioaren arma erabiltzea erabaki zuten, oro dibinoki sortu izan balitz bezala eta askaziz-askazi, haien jatorria Jainko batena izan balitz bezalakoa betiko har zezaten.
Maddi eta lagunak harrituak zeuden, haiek eraikitako guzia txikitzen ari zirela ikusten. Halere han zeuden luzarako testigu eta nehork ez zien haien adimendu zorrotzei eraso egitekorik.
Eta mistifikazioa hasi zen.

 

 

 

Mistifikazioa

 

Filosofoak eta idazleak mistifikazio lanetan hasi zirenean, elohimdarren kopuru gehiena lurretik joan zen jadanik, azken suntsitze lanetan arituz, haien antzinamenduak gizaberrien eskutan ez zituztelako utzi behar. Gertaturikoa mistifikatzea ez zen hain zaila, nahiz eta jakin, denborarekin, idatziaren zehastasunak apurka aldatuko zirela, adibidez Elohim hitzari bere ainiztasuna kenduko ziotela eta Jainkoa hitz bakuna erabiliko zutela, balizko politeismo batetik monoteismora pasatuz. Bainan garrantzitsuena funtsa atxikitzea baitzuten, gizatasunak onartuko zuen sinesmen sakona. Horretarako textu sakratuetan haien bidaia eta lurrean egotearen arrastoak idatzi zituzten, goitik behera oro jainkotuz. Modu hoberena eta sinesgarriena, ipuin luze bat idaztea zela pentsatu zuten, munduaren eta gizadiaren jatorrian oinarritua eta horretarako hizkuntza hautatua erabili zuten, hebraiera, haien egonaldiaren leku aberatsena izan zelako, bai gizadiz baita izadiz ere. Zenbat izar ez zen agertu jende horien artean, zenbat joritasun haien lur emankorretan, zenbat lore haien sasi eta belarretan. Hantxe asmatu zuten Jainkoa, beraz, eta halaxe hasi ziren: “ Hasieran, Jainkoak, zeru lurrak egin zituen”.... (Biblia, Hasieran 1,1)
Horra, aurkitu zuten bide hoberena ipuina aintzinerat eremateko, kosmologia. Horri lotuak ziren ikerketa askoren ondotik, elohimdarrek bizi baldintzak biltzen zituen lurra deskubritu zuten oroituz, orai “kreatu” hitzez labur- bildua, ipuinerako askoz ederrago baitzen sortzea hitza erabiltzea, deskubritzea baino. Lurraren inguruan satelite ikertzaileak tinkatu zituztenean, planetaren osaketaren berri jakiteko izan zen, baita ere atmosferak zekarkien bizi baldintza bikaina.
Orduan, lurra urez estalita zegoelako, hauxe idatzi zuten: ”- Eta “- Jainkoaren arnasa uren gainean zebilen ...(Biblia, hasiera 1,2)”
Emeki- emeki sasi “krezioa”-ren lehen urratsak emanak izan ziren, eguzkiaren indarra egokia zela ohartu arte. Eginiko ikerketek iduzkiak lurra modu egokiaz berotzen zuela kontutan hartu zuten, erregai zitezkeen izpi gaiztoen arriskua behingoz bazterturik, planeta berria bizitzeko hauta zela oharturik.-” Ikusi zuen Jainkoak argia ona zela eta bereizi egin zuen ilunbeetatik: argiari egun eman zion izena eta ilunbeei, gau. Honela lehen eguna burutu zen.( Biblia . Hasiera 1,4-5)

Hedoien gaineko kosmologiaren dirdirtasuna ikertu ondoren, hodeien azpira abiatu ziren, bi uren artean egonez, goiko laino hezeak gainean, eta itsaso zabal- zabala azpian. Orduan itsasoak bat egiten zuen, lur guzia estalirik..”- Jainkoak esan zuen: bil bitez multzoan zeru azpiko urak eta ager bedi lehorra.”( 1,9)
Itsasoen hedadura ikertu ondoren eta uren sakontasuna aztertuz, hain sakona ez zela ohartu zirenean leherketa ikaragarri batzuen bidez, ur azpiko lurrak lehorrerat airatu zituzten eta lurraldea sortarazi, batto soilik, orain den lur-puzzlea banandu baino lehen zegoen bezala. Orduan, kimikari esker, honen gainean landare-zelulen laborategi miresgarri bezain erraldoia sortu zuten, landare mota desberdinak emanez. Haien indar ahal guziak ugalketari lotuak zeuden, sorturiko belarrek ondorengoak ukan ditzaten eta horretarako iker-talde desberdinak lurralde horren lau haizetara zabaldu egin ziren, landare mota desberdinak sor zitezen, klimatologia eta berezko goiargiaren arabera. Haien deskubrimendu zientifikoak parekatzeko asmotan, maiz biltzen ziren eta elohimdarren planeta zaharretik interes handiz segitzen zituzten seme-alaben lorpenak. Sortu zuten izadiaz mistifikazioak hauxe adierazi zuen: -Jainkoak esan zuen: “ Eman bitza lurrak belar hezea, hazidun landareak eta orotariko frutarbolak beren hazi eta guzti”. ( 1,11) Eta hala izan zen. Eta lurrak orotariko hazidun landareak eta fruitarbolak beren hazi eta guzti eman zituen. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Honela hirugarren eguna burutu zen(1,12-13).
Izarren eta eguzkiaren ikerketa sakonen ondotik, bizi berria mugatzeko ziren egunen, hilabeteen eta urteen iraupena neurtu zuten, jatorrizko planetan denborarik ez baitzegoen eta bizi uneak mugagaitzak ziren. Astronomi ikerketei esker, lurrean laster kokatu egin ziren. Eta mistifikazioak honela kondatu zuen:

-”Jainkoak bi argizagi handi egin zituen: handiena egunaren gain sartzeko eta txikiena gauaren gain. Zeru sabaian ezarri zituen argi egiteko, argia eta ilunbea bereizteko. Eta jainkoak ona zela ikusi zuen....Honela laugarren eguna burutu zen”(1,16-17-18) -” Eta Jainkoak esan zuen:-” Izan bedi sabaia uren artean, goiko eta beheko urak bereiz ditzan” Eta hala izan zen. Jainkoak sabaia egin zuen eta sabai azpiko urak sabai gainekoetatik bereizi zituen. Honela bigarren eguna burutu zen.( 1,6-7-8)” “Izan bitez argizagiak zerusabaian, eguna eta gaua bereizteko, eta jaiak, egunak eta urteak ezagutarazteko. Izan bitez zeru sabaian lurrari argi egiteko” Honela laugarren eguna burutu zen ( 1,14)

Mistifikazioak bere bidea jarraitzen zuen, nahiko erreza batzeukaten gertatu zenari jainko bat itsastea eta behin betiko ekologia asmatu zuten, itsas landaia zen elikaduratik hasirik, arrain ttikiak eta handienak sortu arte, denek bizitzeko janari aski ukan zezaten, oreka naturalez, ttikiek itsas belarrak jan zitzaten eta handienek arrain ttikiak, kasta baten edo bestearen etorkizuna sekulan arriskuan ezarri gabe, eta mistifikazioak zioen: ” ” Jainkoak esan zuen: Egin bezate urek bor-bor bizidunez; egin bezate hegan hegaztiek lurraren gainean, airean.( 1,20) Jainkoak itsas arraintzarrak sortu zituen, uretan borbor dabiltzan orotariko bizidunak eta orotariko hegaztiak. Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen. Eta bedeinkatu egin zituen esanez: “Sor itzazue umeak, ugaldu eta bete itsas urak; ugal bitez hegaztiak ere lurraren gainean. Eta bosgarren eguna burutu zuen. ( 1, 21-22-23)

Modifikazio genetikoak agertu ziren ere eta mistifikazioari txanda berria eman zioten: -Jainkoak esan zuen: “ Eman bitza lurrak orotariko bizidunak: Abereak, piztiak eta narrastiak. Eta hala izan zen. Jainkoak orotariko bizidunak sortu zituen: abereak, piztiak eta narrastiak.Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen.” ( 1,24- 25)

Airean eta itsasoan zebiltzan arrain eta hegaztien ondotik, abere lurtarrak asmatu zituzten, orduko jadanik zegoen landareri miresgarri baten erdian.
Gizakiak artifizialki kreatu zituztenean, jadanik izan zituzten hika-mikak berragertu zitzaizkien. Kreatzaileek zioten orai arte sorturiko izadi eta abereri guzia orekatzeko, gizakia beharrezkoa zela. Aurkariek, haur-frogeta berriak sortzen ari zirela, behin edo beste haien adimenduaren ahala gehitzera hel litezkeenak. Bildur ziren haiek izan zuten aintzinamendu berdinera iristea ere eta horretarako primitiboki bizitzera kondenatu zituztenean mistifikazioak hala zioen: Eta Jainkoak esan zuen: “ Egin dezagun gizakia; izan bedi gure antzeko, gure iduriko; menpera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak eta lurrean narrastaka dabiltzan pizti guztiak.”Jainkoak beraz, bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; ar eta eme egin zituen. Eta bedeinkatu egin zituen esanez: “Sor itzazue umeak eta ugaldu, bete lurra eta izan haren nagusi; menpera itzatzue itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak eta lurrean narrastaka dabiltzan piztia guztiak”.( 1,26-27- 28)

Lorpen handiena hori izan zen, irudia izugarria zelako eta nehork ez zuen bereizten ahal nor sortzaile nor sortu eta hortxe hasi ziren benetako arazoak, batez ere, orai Israel deituriko lurralde horretan, hantxe baitzeuden, ikertzaile adituenen arabera, sorturiko gizaki bikainenak, adituenak eta ederrenak. Hango izadia ere miresgarria zen, hitz batez, paradisua. Bainan kasu! “- Jainko jaunak gizona hartu eta Edengo baratzean ezarri zuen, landu eta zain zezan. Eta agindu zion: “ Baratzeko zuhaitz guztietatik jan dezakezu; baina ez jan dena ezagutzeko ahalmena ematen duen zuhatzetik; hartatik jaten baduzu, hil egingo zara”.
Esan nahi duena: Liburu guziak irakur ditzakezu, nahi duzun guztia ikasteko, baina zientzi liburu sekreturik ez ikutu, bestela hilko zara!
Abere guziak gizonarengana hurbildu zituen, izen bat eman ziezaien, mistifikazioari iturri berri bat eman ziezaion: -” Jainko Jaunak, landare guziak eta zeruko hegazti guziak lurrez moldatu eta gizonari ereman zizkion zein izen ezartzen zien ikusteko; honela, bizidun orok gizonak ezarritako izena izango zuen. Beren izena jarri zien, beraz, zeruko hegaztiei eta piztiei. ( 2, 19-20)

Arriskutsuak ez ziren botanika eta zoologia gizakiaren eskutan ezarri zituzten, landareen eta abereen izenak ezagutu behar baitzituzten, horiei esker lortzen baitzuten bai janari baita ere izadi. Zer poza kreatzaile haiena, batez ere, haur txikiei hori guzia erakusten zietenean.

Mistifikazioak urrats berriak ematen zituen: “- Sugea zen Jainko Jaunak egindako piztiarik maltzurrena. Sugeak galdegin zion emakumeari:”- Jainkoak debekatu egin dizue, beraz, baratzeko arbola guzitetako fruiturik jatea?” ( 3,1)

Eta emakumeak erantzun:-” Ez, jan dezakegu baratzeko arboletako fruiturik. Baratza erdian dagoen zuhaitzaz bakarrik ez jateko esan digu Jainkoak:” Ez jan horretatik, ezta ukitu ere, hil ez nahi baduzue.”( 3,2-3)

-” Ez zarete inoiz hilko- esan zuen sugeak- Ongi daki jainkoak hartatik jaten duzuenean, begiak zabalduko zaizkizuela eta bera bezalako bihurtuko zaretela, dena ezagutzeko ahalmena lortuz”( 3,4-5)

Maddiren antzeko, elohimdarren artean, batzuk izaki kreatuen adiskideak egin ziren eta haientzat hoberena nahi, Miren haien buru izanik. Legearen kontrako erabakiak harturik, ikasketa zientifikoak egitera bultzatu zituzten, haien pareko izan zitezen. -” Ikusi zuenean emakumeak fruitua gozoa zela, arbola ikusgarria eta jakituria lortzeko desiragarria, hartu zuen, beraz, haren fruituetariko bat eta jan egin zuen. Gero bere senarrari eman eta honek ere jan egin zuen. Orduan, begiak zabaldu zitzaizkien eta biluzik zeudela ohartu ziren.(3 ,6-7)
Bizimodu primitibora kondenatu zituztenean elohimdarren agintari supremoak bere gizaki kastako traidoreei halaxe esan zien: Guk berehala hemendik alde egitean, odol gaiztoak izateagatik, lurrean egotera betiko kondenatzen zaituztegu. - Orduan Jainko jaunak sugeari esan zion: “ “ hori egin dualako, madarikatua hi abere guzien artean eta basapiztia guzien artean! Sabel gainean arrastaka ibiliko haiz eta hautsa jango duk heure bizitzako egun guzietan” (3, 14).-” Jainko jaunak larruzko arropaz jantzi zituen gizona eta emaztea. (3,21)
Gero Jainko jaunak esan zuen:” Horra gizakia gutariko bat bihurtua, dena ezagutzeko ahalmena duelarik. Ez dezala orain bizi- arbolako fruiturik hartu eta, hura janez, betirako bizi.” ( 3,22) beraz, Jainko jaunak baratzetik bota egin zituen, lurra landu zezan, handik izan baitzen sortua.(3,23)

Gizon emazteek arbolako biziaz hartzeko eskua luza ez zezaten eta betirako bizi ez zitezen, lehengo bizi murritzera kondenatzen zituzten. Zientziak bizia luzatzeko ahalmenak izan arren, gizakiei bizi motza eman zieten, engoitik luzea bezain motza idurituko zitzaiena.
Gizabizia ikertzen ari den jakintsu batek lorpen interesgarriak egin litzazke zuhurtzerirat iristean, hau da zahartzerakoan, bainan adinak emaniko murriztasunaren arabera. Gizadiak hamar aldiz gehiago bizitzeko ahala ukan balu, zientzi jauzi ikaragarri bat egingo luke eta horrengatik aintzinamendu soberari debekua eman zioten, batez ere, Israelgo herriaren aurrerapenari, antolaturiko txapelketa haietan, bera izan baitzen, hoberenik lorturiko kasta hautatua. Kreatzaile elohimdarrek sorturiko populu hautatuaren eta traidoreen aurkako azken kondenak gauzatu zituzten, zaindari bereziak betiko ezarriz haien etxe atarietan, hau da, arma atomiko suntsizaileak zeuzkaten militar zorrotz taldeak zaindari. Helburua? Gizaki berriek jakituria zientifiko gehiagorik sekulan lapurtu ez zezaten.
Eta mistifikazioak bere lehen lana bukatu zuen, hauxe esanez: “Gizakia bota ondoren, izaki hegaldun batzuk jarri zituen Edengo baratzearen ekialdean, suzko ezpata dirdiratsuak zituztela, bizi arbolarako pasabidea ixteko”.( 3,24)

Alderantzizko bidaian sartu zirenek mistifikazio horretaz ezer ez zekiten, ez ta ere elohimdarren existentziaz? Adan eta Ebak bai behin baino gehiagotan planeta argitsu hura zeruan ikusi izan zutela, besteak baino argitsuago, bainan jakin gabe bere baitan bizia bazuenik. Egia da ere, besteen ondoan, aurkaritza nabarmen bat bazeukala, bere urruntasuna eta argitasuna, biak batean erakusten zituen. Besteek aldiz, zenbat eta urrunago, gero eta hitsago agertzen ziren. Hau ez, urrutikoetan urrutikoena zela nabari zen, argitsuena izan arren. Richardek inoiz ez zuen entzun lur kanpotiar batzuk bizi izan zitezkeela eta aintzinetik, ideia hori ukatzen zuen, beste jende gehienak bezala, batez ere bizi izan zen aro horretan. Hogeigarren mendeko azken erdian bizi izan balitz agian, bainan bere aroan halakorik ez zen, nahiz eta astonomo ugarik izarrak ikertu jadanik. Azkenean denentzat hobe zen halakorik ez izatea, bai kreazionista guziei, lurkanpotiar bizi emaile batzuk Jainkoa zalantzan ezar zezaketelako, baita ere eboluzionista guziei, haien teoria lurrari eta mundu ezagunari erantsia baizik ez zelako. Alderantzizko bidaian zeuden guziak bi kasu horietan zeuden, nor jainkozale, nor bidezale. Elohimdarren ixtorioa, mistifikazioarena eta lurkanpotiarrena lekuz kanpo zeukaten eta bat- batean agertzen zen presentzia hark haien biziarekin zer ikustekorik ez zeukala garbi zeukaten, batez ere, Erek, Habil eta ximinoek. Garbi zegoen kreazionismoari erantzun bat baizik ez zela hura, bere kokapena okerra zelako, Adan eta Ebaren arokoa, bibliaren idazleek asmaturikoa eta horretan hebraitarrek bizi izan zuten bizimodua baino lehenagokorik ez zen agertzen, eta biziki bitxia zen. Bitxia balizko lurkanpotiar batzuk justu Adan eta Eba, Abel eta Kain, Noe, Moises eta Abrahamen aroari lotzea, bizimodu eta ohitura horri eta ez leizetan giza prehistorikoak bizi izan zutenari. Berriz ere Biblia erori zen akats izugarrian murgiltzen ziren haiek ere, eta horrek argi eta garbi zerakutsan Tohra eta Bibliari sinismen alternatibo bat sortzeko griña izan zutela, batez ere Bibliari, ikusiko dugun bezala, bigarren partean itun berria ere aipatzen dutelako, Jesukristo jainkoaren semea izan balitz bezala. Ez al ziren konturatzen elohimdarrak, gainetik den- dena ikus omen zezaketenak, bibliak kontaturiko gizartetik ximinoen aroraino hainbeste milakada eta milakada izan zirela eta ipuinatu izan zen guzia bizi moderno batean eraikita zegoela? Agian ez, sinesmen sektatu baten seme- alabak zirelako eta haien helburu nagusia, katolikoetatik urruntzea eta jendea haiengana erakartzea. Berriz ere, eskerrik Darwin hortxe ez zegoela, eboluzioaren teoriari bere balio osoa eman zionean. Besterik gabe, mistifikazioak aurkaririk gabe jarraitu egin zuen.

Behin eta lur kanpotiarrak lurra utzi eta hantxe ordezkariak kokatu ondotik, mundu berriko biztanleak begi izkutatu baten menpean bizi zirela bazekiten eta inposturiko lan batzuk bete behar zituztela ere, hala nola kreadoreei elikadura maiz ekarri, gaineko begiraleek bihotz onekoak zirela ikus zezaten eta haien gurasoen aurka sekulan ez zirela oldartuko aitor zezaten ere. Gai hoberena mistifikazio lanetan jarraitzeko bilakatu zen: ” Abel artzain bilakatu zen; Kain aldiz, nekazari. Handik alde batera, Kainek lurreko fruituen eskaintza egin zion Jaunari. Abelek ere ekarri zituen artaldeko lehen bildotsak eta ardi- gantza. Jaunak abegi on egin zien Abeli eta honen emaitzari...” ( 4,2-3-4)
Bertako buruzagiak, hau da, Adanen semeak, bizitzaren arbolatik zurka egin zezaten baimena jaso zuten, haien biziari iraupen ikaragarria emanik. Horrengatik hainbeste urtez bizi izan ziren, bederatzi ehun eta hogeita hamar urte Adan, bederatziehun eta hamabi urte Set semea, bederatzi ehunta bost urte Enosh beste semea. Eta mistifikazioak zerraien: “- Hau da Adanen ondorengo izen- zerrenda. Jainkoak gizakia egin zuenean bere irudira egin zuen....eta ehun eta hogoita hamar urte zituela, Adanek semea izan zuen, bere antz eta idurikoa eta Set eman zion izena. Set izan zuenetik beste zortziehun urtez bizi izan zen eta seme alabak izan zituen.... Laurogeita hamar urte zituela, Enoxek Kenan izan zuen, beste zortziehun eta hamaost urtez bizi izan zen.....Beraz guztira bederatziehun eta bost urtez bizi izan ondoren, hil egin zen.”( 5,1-2-3-4-5-6-7-8-9-10-11)

Eta hala, semez seme eta aroz aro, neskak sortu arte. Orduan, aski ederrak zirela ohartu zirenean, emaztetzat hartu zituzten bainan ederretan ederrenak, kreatzaileen eskutan gelditu ziren, betiko emaztetzat harturik. -” Gizakiak munduan ugaltzen hasi ziren eta alabak izan zituzten. Jainkoaren semeek alaba ederrak zirela ikusirik, haien artetik hautatu eta emaztetzat hartu zituzten.”(6,1-2)
Jainkoaren semeek gizakien alabekin batu eta haurrak izan zituztenean, baita geroago ere, baziren erraldoiak munduan: aintzinako heroiak dira hauek, izen handikoak.” ( 6,3-4)
Orai, arriskua handia baitzen, kreatzaileen semeek Miren berriaren antzeko izaki nahasiak izaten ahal zituztelako, adimendu paregabekoak eta hori, goiko planeta urrunekoei, biziki arriskutsua bihurtu zitzaien, lurrean ziren zientzia aurrerapenak izugarriak baitziren.
Dena bertan behera uztea deliberatu zutenean, haien sormena ere erabat gelditu egin zen. Eta mistifikazioak zioen: '” Ikusi zuen Jainkoak handituz zihoala munduan gizakiaren gaiztakeria eta honen burubide guztiek txarrera jotzen zutela beti. Damutu zen jauna gizakia egin izanaz eta, bihozmindurik, esan zuen: “ Desagertarazi egingo dut mundutik egin dudan gizakia, eta gizakia ezezik, baita abereak, narrastiak, eta zeruko hegaztiak ere, damu banaiz hauek egin izanaz..” ( 6,5 -6-7)

 

Uholdea

 

Damutu bai egin ziren haien iduriko jendea sortu izanaz, populu libre bezain independientea. Sortzaileen xede sakona, gizakia izaite primitibo bat izatea zen, lurra bere beharrendako erabiltzen zuena baizik. Aintzinamenduak arriskutsuak ziren eta haien menpetasuna lanjerrean zegoen. Planeta urrunetik lurrean bizirik zegoen guzia suntsitzea erabaki zuten, eta horretarako misil nuklear batzuk igorri zituzten.
Lurrean zeuden atzerritarrak, hau da, Maddi, Miren eta besteak jakinaren gainean izan zirenean, Noeri suziri bikain bat eraikitzea eskatu zioten, erasoaren bitartean lurraren inguruan itzulika ibili behar zena, mota bakoitzeko bikote baten zelula untziturik. Lurrean zeuden kreatzaileen ikerketa zientifikoek erakutsita, bertako zientzialariak halako zerbait egiteko gai baitziren, kasta bakoitzeko zelula bana harturik. Eta halaxe egin zuen, ar eta emeen zelula bana untziturik, planeta urdineanzehar ibili ziren kataklismo itsua bukatu arte. Izugarrizko lana izan zen eta dena bururatzeko denbora nahikorik izango al zen haien kezka handiena. Eztanda gertatu zenean, bizia salbu zegoen. Eragin zuten “itsunamia” ikaragarria izan zen eta uholde izugarri batek bazter guziak urperatu zituen. Milaka hil izan ziren, bainan bizigai ziren zelulak, berriz ere amatzeko prest agertu ziren.
Eta mistifikazioak bere pasarte ederrenak idatzi zituen: “-Berrogei egunez iraun zuen uholdeak. Gora egin zuten urek eta untzia lurretik jaso zuten...” (7,17)
G
ertatutakoari ahal bezain hurbileko ipuina lotu zioten, esanez adibidez, urek untzia lurretik jaso zutela. Lurraren gainera igo zen espazio untziak baretasun osoa itxoin behar izan zuen, itzultzeko lehen eragiketak egin zitzan, oraino arriskua bizi- bizia baitzen.”- Ehun eta berrogeita hamar egunez iraun zuen uholdeak...” ( 7, 24)
Azkenean, hiru solairuetako suziri salbagarria lur gainean pausatu egin zen, Noe eta bere senideen apartez, abere mota bikote bana eta guzi.”- Gogoratu zen Jainkoa Noe eta berarekin untzian ziren piztia eta abere guztiez: haizea bidali zuen eta urak jeitsi ziren.” (8,1-2)
Balizko erreadioaktibitatea neurtu ondotik eta zientifikoki hura desagerraraziz, kreatzaileek Noeri eskatu zioten abereak jalgitaraztea ea atmosfera berria jasaiten ahal zutenez. Askatasunera atera zirelarik, Madditarren eskea garbia izan zitzaien: Suntsitze supremotik salbatuak izateagatik, esker lanetan aritu behar ziren, ugaltzeko ere eskatu zieten, ahal bezain bat, eta Noek bere bilduetatik parte bat kreatzaileei eskainiko ziela hitz eman zien, bizi beharrak betea ukan zitzaten. -” Noek aldarea eraiki zion Jaunari,eta, kutsatugabeko abere eta hegazti batzuk harturik, erre oparitzat eskaini zituen aldarean. Jaunak oparien lurrinak atseginez usnatuz, bere baitarako esan zuen: “ ez dut berriro mundua madarikatuko gizakia dela eta, egia da okerrera jarria dagoela gizakia gaztetatik, baina ez ditur bizidunak berriro suntsituko, orai egin dudan bezala.”( 8,20--21)

Horrela kreatzaileek baieztatu zuten gizakiek ona baizik ez zietela opa nahi, zuzena ikusten baitzuten populu berriak aintzinamenduak egin nahi izatea.”- Lurrak diraueno, ereiteak eta uztabiltzeak, hotzak eta beroak, udak eta neguak, egunak eta gauak ez dute behin ere huts egingo”.( 8,22)

Gizakiaren helburua aurrerapen zientifikoa zelako, giza bakoitza bere ohiko lekuan ezarria izan zen eta abere bakoitxa bersortua, untzian gorderiko zelulei esker.”- Horiek izan ziren Noeren leinuen semeak, nor bere ondorengo eta herrien arabera. Horiengandik sortu ziren herriak uholdearen ondoren eta hedatu munduan zehar.(10,32)

 

 

 

 

Babelgo Dorea

Kreatzaileen laguntzaz, hautaturiko populuak espazioa konkistatzea deliberatu zuen. Madditarrek xede bakar bat bazeukaten, goiko planetako herriak barkamena eman ziezaien traizio harengatik eta espaziorat joatearen xedea populu berria erabat barea eta lasaia zela erakustea baizik ez zen, betiko barkamena jaso zezaten. Horretarako, suziri erraldoi bat eraiki zuten, Babelgo dorrea. “- Jainkoak esan zuen: “ Hau beren lehen lana badute, ez zaie aurrerantzean egin nahiko duten ezer ezinezko gertatuko.”( 11,6)

Hura ikusiz, planeta urrunekoak bildurrez hasi ziren eta gertatzen zenari begirada zorrotzak ematen zizkioten. Bizi osoa ez zegoela suntsitua ikustea harritu zituen, eta mesfiantzaz beterik, erabaki gogor bat hartu zuten, lurrera jaistea eta jendeen hizkuntzak nahastea, elkarri uler ez ziezaioten.-”Horrela, jaunak handik bota eta mundu zabalean sakabanatu zituen; hiria eraikitzeari utzi egin behar izan zioten. Horrengatik, Babel, hau da “Nahasketa” eman zioten izen, han nahasi baitzuen Jaunak mundu osoko hizkuntza eta handik sakabanatu baitzituen mundu zabalera.”(11,7-8)

Jetsi zirenean, ezagutza zientifiko gehien zeuzkaten juduak hartu zituzten eta zigortzat, mundan zehar sakabanatu zituzten, primitiboagoak ziren giza-taldeetan sarturik, hizkuntza desberdineko herri zaharretan. Horren ondotik zientzi tresna guziak suntsitu zituzten. Betiko!

Kreatzaile atzerritartuak haien traizioarengatik barkatuak izan ziren eta haien jatorrizko planetara itzultzeko baimena jaso zuten, non, kreaturiko lurrak eta gizaberriak laudatu zituzten. Onarpen izugarria izan zuten eta goiko elohimdarrak behera begiratzen hasi ziren, haiek kreaturiko munduaz zirela zinez grinaturik.
Lurrean sakabanatuak izan ziren judu batzuen artean mendeku nahiak bizi- bizirik zirauen eta zigortu zituztenei gaztigu dorpe bat eman behar zietela gogoan hartu zuten. Sodoma eta Gomorra hiriak aukeratu ondoren, hantxe itxoin zituzten bainan, elohimdarren agintariek, zerbait susmatzen zutelakoan, bi begirale sekretu bidali zizkien, ea zer prestaten ari ziren jakiteko.-” Bi aingeruak Sodomara iritsi zirenean, arratsaldean, Lot hiriko sarreran eserita zegoen....(19,1).

Bertako elohimdarrak horretaz ohartu zirenean erail nahi izin zituzten baina sakelako arma atomiko baten bitartez, itsutu egin zituzten, ttikienetik handieneraino.”- Etxe atarian zeudenak, zahar nahiz gazte, itsuturik utzi zituzten...(19, 11).

Hiriko biztanlego guziari, batez ere, jende baketsuari, hiritik laster ateratzeko aholkua eman zioten, fite, eztanda atomiko ikaragarri batez suntsitu behar zutela eta.
-” Ea, atera zaitezte hemendik, Jaunak errautsi egin behar baitu hiria”.
Baina haiek txantxetan ari zirela pentsatu zuten.( 19, 14) eta hiritik ateratzen hasi ziren, lasaiki, nehork ez baitzekien zer zen eraso atomiko baten desmasia.

Eta bonba Gomorran eta Sodoman erori egin zen, bi hiriak erabat suntsituz.
” - Orduan Jaunak sufre eta suzko euria bota zuen Sodoma eta Gomorraren gainera. Jaunak erraustu egin zituen hiriak eta bertako bizilagunak, lautada osoa eta lurralde hartako landaretza.( 19, 24-25)
Loten emazteak atzera begiratu zuen eta gatz irudi bihurtu zen.(19,26).

Lehen eztanda atomiko hura ikaragarria izan zen eta kezko onddoaren hedaduran harrapatu zuen jendea, gatzezko estatua bat bezala gelditu zen, mugiezina. Nahiz eta elohimdarrek denboraren noziorik ez ukan, beranduago, ikusi izan nahi zuten ea, bizimodu primitibora amildu zuten herri hautatua, oraino bihotz onekoa ote zenez sortzaileen populuarekiko. Horretarako frogapen batzuetara bultzatu zituzten, ea haien onartzea benetakoa zenez. Antolatu zituzten frogek hala zela erakutsi zieten- Handik aldi batera, Jainkoak probatu nahi izan zuen Abrahan eta dei egin zion:”- Abrahan! -Hemen nauzu!- erantzun zuen eta Jainkoak: -”Hartzazu Isaak zure semea, hain maite duzun seme bakarra, eta zoaz Moria lurraldera. Igo zaitez nik erakutsiko dizudan mendira eta eskain iezadazu semea han erre-oparitzat.( 22, 1-2)
Biharamonean, goizean goiz jeiki zen Abrahan, txalmatu zuen astoa eta oparitarako egurra txikiturik, Jainkoak esandako lekura joan zen, bere seme Isaak eta bi morroiekin....( 22,3-4)
Orduan esan zien morroiei: “ gelditu hemen astoarekin mutikoa eta biok hara goaz Jainkoa gurtzeko...(22,5)

Eta Isaakek:-” Sua eta egurra badaramatzagu; baina non dugu oparitarako arkumea?” (22,7) -” Utzi hori Jainkoaren esku, seme! Erantzun zion aitak....

Jainkoak aipaturitako lekura iritsi zirenean, aldarea eraiki zuen Abrahanek eta egurra prestatu. Ondoren,lotu zuen Isaak eta aldareko egur gainean ezarri. Eskua luzatuz hartu zuen aiztoa bere semea hiltzeko baina Jaunaren aingeruak dei egin zion zerutik: “- Abrahan, Abrahan!”
-”Hemen nauzu!” - erantzun zion Abrahanek .
Eta aingeruak orduan: “Geldi esku hori! Ez egin kalterik mutikoari! Orain badakit jainkoari begirune diozula, ez baitiozu zure seme bakarra ukatu.( 22, 9-10-11-12).

Froga guziak iragan ondoren, bi populuen arteko konfiantza sakondu eta betikoeretu egin zen.

 

 

 

 

 

 

Adan eta Eba ibilki

 

Atzerako denboran zehar zebiltzan, multzo eder bat eginik eta Ebak alabatxoa izan zuenean Sap-ena baino, denen iloba gertatu zen. Denek hainbeste maite zuten! Haien arbasoak izan zitezkeela zirudien, nahiz eta Adan eta Ebak halakorik ez uste. Bikotea, Edenean sortu zen, aro berriko paradisuan, ipuinlari adituek asmaturiko izadi berrian.
Erek-ek eta Habilek, aldiz, hori baino lehen mundua izan zela bazekiten, izoztaroz zatitua, zelulez zelula hobekitua eta haien mintzatzeko ahalmen eskasa betetzeko hor zuten Richard Darwin, hitza zegoen aro berritik etorria. Ez! Sap ere halakoetan zebilen orai, bere denboretan apur bat ikasi ondotik, bidai ikasgarrian partaide izateagatik eta Adan eta Ebaren ondoan egoteagatik. Hori zuen bai Sapek gustukoa, Ebaren aldamenean egotea. Inor ez bazen konturatu ere, bien arteko bihotz pindarra piztu egin zen bainan gauza aitorgaitza zen, batez ere, Bibliaren inguruan zeuden jendeen artean.
Darwinek bai iduri zuela izaki zaharra, beste horien iloba eta biloba ere, bai bi gizon primitiboena, baita ere ximinoena ere, eta egia aitortzeko ongi itzultzen zioten. Agintari bezala hartzen zuten, klan bereko adituena izan balitz bezala eta zor zioten errespetua mugagabea zen.

Bidean oinez zihoaztela, oihu bat entzun zuten, mendixka baten kaskotik norbait deika ari zelarik. Richardek Krom berehala ezagutu zuen eta malda behera lasterka jetsirik elkarrekiko besarkada handi batean lotu ziren. Biziki lagunak zirela zekuskeen eta Richard-ek Sapiens motatik jalgiriko Krom aurkeztu zigun. Sap ere ezagutzen zuela agertu zen, baina urrutitik. Nahiz eta zaharra eta iletsua izan, aski denen antzekoa iduri zuen, jantzi eta guzti. Bere bizar luzeak Darwinen eitea emaiten zion eta elkar isilpeko solas batzuen ondotik, bi lagunek bidaia haiekin jarraitu eginen zuela erabaki zuten. Ereki eta Habili ez zitzaien sobera atsegin izan kide berri bat izatea, agian protagonismoa ken liezaieketelako lehenik eta bestetik nahasketa izugarria sartzen zuelako. Bai, hala zen. Nola ulertu garai haietan Krom halaxe agertzea, Sapen arokoa baitzen eta alderantzizko bidai hartan, aspalditik bere aroko maila hori iragan zutela, nehork ez zuen ezer ulertzen. Sapek Adan eta Ebaren josteta izan zitekeela pentsatu zuen, eboluzioari nolazpait nahaskeri sartzeko gisakoa, orai arte denek haien gaztetasunez trufaka ari baitziren. Ebaren begi keinuak halaxe zela baieztatu zion edo hala uste izan zuen eta isilik egotea, berriz ere, erabaki zuen.

Bi prehistorikoek, beraz, hura onartzeko beste erremediorik ez zeukatela onartu zuten bainan, halako behar batean, zanpaldi eder bat emanen ziotela hitz eman zioten elkarri. Eta hala izan zen. Munduaren berriez jakintsu zagerren Krom nardagarria egiten zitzaien, dena bazekielako, bai leizetako bizia, bai kanpokoa ere, bera baino lehen eta gero gertatu eta gertatuko zena ere bai, eta hori aspergarritzat zeukaten. Sapen adimenera ez zen inolaz ere iristen, baina berak hori ez zekien, ustez eta, adinaren arabera, jakintsuago zela. Deus ez jakitea zen hori. Kasurik ez egitea deliberatu zuten eta ohiko bidean jarraitzea.

Zenbat denborez aintzinera abiatu ziren jakin gabe, nekaturik zeuden eta pausa bat egiteko asmotan hantxe jarri ziren, arroka batzuen gainean. Korritutako bidea azter zezaten, atzera begiratu zuten eta bakoitxak iraganaren bere ikuspegi desberdina bezain berezia zeukan. Inork ez berdina. Adan eta Ebak oraino paradisua zekusaten, askoz gazteago zen Edena eta bidai horretan haien presentzia beharrezkoa ote zen haien bururari galdezka ari zitzaioten berriz ere, mila galdera eginez: Benetan, nola sortu ote ziren? Erek eta Habilek leizetan eginiko egonaldi luzeak begi urrunean zeuzkaten eta ximinoak zuhaitzetako bizi ohia beti gogoan zuen, oro nostalgia, oro oroitzapen gozo.
Sapek bere atzean Adan eta Eba ikusten zituen, bera baino gazteagoak balira bezala. Ez al ziren itxurazko izaite misteriotsuak, berehala pentsatu zuen, jeinuen antzekoak, noizbait gizakien gogo beharrak asmatuak? Bainan hor zuten Krom, jakinkeriz josia, haien aldeko eritziak plazaratzeko gertu.

Atzera begiratu zuten. Beno.....Aurrera. …...........................................................Atzera. Bon, atzeraldera aurrera doanean. …..............................................….........Atzera zihoazen, nahiz eta aurrera joan. Sortzetik sortzera, aurretik eta atzetik honera. Bidean ikusitako zuhaitz ederrak, fruitondo eta guzti, oihan hostotsuak, bainan ere artolandak, garisoroak, hezita zegoen lur guzia gogorat etorri zitzaizkien, baita ere hazirik zegoen guzia, dena. Epeltasuna, erreka jariotsuak, belardiak eta larrak, sagarrondoak, abereak eta narrastiak, etxeak, etxolak eta oihaldendak, ardiak, bildotsak eta akerrak, beleak, usoak, zurginak, mahatsondoak, eta ardoa, itsasarrain eta hegaztiak, leizeak, baratzeak, egurra, eta suari bizia ematen zioten piku hostoak ere bai. Oroitzapen guziak! Dena! Denak berak bainan interpretazio ezberdinez gogoratuak.

Darwinek, giroa alaitzeko unea zela pentsatuz, lehen hasitako fandangoari bertsoak erantsi zizkion, alderantzizko bizian benetan sartuta zeudelako, hutserantz zihoan bide betean. Eta denek ikasitako errepikan segitu zuten:

“”Alderantziz baledi mundua egun hasirik , oraiaren zilbor hestea tinko eskuraturik
leize sortzerainoko sokaz trezatu bidetik, mendez mende atzerantz, gizakiari so eginik
gizaz giza, adinez adin atzeraka abiaturik, aurreko bidea harturik”

eta Richardek bakar bakarrik:

Betetzetik hutsera gure bizia abiatuko litzateke
eta nondik gatozen ezin onartuz, inork sinetsiko luke.
Bixtan den balizko lokarri luzea egia bihur litzaiguke,
gazteek sinesgaitzaren frogak eskatuko lizkigukete”

-Aupa, denak batean errepika”- oihukatu zuenean denak leloa kantuz hartu zuten eta Richardek bigarren bertsoa:

Pentsa gizakia gaztetzen loakela, gaztearen indarra lortu arte,
pentsa, gaztearen ausardiaz umearen inozentzian sartzea jo ta ke,
sortzearen atean joko luke ta ama ageriko litzaioke,
sabela beterik, erditzeko gertu, munduaren lehena geroaz bete
“.

Sap zoriontsu zegoen, hitz horien funtsa hartzen zuen bakarra zelako eta halaxe jarraitu egin zuen Darwinek:

Hemen gutti axola dute musikaren akordeek, betiko
kantu zahar batek laguntzarik inoiz behar ez duelako,
nahiz eta solfeorik gabe eta belarriz asmatua izan oraingo,
kantu bat da, ozena, funtsezko izaitez egina, gero eta ohiko”. Eta leloa....

Eta mundua gibelera, kondaira barnean ibiltzen,
dardarez aintzina iturrizko leize
beltzeraino sartzen,
harpeetan musuka elegabeko umeak erditzen,
atzeraka etzanik, tente egoteko ohituretatik urruntzen”.

Kantua bukatu baino lehen, Sapek hitz osoak gogoz ikasi zituen eta Richarden azkena baino lehen, azken hurrengo errepika denekin batean abestu egin zuen.

Karboi hamalaurik gabeko ikerketan, ahalkea eleka,
merexitako zigorra datorkigu, mendeku gogoz beteta.
Zigortzat lezea, makiltzat harpea, tente egoteari ezetz ta
mintzoari uko ta mutu bihurtzea, eta giza betiko erreta,
ahanzpenaren eskutik alderantzizko munduaren ikaraz eta,
hortarako ez baiginen sortu , onar otoi bihotz aitorketa”.

Eta denek batera berriz leloa hartu zuten:
”Alderantziz baledi mundua egun hasirik, oraiaren zilbor hestea tinko eskuraturik
leize sortzerainoko sokaz trezatu bidetik, mendez mende atzerantz, gizakiari so eginik
gizaz giza, adinez adin atzeraka abiaturik, aurreko bidea harturik”

Erek eta Habilek ere ongi ulertu zuten Richardek esandakoa, kantu zahar bat inoiz ez delako galtzen. Adan eta Eba, aldiz, nahiko etsiturik, begi belarri zeuden, otoitz eder bat izan balitz bezala.

Hotz zegoen eta izadi xuri xuria zagerren. Hormatik babes har zezaten, nonbait sartu beharko zutela erabaki zuten, bainan dena hain lehorra eta izoztua zegoen. Habilek ohiko leku bat bazezaguela keinuka errepikatzen zien, geldirik gabe, berak ongi zezaguela bazter hori eta oraino gehiago hurbiltzen ari zitzaiona. Pozik zegoen atzera joateagatik, bera aurrera zihoalako, atzealdea ez zuelako sekulan ezagutu. Eta urruti egon arren, kasu egin zioten, zuhurki eta urratsez urrats abiatuz. Hura inoiz ez zela nekatzen zirudien, beti pauso berak egiten baitzituen, ttikiak bezain seguruak, zapaltzen zuen lurra ohikoa zuelako, noski. Ximinoak nahiko triste zebiltzan, zintzilka jostetan aritzeko zuhaitzik jadanik ez zeukatelako, agian bakarren bat banandurik, bainan hori ez zitzaien aski ez haien gorputz arinak dantzan sartzeko, ez eta gastatu behar zuten energia galtzeko ere. Asperturik zeuden, inertzi osoaz taldea segituz, bainan, hori bai, isilik. Inoiz ez zitzaien soinu zorrotzik zintzurretik eskapatzen, bide hori josteta bat ez balitzaie bezala. Patua patu, noraino iritsiko ziren bazekiten jadanik eta horretan, haiek ziren bakarrak. Richardi, Erek-ek eta Habilek haien eleduna izatea eskatu ziotelako, horien partez noiztenka hitza hartzen zuen, haien baitan zeukatena nolazpait adieraziz, bainan ez zen batere erraza, pentsatzen zutena ez zutena modu garbiz erakusten. Egia aitortzeko, nahiago zuen bi primitiboak keinuka aritzen uztea, ulerkorrago zutelako keinuka aritzea eta haien egiazkoa mintzaira keinu solasa zelako.

Nahiz eta kantuarekin giroa alaitu izan nahi, serio-serio zebilen, bere kopetaldeko burusoildura agerian, bere atzeko ile luze xuriak airean eta bere betaurrekoak sudurrraren gainean. Hango hotzik ez zuela batere nabaritzen zirudien eta, lasai- lasai, bere gogoetetan sartuta, aintzina zihoan, isil-isilik. Batzutan irri soil bat ateratzen zitzaion, gogoeta dibino batzuk bururat heltzen zitzaizkiola eta Adan eta Eba begiratuz, bere bidelagunen adina igartzen entsaiatzen zelako. Erekena, Habilena eta Sapenarekin konparatuz, ipuin berri bat idazteko gogoa ematen zion, Adan eta Ebaren trufaz aritzeko bederen. Eta balizko idazkera asmatuetan, bizi iraupenez eta irrifar egiteko asmotan, halaxe atera egin zitzaion:

Hona hemen Ereken ondorengoak. Mila urte zituela, eta leizera sartu zen ehun urtera, Erekek Zut izan zuen. Beste lau mila urtez bizi izan zen eta seme– alabak izan zituen. (XXI, XX)
Mila eta ehun urte zituela, Zutek Garai izan zuen eta beste lau mila eta berrehun urte izan zituen eta seme alabak izan zituen. (XXII,I)
Mila eta berrehun urte zituela, Garaiek Altxa izan zuen eta beste lau mila eta hirurehun urtez bizi izan zen. Seme alabak izan zituen. (XXIII,I)
Mila eta hirurehun urte zituela, Altxak Erne izan zuen eta beste lau mila eta laurehun urte bizi izan zen. Seme alabak izan zituen. (XXIV,I)
Mila eta laurehun urte zituelarik, Ernek Tente izan zuen eta beste lau mila eta bostehun urte bizi izan zen. Seme alabak izan zituen. (XXV,I)
Mila eta laurehun Tentek jaso izan zuen eta beste lau mikla eta seirehun urte bizi izan zen. Seme- alabak izan zituen. (XXVI,I) eta hala, mendez mende Habil izan arte.”

Berez, Darwin, trufalari hutsa zen eta honetakoan denei hala erakutsi zien. Gauza bat Bibliaren pasarteen eztabaidatzea zen, bestea jendeen bizi iraupenaren urteekin irrifarra egitea baina Eba eta Adanek ez zuten batere gaizki hartu, burlagai ziren testu haiek, ahozkoak baizik ez zirelako eta idazki arrastorik gabe, haien arteko irritxo batean gelditzen zirelako. Jainko beraren hitzak izan arren, beste belaunaldi batekoak ziren eta haiei, bost axola, batez ere Erek eta Habilei, haien askazia hain luzea baitzen benetan.

Nola adierazi bizitzen ari ziren alderantzizko bidai hura benetazkoa zela eta denboraren iraupena, milioika urtez zeharkala munduaren barne. Ereketik Richardera zihoan eremu zabala Sapek bakarrik uler zezakeen eta bere txistean Richardek erabilitako urte kopurua deus ez zen horren ondoan. Berriz ere, dena irudi bat ez ote zen galdegiten zioten beren buruari, Adan eta Ebarena halakoa izanda gero. Bainan haiek ere ipuin batetik ihes eginiko pertsonaiak ez ote ziren? Ez! Sapen Lezea eta Erek eta Habilen mintza menperatzerik eza, hortxe lekuko zituzten, neurtu gabeko urrun batetik denak heldu zirela erakutsiz.

Erek et Habilek, beste zerbaiten bila egon balira bezala, bazterrak ikertzen ari ziren, ea nunbait eta noizpait oroitzapenetik galdu izan zuten ezezagun hura nolazpait itzultzen ote zitzaien. Richardek zer zen bazekien, bainan alderantzizko bidaiari bere jakingosea utzi behar zion eta isil- isilik geratu zen.

Zenbat denbora ibili ote ziren Habilen leize haren bila, nehork ez zekien, bainan, azkenean, han, urruneko malda pelatu hura aho zabalik ikusi zuenean, oihuka hasi zitzaien, arrazoina zeukala denei erakutsiz. Bazter horiek jadanik zapalduak zituela zagerien eta denak leize ilun barrura ereman zituen, ohiko biltoki harritsu hartan denak jar zitezen. Arkaitzak hargarriak ziren, beste jende ainitz haien gainean jarri izan balitz bezala. Horien erdian hautsa, gizakia egiteko Jainkoak erabili omen zuenaren antzekoa. Zoko batean ardaxka batzuk pilatuta ikusi zituztelarik, Habilen oihuak gero eta zorrotzagoak bihurtu ziren, hark, egur metatu horrek, erdi galduriko oroitzapena gogora ekarri balio bezala. Adan eta Eba elkarri begira zeuden, hainbeste pentsamen zebilkien haien garun gazteetan.
Bere saihetseko orbanaren arrasto hitsari so eginda, oroitzen zen gizona nola ibili ziren baratze eder hartan, nola sagarrez asetu egin ziren eta bereziki nola hasarretu zitzaien Jainkoa, bainan hori lehen zen, beno, gaurko zentzutik geroago. Gauza ederra baitzen geroko oroitzapenak izatea, usu hala baita alderantzizko bizia kurritzen denean, eta horretaz segur zeuden. Ikusten zutenen arabera, haiek bizitakoa bizi modernoarekin lotua zegoen, hauxe, aldiz ez! Ebari, noizean behin, beste planeta baten gogorapena zetorkion, balizko lehengo bizi baten erakusle zitekeena, baita ere suziriak, eztanda atomikoak, bidaiak, laborategiak, frogetak eta beste hainbeste ere, bainan sasi-oroitzapen horiei ez zien batere zentzurik ematen, amets baten antzera gogora etorri baitzaizkion. Zertan pentsatzen ari zen galdegin zion Adanek, bainan besteen harridura ez suspertu nahiz , isil- isilk zegoen, Richardek zer zeukan buruan jakin arren. Hark, ez zuen sekulan deus salatzen bainan bere begi dirdiratsuetan dena bazekiela zagerien, bereziki irri maltzur batekin denak so egiten zituelarik, batez ere Adan eta Eba. Ximinoak bakarrak ziren batere axolarik gabe hantxe zeudenak, zuhaitzak eskas, batere gogorapenik gabe.
Nahiz eta bere oroitzapenak erdi lainoetan airatuak egon, bereziki denbora asko iragan zelako, Habil emozionatuta zegoen, biziki hunkituta, bere ohiko egoitza aurkitzeagatik, are gehiago Sapek aitortu zionean, askoz ere beranduago, berarena izan zela ere, azken finean, aroz aro izandako giza egoitza erakutsiz. Sapek bere urratsak segi ditzaten eskatu zien, denei, batez ere Adan eta Ebari. Zerbait erakutsi behar ziela garbi zegoen, agian bere arotik geldituriko arrastoren bat edo? Berak ere ez zekien segur aurkituko zuenetz, zolako eta paretetako ur jarioak dena desitxuratu omen zuten. Habilek, harridura osoz aztertzen zituen harrinegarrak berriak geroztik sortu izan zirela keinuz zioen, eta denak, leize barnera abiatu ziren Sapen pausoak segituz. Toki ilun horiek egoitzat hartu zituztenean arbasoen erranak jarraitu zituztela kontatzen hasi zitzaien, Habilenak noski, Harpeko sarreratik hurbil zegoen hutsarte zabal hartatik iragan zirenean, hura bizilekutzat hartu zutela adierazi zien, aukera zuhur bat eginez. Hantxe baitzuten froga, handik, oraino, kanpoko argia baliatzen ahal zutelako, haize hotzetik babestuta zeudelako eta suaren inguruan hauta- lekua zelako ere. Hor egoteko beste hainbat arrazoi bazela adierazi zien ere, euriaren kontrako babesa, suaren iraupena, piztien kontrako defentsa eta bero iturria. Barneraino urratsez urrats sartu ziren eta zerbaiten bila zebilela argi zegoen. Pareten hantzeak ikerturik eta eskuekin igurtzirik, estalita zegoen zerbaiten txeka zebilen, arrasto baten bila. Zer poza berea, marrazki baten itxura beltza xamarra agertu zitzaionean. Hantxe, denen agerian, behor bat zagerien eta ondoan beste bat, haur batekin gainean. Adan eta Eba balditurik zeuden, hark gizaren hor egoteak benetan frogatzen zuelako. Urrunago beste marrazki batzuk aurkitu zituzten, bereziki gizon batena, zakila zut. Zalantzarik ez zitekeen, hura zakil tente bat zen eta Ebak bere begirada itzuli zuen, horrek gaitzitu balu bezala. Richardek lasai egoteko esan zion, hura gauza naturala zela eta deus lizunik ez zeukala. Bainan Ebak jaso zuen heziketa ukagabea zeukan gogoan eta piku hostoz estali zeneko oroitzapenak heltzen zitzaizkion.
Richardek pudorea ez zela gauza ona esan zion, morala eta lotsa sarrarazten zituena, eta horren ondorioz, emaitza minkor ugari sortzen ahal zirela. Sape-k ongi bazekien marrazki horiek egiterakoan josteta bat baizik ez zela izan, eta lizunkeritik urrun, beste neska- mutiko lagunak irriarazteko eginak zeudela. Ebak, jasotako agintea ezin baztertuz, leizetik atera egin zen. Adan, aldiz, jakin- gose beterik zegoen, ea noiz eta nork marrazkituak izan ote ziren, zer arkatzekin eginak ote ziren eta halako. Sapek sutik harturik adar erraustuez trazatuak izan zirela esan zion eta gainean, orein urinekin bernizatuak ere.
Aldiz, nola pentsatu hainbeste denbora iraun zezaketela, harritzekoa zen. Sap oso sentikorra zen eta gauzak sakonki sentitzen zituen. Negar egiteko gogoa zeukala nabari zitzaion, batez ere, kontatu zuelarik, nola hormaketak urtu zirenean leizeak urez bete zitzaizkien. Ur madarikatu hura paretetik beherantz isurtzen hasi zitzaien, ur errekatxo sotil batzuk eginik eta haiek zekazkien hezetasuna gero eta trabagarriagoa egin zitzaien, hala baitzioen, eta ur jariotsu haiek sua betiko itzali ziela ere, noiz xortaka ura gainean erortzen zelako, noiz ur haritxoak azpitik bideratzen zirelako ere. IZ soinu madarikatu hark bere baitan behetik sartu zitzaiola esan zien eta belarritik ahora pasatu zitzaienean, hizkuntza berri bat asmatu zutela oroitzen zen ere. Biziki unkituta zagerien osatu zituzten lehen hitzak adierazten hasi zienean hala nola, Iz, niz, hiz, izan, bizi, isur, izor, izotz, izerdi, iztil, izar, izen, itz, isil, ziztu eta beste hainbeste. Hizkuntza ber-bera oraindik zeukala aitortu zuenean, negarrez urtu egin zen. Izotzetik izanera pasatzea ez baitzen txantxetako afera izan. Adan eta Eba, beren hebraiera berriaz, kontsolatzen saiatu ziren, lasai egoteko, haien askaziko ondorengoen ondorengoak sakabanatuak izan omen zirela, hizkuntza desberdinetara kondenatuz, eta hebraiera ahantziz. Babeleko istorioa kontatu zien, aro orokorrean zuten kokapena berriz ere deskubrituaraziz, Erek, Habil eta Sap baino gazteagoak zirela.
Horrek, bigarren aldiz, ideia bera erakarri zion Adani, ea bi kreazio desberdin izan ote ziren, batto haiena, gaztea, bestea, Erekena eta ximinoena? Bera ez zela lehen gizakia mundua izan argi eta garbi zaltxan, gero eta gehiago. Richarden irriñoa nabarmen zateran, Ameriketako teoria berriak bazekizkielako, batez ere bi kreazio horiena, mundu berriko teologo batzuek plazaratuak. Bainan mundu berrikoak debaldetan ez ote ziren? Sapen gogorapen guzti horiek gure gizona emozioz suntsitzen zuten, batez ere marrazkiak uraren erasotik tinko iraun zutela eta bizi- bizirik zeudela. Leizetik ateratzea hobe zutela pentsatuz, handik lekutzea erabaki zuten. Kanpoko bideak eta bidexkak erabat aldatuak zeudela aitortu zuen ere, eta orduan hartu zuen bide haren norabidearen aurka abiatu ziren, ohiko alderantzizko bideari loturik.

Ordoki hormatu pelatuetatik iragan ziren, abere larruz jantzirik. Noizean behin sua pizten zuten eta supazter hartan berotu, noiztenka ere, leize bakan batetan lo egiten, urtez-urte, mendez- mende bide zaharretik zaharrera abiatuz. Erekek bere txanda laster izanen zela bazekien, gaztetzen ari balitz bezala. Riis, Wurm izozketak iragan zituzten, magdelienarren aroa aspalditik atzean utzirik, musteriar arora iritsi ziren eta halaxe, aroz-aro, gizakia potikokatu arte. Habilek han hemenka utziriko lantresnak erakusten zizkien, bai harria karraskatzekoak, baita ere egurra moztekoak, denak berak eta bere lagunek eginak, orai hainbeste aro jadanik bainan beti hor zeudenak. Erek irrifarrez zegoen eta keinuz eta bere bularrean kolpe tinkoa emanez, berak horixe bizitu zuela adierazten zuen ere, bainan alderantziz, lau zangoetatik bietara. Haren harrotasuna paregabekoa zen eta hark, berari esker denak zutik bizi izan zirela esan nahi zuen. Darwinek ongi ulertu zuen esan nahi zuena eta denei modu eraginkor batez adierazi. Erekek arrazoin guzia zeukan, zurubi luzearen maila hori gabe, denak ximinoak izango liratekeelako, eta ondoan zeudenek hori bazekiten, bereziki bi txinpantze ohiek. Denak lehengusuak zirela argira azaltzen zen, izengabeko bi horiek, Erek, Habil, Sap, krom, Adan eta Eba eta Richard, Jainkorik gabeko izaki eboluzionatuak. Agian bi ximinoek gogoa eta hitz indarra bizi- bizirik balute, gizakien bidearen kontakizun hau segituko lukete, bainan gauza handirik ez zekiten, abereen arteko biziaz baizik. Eskerrik Richardek, Erek eta Habilena momentuko bazterturik, haien hitza hartuko zuen, denen eleduna izendatu zutelako, lehen bizi arrastoraino.
Ximinoen arazoa, ahozko transmiziozio ezik aparte, bakoitxa soilik bere kastaz arduratzea zen, eta besteetaz arduratzen zirenak, haiek jateko edo jaleenganik ihes egiteko zen.
Halere, haiekin aintzinera joan zitezen keinu oihularia egin zutenean, uzkurki segitu zituzten. Gurutzatzen zituzten abereak gero eta handiagoak ziren, bildurgarriak. Halako bat ikusten zutenean, ahal bezain ongi izkutatzen ziren. Darwinek adierazpen guziak ematen zituen, nondik heldu zen hura, zenbat milaka urte biziraun zuen, nor zen bere aita, nor arbasoak....eta hola denak itzali arte.

Sap pentsaketetan ari zen eta besteetatik urrun, Eba deitu zuen zerbait galdegiteko. Besteenganik baztertu egin ziren eta halaxe esan zion: “Eba, adierazi behar didazu zergaitik hainbeste denborako bidai honetan, sekulan ez dugu arazorik ukan, inoiz ez dugu besteen erasorik jasan, zergaitik gure arteko harremanetan ez dugun zalaparta handirik izan. Ez da izan ez hilik ez eta gaixorik; ez da izan gaitzik, ez eta ere erailketarik. Zergaitik Eba? Zergaitik? Ba al dakizu, ba nik bai, eta hauxe uste dut”- Ebak tinko begiratzen zuen haren adierazpena eman ziezaion. Eta Sapek halaxe jarraitu zuen:” Nik uste dut Jainkorik gure gain ez dugulako izan, hain lasai egin dugu bidaia. Oroitu zaitez zerorrek kontatutakoa, denbora laburrez Jainkoak egindakoa, eragindakoa edo manatutakoa. Guk ez dugu ez uholderik jasan, ez anai- arreben erailketarik jazo, ezta ere bidaiatik botatzerik izan, ezer, denak, zure esanez bederen, Jainkoaren seme- alabak eta bere idurira eginak izan arren. Nola daiteke bere idurira eginiko jendea hain baretsua eta baketsua izatea? Richardek arrazoina duela uste dut, aroz aro joan garela, batenganik bestearengana denboran zehar igoz, batere oztoporik gabe. Nik ez dakit hala denez bainan nahiago dut hala izatea, beste modu batean baino. Ez Jainkoaren izatea zalantzan ezartzeagatik, bere ondorioak baztertzeagatik baizik.”

Ebak, Sapek esandakoarekin ados zegoela ez zuen erakusten ahal eta ezer luzatu gabe, muxutxu bat eman zion, bere zuhurtzea eskertzeko, behintzat. Sap, une maitagarri hori aitzakitzat hartu zuen Eba besoetan hartzeko, tinkoki muxukatzeko eta berea egiteko. Aspaldiko patuan idatzita zegoela biek bazekiten, eta abere arropak berriro jantzirik, besteengana jo zuten, bien arteko sekretua atxikirik.
Sekretu hori ez zen bien artekoa izango soilik, lehen aldiz munduan, bi aro desberdinetako presunek amodioa zegitela gertatzen baitzen. Baldintza bereziak izan behar ziren hori gerta zedin eta Darwinek antolaturiko bidaiak halako topaketa gertatzea posible egiten zuen. Beraz, sekretua haiena zen, alde batetik bai, haiena soilik, bainan, adibidez, balizko Jainkoarena ere. Ebak gogoan zeukan Jainkoak esana, bizia galtzeko bekatua zela beste gizon baten emaztea gogo lizunez begiratzea ere eta hemen larru jotze galanta izan zen. Damutzen hasi zen, Jainkoaren mendekuak ohikoa zituelako eta biak ziren hobendun, Sap Jainkoaren eta kondairaren aurrean, Eba, sortuko zen gizartearen aintzinean, berak, bere begirada urdinez, Sap bereganatu zuelako eta ezezko borobila esatea aski ziolako. Bigarren aldiko bere ahulezia agerira azaldu zen, sugeak jadanik neskaren eraginkortasun handia argira utzirik. Emaztearen probokatzailearen auzia hortxet hasi zitekeela zirudien, edozoin gauza eginda, beti bere errua izanen zelako, gizonak, ondoriorik gabe, ezin zirela keinukatu iduri zuelako. Hori zen hortxe sortzen ari zen filosofia eta ustegabean, Eba horretan sarturik zegoen. Haien sortzetik desberdinak zirela nabari zen, gizonak Jainkoak egina omen, eta emaztea gizonaren saihetsetatik aterata. Batek bestearekiko izango zuen menpetasuna hastapenetik garbi zegoen eta horrek ere Ebari sinesmen horretatik urruntzeko aukera emaiten zion, jadanik feminista baitzen. Orduko pudorearen auzi horretan bera zen hobendun, Edeneko kanporatze hartan, bera zen hobendun, munduko jendearen betiko zigorra jasotzean, bera zen ere hobendun, eta orai, bera ere, bera, bera hobendun Biblia idatzi arte, bera eta itzultzaileak agertu arte, bera ere hobendun. Batzuek zuzena zela zioten, gizon baten gorputzetik sortu zelako eta sagarra berak horzkatu zuelako, beraz leku gutti gelditzen zitzaion halako gizartean. Hori jakin gabe erlijiopean biziko ziren gizarteek oraino leku guttiago utziko ziotela emazteari, urruneko zibilizazio berria iritsi arte. Erabat urrikaldurik, Sap Ebari hurbildu zitzaion eta belarrira xuxurlatu zion Biblia idatziko zutenetik beste zortzi mila bat urte itxoin beharko zuela emazteak gizonaren berdina izateko. Ebak irriño bat egin zion txantxetan zegoenez galdezka bainan Sapek bazekien zer zioen eta hura benetazkoa zeukan.

Hori dena gogoan, eta zoria haien aldekoa izan zezaten, biek isilpean gordetu zuten sekretua. Adanek ez zuen jakin, ezta ere Richardek. Beldur zen Eba, azken honek lizunkeriaren berri izatea, Jainkoaren antzeko erreakzionea ukan zezan eta bidaiatik bota zitzan, maitalea eta biak, suzko hesiak bide bazterrean ezarririk. Baina ez zen batere Darwinen estiloa eta, ez jakitea hobe izan arren, mendeku arriskua ez zuten hain handia.

Bi ximinoek Darwini zerbait esan nahi zioten, bainan ezin. Erekek aiseago ulertuko zituela agian, berari keinuka hasi zitzaioten. Nola zitekeen Richardek dena ez jakitea? Bainan zer misterio zekarten haien ilez hornituriko garunen azpian? Muño baten kaskora igo behar zutela adierazi zieten, han zerbait misteriotsua izan balitz bezala. Denek jarraitu egin zituzten bainan, hantxe fitxik ez, lur pelatua baizik! Jirabira berri hartan inork ez zituen laguntzen ahal, haiek zirelako jakile bakarrak eta orai arte dena hain erresa izan baitzen...
Mendez mende kurritu egin zuten zuzen– zuzeneko bidea horretan, har eta utzi baizik ez zuten egin, halanola sagarrondoak eta mahatsondoak aurkitzea eta uztea, oihanez eta txarez lilluratzea eta ahanztea, ardiak eta behien esnea dastatzea eta asetzea, soroak eta pentzetan lokartzea eta esnatzea, haizkolariak eta zurginekin topo egitea eta abandonatzea, bide berrian sartzea eta jarraitzea, eguraldiaren hozketan hormatzea eta epeltzea, leizea aurkitzea eta oroitzea, marrazkiak ikustea eta oroitzea, abere handienak atxematea eta izkutzatzea, Habilen lantresnak bidean aurkitzea eta harritzea, Ereken poza ikustea, eta hortz ustelez farre egitea. Dena har, onar eta bazterrean ezar. Oro igurtzi, utzi eta ahantzi.
Ximinoei orai arteko hitzik gabeko haien bide luze hori oro aspergarria bilakatu zitzaien, eledunen hitzak ulergaitzak egiten zitzaizkielako, Erek eta Habilekin soilik ongi konponduz, denak erdi mutu izanda. Zeren bila zeuden Richardek ere adierazpenik ez liezaiekeen eman eta horrek nardatzen zituen, haiek, giza sortzearen hastapenean izan ziren izaki bakarrak eta garrantzitsuenak denek ahanzten zutelako, bereziki haien espezialista zen gizonak, Richard Darwin...Arazoa beste motakoa zen ere eta berak jakin balu zeren bila zeuden, agian zerbait erran liezaiekeen oraino. Bainan ez, hortxe, berak menperatzen zuen eboluzioan, eskas zuen maila bat lainoetan galtzen zitzaiola argi zegoen, zer aldiz ez zekien? Ximinoek, aldiz, zeren bila zebiltzan bazekiten, inori adierazteko ahalmenik izan gabe.

Beste malda batera hurbildu zirenean, Richard, ziminoen senak maldetara bultzatzen zituela konturatu zen, batera, bestera eta beste hainbatetara eta han izan zitekeela sekretua gogoan hartu zuen, hartan edo beste batean. Arazo bakarra, denborarena zuten, maldatik maldara beste hainbat mende iragaiten zelako, milaka ez esateagatik. Igo eta ezer ez! Berriz gora eta ezer ez. Hark Golgotako bidea zirudien. Beste ehun bat malda igo ondoren, Richarden pazientzia agortzen ari zen eta narda oihuetan hasten zela denak konturatu ziren:- “ Zer ari zarete zuek! Malda batetik bestera gu eramaten? Denborarik galtzeko ez dugu eta bidaiaren azken urratsak zuzen eta lasaiki egin beharrean, halaxe erabiltzen gaituzue, gora eta behera, misterioa den zerbaiten bila. Zer da? Esan otoi!” Lehen aldiko Darwinek bere nagusitasunaren ahultasuna erakusten zuen, dena bazekiela zirudielako bainan, han, berak menperatzen zuen ziminoen munduan, zerbait eskas bazeukan, zer jakin gabe. Sapi ez zitzaion eskapatu izan bere nagusiaren errua eta denak eskasdun izan zitezkeela esatera hurbildu zitzaion. Burua apalik, bere oihuengatik barkamena eskatu egin zion eta bere ezjakintasuna onartu. Ebak dena hitzez hitz jarraitu egin zuen, bere begirada Sapenganik ez zuelako urruntzen ere eta Richard eskaskeria erortzeko gai bazen, Jainkoak ere halako zerbait jasan zezakeela pentsatu zuen, bere balizko bikaintasuna erabat bazterturik. Sapek, arrazoin guzia bazuela luzatu zion eta elizak izango zuen hitz sakratua lehunki isuri egin zion, Jainkoa eta bere semeak izango ziren aita saindu guziak errugabekotzat hartuko zituztela, Jainkoaren hitza gardentzat hartuko zutelako. Horrek zer ondorioak ekarriko zituen Sapek bakarrik neurtzen ahal zituen.

Darwin debaldetan zegoen keinuka eta erregutzen ziena ez zuen lortu, batez ere ziminoek ez zutelako hitz egiten. Sapek iduzkiari begira zeudela azpimarratu zuen eta begirada haietan zerbait igargarri izan zitekeela aipatu ere. Gehienetan diagnostiko onak zituen Sapek arrazoin ote zuen? Ebak Darwini Sapi kasu egiteko esan zion, Adanek aldiz, hura zozokeri bat izan zitekeela luzatuz.

Maldetan zegoela sekretua segur, eta agian eguzkiaren argiarekin lotua ere. Ezjakintasun horrek, Sapek esandakoari kasu egitea bultzatu zuen, hobe zelako zerbaiti lotu, ezerrari baino. Eta haien begirada malda argitsu guziei begira lotu zitzaien. Bat, bestea eta beste azkena...eta ezer ez. Eskerrik itzalean zeuden haiek, baztertu egin zituzten eta hala hainbeste denbora irabazi. Sapek belarrian Ebari ea zer zen denbora irabaztea xuxurlatu egin zion, zurubi luze haren bidean, beste zurubi bat lotzen ahal zelako eta gorago joan. Ez zekien batere hori esatean zurubi modernoak halaxe asmatu izango zituztela, luzegaiak eta hori zen maldeekin gertatzen zena.

Bat- batean eta milaka pantoken ondotik, begi aintzinean altxatzen zitzaiena erabat desberdina zen, batez ere, bere gainean zabaltzen zitzaion argia. Sapek arrazoin izango ote zuen? Bai, hura zen bilatzen ari zirena eta poz- orroketan hasi ziren. Denek haien jatorria aurkitu ondotik, haiena ere atxeman zutela zirudien eta horrek zoratzen zituen. Mendixka hartara uzkur-uzkurki igo ziren, han zagerien argi izpi erraldoi hura begiez tinkatuz. Lurretik zerura izpi indartsu bat zigoela zirudien, lurretik goraldera. Gorantz bazihoan ere, beherantz bazihoala zirudien, lurraren barnean sartzen balitz bezala. Alderantzizko bidaia denen gogora etorri zitzaien.

Bi ziminoak menditto haren kaskoraino igotzen hasi ziren, bat bestea baino lasterrago joanez. Lehenbizikoa erpinera iritsi zelarik oihuka hasi zen, herrenka zetorren lagunari keinu handiak eginez. Hain luzaz xekaturiko lekua aurkitu zuela ematen zuen eta bigarren ximinoa bertara ailegatu zenean, urrundik belaunikatzen ikusi zituzten, gizaki fededun baten pare, eta argindar horrek abereak gizakitu zituenez bakoitxak bere buruari galdegin zion. Harritzekoa baitzen halaxe ikustea, Jainko baten aintzinean egon balira bezala eta denek, haraino hurbiltzea erabaki zuten, emeki- emeki. Lehen lehena iritsi zen hura zulo bati begira zegoen, erreka baten ertzean egon balitz bezala. Baldigarri balitz ere, lur barnean sartutik zegoen hobi garden batean eta momia baten antzera, argizko ximino erraldoi bat agertzen zen, kaxa batean etzanik eta haren gardentasunak argi harkorra uzten pasatzen zuen. Nahiz eta estalki garbirik ez izan, estalita zegoela nabari zen, atmosfera horretaz babestu nahi balu bezala, argiz eginiko taula dirdiratsu batez, materialik gabeko estalki argitsuaz.
Nork, noiz eta nola demontre egin ote zuten hori? Ximino zaharrenak belaunikatuta jarraitzen zuen, otoitzetan bezala, kristalen antzeko artean zagerren idoloari begira, bestea, aldiz, zut-zutik argi estali hura tinko hautemanez. Denek gauza bera pentsatu zuten, ea ziminoei itzultzen zitzaien adimendu izkutu bat aurkitu ote zuten, zerakutsan bezala, belaunikaldi horrek zentzu sakona bazuelako.
Darwin harriturik zegoen, sekulan ez zuelako halakorik ez ikusi ezta entzun ere eta balizko Jainko batetik hasi zen bidaia, Jainko batez bukatuko litekeela beldur zen. Bidaia, jainkoz jainkoz ibili zela ohartzen hasten zen ere, Adan eta Ebaren bizardun zaharra lehenik, Sap, Habil eta Ereken lurrama zen leizea, geroago, eta orai hauxe, argizko King Kong dibino baten agerpena zerakutsana. Bakoitxak berea, odol eta txitxiz egina batzuentzat, natura hutsez besteentzat. Zehastasunen bila ibili zen eta hura argi iturri berezi bat baizik izan zitekeela pentsatu zuen, argia kaptatzen zuen kaxa eguzkitsua. Bainan zergaitik ximino baten itxura hartuta? Denak goraino igo zirenean, belauniko zegoenak sobera ez hurbiltzeko keinu bat egin zien, jainkoa errespetatu behar zela bereziki eta hura adoratzeko ez zelako gehiegi hurbildu behar, batez ere ximino ez zirenak. Bien portamoldeak zerbait garbi erakusten zuen: Haiek hura ezagutzen zutela eta alderantzizko bidai luze horri zentzua ematen ziotela. Orai ulertzen zuten zergaitik isil-isilik eta ezer esan gabe hainbat milakadez egoteko gai izan ziren, ezin salaturiko helburu tinko bat bazutelako: Argizko ximinoa, haien Jainkoa! Zer bestela Jainko bat baizik? Haiena, ziur, agian denena? Darwinen ibiltzeko arrazoinak garbi azaltzen ziren, eboluzioaren teoriari lekukotasunez beteriko irtenbide bat aurkitzea, Adan eta Ebarena ere, Jainkoaren bila joatea eta gizon prehistorikoena ere bai, haien jatorria ezagutzea. Nork susmatu ote ahal zuen ximinoek bazeukatela benetako ibiltzeko arrazoinik? Nehork ez, batzuek konpainiako aberetzat baizik hartzen ez zituzten, besteek, edo besteak zioen arabera, gizakiaren jatorria izateagatik zuten hantxe egoteko arrazoina, bainan hortik dibintasun bat agertzeraino urrats handi bat bazegoen, orori, egitan sinesgaitza egiten zitzaiona.
Pena zen ximinoek hitz egiten ez jakitea haien experientziak adierazi ziezaizkieten, misterio hura keinuz adierazteko zailegi baitzen. Hantxe denbora luze egon arren, laburra egin zitzaien, agian denbora murrizten ari zitzaielako eta bidaiaren gehiena egin zutela nabari zen, nahiz eta berez, beste hainbeste urte edo gehiago izan. Baina denbora horren nozioa galduta zeukaten eta engoitik, ezin lasterrago iragaiten zitzaien. Harridura aldiz, luze bezain ikaragarri.

Ximinoek hanxe zerraiten, bakoitxa bere posizioan, misterioa haien baitan eramanez eta gazteena ematen zuena kaxatik urrundu egin zenean, argizko ziminoa desagertu egin zen, argi hutsari lekua utzirik. Belaunikaturik egon zenak hori ez zuen ikusi, maldan beherantz zorionezko jauziz lasterka abiatu zelako, bere aurkipenez hain pozik zegoen.

Gehien harritzen zuen Richard hauxe zen, abere haiek beste adimendun jendea berarekin orduan bizi izan zitezkeela, txinpantze aurretatuak adibide edo gimon aintzinatuak ala benetako lehen gizakiak, zergaitik ez? Galdera ainitz airean zebilen, nondik ateratuak ote ziren adibidez? Jainko batek sorturikoak al ziren, hala zirudienez? Hura ez ote zen izango elohimdarren lana? Haien egiteko maneraz asko hurbiltzen baitzen estalki gabeko argiz eginiko taula hura, haien aintzinamendu zientifikoaren lekuko. Bainan zergaitik ximino horren forma, hori ez baitzen haien ohiko gurtzearen funtsa. Elohimdarren aintzinekoak izan ote ziren? Haien prehistorikoak ere edo Erekek eta Habilek ahantzitako Jainkoa? Alderantziko bidean abiatu zirenena ote zen eta giza ezagutza baino lehenagoko helburura iritsi zitekeena ere? Noren jainkoa zen hori, beraz? Benetan ximinoena? Norena bestela? Ximino berek ehortzia ote? Ezinezkoa! Benetan ezinezkoa, sinesgaitza! Gizakiek hori ez zutela hantxe ezarri argi zen, zerbait egitekotan gizaki bat ezarriko zutelakoan eta Sapen antzekoen lehenagokoek adimendu zorrotzik ez baitzeukaten halako aintzinamendu zientifikorik lortzeko! Nork beraz? Eboluzio teoriari ostiko handi bat emaiten zion adierazpenik gabeko deskubrimenduak handik lekutzea aholkatu egin zien eta emeki-emeki hutserantz abiatu ziren.

Sapek, bada ezpada ere, berriro goraino abiatzea erabaki zuen, susmo txarrek bere gogoa gainerasotu ziotelako. Bere begi zorrotzez hura ulertu behar zuela eta, ximinoak handik erabat lekututa zeudela ikusirik, hobiaren hurbilera uzkurki ailegatu egin zen. Pentsaketa bizian zegoen eta hantxe atera zitzaion irrifarrak beste guziak harritu zituen. Darwin lasaitzen hasi zela zirudien... Hurbil zitezen beso keinu bat egin zien eta bertara iristean, argizko kaxa hartan, Sap handia argian isladaturik zegoela ikusi zuten. Ximinoen hobileku baino, argiaren hobitoki zela ohartu ziren eta forma bat hurbiltzen zitzaionean, haren islada erakusten zuela ere, ispilu argitsu baten pare. Zer zozoak izan ziren denak ximinoen jokamoldeak besterik gabe irensteko eta modu oker horretan interpretatzeko? Haiek haien islada jainko baten agerpen batekin nahastea ulergarria zitekeen bainan gizaki oro haiek halaxe sinestea? Darwin biziki lasaitu zen eta gertaturiko guziak ulergarri bilakatzen zitzaizkion. Sapi berdin. Adan eta Ebari guttiago, batez ere, bakoitxak bere jainkoa antsemateak esan nahi baitzuen haiek ere haiena berraurkituko zutela, munduko lehenbiziko gizon emazteak izaki.
Gizaki guzien gogoa baretu egin zen, ximinoen adimendu maila bere tokira itzultzen zelako lehenik eta hura argi kaptazaile bat baizik ez zela baieztatu zuelako.

Nola pentsatu izan ahal zuten, une batez, ximinoen gogoa gizakitu izan zitekeela, haien Jainko bat aurkitu arte. Ezinezkoa izan arren, sinesgarria bihurtu zitzaien eta hori barkaezina zeukaten. Hortxe, begi aintzinean, haien nekearen froga argi eta garbi erideiten zitzaien, basamortuan izaten ahal diren mirarien antzeko hura ikusirik. Zer ezuste gogorra! Denak irrifarrez egon ziren, argi kutxari hurbildurik, bat bestearen atzetik, miraila mirakuilutsu hartan haien itxura gardena ager zedin, eta denak lehen argazki tresnaren aintzinean pausatu ziren.

Ados, hura argi kutxa bat zen, dibinkeriatik urruti, kutxa deigarria, bainan hark jalgitzen zituzkeen galderak ikaragarriak ziren. Nor bizi zen aro horretan, ximinotik aparte, halako argi kaptatzaile bat asmatzeko eta hortxe, modu izkututu hartan ezartzeko? Garbi baitzegoen hark, eguzkia eta lurra argi izpiz elkartzen zituela, neurgailu bat izan balitz bezala. Hola gorderik egotea Jainkoaren afera izan zitekeela susmatu zuten, bera ere hainbeste aroz gizakienganik gorderik egoteagatik, bainan ideia hori Sapek berehala baztertu zuen. Beste zerbait bururatu zitzaion, ea hark ez ote zuen eguzkiaren argiaren distantzia neurtzen eta arautzen? Hura ez ote zen gizakiak ez erretzeko asmaturiko tresna paregabea eta horri esker ez ote zitzaion lurra argiari egokitu? Richardek begi keinu bat egin zion, erantzun egokia aurkitu zuelako, beste adierazpenik ez zitekeelako izan. Bainan horrek hainbeste gauza zalantzan ezartzen zituen, hala nola Jainkoaren existentzia, modu horretan eta Big- Bangetik aparte, ez zelako kreatzaile baten beharrik, batez ere, planetak bere leku aproposean ezarri zezakeenik.
Sap Richardengana joan zen eta belarrira zerbait xuxurlatu zion, Adan eta Ebak entzun ez zezaketen. Naturalista jakintsuak baiezkoa eman zion, bere ile luzeak urduri moduan hatzapartuz. Behin edo beste, zientziak kaxa argitsu horren deskubrimendua egiten balu eta argiaren indar neurtzailearen kaxarena frogatzen balu, elizak, hura onartzeko obligazionea ukanen zuela esan baitzion Sapek, Jainkoak hor ezarri zuela esateko obligazioena izango zuela eta horrek kezkatzen hasi zuen, bainan horretan ez zeuden eta denborari bere denbora uztea deliberatu zuten.
Halere, altxor horri zentzudun adierazpen zientifikoa aurkitu behar zitzaion, hori baitzen, azken finean, alderantzizko bidaiaren arrazoina.

Bat- batean klorofilazko usaina nabaritu zuten.

 

 

 

 

 

 

Itzultzaileak

 


Hebraieratik grekorat itzulia izan zen Biblia, geroago latinera pasa zezaten. Zazpirenatik Vulgataraino, hebraieratik eginiko itzulpenetan nahiko akats agertu ziren, sinesmenaren arabera egokituak. Jehovahren testiguek, adibidez, itzulpen berezi bat zeukaten, haien sinesmenari erabat egokitua. Akats garrantzitusuenetarik bat azpimarratzeko, Elohim hitza hebraieraz plurala dela eta beraz politeismo baten adierazle eta beste ainitz holako.
Katolizismoa urrats handiz aurrera joaten zelarik, latinez egin zuten lehen itzulpena egokitua izan zen ere, batez ere, bere testuak arruntak bihur zitezen. Bosgarren mendean zeuden eta Jeromek idatziriko Vulgata idatzitako bibliaren itzulpenak arrakasta handia izan zuen.
Areto hartan publikoki aurkeztu behar izan zuen egunean jende ugari bildu zen, denek bat eginez, izan zitezen kapadunak, togez jantziak edo agintari ospetsuak, hitz batez, herriko haundi maundiak, ohiturazaleak eta fede hedatzaileak erantsirik, horiek bertako intelektualak zirelarik. Aretoaren atearen gainean HARPE izena zizelkaturik zegoen, haren izena baitzen eta nehor ez zen ohartu horren esanahiez. Hark Tel Aviveko aretoa iduritzen zuen, hura hiri berria ez izan arren, Atenas eta Erroma aise zaharragoak baitziren.
Jadanik, eztabaida sortua zen ea zergaitik textu sakratuak ipuin baten antza ote zuen? Batzuek benetan gertaturiko ixtoriaren egia hala zelako zioten, besteek aldiz erabat irudikatua zegoela... Inork ez zuen sumatu, eztabaida bete- betean zegoenean, han, azken lerroan, gizon bitxi bat jarri zela, liburu zahar bat eskutan. Nehork ez zuen ezagutzen eta nahiz eta kanpotarrak halako aurkezpenetara maiz hurbildu, aroz kanpokorik inor ez zen nehoiz bertara agertu eta hango gizon bitxi hari horixe somatzen zitzaion, bizi zuten aro horretakoa ez zela eta bere bizia anagrama bat izan zitekeela. Bere berezko itxura, jadanik, ez zen lurtarra, aro horretan ezagut zitezkeen lurtarretarik urruti zegoen behintzat, bai aurpegiz, baita era janzteko manerez. Gizakia zela nabari zen, hori bai, bainan beste denbora batekoa. Nondik heldu ote liburu horrekin besapean? Agian elohimdarren ondoko askazi izkutuaren semea? Ez! Nehork ez baitzuen ezagutzen haren presentzia haietarra izan zedin pentsatzeko. Alderantzizko bidaia egiten ari zen horietariko bat? Behar bada, bainan aspaldi, Erek eta ximinoen aroan egoteagatik, erromatar arotik iragan omen zela.... Nor beraz? Berak, hantxe esaten ari zirenak ongi zezizkien, aspalditik ikertu izan balitu bezala eta ohar haiek idatziz hartzeko griña ez zen orduan ohikoa. Zer zeukan eskuan, beraz? Zer begien aintzinean? Lur kanpotiar baten bitxikeriak zerakutsan, aro hartan erabiltzen ez ziren tresna galdegarriak, bai boligrafoa baita betaurrekoak ere. Eta zer esan liburu inprimatu horretaz, hantxe aurkezten zuten itzulpena pergaminoetan idatzia zegoelako.
Berak ipuin haren gorabeherak bazezagutzan, noiz egina izan zen, noiz idatzia, noiz itzulia ere, zer zen Zazpirena eta beste, beraz, hebraieratik grekora iragateko zer urratsak eman ziren, nork eman zituen eta orai latinorat ekartzeko zer lanak eman zituzten. Vulgata hori grekotik itzulia zegoela ongi bazekien, baita ere zer itzul-akatsak bere baitan zituen eta zein izan ziren hebrairatik grekora itzultzerakoan lehenago egindakoak. Itzultzaileen xedeen berri ere bazuen, Biblia arrontzeko egina zegoela, batez ere, jende guziak irakur zezakeen modura. Azken finean bost mila urte baino gehiago Tel Aviven biziko zen egoera berdintsua.
Bere baitan beste hainbeste gauza igartzen zituela nabaritzen zitzaion, baita ere eskutartean zeukan liburu sakratu bezain magikoaren iturburua.
Fonologiaren bidean, sortu eta hil ziren hizkuntzen arabera, mintzaira berriak agertu zirela bazekien ere, beste milaka geroan agertuko zirela, greko eta erromanotik beste hainbeste mintzaira arrunta jalgiko zela, denak, geografiak mugatzen zituen eremu berezietan sortuak. Lurralde urrunetan, aspalditik munduan zeuden beste mintzaira batzuk bazirela hortxe hedatu nahi izan luke bainan hobe zuen isilik egotea. Inoiz nehork suntsituko ez zituen hizkuntzak bazirela ere beretzat gorde zuen, fonologiaren hastapenarekin zerikusirik bazeukatelako, agian, eraso guziei jasan egingo zieten hizkuntzak, nahiz eta eremu ttikietan bizi. Bortxaz isildu behar zuena zen grekoa eta latina ziren mintzaira supremoak hondatzera joan egingo zirela, berarekin zeukaten zibilizazio aintzinatuarekin batean. Hori ez zioten barkatuko eta galbidezko gezurtitzat harturik, gogorki zigortuko zutela ere.
Ipuina famatua, lumaz luma eta mendez mende iragan egingo zela denei pozik luzatuko zien, liburuetan inprimategiak tinkatu arte, bainan nahiko harroak zirela eta, hori ere isiltzea hobe zela pentsatu zuen, batez ere, hizkuntza guztietan itzuliko zutela, arraroenetan ere, arabiarrez adibidez, moruek Hispainia inbadituko zutenean zortzigarren mendean.
Bere jatorria sekretutzat gordeko zuela erabaki zuen ere, baita ere Britaina Handian 1382an, John Wycliffek, haien latinezko itzulpen honetatik angelererat itzuliko zuela. Nola azaldu William Tyndalek, zuzenki hebraiatar testuetatik itzuliko zuela 1538ean eta azkenik, Jakes erregeak, 1611ean britainiar guzientzat itzulpena eginen zuela ere. Alemanez, italianoz eta beste hizkuntza guzietan, munduan izan den ipuin ezagunena idatzia izango zela beretzat gorde izan zuen, baita ere euskarara itzulia izanen zela.
Gizon hau ez zen txantxetakoa eta berehala sumatzen zitzaion egin zezakeena, funtsean oinarrituta zegoela, eta hauxe zela bere ezagutzaren zutabe nagusia. Erromako harrizko antzeztokia ikusirik, “Drury Lane” Londoneko antzezleku zaharrena bururat etorri zitzaion eta, Biblian tinkaturiko obra 1863an, nola hantxet erakutsiko zuten, baita ere 1895ean bere eboluzioari loturiko lanengatik emango zioten saria, baina hori guzia argira emateko ez zuen oraino arrazoin nagusirik.

Anagramen jokoa behingoz bazterturik, Richard Darwin bere teoriaren eraikitzeko behar zituen aurkako guziak biltzen hasia zen, batez ere, asmaturiko ipuin ospetsuak. Areto hartan inork ez zekien norantz joanen zen mundua ezta ere gizakiaren pentsamen ahalaren bidea. Zer pena Sap han ez egotea, bere argitasunaren eskasa somatzen baitzuen... Nahiz eta bertako ohiturak eritziei ateak irekitzea eta publikoari hitza ematea ohitura zen, elkarrizketa hartan ez zuen parte hartu. Batzuen galderak nazionalimoz beteriko harrokeriz beteta zeuden, haien herria eta zekarren zibilizazioa paregabea zela esanez, beste herri hoberenik munduan ez zela, beste nehork halako idazki teologorik merexi ez zuela eta halako, latina erabiltzen zuten populuak zibilizazioaren sehaska zirela ere, luzatu egin zuten.
Beste galdera kritikoago batzuk izan ziren, emaztearen egoerari lotuak, bainan horretan denak ados ziren, Bibliaren itun zaharraren gertaeren arabera, emaztea bigarren arloko giza mota zelako eta zibilizazio ospetsu bezain moderno hark hitzez hitz hartzen zituen pentsamolde horiek, indibidualismo arrakoia punta- puntan edukirik.
Areto hartan, emazterik ez zegoen batere, denak gizonak baitziren, adin guzietakoak, ongi jantziak gehienak, haien ofizioen araberakoak, bainan hantxe langilerik edo laboraririk ez zegoela nabari zen ere, jende dotore bezain burutsua baizik.

Itzultzaile horiek, jainko ttiki batzuen ospea hartzeagatik eta textoaren mamia sinismenarekin lotua izateagatik, gauza batez segur zegoen, etorkizunean eta Jainkoaren izenean, exaltatu batzuek erlijioa dogmatzat har zezaketela eta horrek jokamolde izugarriak sor litzazkeela ere, fedearen izenean izango ziren desmasi ikaragarriak aurrikusiz..

Gizarte honek moralezko lege izpiritualak behar zituela esan zutenean, haien ondorioz pentsatzen jarraitu zuen. Idoloak eta pagano ziren sasi jainko oro baztertu behar zirela oihukatu zuten, eta horrek zerkarkitzan ondorio latzak erreski gogora etor zitezkeen. Jeinu zaharrak adoratzeagatik, ikaragarrizko erasotan, gurutzea eskutan, hasiko zirela igartzea zailago zen, bainan berak hori ere bazekien. Haien eragina zabaltzeko, gudua baizik gogoan ez zutela izango eta sinesmen eta ohitura zaharrak ere suntsituko zituztela susmoa bazeukan, baita bidai luzeak egingo zituztela ere jainkoaren hitza bortxaz hedatzeko. Nola adierazi behar zien orain itzuli zuten testuaren izenean erailketa ikarakarriak hurbiltzen ari zirela... Nola onartuko ote zuten urrez eta zilarrez hornituriko gizon aberats bezain harro horiek, haien enperadore eta erregeen jainkotzaren lekua hartuko zuen jainko berri bat agertu egin zela? Ezinezkoa zuen eta berriz ere, isilik egotea erabaki zuen. Eta jendeak txaloka zerraien, bereziki, funtsik gabeko pasarteak entzuten zituenean.
Gure gizonak beste zerbait bazeukan buruan, noizpait, itun zahar honen kontakizuna zalantzan ezarria izango zela eta orduko elizaren arduradunen erantzuna bi mota desberdinetakoa izango zela ere. Lehena, mespretxua, Jainko bat baizik ez delako! Bigarrena, eta denborarekin onartu beharra, gizakiaren eta munduaren jatorriarekin zerikusia izango zuena eta zientziak lorturiko deskubrimenduekin lotua. Giza eboluziez idatziko zuen liburuak ipuin honen itun zaharraren funtsa deustatzen saiatuko zen moduan eta zientziaren aintzinatasunen aurrean, elizaren arduradun sainduak konpromezu batera helduko zirela aurrikusten zuen, eta egiztaturiko Big-Banga onartzea bortxazkoa izango zutela ere, hori bai, Jainkoak sorturiko planeten arteko eztanda, besterik ez. Hori baino lehen, argia neurtzen zuen kaxaren existentzia ezagutu balute....
Ez zen batere erraza etorkizuna ezagutzea, batez ere, ipuinlarien jeinua zalantzan ezar zezakeen geroaren berri jakitea.

Bere aintzineko lerroan zeudenek, atzera begiratzen zuten ea nor ote zen nehork ezagutzen ez zuen gizon burusoil hura? Itzultzaileak ere hor izateaz ohartu ziren, gizon bitxi hark ideia berriak bere baitan zekarzkiela eta horrek nolazpait desestabilizatzen zituzten, geroaren ezagutzak beti dakarren bezala.

Bibliaren aurkezpena bukatu zenean itzultzaileak berarekin elkarrizketetan aritzeko gogoa izan zuten, mintzagai izan zitekeen gizon bakarrra baitzen eta hari hurbildu zitzaioten, zalantzan iduri. Haren betaurrekoez harritu egin ziren, bere janzteko maneraz ere, bainan gehien bat balditu zituenak eskutartean zeukan liburua izan zen. Zer ote zen hura? Darwinek edo Wardinek ez zien liburuaren aztitasuna adierazi nahi ezta ere inprimeriak zekarzkiten barneko orriak, beraz orri bakar bat pasatzea erabaki zuenean, magiaren eraginez, inor ez zen gehiago ezertaz harritu, ez bere mintzatzeko xuingomatu horren maneraz, ezta ere denboratik at zegoen itxuraz. Balizko elkarrizketa hura entzuteko gisan, aretoan itzuli egin zen jende guzia, bere ohiko arretari lotu zitzaion eta berriro hizlariei begira ezarri ziren.
Richard urduri zegoen bere isiltasunak bide txarretik eremango zuela bazekielako eta ez zegoen batere oker.
Areto hartan zegoen giroa bitxia zen, galdezka hasi nahi baitzitzaioten, bainan ezin. Ea nor zen, zer ari zen, bere xedea zer ote zen, eskutartean zeukan hura nondik zekarren edo beste herri batetik bidalitako espioi bat ote zen? Edo deabrua ote?

Hobe zuen, bai, isilik segitzea, eta Erek eta Habilek erakutsitako keinuak erabiltzea, baina debaldetan, aukera gehiegirik ez ziotelako eman eta terrorista elohimdar bat balitz bezala, aretoan sartu ziren lantzadun gudari batzuek indarrez hartu zuten eta handik atxiloturik ereman, liburu magikoa eskutik osturik.

1809 urte arte, Richard gizon bitxi hartaz, besterik ez zen gehiago jakin.

 

 

 

 

 

 

Richard Darwin, 1809

 

 

Ene liburuan azalduriko eritziak inoren erlijiozko sentimentuak iraintzeko baliozko arrazoinik ez dut ikusten eta aburu horien hegaldatasuna erakusteko, aski da gizakiak bere kondairan egin duen deskubrimendu handiena aipatzea, hau da, grabitatearen erakarpen legea, eta ohartzea nola erasotua izan zen ikustea, batez ere, Leipnitzen lumez, erlijio naturalaren eta azalduaren aurkako subertsioa zelako.”

Nahiz eta naturalismoaz idatziriko liburua izan, “Espezien jatorria” liburu arrakastatsuaren ustegabeko erlijiogabetasunak orduko gizarte fededunari bortizki eraso egin zion eta gaur arte, eboluzionismoa, kreazionismoaren aurkako tesia bezala altxatu izan da. Eritzi horrek bere bazka lor zezan, bi bihi mota desberdin aurkitu zituen, liburuan mintzagai ez den jainkoaren kreazioaren jarraitzailearena, fededunena beraz, eta fedegabeek erlijioaren aurka aurkitu zuten bandera zientifikoa, Darwinismoa.

Richardek halako inpakto teologikorik izango zuela ez zuen batere uste, bere xedea landare eta abereen eboluzioa erakustea baizik ez zelako eta kreazio dibinotik urrun, nola izaki biziak sortzen eta hazten ahal izan diren denboran zehar, bere eboluzio guziekin. Egia da errazena zela, gizakiaren eta lurraren sortzeaz den jakingabetasun hutsa Jainkoaren atzean gordetzea eta misterio ezezagunen iturria ikertzea baino, ekintzen atearen giltza nahiez ez aurkitzea.

Naturalista konformistek begi txarrez ikusten zuten Darwin eta berak, horienganik defenditzeagatik, gazteengan ezarri zuen bere konfidantza, ustez eta bere belaunalditik kanpo, modernitateak bere bidea egingo zuela, bainan ez zen ongi ezagutzea erlijioaren funtsa eta ikutua. Bai, etengabeko gudukan sartu ziren, gaur egun oraino eta nahiz eta kreazioaren sinesmenak jira bira oker xamarrak egin, bere izaitearen mamia ezingo zuela inoiz ere ukatu garbi zagerien, zientziak emeki- emeki munduaren eta gizakiaren jatorriaren egia zehazki tinkatu arren.

Kondairan zehar, bi teoria aurkariak bat bestearen aurka mailukatu izan diren arren, elizako teologo adituek, gaur egungo hogoita batgarren mendean, Darwinen teoriari baiezko zientifiko bat eman diotela dirudi, zientziaren frogen aurka ezer egitekorik ez dagoelako eta Big- Bang-aren benetazko eztandaren aurka, are guttiago.

Bainan zer zegoen beraz, Big-banga baino lehen? Jainkoarengandik aparteko erantzuna ukan bagenu, berehala beste galdera nardagarri batek gainerasotuko gintuzke: Eta horren aurretik zer? Denborarik gabe ez delako aurrerik, hutsa izango litzateke erantzuna. Eta gero, denbora eta espazioa martxan ezarri zirela, zerotik aintzinera, bizigai zirenak bizidun bihurtzen. Orain edo bihar arteko kosmologiaren erantzunik gabe, Jainkoak atea zabal- zabalik zeukazkien, ditu, beste ainitzentzat, eta egoitza horretan sartu ziren Teo, Log eta bere lagunak.

Jainkoaren eraginak, alde batetik eta Big-bang-arenak, bestetik edo biek batean, zerbait ikaragarri bat daukate haiengan, noizpait gertatu izan omen direla eta horrek derakuts, hasiera bat badenean bukaera bat izan daitekeela. Gure ezagutza murritzean den gizonaren biziaren arabera, “Bizil”-ean sarturik gaude, iputsetik erraldoiera doan “Bizil” banaezin eta ikaragarrian. Eta munduak hasierarik ez balu, bereziki, hasiera, denborari loturik dagoen konzeptu bat delako? Denbora hutsa, hau da zeroa, ez da esistitzen, bederen oraingoz! Agian kosmosean? Gizakiek gizakien ikermoduak dituzte, haien konzeptuetan oinarrituak eta zaila izango liteke, bere muinetatik kanpoko beste ezezagun litzatekeen neurmodurik erabiltzea, gizakien menpetasunetik kanpo litekeena, kosmosean dabilen denbora zehazki aztertzeko eta neurtzeko. Hasieratik ez balitz, beraz nola esisti liteke Jainkoa, kreazio hastapenean jadanik ez balego eta lehen burbuila sortzeko hantxe ez balego ere?

Batzuek “Betiereko inflazioa” defenditzen dute, hainbeste unibertsoetatik unibertso ugari sortzen ikusten dutelako, baina berriz ere, lehen-lehengo burbuila nola sortu ote? Jainkoak? Egiari zor eta Darwinek esandakoa errepikatuz, errazena da misterioan igerikan ari diren erantzun gabeko galderei Jainkoa lotzea, horrek, behintzat, ukazioaren teoriaz urruntzeko meritoa du. Eta hala balitz nork kreatu ote Jainkoa? Berak? Unibertsoa kreatu baino lehen? Zertan ari zen ote zen balizko jainkoa mundua kreatu baino lehen? Erantzunik gabeko galdera horiek jainkogabetasunaren aldeko gogoetarantz bagaramatza, zertarako hainbeste denbora galtzea? Ez al da hobe jakingabetasunean murgilduta betiko egotea?

Debaldetako lanak ez dira aise onartzen, batez ere, hainbeste denboraz bizirik izan direnak. Ez dut teologoa izan nahi! Batez ere, ene baitan diren aitorgabeko xede izkutuen menpe egonen nintzatekeelako eta ez nuke nahi! Bereziki, zientziaren aintzinamenduak, behin edo beste, ukaziora eremango nautelako eta azken finean, hau ere ez nuke nahi! Beraz hobe dut idaztea eta asmabidean nahi dudana esatea. Ez dut Georges Lemaitre izan nahi, are guttiago Pio II Aita Saindua, azken honek galdegin zionean ea Big-Bangak Jainkoaren izatearen froga ematen zuenez? Big- Bang hitzaren asmatzailea zen Lemaitre fededunak ezetz erantzun zionean, harriturik gelditu zen eta geroztik, eztanda dibinoaren aldekoa bihurtu zen aita saindua. Geroztik Big-Bangaren egia onartu beharrez, Jainkoaren sinesmenari lotu egin zion, eztanda dibinoa bihurturik.

Berriki, kosmosean dilindan zegoen meteoro baten gainera bidali duten Planck sateliteak Big-banga baino lehenago zerbait bazegoela baieztatu egin du, ezezagun hori zer den jakin gabe, oraingoz bederen. Kreazioa baino lehenagoko bizia ote? Darwin ere horretaz harrituko litzateke, hainbat galdera, hainbat misterioz egina delako zientziaren ate zabaltzea, bere gaineko jira osoa emateko gai izan balitz bezala, sekulan ate ixtekorik izan gabe. Ez itxirik ezta ere zabalik, zabala itxiaren araberazkoa baita eta alderantziz.

Jainkoaren kreazioaren aurka joateagatik ere, hau da, materialismoaren jarraitzailea izateagatik, Darwinek bidelagun ainitz izan zituen, izan ditu ere, marxismoan eroriak gehienak. Eta, bera nahi gabeko erlijioaren aurkako bandera bilakatu zen, ezkertiarra, eskuin fededun madarikatuen kontrakoa. Naturalismoa ezkertiartzat harturik, eboluzionismoak eta Darwinismoak bere bide politikoa egin zuten, egin dute, egiten ari dira, kreazionismoak bere baitan konformismoa, erreakzioanismoa eta eskuinismoa ekarri dituztelako, dakartzatelako eta ekarriko dituztelako. Ez zuen nahi izan Darwinek bere teoria ateismoaren ama bilakatzea, fedegaitzaren aita eta dogmaren aitona-amona ere ez. Nahiz eta bere aroan, sinesdunek jadanik altxatu bere aurka, sortu zuen aurkaritzaren kolpearen indarra bere gogotik kanpo atera egin zen, betiko.

Nork esan behar zion Richardi, alderantzizko bidean noizpait sartuko zutela ere, horretarako sortua izan behar baita edo idurien munduan ibiltzeko nahiko arrakasta hartu ere.
Adan eta Ebaren irudi patua egiazkoa zen, ukoezina, denek ezagutzen baitzuten, behin edo beste entzuteagatik behintzat, lehen gizon emazteak zirela. Kateximan ikasitako pertsonai garrantzitsuak izateagatik, gehiengo batek ezagutzen zituen, nahiz eta inor gutti ez ohartu irudi bat baizik ez zirela. Hori nihori ez baitzioten adierazi eta erakutsi eta kontatu zien Edeneko ixtoria, benetazkoa bezala egin zieten, ziguten. Bere eztabaida aurkari guztiekin batera, teologia aurrera joatean, hastapeneko ipuinaren literaltasuna baztertu behar izan zuen, ahal bezain gordeki bederen, mendeetan zehar irakatsitakoa ez delako bat- batean deuseztatzen eta irakaspen modu pedagogikoak aintzinatu arren, hain luzaz erakutsitakoarekin ezin delako tipustapan hausten.

Richarden pedagogia munduan zehar ezagutua izanik, zuzena zen alderantzizko bidaian parte hartzea eta denen gainetik egotea, gainera, azken finean, ximinoa izan baitzelako gizakiaren egiazko aita, eta gaurko iker heinean, hori ukaezina zen. Erek, Habil eta Sap-en parte hartzea, kronologiaren araberakoa zen, ximinoaren eta Adan berriaren arteko beharrezko mailak baitziren. Horra beraz gure taldearen oinarria, osoa, elkarrekin aroz aro ibiltzen alderantziz hasi zena, aurrera edo atzera zetorrena eta denen esperientzien ondotik, argi iturri bitxiaren bila zebilena.

 

 

 

 

 

Argia

 

 

 

Egiari zor, eginiko deskubrimenduak denak balditu zituen, hura argiaren neurgailu tinkoa zelako, lurraren argia egokitzen zuena. Horri esker eguzkia lurretik beti distantzia berean zegokeen eta argigailu horri esker, mugitzen zen aldiro bien arteko tarte berdin- berdina atxikitzen zuen, behin eta berriro. Dena zehazki neurtu zezakeen argi emailearen bidarte lurtiar hori nork ezarri ote zuen hor zen galdera? Misteriozko argi kutxak interpretazio dibinoak baztertzen zituela zirudien, nahiz eta batzuek konpromezutan aritzea ohikoa zeukaten eta hura Jainkoak ere hortxe ezarri zuela esan zezaketen. Oraingoz bederen hala ez zen eta Adanek eta Ebak ez zutela han hori ezarri esan zieten ezta ere beste inork haiek biziriko Edengo egonaldian, Jainkoak halakorik egin ote zuenez ez baitzuten ezer jakin bederen. Orai, nehork ez zuen dibinkerietan erortzeko nahirik. Ximinoek aldiz zerbait bazekitela nabari zen bainan abereek ez zuten, inolaz ere, halako zientza aintzinamendurik izaten ahal, ezta ere lantzen ahal, nahiz eta gizakien gurasoak izan. Erek eta Habil, arraskagailuak eta harrizko nabalak egiteko gai izan ziren bainan inondik ere munduko argiaren neurgailu orokorra asmatzeko gai. Galdera guziak airean zebiltzaten. Eta horrek esan nahi izan balu planeta guziek haien baitan argi kutxa izkutatu bat baluketela, haien argia neurtzeko eta iduzkitik leku aproposean egoteko? Eta behin edo, zientziak halako zerbait aurkitzen balu....?

Maiz erakutsi zuen bezala eta esperientzia oinarri, Richardek gizadiaren bizi osoa ikusteko gai zela askotan erakutsi zuen, goitik behera, eta argi kutxa horren balizko dinbintasunak gogoeta ainitz bururat ekartzen zizkion. Lehen lehenik, inork ez zuela argi iturri hori dinbintasunez hartu behar segur zegoen, bazekielako zer gerta zitekeen erlijioak tartean sartu ezkero. Jainkotasuna ez zuela inoiz ez jainkoak sortu bazekien ere, gizakien garun mamiek baizik eta ispiritualtasun beharrak horretara ereman ohi zituela ere hala nola Biblia asmatu. Eguzkiarekin gauza berdina gerta zitekeela bazekien eta argizagia jainko dirdiratsu paganoa izan arren, naturarekin loturik zegoen eta ukatzerik ez zeukan, denen begi bistan zegoelako eta ohiko Jainko izkututaren egoteko griña antzekorik ez zeukalako. Agian gauez, bainan hori ez zen izkutatzea, pausatzea baino, sekulan ez gizadiaren esperantza eta fideltasuna galdu gabe. Ekiaren solstizioa goraipatu zuten populu guziak Richardek zituen gogoan, nola irainduak, gudukatuak eta laidotuak izan ziren ere. Inka indioek sortu izan zuten sinismen garrantzisuena, Inti, egunero bere itzulia zeruan zegiena arratsean itsasoan murgildu arte, goizalban berriro argitzeko, adibidez ; baita ere aro luzez, beste herri ugarik adoratuko zuten iduzkia, lurraren bilketei ala suaren sinbolikari lotua izan zena. Argi neurgailu horrek eraso guziez babestu nahi zuen eta isilik egotea irtenbide hoberena erabaki zuen.

Beste hainbeste populuren sinesmenak gogoratu zituen, nola batzuk, errespetatuak izan arren, ttipituak izan ziren, erabat desagertu arte, hala nola Ra, egipziarren Jainkoa, Dyaus Pithar, indo-ariaretarrena edo grekoek zuten Zeus handia, baita ere inka indioen Intiren emaztea Pachamama, lurraren jainkosa eta elkarrekin izan zituzten lau haurrak, ekiarekin hain lotuak zeudenak.
Richardek bazekien inkek eguzkiaren baitan zeukaten jatorrian sakonki sinesten zutela eta argi zen kaxa horrek ahalmen berdina adieraz zezakeela. Hobe zen beraz, indioak, sinesmen horren izenean nola suntsituak izan ziren ikusiz, dena isilik atxikitzea. Nola gogoan ez izan ere Accla-cunak, Inkek zeukazkiten eguzkiaren birjinak, Wakakue eta ortzadarren ibiltariak, eguzkiaren izpiez indartzen zirenak. Eba eta Maria ama birjina hantxe zituen ere, garunen arteko zokotxo batean izkuturik, Jainkoaren izenean iduzkiaren sinesleen aurka eginiko sarraskiak erdi lotsaturik.

Richardek bere gogoetetan jarraitzen zuen Sap bere ondora etorri zitzaionean. Bera ere halako bitxikerietan trebe baitzen, beno, trebe egin zuten, eta eguzkia Jainkoa izatea zentzuzkoa zela luzatu egin zion, argiaren sortzailea zelako, biziarekin lotua eta lurra eta urarekin batean biziaren jatorri izana. Nahiz eta gazteegi izan astronomiaren garaipenak gogoan izateko, interes handia zeukan Richarden arlo horren ezagutzaz, honek, denak menperatzen baitzituen eta Sapek horri buruz jakintsu bakarra Richard zela onartzen zuen, alderantziko bidai osoa jadanik atzetik aurrera egin zuelako.

Oroitzen zen bai britanikoa, aroan zehar, ikusi izan zituen itsasaldi handiarenak, denek patuan idatzita zeudela uste izanak eta, zehazki, astronomiak adierazten ahal zituenak. Oroitzen zen bai nola presio atmosferikoak goralderako itsasoko urak bere lekuan uzten zituen eta bere beheko indarrez goititzen ez uzten; gogogoratzen zen ere haizeak nola itsasaldi horien baretasuna atxikitzen zuen. Bainan horren ondoan, nola ez oroitu ere uholde izugarriak, klimatologia eta astrologia banatzen zituzten baldintza berri ikaragarriak, denek baitzuten zentzuzko adierazpen.

Sapek, berriz ere, iduzkia gizakiek Jainkotzat hartzea ez zela harrigarria esan zion eta Richardek berarekin ados egonez, baiezko osoa eman zion. Nahiz eta noiztik ongi ez jakin eta gizakiek jainkoak sortzen zituztelako, bitxi iruditzen zitzaion ximinoek argi kutxa horren berri izatea eta Erek eta Habilek ez, batzuetatik besteetara ez baitzen hainbeste denborarik iragan, denboraren iragana zer zen zehazten ausartzea baldin izan balitz behintzat. Horrek ez zion inolaz ere, halako sinesmen bati bere balioa kentzen, eguzkia, zinez, denen aita zelako. Ez bakarrik beroarena eta horrek zekarzkien ondorio guziena, ez, berak baitzekarren, urarekin batean, bizia eta lurraren egokitasuna eta emankortasuna.
Planeta guzien arabera, eguzkia izan zen gizadiaren fazinazioa eta bere bizi guzia horren inguruan antolatua izan zen, bai elikadura segurtatzen zuen lurraren uztari zegokiona, bai argi eta proprietate desberdinak zeuzkaten sasoinak eta lurrarekiko zituzten ondoriorena, baita ere haize eta izarren ahalmenarena, ilargiarena ahantzi gabe. Zeruaren ikertzeak hainbeste gauza igartzen zituen eta Sap arlo berri horretan trebe bilakatu zen, bereziki konstelazioak, eklipseak eta halakoak aztertzen.

Eguzkiaren argi indarra paregabekoak izanda, nehork ez zion begirada luzerik ematen ahal, bista galtzeko arriskuan zegoelako. Zergaitik ote? Astro nagusiaren suak indar gehiegi zuelako bakarrik? Agian ez, eta behar bada, Jainko bati zor zitzaion errespetuarengatik eguzkiari begietara zuzen begiratzeko ahalmena gizadiaren menean ez zen inoiz izan.
Sapek halako sinesmenak bazitzaguen, berezko argi gogorrak holakoetara oztopatzen zuenez aparte, iduzkiak, berak, zuelako indar hori neurtu, hala uste baitzuen bederen. Jainkoarekiko behar den gurpena atxikitzeko sortu ez ote zen? Nork zekien... Eguzki berak ez ote zuen oztopo hori asmatu gizadiaren gurpena betiko lortzeko? Agian...Eklipseak halako mezuaren igarleak ez ote ziren, behin edo beste iduzkia estaltzen zuen ilargiak argiarekiko gizadiaren adorazioneak pausa une bat har zezan? Hainbeste galdera, hainbeste misterio. Bainan hori dibinkerietan erortzea zen eta edozein fedegabe baten mespretxuak zozokeritzat hartzen izan ahal luke. Balizko laidoak bi zentzu bazitzakeela ageri zen, batto, betikoa, fededunek fedegabeenganik jaso zezaketena, bestea alderantzizkoa, fedegabeek jasoa, bainan hori lehenek ez zuten onartzen, dibintasunak jasotakoa baizik ez baitzen. Halere biziak beste zerbait zerakutsan eta kondairak argi azaltzen zuen tratamendu bortitzak alde batekoak soilik izan zirela, beste sinesmenak basak eta suntsigarriak kontsideratzeagatik, batez ere, izadiari lotuak. Hori ez al zen erlijioaren funtsa? Besteei bai, bat bederari ez! Agian gehienetan bai, bainan Sapek gogoan zituen zelta populuen ohiturak eta inposaketa ez zela beti derrigorrezkoa bazekien ere. Naturarekin loturiko horien sinesmenak bertako jeinu basekin bat egitea zeukaten usantza, sekulan bortxaz sartu gabe eta batuketa horretan trebe ziren. Hobe izan lukete beste fededun guziak zelten bidea jarraitzea eta errespetu guziz bertako ohiturak hartzea. Hobe izan lukete kristauek eguzkizaleak errespetuz onartzea eta Jesukristo argizagi dibinoari lotzea, suntsikerietan aritu baino. Hobe izan zuten zelten bidea segitzea emeki- emeki eta baretasun osoz bere sinesmena betiko sartzeko, bainan bazuten non ikasi eta ikusi eta lehen genozidioa sortu zuen uholdelariaren urratsak non segitu...

Richardek eta Sapek zodiakoaren gurutzearen konzeptua gogoan zeukaten ere, behar bada gizadiaren kondairan egon zitekeen sinesmen zaharrena, irudi baten gisako eguzkiaren iragaitea ordezkatzen zuena, hamabi konstelazio ezagun eta garrantzitsuenetakotan zehar. Urtea, sasoinak, solstizioak eta hamabiko egunak ordezkatzen zituztenak ere eta horrekin batean mistifikazioak agertu ere, mitoak pertsonifikatuz eta jainkoak sortaraziz.
 
Richardek aspalditik hori guzia bazekien eta adi- adi zegoen Sapi kontatu zion nola Budistek, Surianamascar Yogaren mezuaren bitartez, eguzkia sakonki agurtzen zuten, benerazioraino iritsi arte edo nola Wakakure indioak eguzkiaren seme- alabak zirela benetan uste zuten eta haien aita bezala nahi zutela izan, dirdiratsu, argitsu, garden eta indartsu. Aitari begira bere jakitatez eta energiaz nola betetzen omen ziren, agian alderantzizko bidai honetan zebiltzaten bidailari guzien antzera, betiereko biziaren iturri. Ikus, arnas, iku eta senti zezaketen ingurumen guzia, iduzki harle bihurtzen zen, denak, hangoak, horkoak eta hemengoak, eguzkia jainkoen Jainkoa zelako, denak baino lehen sortu izan zena, nahiz eta batzuek uste haien jainkoak sortu izan zuela.

Adan eta Eba, kukamikuka ari ziren, ea elkarrizketa horretaz zerbait hartzen ote zuten eta egipziarrek buruaren tontorrean zeukaten Ra eguzkiaren sinboloaren gainean suge bat bazeukatela entzun zutenean, Eba bere senarraren atzean pixka bat gordetu egin zen, ongi oroitzen zelako narrasti haren eragina eta izan zezakeen indarra. Eguzkiaren zimistasun sinbolotzat omen zutela aditu izan zuenean beldur ikaragarria sortu zitzaion. Wakakure ezezagun sinesle haiek eguzkiaren seme- alabak zireneko ixtorio horrek, fedekuntza guziak aita semeen ixtoriak zirela gogoarazi zien. Hiru erregeek ekialdean zegoen Sirius izarra jarraitu zutela Jainkoaren semea aurkitzeko, hau da, eguzkiaren irteeran diridiretan zegoen izarrak dei egin zienean, bainan hori bazekiten, baita ere abenduaren hogoita bostetik aintzinera iduzkia berriz bizirat zetorrela, egunak luzatzen hasten zirelako eta heriotzak biziari bere lekua uzten ziolako. Ebak beretzat atxiki izan zuen ere Jesusen berpiztea bazkoz gerta izan balitz argi berria sortzeko tenorea iritsi zelako izan zitekeela, argiak ilunari gaina hartzen ziolako udaberrian eta, izadiaren pare, bizia berpizten zelako. Bainan hori nehork ez zekien, ez eta jakin nahi ere.

Galdera misteriotsuen lanbroetan segitu zuten haien bidea, norantz joan jakin gabe. Berriro argi iturria ikusi izan nahi zuten, ea zerbait igarri egin zezaketen. Mendiko malda igo zutenean, zerbait aldatu egin zela berehala nabaritu zuten, egunaren argia lehen baino argiago zelako, begietan min egiten zuen argi txuri horietakoa, eguerditan itsas bazterrean soilik aurki zitekeena. Gora iritsi zen lehena Sap izan zen eta oihuka eta keinuka deika hasi zitzaien, berriz ere ikus zezaten argi haren forma desagertu zela. Denek gora egin zuten eta hantxe ageri izan zitzaiena berriro ikusgarria izan zuten, lehenbiziko ximino haren ordez, gizakiaren iduria zagerielako, beti, aintzira batean isladatzen den antzeko irudia, argiz egina, bainan bere aintzinean zegoen idurikoa bihurtzen zena, miraila baten parekoa, ispilu baten dirdira ematen zuena. Eta orai, Erek zegoen aurrean, Sapen isladari lekua harturik. Richardek hura argiaren kontrolagailu bat baizik ez zela baieztatu zien, uraren pareko argiz egina, dirdira baizik erakusten ez zuena. Ximinoak debaldetako harrokerietan erortzea, bale, abere batzuk baizik ez baitziren, adimendu zorrotzik gabekoak, bainan gizaki ziren denak? Halere Sap esplikatzen hasi zitzaien, hark bere arrazoina bazuela ere eta ximino hark, bere iduria ikustean, gizakiaren jatorriaren froga atxeman izan balu bezala poztu egin zela. Hori, azkenean, espezien iturriaren teoria adierazteko bide inkonziente bat zuen, bere sakon- sakonetik etorria. Ereken erreakzioa tankera berekoa zela esan zien, berdin, berdin, lehenik ximinoaren irudia agertu zenean, bere esistentzia berari baiezkoa emaiten ziolako, bere iturriaren baiezko tinkoa. Gero, desagertu zelarik eta ondoko gizakia agertu izan zenean gizatasunaren sortzaile lanetan aritzeagatik esker bero bat ematen ziotela argi zegoen. Hala uste izan zuen berak behintzat. Halere, gauza bat ziur zegoen eta Sapek horretaz insistitu nahi izan zuen, argia argia zela eta izaite bizi bat aintzinean ezartzen zitzaionean bere indarra galtzen zuela, argiaren ordez, bizidunen itzalan eta izpilu bilakatuz. Aurrean ezartzen zitzaion arabera, islada aldatzen zen eta horrekin batean balizko gizakien iturria. Zein laster adierazpen batetik bestera iragan ote ziren harritzekoa zen, jendearen jatorriak halako zentzugabekerietan erortzeko mereximendurik izan balu bezala. Argiaren estalki bezala agertzen zena, erlijioaren pareko sinesmena zen, argiaren sortzaile gisakoak argiari traba egiten balio bezala, sortzearen iturriaren interpretazioa, bortxaz, gizakiak egina, argia argi izatea, berez, nahikoa ez balitz antzera. Bizidun islada horrek, interpretaziorako bidea irekitzen zuen, argiaren funtsa bazterturik edo bere indarrari giza iturri bat eman nahirik. Horretan munduan zehar, gizakiak izango zuen kontrol-gosea argi eta garbi zagerren eta dirdira batetik bestera izan zitekeen irakurketa biziki desberdina izaten ahal zela ageri zen ere, again sinesmenaren araberakoa, eta harritzekoa zen ikustea, argiaren errealitatea nola desberdintzen ahal zen, interpretazioaren arabera, errua egi bihurturik eta itxura funtsa bilakaturik. Sap-ek bazekien, ustegabean, erlixioen iturria hortxet sortu zela, argia menperatu nahiez eta esanahi bat eman nahiez.

Sap-ek odol beroz hura guzia adierazten ari zitzien eta ximinoak ezik, denek adierazpenak jakin-gosez jarraitu zituzten, han esandakoak arras garrantzitsuak zirela susmatuz. Sap isildu zenean, denek gauza berezia gertatu zela sentitu zuten, aroz kanpokoa, hura ez baitzen teologietan erortzeko unea, ezta ere gizakiak dena menperatzeko gogoa azaltzeko mementoa, goizegi zen , harek gizakia noraino ereman zezakeen erakusten zuelako eta hura ahaztea hobe zitzaien, itzala argiaren moldatzailea bihurtzen ahal zelako eta berez, argia argia zen eta besterik ez.

Adan eta Ebak irudiaren ixtorio hauxe jadanik bizi izan zutela gogartu izan zuten, Paradisuko betiereko argiz jantzirik, Jainkoaren aginduak entzun zituztenean, islada dibinoan sartuak, bainan orai, hor zeuden, alderantziko bidaiak irudi bat baizik ez zutela bizi erakutsitakoa onarturik. Haien adina zalantzan emanik, argiaren osatzaile zen kutxa hura begi onez ikusten zuten, agian Jainko baten funtsa bere baitan zeukalako, behar bada haien Jainkoarena. Lehen-lehenik, Jainkoaren gorputza inoiz ez zutelako ikusi, argi bat baizik izan zitekeela behin baino gehiago pentsatu zutelako eta orai, aroz aro ibilitako bidai luze honen bukaeran argi dibino bat ikustea harrigarri bezain pozgarri zeukaten. Haien ohiko sinestea osorik ezin ukaturik, Jainkoak haiekin bidaia egin zuela besteei esan zien, beti bezala, izkuturik, eta ibilaldiaren amaieratik hurbil, nolazpait, agertzen zitzaiela, bere izaitearen lekuko. Nahiz eta hameka bidai egin eta mila aldiz harritu, gezur guzien gainetik sekulan ez zutela haien sinesmena galdu ageri zen, inoiz ez zelako galtzen omen. Hortxe zeuden beraz, liluraturik, besteek zuten ikuspegitik nahiko urrun, otoitzetan hasteko gertu.

Horra, beraz nondik hartuko zuten eliztiar agintariek etorkizunean izango ziren haien ohiko jokamoldea, beti, egoera berriei egokitzea, batez ere zientziak igarriko zituen deskubrimenduen aurrean ideia tinkoz eginiko laketasunez egokitzea.
Bikotearen ustez, eta hauxe agertu aintzin, bidaia aberasgarria izan zen eta argi zen aspalditik fedea galtzeko abian sarturik egon zirela, bereziki, hainbeste sinesmenaren aurkako nabarmentasun bidean aurkituz. Bistan zegoen, aintzineko behin batean, hantxe argia norbaitek ezarri zuela, agian, giza oso aintzinatu batek, dibintasunarekin zerikusirik zeukan jeinu arraro batek ala eguzki berak. Zalantza hori aitzaki, erdi galdurik zeukaten Jainkoaren ahalmen dibinoa berriro agertu zitzaien eta, azken finean, fedea ez zelako sekulan galtzen edo muturreko kasuetan, duda tinkoa bilakatzen baizik, azalduriko egoerara egokitzea erabakiz, konformismoaren etxean berriz ere sartu ziren. Hori da, beraz, ohiko bikotea alderantzizko bidean egiten ari zena, elizak eboluzionismoa eta kreazionismoa geroan elkartuko zituen antzera.

Gogoeta tinkoetako Richardek, aldiz, hura Jainkoa ez zela bazekien, argitik jalgiriko argia baizik, eboluzioak lurrerat ekarritako argi mota desberdina, argigai zitekeen argi lurtiarra. Berak ez zuen inoiz ere zalantzarik, batez ere, bere ikerketak egin ondoren eta nahiz eta bere teoriaren onarpen unibertsalez ez ohartu, oraindik, sorkuntza dibinoari estalia kendu ziola konturatzen zen, hura betiko biluzaraziz.

Sap hortxe zegoen, Adan eta Ebari begira eta Richardi bururatu zitzaion gogoeta adierazteko gisan, hurbildu zitzaion, belarrira solas berri batzuk xuxurlatuz. -” Gauza bat bururatu zait Richard, Adan eta Eba ez al dira konturatzen lurra eguzkiaren inguruan itzulika ari dela? Nik ezetz uste dut, ikus bestela. Haien jainkoak mundua sortu omen zuenean hauxe esan zuela kontatu ziguten: ”- Izan bedi argia! Eta ilunbeetatik berexi izan zuen, kreazioaren lehen eguna halaxe burutuz. Eta laster Adan laguna sortu omen zuen.- “ bainan esan iezadazu Richard, non zeuden kokatuak Adan eta Eba? Lurreko zein aldetan?

  • Zer esan nahi duzu Sap- Sap- luzatu zion Richardek- ez dut ulertzen.” Bitxi zen Darwinek zerbait ez ulertzea bainan Sapek aintzinera segitu zuen: -” Bai , begira, aurkitu dugun argi kutxa errezeptore bat edo neurgailu bat baldin bada, argi eta garbi dago, gure lur planeta honetan halako bi beharko liratekeela, batto hemen eguzkiak argia ematen dion unean, beste bat beste aldean, gure gauean argia jasotzen duten beste alderdiko eremuetan. Pentsa, bestela lurraren erdia beti ilunpeetan egongo litzatekeela, ezta? Eta jainko horrek zer alderdiko argia sortu ote zuen, ez baitzekien lurra eguzkiaren inguruan itzulika ari zela, hala derakuste bederen idatzitako lerro dibinoek. Bitxia kreadore batentzat ezta? Zuk uste duzu bikote xelebre honek horixe badakiela, han, lur borobil honen beste aldera eguzkia ez dela iristen eta haiek argia dutenean guri ez zaigula ailegatzen? Zer behar dute jakin hori! Zerbait kreatzekotan, Jainko kreatzaile batek argi osoa kreatuko luke ezta, eta ez erdia? Nik ere ez nekien- jarraitu zuen Sapek- eta emeki- emeki jaso dudan jakintzak horixe erakutsi dit. Copernico, Galileo eta lehen greko igarleak horientzat arrotzak direla diot nik eta haien Jainkoa biziki geozentrista zela nioke, lurra denen zentroa zela ustez. Egia hala izan balitz kreadore horretaz sinistuko nuke nik ere bainan heliozentrismoak frogatu du planeta guziak eguzkiaren inguruan dabiltzatela, bera bakarrik izanez mugitzen ez den bakarra, beraz, denen ardatza. Kreadore bat izan balitz eguzkiarena izango litzateke, bere inguruko bizi garrantzitsua adieraziko zuena eta ez lurrarena, hau baita sistema planetarioarik garrantzitsuena, ezta? ” Sapen adina jakinda, Richard harriturik zegoen ea nondik bazekizkien hainbeste, nahiz eta jakin ere eboluzioz eboluzio, denen artean gizon modernoarena bera zela, beste hainbeste Sap- Sap sortuko zituenak, haien artean Galileo eta Copernico. Arrazoin zeukan, Adan eta Ebak horretaz deus ez zekiten eta haien ikuspegi murritzek bereak baizik onartzera ez zituzten erematen. Halere bi argi neurgailuenak airean hortxe zerraien eta nolazpait hori ere frogatu beharko zutela esan zion azken- azkenik.
    Richard erabat hunkituta zegoen, Sapek esandakoa egi hutsa zela oharturik eta eguzkiaren aldeko sinesmena zutenek bide zuzenetik zihoazela iduritzen zitzaion. Bi aterabide ikusten zituen, batto, bere gisako eritziarena, sinesmenetik ihes egitea eta fedegabe materialista hutsa bihurtzea eta bigarrena, ekiaren dibintasunean erortzea eta errealitatearekin bat egitea. Noizpait berriro fededun bilaka baledi, eguzkia Jainkotzat hartuko zuela zin egin zuen, hortxe, denen aintzinean eta une zehatz horretan. Halere fede berriak beti zerbait iroigarri izango zuela segur zegoen, jainko guziak bezala, eguzkiak ere bere akatsak zitzakeelako, adibidez, lurraldeak gogor jotzea eta herriak idorkerirat kondenatzea edo ezusteko suteak sortzea eta jendea bizirik erretzea. Hala ere, beste jainkoek eginiko desmasiekin ezer ikustekorik ez zeukala bazekien ere, ez genozidioekin ezta ere mendeku basekin, are guttiago haien izenean egindako erailketekin. Garbi zen iduzkiak bere erruak izan arren, bere segitzaileek sekulan ez zutela sarraski suntsitzailerik antolatu eta hori aski zen honen sineskide izateko. Bazekien ere erlijioek goraipatzen duten maitasunez eta anaitasunez urrun ez zela gelditzen ekia, lurra eta gizakiak ainitz maitatu behar zituela, bizia emaiteko, bizirik irauteko eta bizi gogoa jendeen artean transmititzeko. Ekiaren izpien moduan, Jesusek besoak zabalik zioenean: “ Maite nauzue nik maite zaituztedan bezala”, eguzkia funtsezko esan dibino horretatik hurbil zegoela ere, hitzik gabeko argiz baitzioen biziaren maitasunaren pizle zela, bero gozoaren emaile, gizakia eta bere lurrama amodio eta fereka estale. Gizari ez zitzaion zaila Inko begi xamurrez begiratzea, nahita ez, berarekin bat egiten baitzuen, beti. Amodio horren truke gizakiena lortzea erraza zela garbi zegoen, berez, aitamak maite ohi diren bezala, mistifikazioetan erori gabe, behingoz bederen, argia eta ura maitatzea berezkoa baitzen eta argizagi honengan sinestu izan zutenek bihotzez zegiten eta, zinez, ez zuten sekulan merexi izan, gorderik zegoen jainkoaren izenean, jasoturiko ez mehatxurik, ez mendekurik ezta ere sarraskirik. Zer egin zuten gaixoek, eguzkia maitatu baino? Hobe Jainkoz aldatzea? Zeren truke? Horixe galdetzen zion bere buruari Richardek, mundua lekuko. Sap eta Richardek bat egiten zuten eta maiz azpi hitzak gurutzatzen zituzten, ez kuxkuxero batzuk zirelako, biek soilik uler zitzaketen gogoetak zirelako baizik. Richardek Jainkoaren desmasiak beti gogoan zituen, leitmotiv baten pareko, eta Sapi genozidioaz mintzatzen hasi zitzaion, Noeren aroko uholde erailketariaren egilea noiz epaitua izanen ote zen? Noiz itopen hura gizadiaren aurkako erailketa masibotzat hartuko ote zuten eta diktadore ohien aurkako pertsekuzioaren pareko epaiketetan hasi? Bainan zaila zen Jainkoa epaitzea ezta? Hitlerrek juduen kontra eginiko sarraskiaren negazionismoa onargaitza den bezala, honen segitzaileak epaitzen ahal zirela zioen, tratamendu berdina merexi zutela gizeraile guziak, nahiz eta jainkoak izan, gizadi gehiena urperatzea ez baitzen txantxetako gizerasoa... Halako pentsamenduak soberaino ez ote ziren iristen galdetu zion Sapek, garbi omen zegoen hori guzia irudi bat baizik ez zela...Richardek ez zekien zer esan, bere eritzi hori Sapi astokeri bat iduritzen zitzaiola bistan zegoelako, bainan legezkoa ez ote zitekeen halako sarraskiaren aldekoak, hau da Bibliaren idazleak, itzultzaileak eta segitzaileak, irudi horren aldeko kideak izateagatik, betiko kondenatzea eta gizadiaren aurkako hilketa baten aldekoak bezala behingoan epaitzea? Sapek halaxe erantzun zion: “ Horiek guziak entzunez laguna, zure eboluzionismoaren teori ezaguna zientifikoa soilik ez dela iduritzen zait, kreazioaren eta erantsita daukan genozidioaren jarraitzaileen aurkakoa baizik, funtsean mendeku bat ere, ez al da hala? Ez ote duzu mendekua mendekuarekin gudukatzen? Galdera guzi horiek airean gelditu izan ziren bitartean denbora atzera zihoan...

Bidaiaren bukaera hurbil zegoela denen aurpegian sumatzen zen, baita ere haien gogoetan, nekearengatik, partaideen solasak lekutik kanpo izatera ailegatzen zirelako eta bidaiaren luzaera infinitoa gogoak nardatzera iristen zelako. Bainan munduaren hasiera pil- pilean zegoen. Denbora gutti gelditzen zenaren sentimenduak denak urduri ezartzen zituen, Richard izan ezik, esandako guziak bare- bare pentsatuak zituelako, besteek halaxe ez uste izan arren. Han zeuden guztiek haien papera bete zutela bazekiten, batzuk aroz aro ibiliz, besteak aro zehatz batean oinarria izanik edo besteak irudietako pertsonai batzuk betiko agerturik. Denak, haien sor unea kokatu zutelako pozik zeuden et Richard, giza-jainko baten pare, denen gainetik zirudien, bere betaurrekoen atzetik begirada maltzurrak botatzen. Adan eta Ebari britanikoaren portaera jasangaitza egiten zitzaien eta bere trufa aire horretaz asperturik zeuden. Haien izate dibinoa betiko nausaturik izateko abitik, azken argiak salbatu zituela zirudien, Jainkoa, nolazpait, berriz agertu omen zitzaielako eta abiadura haren hastetik sekulan abandonatu ez zituela orai etsiturik zeudelako, nahiz eta hainbeste aldiz denen ustez ukatuak izan. Halere, Eba ez zen Adanen pareko uste osokoa eta biziki eszeptiko zarraien. Sap eta Richarden aurpegietan lehen gizon ipuinduaren aldeko mespretxua garbi ageri zen, nahiz eta aurkako froga guziak agerian egon, tema bat buruan bazuelako, eta gehienetan halako kasuetan bezala, betiko tematzen zenak sekulan ihesbiderik ez zuen aurkitzen. Hala zen eta kitto! Eta horretan ari zen Adan, gizonen jokamolde ohia ongi erakutsirik. Nondik atera ote zuen berak argi hori jainkoarena izan zitekeenik, kaskogogorkeria barneratu batengatik baizik? Benetan, zozo xamartzat hartzen zuten, kasketa sakon baten adierazle tristetzat. Ebak ez zekien zer esan, halere, bere baitan, solidaritateko sentimendu sakona zizelkatuta baitzegoen eta salagarri zagerren isiltasunean murgiltzea erabaki zuen. Adan maite baitzuen.
Hori ikusiz, Richardek eta bere lagunek, berriz ere, denen agerian zin egin zuten, behin edo, zientziak Jainko jaunaren existentziaren ukapena zehazki frogatuko balu, eguzkizaleak bihurtuko zirela, dibinkeririk gabeko ekikide amorratuak.

Bitartean, landareen eta loreen usainak irudizko Edenaren pareko zorionean zebiltzaten, klorofilaren lurrinez beteta. Ebak, izpiritua argi, ongi zekuskeen, paradisu antzeko une berri honetan ez zela ez mehatxurik ezta ere mendekurik izango, Jainkoa argi bat baizik ez zelako. Sap, bere laguna errealitatera berriz ekartzeko lanetan zegoen, izan omen zen munduko lehen andrea balizko etorkizuna erakutsiz, hau da, bizi horretan amalur biziaren ama izango zela eta argia, betiko denen aita. Adierazpen hura batere erraza ez zen arren Ebak ongi ulertu egin zuen.
Ur zotil batzuk entzun ziren lurraren sabelean eta bizia barne hartatik zetorrela ikusiz denak baretu egin zituen.IZZZZZZZZZZZZZ.

 

 

 

 

 

 

 

Itzultzaileak eta Elohim

 

Bibliaren itzulpenaren aurkezpenaren Harpe izeneko areto hartarat bakea itzuli egin zen eta itzultzaileak azken adierazpenetan ari ziren, nork idatzi zuen hebraiezko itun zaharraren testu sakratua berriro adieraziz. Batzuek Moisesek gauzatu zuela zioten, besteek aldiz, idazle ainitz izan zirela eta emeki- emeki, mendez mende, testu berriak erantsiak izan zirela, bai Josueren eskutik, baita ere Jeremiaserenetik, Israelgo herria salbaturik egon zedin. Testoek zioten aldiro, juduen populua Jainkoarenganik urruntzen zenean etsaiek gaina hartzen ziotela eta berriro Jainkorengana itzultzen zenean, honen laguntza lortzen zuela eta garaitzen, profetek ixtorio horiek idatzi zitzaten. Samuelek eta Isaiasek hainbat testu izkiriatu zuten, Ezekielek eta Osasek beste hainbat, baita ere Joelek, Amosek, Jonasek, Mikeasek eta Nahumek.
Mundu eta gizakiaren hasiera- hasieratik, Biblia Kristorengana abiatu egin zen, Israelgo herri hautatuaren gorabeherak kontatuz, eta haiekin batean, Jainkoaren semearen bizia goraipatzen zuten itun berriaren abentura guziak aipatuz. Lehen partean misterio ugari agertzen bazen, bigarrena ez zen atzean geldituko. Aise berantago idatziriko bigarren parte horretan, beraz, lehenik, Jesusen aitatasunaren misterioa zagerren, bitxi, ea Jainkoa ala Jose zen haurrarren aita. Berehala amaren haurdunaldiarena agertu zen eta berarekin batean haurraren sortzearena, laster beste hainbeste misterio argira zetozen, hala nola, sorberria ikusteko erregeek segitu zuten izarrarena eta beranduago Jesusek eginiko mirakulu guziena, bere berpizte ikusgarriarenarekin bukatzeko. Denak, ipuin baten ixtorioaren kontakizunen antzeko gisara idatziak izan ziren, orduan zegoen erlijioaren gosea asetzeko moduan, denak biziki ulergarriak, nehork besterik ez zezakeen pentsa. Biziaren etorkizuna eta jatorria adierazteko, fedea agertu zen gako, errezago izan baitzen orduan Jainko ispirituala asmatzea, idolatriaz urrun.

Elohimdarrek esandakoa bezala, mistifikazioa izan zuten bide nagusia eta Sap- Sapek, denboraren nozioan hegaldakan, haren gorabeherak gogoan zituen eta askotan gertatzen zitzaion modura, pentsaketa sakonetan zegoen. Zientziaren etorkizunez ari zen eta bere galdera tintingarriek, ezkila baten antzeko, bere garunak tinko jotzen zituzten, ea zer gertatuko litzatekeen egiazki lurkanpotiar batzuk agertuko balira eta zientziak beste bizidunen planeta bat aurkituko balu.
Posibilitate zehatza izanez, zein izango litekeen erlijioaren jokamoldea halako zerbait gertatuko balitz bere buruari galdezka ari zitzaion. Pentsa, hiru milagarren urtean, adibidez, zientzilariek espaziorat bidalitako satelite batek beste planeta batean biziaren irudiak kaptatzen dituela eta hori ikertzeko gosez, suziri bat harantz igortzen dutela, gure antzeko lurra eta gizakiak hantxe zinez bizi direla baieztatuz, han eta beste inguruko planeta batzutan ere. Laster, elizako teologoek sinesmenari ateraldi bat aurkitu bekarko zioten eta lurkanpotiar horiek ere Jainkoak kreaturiko gizakiak izanen ote ziren hasiko ziren galdezka, baita ere planeta berriak sortze dibino bat ukan zezakeenik.
Zer esango ote zuen orduan elizak? Zalantzarik gabe baietz, Jainkoak eginiko Adan eta Eba berritik denak sortuak izan zirela, bestela, kreazioaren teoria hankaz gora joanen zitzaion.
Bestela, Adan, Eba, Noe eta Moisesen egiazko planetaren galdera airean geldituko litzateke, berkokapenean sinestea biziki zaila bihurtuko zitzaielako.
Bi hebraitar populu sortuko ote ziren ere? Agian argi iturri baten bila osaturiko alderantzizko bidai luze batean sartzea izango litzateke bide egokia, bien artekoa... Orai arte Bibliak eta beste liburu sakratuek esandakoa irudi bat baizik ez litzatekeela izanen garbi geldituko litzateke eta Jainkoaren izatea zalantzan geldituko litzateke ere bai, bainan egoera zailetara egokitzeko Jaunaren ahalmena ezaguna zen....
Zalantza bat gehiago, pentsa! Lemaitre-rekin bezala, Aita Sainduak eta bere inguruko teologoek berehala lehen harturiko bide bera hartuko luketela iduritzen zitzaion Sapi, hau da, zientziaren deskubripenak onartzea bainan haien moldera egokiturik. Eta hauxe izan liteke kasu honen egoera, nola ez onartu beste galaxia batean agerturiko bizia Jainkoak ez sortu izatea, gure munduan hedaturik dauden sinesteak hankaz gora utzi gabe? Ezinezkoa!

Sapen ideia zorrotzek beste arazo nagusiak sortzen zituzten. Pentsa hango lurkanpotiarrek erlixioak ukaitea ere, haienak, eta, agian, gu baino aintzinatuagoak izanez, haiek jakitea benetan nola egin zen mundua eta nola sortu zen gizadia. Horrek esango luke lurkanpotiar horiek heriotza ez zutela ezagutzen, berez, imortalak zirelako ala zientziaren aintzinamenduak horreraino ereman zituelako. Heriotzik gabe erlijioak ez zuen zentzurik, hori baitzuen bizi itxaropen segida eta hala ez balitz, sinesteak ez luke zentzurik. Zertan sinestea? Jatorrian sinestea? Eta heriotzik gabeko munduan sortzerik ez balego ere? Denbora bukatzeko denbora hasi behar baitzen, eta ez balitz bukatzen, hasi ote zen? Sap biziki filosofoa zen eta balizko existentzia horrek sortuko lituzkeen egoera guziak aztergai zituen.

Horren aparte, zer gertatuko litzateke, beraz, haien sinesmenen balizko egia egi bihurtzea eta hemengo lurrean ditugun guziak okertzat agerraraztea? Zer saltsa! Saltsari gatza eta piperra eranstea liteke! Egoera berri honi nola egokitu, beraz?
Bide egokienetatik batto, okertze horren aitatasuna elizek bere gain hartzea izango liteke, zalantzarik gabe. Azkeneko egia egi gerta zedin, Jainkoak nahiez asmaturiko bide okerra aitortzea izango litzateke, eta gizakien artean berekiko sinesmena kosmosatzea ere. Zer bestela?
Sapen gogoetak sakon- sakonak ziren, jainkozale baten modukoak. Zentzudunagoa zuen pentsatzea mendian aurkituriko argi neurgailu haren antzekoa lur berrian izan zitekeela ere eta eguzkiak, manera hartan, galaxia desberdinetan izan zitekeen bizia erregulatzen ahal zuela. Orduan, Jainkoa eguzkia izango liteke, gure gizakien artean beste hainbeste, jadanik, izan zuten bezala, zibilizazio indiarrak lekuko. Zoritxarrez, jainko dibinoak ohi izan zituztenak, halako sinesmen naturalen aurka altxatu izan ziren, gogoak erailez eta haien ikuspuntua inposatuz. Behin edo, zientziak halako egiak egi bilakatzen izan balitu, katoliko fededunei ezinezkoa izango litzaieke orai arte izandako sinesmenak balio gabe gelditzea, lehengo denboretan suntsitu zituztenak nolazpait nagusitzea, eta Big- Bangarekin bezala, irtenbide negoziatu batera hurbilduko lirateke, eguzkia eta planeta guziak Jainkoak sortu izan balitu bezala, gezurra zela jakin arren. Irudiz, irudi, Edenean eta lurrean biziriko bizia beste mundukoen sinesmen berezien aintzinean etsitu beharko ote litzateke? Egitan arazo latza, agian Jainkoak kontrolatua ere, esan nahi baita, Jainkoak zientziaren lorpenak murrizteko ahalmena izatea eta bere ezizatearen egia biluzirik agertzea baino, hobe zelako gauzak luzatzea, horretan eta nolazpait bere izatearen froga erakutsiz. Horra Jainkoarekiko izan zitekeen lurkanpotierrekin sinaturiko balizko ituna, bakoitxak bere akatsak gorderik, sinesmen desberdinen batasun ituna izenpetu zezaten.

Sap, halako jirabiretan burua galtzen ari zen eta hobe zuen dena ahanztea, fedegabea zelako lehenik eta gero, zientziari bere aintzinatzeko bidea libre utzi behar zitzaiolako. Berak zekien bakarra beste planeta batean beste jendea bizirik izan zitekeela, eguzkiak alde guzietara bere dirdira ematen zuelako, eta gizakiak gorantz joan baino, lurkanpotiarrak beherako lurrera etor zitezkeela, espazioan eta grabitate gabeko eremuetan gora eta behera esistitzen baldin bada, behintzat.

Behin elohimdarrekin gertaturikoa gogorat etorri zitzaion.

1973eko abenduaren hamairua zen Claude Vorhillon frantses gizonari, beste planeta batekoak agertu omen zitzaizkionean, aipaturiko elohimdarren mistifikazio horren gorabeherak adierazteko xedez.

Frantziako erdialdean dagoen Clermont-Ferranden ondoko itzaliriko sumendien artean, Claude Vorilhon kirolari ohia, korrika egitera joan zen, eta eguzkirik gabeko egun hits hartan, hango sumendi itzaliaren zuloaren erdiraino abiatzea erabaki zuen. Nahiko nekaturik, bere itzuliari etena eman behar ziola eta, lanbroan, argi gorri mugikor bat ikusi omen zuen eta helikoptero baten antzeko tresna beregana jesten ari zitzaiola ere. Helikoptero bat ez zela berehala ohartu zen, hark soinurik ez zuelako egiten eta forma apal zapaldu batean egina zegoelako. Plater hegaldari bat! Aspalditik tresna horien aldeko sinesmena bizi- bizirik zeukan arren, ezin pentsatzekoa zuen, behin, begi aurrean halako bat agertuko zitzaionik. Zazpi bat metro borobilean zeukazkien, platera baten forma apalekoa azpian, eta bi metro t'erdiko kono baten formaz egina gainean. Bere azpian, joan etorrizko argi txuri bat, argazki tresna baten flaxa oroitarazten zuena. Argi hura hain gogorra zen, non ezin zuen begiz-argi begiratu, begiak keinuka hasi gabe.

Orduan, ustegabea gertatu zen, azpiko ate bat ireki zitzaion eta zurubi luze bat lurreraino jeitsi omen zen. Berehala, handik norbait aterako zela ulertu zuen eta haren itxura igartzen hasi zen bere baitan. Lillugarria! Bi oin haiek agertu ondotik, hankak eta gizaki baten gorputzak eridei egin ziren. Haur baten itxura zeukan izaki ttiki hura beregana hurbildu zitzaion. Begi bridatuak zeukazkien, ile beltz luzeak, eta bizartxo fin-fina. Hamar metrotara gelditu egin zitzaion. Claude ez zen mugitu ere. Jantzi luze orlegi bat zekarren, konbinazio baten antzekoa eta giza buruaren inguruan argi koroa bat zeukan, airea dardar ahulez egon balitz bezala. Ia ikusgabeko argiz eginiko burbuila fin hark eskafandra ikustezin baten gisako antza zuen. Haren azala txuri berdaila zen, gibeleko minak eragiten duen antzekoa. Urduria amiñi bat joan zitzaion irriño bat egin ziolarik. Vorilhonek irritxo batez erantzun zion burua apur bat beheratuz eta galdegin zion:

  • Nondik heldu zara jauna?”

    Boz ozen eta ulerkor batez oso urrutitik zetorrela erantzun zion. Frantsesa mintzo zenez galdegin zionean, munduko hizkuntza guziak mintzo zituela erantzun zion, deplauki. Elkarrizketa hartan argiki esan zion beste planeta batetik zetorrela, ez zela lehen aldia eta berarekin hitz egitera zetorrela.

    - “Zergaitik ni?”- Galdetu zion Claudek.

    - “Bai, zuri, Claude Vorilhon, kiroletako aldizkari xume baten argitalariari, aspalditik zuri begira ari gatzaizkizulako”.

    - “Bainan, zergaitik ni?”
    - “Hori da beraz, esan nahi dizudana. Zergaitik uste duzu gaur honeraino etorri zaren, bada?”
    - “Ba , ez dakit, aire sanoa hartzeko, noski.”

    - “Askotan zatoz leku honetara?”

    - “Ba, udan bai, bainan neguan inoiz ez”.

    - “Orduan zergaitik gaur? Aspalditik zenuen honera etortzeko ideia?”

    -”Ez, ez dakit. Goizean, jeikitzerakoan, honera etortzeko gogoa etorri zait”.

    - “Nik ikusi nahi zintudalako etorri zara! Telepatiaz sinesten al duzu?”
    -”Bai, noski, gai horrek betitik nere interesa piztu du, baita ere plater hegaldarien ixtorioa , bainan sekulan ez nuke pentsatuko neronek batto ikus ahal izatea.”
    - “Ba, telepatia erabili dut zu honera hurbil zintezen.
    Biblia irakurri ote duzu?”

    -”Bai, bainan zergaitik galdera hori?”

    -”Aspaldi irakurri al duzu?”
    “-Ez, orain dela oso gutti erosi dudala.”

    - Zergaitik?”

    - “Ez dakit, ba, subitoki irakurtzeko gogoa sartu baitzait.”

    -” Telepatiaz erosarazi baitizut, gauza asko esateko baitizkizut eta misio zaila batentzat aukeratu zaitut. Goazen nere hegal tresnaraino erosokiago mintzatzeko.
    Zato otoi.”

    Zurubi arraro hartatik igo ziren. Kanpai bete baten itxura zeukan. Barnean bi besaulki, parez pare emanak. Tenperatura gozo bezain epela zegoen. Argi artifizialik ez zegoen eta kanpoko naturalak egoitza osoa argitzen zuen. Hegazkin baten gida kabinen antzeko tresnarik ez zegoen batere. Egongela haren lur zola urdin xamarra zen, metal baten dirdiraren kolorekoa. Jarlekuak material bitxi bezain garden batekoak eginak ziren, erosoak, eta parez pare jarri ziren. Gizon hark paretaren parte bat ikutu zuenean, tresna guzia garden- gardena bihurtu zen, goiko eta beheko zolez aparte eta kanpo hutsean zeudela zirudikion. Hizketan hasi zitzaion:

    - “Entzun ongi. Jendeari kontatuko diozu nor eta zer garen. Haien erreakzioen arabera, gure presentzia argira libroki eta ofizialki erakutsi ote diezaiekegun ikusiko dugu. Ikus-entzun duzuna adierazi baino lehen, dena jakitera itxoin beharko duzu, argudio guziak zure esku ukan ditzazun, beharrezko frogak eman diezaizkiezun. Entzundako guzia liburu batean idatziko duzu.”

    - “Zergaitik, ni? Zergaitik hautatu nauzue, ni?”- esan zion Claudek.

    - “Arrazoin askorengatik. Lehenik, herrialde libro batean bizi zen norbait behar genuen, ideiak libroki adierazteko askatasuna zuen herria, Frantzia, adibidez.
    Norbait aditua behar genuen, aditua bainan erlijioan murgildurik ez zegoena. Hitz batez, libro - pentsatzailea. Aita judua eta ama katolikoa izanda, bien arteko lotura egiteko hauta zinen. Beste aldetik, zure bizibidea biziki arrunta izanik, inork ez zuen zure esanik zalantzan jarriko. Zientifikoa ez izateagatik ere, ez zenuen eragozpenik ezarriko eta entzundakoa xinpleki adieraziko zenuen. Literarioa ez izateagatik ere, ez zenuen esaldi zailarik egingo eta denek ulertzeko gai izango zen testua idatziko zenuen. Horra beraz, arrazoin batzuk. Azkenik, 1945 eko lehen bonbardaketa atomikoaren ondoko norbait aukeratzea erabaki genuen, eta zu 1946ean sortu zara. Beste galderarik ba ote duzu?”

    - “Bai. Nondik zatoz?”

    - “Urrun- urrunetik. Gure arteko distantzia esplikatzen badizut, ez duzu ulertuko, zuen zientziaren maila hori neurtzeko gai oraino ez baita .”

    - “Nola duzu izena?”

    - “Zuek bezalako gizakiak gara eta lurraren antzeko planeta urrun batean bizi gara.”

    - “Zenbat denbora behar izan duzue honeraino etortzeko?”

    - “Horretan pentsatzeko denbora.”

    - “Zergaitik lurrerat etorri?”

    - “Zertan ari diren gizak hurbiletik ikusteko eta haiek babesteko”

    - “Asko al zarete?”

    - “Zuek baino gehiago.”

    - “Zuen planetara joan nahi nuke, posible liteke?”

    - “Ez! Lehenik bizigai ez zenuelako izango, bestetik zure gorputzak ez duelako entrenamendu askirik halako bidaia jasaiteko.”

    - “Zergaitik hementxe topo egin?”

    - “Sumendi itzali baten zuloa leku egokiena delako, batez ere, inork ikus ez gaitzan. Orai, banoa. Bihar, zato berriro honerat baina Biliarekin, oren berean eta oharpenak hartzeko guziarekin. Metalezko ezer ez ekarri otoi eta inori ez esan gaurko elkar hizketa honen berri, ados?”

    Garraio tresnatik jeitsi zen eta zurubia igo zen, atea bere atzetik itxi zedin. Batere soinurik gabe, airean igo zen eta laurehun metro batetara zegoenean, lainoetan desagertu egin zen.

    Biharamonean, hitzordura punttu-punttu iritsi zen, Biblia, kaiera, arkatza eta guzi. Platera agertu zenean hantxe zegoen, zain, eta zurubi igogailuak, berriz ere, barnerantz ereman zituen. Inori ez ziola ezer esan aipatu zioenean, erabat poztu egin zen eta ohar idatziak hartzera konbidatu zuen. Hizketan hasi zen:

    - ”Orain dela denbora ainitz, gure planeta urrunean, zuek laster lortuko duzuen teknika eta zientzia maila zorrotzera iritsi ginen. Laborategietako frogetetan zelula biziak sortu genituen eta esperimentu horiek gure populua sukartu zuten. Teknika horiek ikertuz, bizirik zeuden izaki bitxi batzuk lortu genituen.
    Horren aintzimendu arriskutsuaren aurrean, bertako gure agintariek ikerketak bertan behera uztea erabaki zuten, batez ere halako izaki izugarri batek ihes egin zuelarik eta jende ugari erasotu zuelarik. Beste aldetik, ikerketa interplanetarioak urrats izugarriak egin zituelako, beste planeta batera igortzea erabaki genuen, bizi baldintza berdinak izango zituen beste lurralde batera eta lurra hautatu genuen. Orain, beraz, Biblia hartzeko eskatuko dizut esaten dizudan egiaren arrastoak ikus ditzazun. Batzuek aski desitxuratuak izanak dira, mendez mende, kopiatzaileak eta itzultzaileak erruz erru ibili direlako, agerturikoaren egiazko funtsa ezin zutelako onartu. Orduan, mistifikaziora jotzea erabaki zuten.
    Erakutsiko dizkizudan Bibliaren pasarteak bakarrik interes bizikoak dira, besteak debaldetako solasak baizik ez direlako, isilduko ditut. Mamia mami izateagatik, aldaketa arinek ez dute funtsa aldatu, nahiz eta mistifikazioak bere alderako estiloa hartu eta bere gisarako ideietara testoa erakarri.” -Eta bere solasetan jaraitu egin zuen.
    “Halaxe hasi zen: “ Hasieran Elohimek, Jainkoak, zeru lurrak egin zituen”.... (Biblia, Hasieran 1,1) Horra Jainkoa beraz, ipuina aintzinerat eramateko aurkitu zuten bide hoberena. Kosmologiari lotuak ziren beste mila ikerketaren ondotik, zientzilariek gure planetaren bizi baldintzak biltzen zituen “lurra” deskubritu zuten, orai “kreatu” hitzez labur- bildua, ipuinerako askoz ederrago baitzen “sortzea” hitza, “deskubritzea” baino erabiltzea. Lurraren inguruan satelite ikertzaileak tinkatu zituztenean, planetaren osaketaren berri jakiteko izan zen, baita ere atmosferak zekarkien bizi baldintza bikaina. Orduan, lurra urez estalita zegoelako, hauxe idatzi zuten: ”- Eta “- Jainkoaren arnasa uren gainean zebilen...(Biblia, hasiera 1,2)”.

Eta jarraitu egin zuen:
-”Emeki- emeki “krezioa”ren lehen urratsak emanak izan ziren, eguzkiaren indarra egokia zela oharturik. Hainbeste ikerketaren ondotik, iduzkiak lurra modu egokiaz berotzen zuela kontutan harturik, erregai zitezkeen izpi gaiztoen arriskua behingoz baztertu zuten, planeta berria bizitzeko hauta zela oharturik.-” Ikusi zuen Jainkoak argia ona zela eta bereizi egin zuen ilunbeetatik: argiari egun eman zion izena eta ilunbeei, gau. Honela lehen eguna burutu zen.( Biblia . Hasiera 1,4-5)

- ”Idatziko duzun liburuan, gauza guzi horiek agertuko dira, baita ere Kristoren biziaren gorabeherak. Bigarren parte horrek, “Itun Berria” izena hartuko duena, zuen jendearen artean eragin handiena ukanen duena izango da. Unea ailegatuko zelarik, kreatzaileek, gizakiek eskas zituzten telepatiazko ahalmen bereziak sortuko zen haurrari emango zizkioten, haien arteko bat zen ama berriaren bitartez “:

-” Jesus Mesiasen sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen; eta, elkarrekin bizitzen hasi aurretik, haurdun gertatu zen Izpiritu Santuaren egitez.”( Itun Berria, Mateo, 1-18)
Orduan Mesias izanen zen Jesus sortaraztea bururatu zitzaien, eta Maria haurdun gelditu zen, Joseperen harriduraren aurrean.” Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan eta esan zion:-” Jose, Dabiden ondorengoa, ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Izpiritu Santuarengandik baitator. Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik.”( Mateo, I,20)

Eta mistifikazioak Jainkoarenganik haurra espero zuela zioen. “Profetak” urrundik heldu ziren haur ttikia ikusteko, argizko platera gidari. -” Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz.( Mateo II,2) Bidean sortaldean ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte.”( Mateo, II, 9-10) Jakintsuek aldegin ondoren, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: -” Jaiki, hartu haurra eta ama eta zoaz ihesi Egiptora. Egon han nik esan arte, haurraren bila ibiliko baita Herodes, hilarazteko.”( Mateo II,13)”- Herodes hila zenean, Joseri Jaunaren aingerua agertu zitzaion amatsetan Egipton, eta esan zion: Jeiki, hartu ama eta haurra eta zooa Israelera, hilak baitira hil nahian zebiltzanak”( Mateo II,19-20).

Ikusten duzu beraz gertatu izan zena, kreatzaileak Jesus Herodesenganik salbatu zuten , bere beharra oraino bazutelako. Kozkortu egin zenean eta heldu adinera iritsi, Jesus jatorrizko planetara ereman egin zuten bere aita ezagu zitzan, bere misioa ezagu zezan eta zientzia tekniketara ekarri ondotik, denak ongi ikas zitzan.

-Hortan zerua zabaldu zen, eta Jainkoaren ispiritua ikusi zuen Jesusek uso- tankeran jaisten eta beregana etortzen. Eta mintzo hau etorri zen zerutik:” Hau da nire semea, nire maitea. Berau dut atsegin.”( Mateo ,16-17).-” Orduan basamortura eraman zuen Jesus, deabruak tenta zezan.( Mateo III, 1)

Deabrua, hau da Satanas, gure kreatzaileen arteko zalantzakorrena zen eta gizakienganik deus onik etor ez zitekeela uste zuen, gure gobernuaren kontrakoa zen eta betiereko aurkaritza guduan sartuta zegoen.
Jesusen adimendua baikorra zenez jakiteko, frogak egin zizkioten, han urrunean, ea kreatzaileak bere baitan benetan maite eta errespetatzen zituenez. Baietz konturatuz, berriro lurrera itzultzen utzi zuten, ikasitako guziak praktikan ezar zitzan.

Jende gehiena beregana zezan, mirakuluak egiten zituen, eriak sendatzen eta pobreen ispiritua laudatzen. Beste mirakulu batzuk ere egin zituen, hala nola uren gainean ibili ala haizea bat- batean geldiarazi, esan gabe doa gure bitartez eginak izan zirela.

Aita gurea” otoitzean, egia zehazki esana baitago”: -”Gure Aita zerukoa, agertu santu zure izena, etorrarazi zure erregetza; betearazi lurrean zure nahia, zeruan betetzen den bezala...”( Mateo VI 10)
Elohimen planetan zegoen jakitate-sua lurrera pasatu egin zuten “- Zeruan bezala, lurrean ere” eta, ikusten duzun bezala, Bibliaren pasarte guziak mistifikatuak izan ziren eta Jainkoak gure lekua hartu”.

Jesus hiltzen zenean adibidez:”- Bapatean lurrikara gogorra gertatu zen: Jaunaren aingerua jaitsi zerutik eta, hurbildurik, harria biratu zuen eta gainean eseri. Tximista zirudien eta haren jantzia elurra bezain zuria zen.”( Mateo XXVII, 2-3)
Kreatzaileek berpiztu eta sendatu zuten Jesus eta bere misioa horretan bukatu egin zen.
-” Horrela hitz egin ondoren, Jesus jauna zerura jasoa izan zen eta Jauna bera ari zen haiekin, egiten zituzten mirarien bidez mezua baietsiz.”( Marko XVI, 20)
Ikus azken esaldi honen garrantzia: -”Sugeak eskutetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanik ere, ez die gaitzik egingo; Gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira.”( Marko XVI ,18)
Honek esan nahi baitu gizakiek pozoinaren aurkako botika izango zutenean, hau da, zientzia hain aurreratuta izango zutenean, sendatzeko bideak mugagaitzak izango zituztela”...

Biharamonean, Claude, berriz ere etorri zen eta elohimdarrak hauxe esan zion:

-” Mundua azkenekotan dago. Ez lur borobilaren bukaera, baizik eta bere misioa bete duen elizarena. Mistifikazioari esker kreatzaileak etorriko direnean, onartuak izango dira. Ikusten duzun bezala kristau eliza hilgai dago, bere azken aroa bizi baitu, berria zabaldu duelako, akats ainitz egin arren, bereziki kreatzaileak sobera jainkotuz. Jadanik blaikeriak zientzian aintzinatuak dauden populuak jan egiten ditu eta fedegaitzak bihurtarazten.
Bizar txuriko Jainkoaz eta bere aingeru hegaldunez ezin dute gehiago sinistu, ez baitakite zer den egia. Ordua da egia handia denek jakitea. Aitorpen horrek itxaropena emango dio gizakiari dakarren argiari esker. Ea horretaz eliza ohartzen den eta bere akatsak zuzentzen dituen. Halere, berez itzaliko da.
Elohim ez da Jainkoa! Jadanik esan bezala, hebraiera hizkuntzaren arabera, Elohim hitzak, kanpotik etorritakoak baizik ez du adierazten eta ez Jainkoa.
Egin duten beste akats izugarria Jesus Kristoren heriotzaren oroitzapeneko, zurezko gurutze bat adoratzea izan da, zurezko gurutze bat ezer ez baita, ezta ere Kristo. Egur zati batek ez baitu fitsik esan nahi.”- eta dena amaitzeko extralurtar hark halaxe luzatu zion:

Nahiko unatua ikusten zaitudalako, honekin bukatuko dut eta Israeleko estatu berriaren sormenez hauxe diotzut : “ Ez izan beldur, zurekin bainago. Ekialdetik eta mendebaldetik bildu eta ekarriko ditut zure herritarrak.” ( Isaias IXIII, 5),”
Dena aintzinetik pentsatua baitago, bainan utz dezagun hauxe beste egun bateko, ni ere nekatuta bainago. Bihar ez nago libre bainan, nahi baduzu, datorren astean ekar ikusiko dugu, eta oroitu, xo!”

Itzultzaileek hori guzia ez zekiten, bai aldiz lehengo ipuinlari hebraitarrek, omen. Hori izan zen mistifikazioaren akatsa, aroz aro bere arrazoina ahanztea eta egia berria egia bakarra izatea ustea. Hala zioeen extralurtar bitxi hark.

Sapek horiek guziak gogoan zituen eta nahiz eta zalantzan ezarri Vorilhonek esandakoak eta balizko mistifikazioarena, beste planetetan beste gizadirik izan zitekeela bazekien eta hori griña tinkoa bilakatuko zitzaion. Ohartzen zen ere elohimdarren lurreratzearen mistifikazioaren pareko gauza berdina gizakiek ere aurkituriko planeta batean egiten ahal zuketela, beste herriekin egin zuten antzera. Nork zezaguen elohimdarrek sinesmenarekiko zeukaten maila? Ez ote zuten dibintasuna erabiltzen, haiek berek ukaiten ahal zituzten aurkaritzei pare egiteko? Ez ote zuten mistifikazioa erabiltzen, haien balizko erlijioa hankaz gora irauli ez zedin? Alderantzizko halako kasu batean, esan nahi baita gizadiak beste bizidun planeta batean lurpera baledi, zein izango litzateke bere jokamoldea? Zein elizarena? Mistifikazioa beharbada. Beste erremediorik ez zuten izango, bere sinesmen propioa salbatu izan nahi balute, nola sinestarazi munduaren sortzea lurrarena baizik ez zela izan? Elohimdarrak ere arrazoin berdinengatik ez ote ziren mistifikatze lanetan ari, haien balizko erlijioa sineskor izan zedin?

Sap hainbeste galderei erantzuten entsaiatzen zitzaien eta, irtenbiderik ez atxemanez, etorkizunaren eskutan uztea erabaki zuen.

 

 

 

 

 

 

 

 

Hiruburu

 

 

Etorkizunean aurkituriko ipuina:

« Santa Barbarako maldatxoa iduzki sartze gorrixkaz estali da, itzalez beteriko argi purpuraz. Harrizko ximurrak barneratu nahiz, argi izpi unatuak urrezko uhainetan dardarez dantzan daude, itsasargiaren xotinen neurkadan, arrantzaleei kasu ibiltzeko abisua emanik. HIRUBURU, denen artari. Hor da, buztin ximur sakonetan gorderik, lanbro hezeetan bere aurpegia estalirik.
Zenbat urte ote ditu? Nehork ez daki. Zenbat denbora behar izan ote du bere hiru buruak hartzeko? Zaharrenek bere betiko burua zezagutela zioten, lehengo denboretan izan eta gorde izan nahi zuena, bigarren burua sortzeko indar magikoa ukan zuenean. Iraganarena! Oroitzapenez beteriko iragana, bere euskal izatea gogorazten zion aspaldiko hura, Urdazuri ibaiaren barna bere iturburuaren bila igotzen ari zena, behin, bat-batean, itsasgora bere bidean aurkitu zuenean sortu zitzaiona. Eta bat- batean ibaibehera gelditzera ardietsi izan zuen, une arin batez, hain iheskor den oraia egiazki badagoela betiko ohartaraziz, ilaunetan ilaunena den unea, agian ez dena, bizitakoaren ahanzlea, etorkizunaren igarlea. Iturburuari eta patuari begira egonez, iraganaren eta geroaren xeka dabilena.
Behin, ohiko iraganaren buruak oraiaren belarriari aholkua ematen zizkion bitartean, hirugarren burua agertu zitzaien, bat- batean, beste bietatik jaioa, denen gainetik, harroa, gaztetasunez betea, geroari emana sortu zitzaiena.
Egun horretan sortu zen Hiruburu, hiruek bat eginiko burukoa, norat joateko nondik zetorrena jakin behar zela zioen leloa betiko hartuko zuena, argiaren sortzailea.
Biziaren soka lurretik bildurik, Hiruburu dantzan hasi zen eta Santa Barbara egoitzatzat hartu zuen betiko, handik Donibane Lohizune eta Ziburu arta zitzan. »

Nehoiz ez zuen halakorik aditu. Ipuin hau xuxurlatu ziotenean, bere gorputza dardarez ezarri zitzaion, gorputza baino, arima. Nondik heldu ote zen? Zer hobe bertara abiatzea baino horren berri zuzenki jakiteko, ezta? Eta Sap-Sap horretara hurbildu zen.
Otsailaren hasieran, Donibane Lohizuneko ihauteria zela eta, kostako herri batean halako funtsezko zerbait aurkitzea harritu zuen, hiri bat zelako eta horietan maiz gerta bezala, nortasunik gabeko besta hiritar bat izan zitekeela aurrepentsatu zuen, are gehiago kartel afixa ikusi zuenean. Hark konkistadore batzuk erakusten zituen, gurutzadetako gudukari batzuk ere, gurutzea eskutan eta guzi, aurpegi estalitako moru emazteak, fededunak, Korana eskutan, mitologiaz beteriko grekoak ere, inperioaz gose zeuden erromanotar zenturioak eta halako, urte hartako gaia “kondaira” ezarri baitzuten, mamizko ihauteri batean gai bat ezarri behar ote balitz bezala. Prehistorikoak erakutsi izan balitu, edo Adan eta Eba, edo ere Erek eta Habil tresna zaharrak osatzen, paso, bainan halakorik ez zegoen eta Sap horretaz zen harritu. Benetan balditu egin zen, ohartuz nola ihauteri hiritar haren antolatzaileek, euskal nortasuna hainbeste galdu zuten ez ikusteko funtsezko ihauteriak bere herri mamia bere baitan zeukala eta pellokeri hori hautemanez, Hiruburu, bere leizean, nardatuta egon zitekeela gogoan hartu zuen.

Horren berri jakin zezan, beraz, Sapek ea nori galdegin behar zion han hemenka galdetu zuen eta adineko arduradun batengana igorri zuten. Biziki okupatua zegoela esan zioten, ihauteriak gainean zituztelako eta hobe zuela Hartzaren egunean ikustea, hantxe, ihauteria baino aste bat lehenagoko egin ohi jai horretan. Eta halaxe egin zuen bainan, goiaitatu behar izan zituen egun horietan, entzundako ipuin bitxia gogora etortzen zitzaion, gauero, mitologia ez dela kuriostasuna asetzeko egina, bere funtsean hartzekoa baino.

Egun zehatz hura iritsi zenean, Sapek Begiraleak elkartera hurbiltzea erabaki zuen, handik ateratzen baitziren konpartsako pertsonai guziak, Hiruburuak barne. Eta hortxe soinu berezi bat bazeukatela ere ohartu zen, haien doinu propioa, dantza urrats eta guzti. Bizia sinbolizatzen zuen soka bat eskutan zeramatela ere bai.

Arduraduna ikustera hurbildu zenean, nahiko urduri zegoela konturatu zen eta hurbiltzera ez zitzaion sobera ausartu. Nonbaitetik gizon hura jadanik zezaguela pentsatu zuen eta bat- batean Donibane Lohizune Baionatik aski hurbil zegoela oroiturik, Saint Bernard eskolan eginiko juduen elkartearen biltzarra bururat etorri zitzaion. Bai, handik ezagutzen zuela orai bazekien baina, nahiz eta kulturaren begirale hura hantxet egon eta Saint Bernard barnetegiko ohiko ikaslea izan, Sap, han noizpait egon ote zen? Garbi zegoen ezetz, ez fisikoki bederen, agian aroaren gainetik ibiltzeko zeukan gaitasunez. Sekulako ahalmen hori baliatuz, eta Begiraleak taldearen konpartsa herrian zehar ibili ondotik, bazkal denboran, beregana jo zuen. Berehala etno-folklorea biziki gogoko zuela nabaritu zuen eta adierazpen batzuk ematen hasi zitzaizkion, nahiz eta sakonki aritzeko astirik ez ukan. Segidan gizon hark Sap aro bereko gizakia ez zela somatu zuen, bere baitan denborarik gabeko funtsa zazalelako eta mementu berean biek bat egin zuten. Haien arteko konplizitatea kondairan zegoen oinarritua, euskal populuaren jatorriak Saperekin zeukan loturaz egina. Aspaldiko gizakiak gizerri berekoak izan zitezkeela esan zionean biziki poztu izan zen, baita ere ikustea euskara ongi ulertzen zuela. Sapek Saint Bernard aipatu zioenean harritu egin zen, are gehiago anagramen ixtorioa azaldu ziolarik. Nondik demontre zezaguen honek hango anagramen egiteko ohitura? Eta laster Hiruburu hitzarena egin zion: “Uruburih”.

  • Begira laguna- esan zion Sapek- baldigarria da ikustea Hirubururen anagrama honek bi aldiz UR silaba bere baitan eukitzea, bur, burbur boroborarekin lotua. Argia, lurra eta ura, biziaren hiruburuak izanez, nola ez ikusi argiak eta urak lehenean sorturik, lur oraian oinarritzen direla, etorkizunera joateko. Euskal Herrian IZ eta UR sinonimoak izanki, zuen hizkuntzaren soinu sortzaileak dirudite. Nik ez dakit hiru buru ukaiteagatik eta anagramazalea izateagatik izen hori pertsonai horiei eman diezuen bainan ura, lurra eta argia denborarekin lotzea biziki interesgarria da.”
    Begiraleakeko kidea lilluraturik zegoen, berak ere halako pentsamendu berak izan zituelako eta hortik aintzinerat biak arras lagunak bilakatu ziren. Pozik ere, azkenean, behingoz, Hiruburuek Begiraleak elkartetik aparteko norbaiten interesa pizten zutelako.
    Nehork ez zekien nondik heldu ziren, ez eta noiztik herrian agertu, bainan Santa Barbara mendixka hartan zutela bizileku bai, bereziki Hiruburuen buruzagia zen Zibuloiak.

Ahozko tradizioean sartua zegoen eta herriko guziek, bertakoek bederen, bazekiten haren berri. Eskoletan jadanik, ttikitandik, Hirubururen marrazkiak egitera bultzatzen zituztelako, baita ere horri buruzko antzerkitxo batzuk montatzera laguntzen zituztelako ere, eta haur denboretan gogoan sartzen dena, betiko zizelkaturik egoten baita, betiko.
Batzuek zioten jainko bat zela, bertako jeinu maitagarria, besteek deabru baten antza zeukala eta gaistoa zirudiela, azkenek aldiz “oh, la, la” frantsesez zioten, turistentzat eginiko animazio bat izan balitz bezala. Horrek Sap irriarazi zuen. Makurrenak ez zirela horiek zioen, bertako kulturarekiko jakingabekerian sartuak zeudenak baizik, arrotzak bihurtu zirelako, herriko arima aspalditik galdua zutelako, eta nortasunik gabeko hiritar moduan ihauterietan pozik zebiltzalako. Euskara eta euskaltasuna galdu zituzten horiek inertzian eta frantseskerian erori ziren, ezkertiar nola eskuindar, ihauteriko afixa egileak barne. Sapek esandako guziak ongi ulertzen zituen, berak ere bere askazian gauza berdina ezagutzen zuelako.

Ohiko begirale hark esan zion pertsonai horiek etno- folklorean oinarrituriko izakiak zirela, erdi ar, erdi eme, ar, gorputzak zaku zaharren barnean gordeak zituztelako, eme, dantelazko oihal finaren atzean haien aurpegia izkutatzen zutelako eta gona gorri luze arruntez jantziak zeudelako. Bainan hori ez zen garrantzitsuena, denborarena baizik. Sapek hori entzun zuenean adi- adi egon zitzaion. Haien baitan hiru maila desberdineko denbora zeukatela, iragana, oraia eta geroa, hori zen buru bakoitxak esan nahi zuena. Haien helburua, hiruak bat agertu arren, inoiz ez hiruek bat osatzea zen, ohitura zaharrak zioelako hori gertatzean, mundua betiko lehertuko zela. Lehen burua, egiazko pertsonaiarena, oraiaren ezaugarri zen, bizi bizia; bigarrena, eskuinean eta belarriaren ondo- ondoan zegoena, zaharraren aholku emailearena, esperientziarena, apal- apalik, xuxurlaz, oraiari ari zitzaiona, eta azkenik eta hirugarren goikoa, harro, axolarik gabekoa, aintzinerat begira zegoena, beti aurrera zihoan gaztearena, geroa.
Mugagabeko jatorritik zetorren zaharrena, kontseilu emailea, hain urrundik heldu omen zen...
Sapek galdegin zion ea zer ote zen urrundik etortzea? Bakoitxaren ikuspegiaren arabera, ez baitzen batere berdina denbora neurtzea eta urruna eta hurbila aise nahas zitezkeen, dena hain subjektiboa baitzen.
Geroak, bere adinarengatik, etorkizuna jaten zuen, gerta ahala igartzeko batere gogorik gabe eta gain- gainetik, itsuki, aintzinera so egiten zuen.
Oraia, aldiz, adi, bien arteko aldeetatik erasotua izateagatik, nekez bizi zen, alde batetik aholkularien esperientzaren pisua bortxaz onartu beharrez eta bestetik, gaztearen ausardiaz jelos egonez.

Sap harriturik zegoen bera ere Hiruburu izan zitekeelako, hain urrundik etorria, oroitzapenez beterik, atzera eta aurrera begira zegoena. Alderantzizko edo zuzeneko bidaian bizitako aro bakoitxean bizi izan zituen lehena eta geroa, gero eta lehen bihur zitezkeela ohartzen zen, alderantzizkoa kurritzeko, lehenik, zuzenekoa bete izan baitzen.

Pertsonai horiekin sortu zitzaion egoera bitxia ezin ukatzekoa zeukan eta harriturik zegoen ere XXI. mendean halako besta herrikoi batean, denborarekin lotuak zeuden elementuak modu horretan agertzea eta funtsezkoak itxurarekin bat egitea, dena hain hurbiletik bizitzen baitzuen.
Ihauterietako bestak animatuak ziren arren, guttik zeukan mami sakon hori bihotz gogoan eta horrek ez zuen Sap batere harritu. Halere, agerian zegoen, hastapenetik bukaeraraino, parte hartzaile zuzenek ongi baitzekitela erabiltzen zituzten jantzien arrazoina, orok ikasi baitzituzten dantza urratsak eta guztiek buruan zeukaten Hiruburuen Zibuloiaren ipuina. Hura ez zitzaien txantxetakoa. Hauxe herriraturik zegoen ohitura batentzat zeukaten, sinesmen herrikoitzat gauzatua, sinesmen arruntenetatik herriak maite zuen herrikoitarrarena ekarria eta bere sinesmenean nehor zauritzen ez zuena. Hori zen garrantzitsuena. Sinesmen arrunta zen. Nahiz eta pagano idolotzat hartu, ardatz zintzoa galdu zuen gizarte fededunak ez zion inolako garrantzirik ematen, ihauteria zelako eta haien gogo bihotzetan horren gainetik beti jainkoa zutelako. Olentzerorekin berdintsu gertatzen zitzaien eta erlijioak mendez mende errekuperaturiko bertako sinismenak haienak egiten zituzten, funtsak apaindurari eta animazioari lekua utzirik.

Biharamonean eta gehiago jakin nahian, Begiraleak elkarteko arduradunari bereganatu zitzaion adierazpen guziak eman ziezazkion. Hura, barne- barnean sentitzen zuenentzat, sinesmena baino gehiago zen, ohiko sinesmen batek mistifikazioa bere baitan baduelako eta sinestearen aurka den materialismoak ukazioa dakarrrelako bere baitan. Hau ez zen, ez bat, ezta bestea ere. Hemen Jainkorik ez zegoen, ez Adan eta Ebarik, ezta ere Richard Darwinik. Hau dena baino gehiago zen, bertako funtsezko sinesmen bat zelako, begiez errealki ikus zezakeena, Hiruburu horietan benetan adierazten zena bainan bereganik ezer igurikatuz, deusik ez itxoinez, haien babesa baizik. Hau ez zen heriotzarekin ala sortzearekin ikustekorik zeukan sinesmena, hauxe errito bihurtu baitzen, mendekurik gabeko ohidura, mehatxurik gabeko errepika.

Zibuloi gidariaren agintean, bals baten soinuan binaka jira-biraka dantzan hasten zirenean, osaturiko zinten uhainek itsaso betea iduri zuten eta kolore askotako oihalen hegalda arin horrek pertsonai horien esanahiaren susmoa beregan zekarrela zirudien, bira bakoitzean haien gona zabal gorriaren olatuak denboraren iragaitea zerakutselako, iraganetik gerora zihoan izurdura, oihalezko uhain horren iraganak orai eta geroa harrapatu nahi izan balitu bezala. Harritzekoa zen! -Sapi Eba gogorat etorri zitzaion-. Bere izaitearen kontzientzia zeukan dantzaria zen oraia, iraganari atea zabaltzen ohi ziona, berez, lehena esistitzen ez delako, oraiak oinarri hartzen duenean baizik.

Dantzarien eraginez, Sap-Sap gogoeta bitxietan sartu zen, soinu eta neurkada lekuko: ”Ume baten irria agertzen zitzaion, bere amari irri egiten dion haur batena. Ama ez litzaioke sekulan iragana bezala agertuko, hau da, adinean sartua, maitasunaren oraiaren ikurra bezala baizik. Biziaren “dantza”-ren lehen urratsetan denborarik ez delako, umeak bere amarengan ez du adinik ikusten, ama da eta kitto! Gaztaroan, denboraren nozioa sortzen zaio gazteari eta aitamak zahar zozo batzuk direla iduritzen zaio. Bera baita gaztea, bera oraia eta berak mugatzen du lehen eta oraiaren arteko tartea, ez adinak, ezta ere denborak. Aitatxi bai, zaharra da, telebistan ikus daitezkeen beste zaharren antzekoa, bainan ez hainbeste ere, bihotzak denbora xamurtzen ohi duelako. Iragana eta zahartzea amodoari lotuta daude eta, gaztearen buruan, oraia eta geroa baizik ez dira esistitzen.”
Pentsaketetan jarraituz Sapek bere baitan zuhurki, haurra ama edo umea aita bilakatzen denean, oroitzapenekin batean, lehena, zehazki agertzen dela, lehena baita, oraia eta geroa bere aintzineko sehaskan daudelako, jadanik iragana bihurtzen ari direlako. Eta halaxe, bere aintzinean dantzan dituen Hiruburuen gisara, iraganari erantsita zaizkion aholkuak sorberria den oraiari ematen hasi zaizkiola ere, bere belarri propioaren ondoan jadanik inor ez delako, lehengo lehena desagertu balitz bezala, agian aholkurik ez zaiolako ematen lehenean dagoen bati.
Gogoetetan erdi galdurik, berez, oraia eta geroa izango den lehenak, iraganetik datozten konteiluak zurkatu izan dituela zioen, eta hiruak, gizaren biziaren aro baten hiru zirrikak izan zitezkeela, laugarrena heriotza izanik. Berak zituen pentsaketetan, Sapi gazteen aldekoa zela somatzen zitzaion, ohituraren hauslea, Ilauna aro guzietan zegoen orai bakarraren aldekoa eta ilauna irauna bihurtzen denean sekulan ilauna izan dela ez duela ahantzi behar ideiaren kidea, oraia eta ilauna baitira ohituraren gurasoak eta ez alderantziz.

Amodioak iragana gogoan tinkatzen duela ari zen pentsatzen, gizakiek haien baitan atxikitzen dutena eta gerorantz transmitituko dutena ere eta Hiruburuei begira, eskuineko burua gaurkoari esaten ari zaiona ohartzen zen, hori iduritzen zitzaion bederen.

Beste hainbeste biren artean, herri batekin gauza bera gertatzen dela zioen ere, lehenagoko biziak oraia oinarritu izan duelako eta geroko bidean sartu duelako. Nora goazen, nondik gatozen jakiteko, jakin behar da! Nortasunetik nortasunera abiatzen den bidea, berea, aitamena, senideena, familia osoarena, jatorriarena... iturburura iritsi arte. Bost axola bakoitxaren izaitea, herriarena baita garrantzitsu, ontasun eta guzi. Hizkuntza, kultura, ohitura, sinesmena....hori baita lehena, oraia eta geroa, hori bai, norbait ez baldin bada, zinez, suntsitzeko lanetan aritzen, bereak horren ordez ezartzeko.
Eta gogoeta filosofikoetan aintzinera zihoan, dantza horiek erakusten duten herriaren gainetik, gizadia badela ohartuz, iraganez, oraiez eta geroez osatuta.
Bizia dantzatzea derrigorrezkoa da, gizarena, herriarena eta gizadiaren bizia eta horretan dago zientzia. Beste arlo ainitzen artean, zientziak gizakiaren jatorria ikertzen du, erlijioak heriotzarena. Etorkizunean izango den heriotzarena bainan ere iraganean izan dena, sortu aintzin, eta halaxe goaz betiko alderantzizko bide ohian. Alderantzizko bidea, jatorriaren bila doan bezala, geroaren bila baitoa, hutsak bere baitan denborarik ez duelako eta sortu aintzineko eta hil ondoko hutsek bat egiten dutelako, hutsak baitira.

Hiruburu dantzetan ari ziren bitartean eta Zibuloiri begira, gogo lainoetan zegoen, haiek sorturiko ideietan murgilduta bainan haienganik hain urrun ere. Berdin zen, eskerrik dantza nahiko luzea eta parte desberdinez egina zen.

Heriotza heriotzarekin elkartzen zela zeukan buruan eta topaketa hori gertatzen denean fedea sortzen dela bazekien, hutsaren aurkako erantzun teologikoa. Jainkoa? Jahve? Jehovah? Elohim? Adan eta Eba? Habil eta Erek? Ximinoak? Bakoitxak berea eta denen gainetik, giza eta argia.
Ezjakintzak gizakia beldurrera darama, heriotzaren beldurrera, bainan ere geroarena edo beste batzuen lehena den etorkizunarena. Horregatik Hiruburuen burua hain makurtua eta apala agertzen ote da, ahalkez betea balitz bezala? Agian bai, bainan seguru aski ezetz. Zaharreriaren ondorioa baizik ez da, baita ere esperientzia belarrira luzatu nahiaren gutizia. Bera da Hiruburuen sortzailea eta ez sortu duen ustea daukan oraia, bitarte bat baizik ez den gaurko unea. Geroa eraikitzeko bitartea, esistitzen ez dena. Azkenekotan zegoen, pentsatu zuen guziari bururapen bat eman nahiez:
Pentsa mendiko bere iturritik lasai jeisten ari den ibaia, harriz harri txinpartatzen dena, ur jauziz ur bare beherantz doana, maldaren haizeak bultzatzen duena, igerikan itsaso egarritsuaren alderantz dabilena. Bere iragana den iturritik eginiko bidea itsasoa den gerorantz badoa, oraiez orai, itsagoraren indarra parez pare aurkitu arte eta behingoz hatsa hartu arte. Ur gaziaren gustu samina dasuma eta bat- batean, hor dago geldirik ezin aintzinera joanik, atzetik bultzaka, aurretik indarka. Oraia! Joan dena, une mugagaitz batean gelditu izan dena eta desagertu izan dena. Behingoz denbora da gelditu eta hatsa du hartu.

Sapen gogoetak gero eta sakonagoak ziren.

Xo! Hiruburu hor dago, bere gorputzari itzulia emanda, bizkar gaineko igerian badabia, atzeraka, igeri itsuan, geroa ikus ez dezan. Badoa, badator, badoa. Auskalo itsasoa gustokoa izango duen...

Ipuinak dioen bezala , geroztik, badian den Santa Barbarako leizean sartu da, iragana, oraia eta lehena babes ditzan. Dantzarien arbasoa izateagatik, beti haien gainean dago, jantzien uhainak baretzen eta Sapek, tranzendentziazko gogoetetan sarturik, dena lekuske, argi bezain argi.

Arerio izugarri bat jeiki zaio, altxa zaie, lehena eta oraia diren bizitakoei: Geroa! Haien Jainkoa baitihur, haienganik sortua, amatze konstantea, betiereko bizi emaitea, sortze bakoitzean den Adan eta Eba permanentea, iraunkorra, haien gainean dagoena eta aurrerantz begiratzen duena. Haiek bezala, lehenbizikoa ez dela ohartzen dena, une orotakoa baita.
Sapek zioen horrek, alderantzizko bidai batean, bere seme alaben ADNa izango zuela eta bere oraiko nortasuna ez zuela ezagutuko, heriotzan ditaikeen betiereko bizia den Jainkoa, bere iragana izan zitekeena, Darwin, bere geroa.

Bere buruak, dantzariarena gora eta aintzinera begira dagoen bezala, ez du helburu tinkorik, heriotza baizik, etorkizuna hain ilauna baita. Bere helburu bakarra jakin gosea da, asez ase tinkatuko duen geroko geroa.

Hiruburuko hiruburuek ilaunak direla derakuste, oraia, benetazko ilauna, beste biak, gizadian, oraiaren adin berekoak, ilaunez beteak. Denboraren nozioa ez dute neurtzen dantzariek, haien lehena, oraia eta geroa sinbolo bat baizik ez direlako eta dantzaren funtsa erakutsirik, haien biziaren inguruan jirabiraka ari direlako, betiereko bizi zikloa bersorturik, biziaren soka esku tartean eukirik, eta lehen, orai eta gero berriak mamiturik.

Harritzekoa bazirudien ere, Sapek Hiruburu pertsonaia horien mamiarekin bat egin zuen, herri kulturan sarturiko bihotzarekin, lehen, orai eta geroarekin batera eta berarekin alderantzizko bidaira etortzeko konbidapena luzatu zienean baiezkoa bapatekoa izan zen.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Sortzetik sortzera

 

 

Berreskuratu zuen liburu magikoa eskutan, Richard, aintzina zihoan, bi ximinoak, Erek et Habil, Sap , Adan eta Ebarekin batean. Egin zituzten lagun berriak, hau da, sei hiruburuak eta haien gidaria zen Zibuloi, alderantzizko bidaia jarraitzeko gertu zeuden. Donibane Lohizunetik goiti beherazko bidai horretan agertzea nehork ez jakin arren, liburuan idatzita zegoen, bainan hori Richardek bakarrik zekien, denak kontrolatzen baitzituen. Denboraren ezaugarri izateagatik, Hiruburuak ibiltzera gonbidatu zituzten, Sapek eta biek, bainan bidai hori kondairan zehar izandako pertsonei mugatua zegoen eta batzuek begi txarrez hartu zuten haien agerpena. Egiazko izakiak ez zirela nabaritzen zen, hiru buruez eginak, eta horrek denak sutan ezartzen zituen. Nork eman ote zien harat azaltzeko baimena? Denek zorrozki Richard begiratzen zuten, batek hori egitekotan bera izan zitekeelako. Bainan ez zen hala, eta Sap hobenduna izan zela ez zitzaien burutik pasatzen ahal. Ez ote ziren elohimdarrek asmaturiko monstruetatik batzuk ihes eginak? Darwinek zozokeritan ez aritzeko erregutu zien, elohimdarrak nehork ez zituelako ezagutzen eta norbait izatekotan, agian bera izan zitekeen, itxura arruntekoa izateagatik eta bereziki hebraitarren aroen ondoko bakarra izateagatik. Elohimdarrek adierazia Bibliaren aurkako erreakzioa baizik ez zela luzatu zien, erlijioa eta bere Jainkoaren izatearen suntsitzailea, kondairaren bidean Erek, Habil, Sap eta prekondaira guzia bazterrean uzten zituena. Testo sakratuetan idatzitako guziak, aro berezi batean idatziak izan zirela erantsi egin zien eta izkiririatua izan zena irudi bat baizik ez zela. Adan eta Eba, buru belarri zeuden, denboran zehar hainbeste joan- etorri eginda, erabat zorabiaturik zeudelako. Hiruburuak zehazki hautemaiten zituzten ea buru bat ez ote zitekeen suge harena eta beste biak, berriz ere, ona eta txarraren ohiko ikur dibinoak ez ote ziren. Egia esateko, zerbait dibinoa bazuten, batez ere, errealitatetik kanpo egoteagatik, ohiko giza itxuretik at azaltzeagatik. Hiruburuen hor egoteak adierazpen zentzudun bat bazeukan, edozoin momentuz eta edozoin unez haien egoteko arrazoina bazeukatela, haien baitan hiru denborek bat egiten zutelako.

Orai agertzea erabaki bazuten ere, askoz lehenago egiten ahal zutela ohartzen ziren, edo inoiz ere ez. Bainan hala zen eta iragana zen oraia zitekeen gerogai hartan, azaltzea hautatu zuten, aro zehatz hari kokapen zehatz bat emaiteko asmotan, inongoak zirela eta ez zirela erakutsi nahi. Inongo eta nonahiko zen Donibane Lohizuneko errealitate zehatza bidaiari lotu nahi izan ziotela ere pentsatuko luke Richardek, Sapek ez balitu bertara ekarri.
Adanek egiazkoak ote ziren eta ar edo eme artean zer ziren baieztatu nahi izan zuen eta bati gona goratu egin zion. Azpian galtza bat eukitzeagatik harritu egin zen, hark ez ziola batere erantzunik ematen bere galderari. Praka hura kentzeko eskatzen ez zen ausartu, pudorea bere baitan aspalditik sartua zeukalako, eta bere jakin-gosea ezin aseturik, aintzinera jarraitu zuen. Mementu zehatz hartan non zeuden bazekitela nabari zen eta edozein une noizkoa zen ere bai. Arrazoin horrengatik, bidai hura laketgarria egin zitzaien nahiz eta haien izaite mugagaitzaren hausle izan. Sap Adanekin ez zen ados eta pertsonai horien mugagaiztasuna biziki mugakorra zela uste zuen, denbora luzeak bere baitan denbora ttiki bat bazeukalako ere.

 

Extralurtarrei eta Bibliari buruz Richardek esandakoari historiaurreko hiru bidailariek kasu handirik ez zioten egiten, batez ere ez zutelako pipik ere ulertzen, bereziki Erekek eta Habilek. Zer ote ziren aipaturiko elohimdar horiek, zer ote Biblia deitzen zuen testu sakratu hori? Leizetik leizera ibili zirenean halakorik ez zen izan eta haiek ere oroitzapeneko bidaian aski pozik zeuden, besteei haien benetazko izaite eta bizia erakusten eta frogatzen zietelako.
Hiruburuak ximinoen gustokoak ez ziren batere izan eta hiru buruko izaki bitxi horiekin zalapartetan hasi ziren, noiz guduka, noiz orroka. Egia aitortzeko, ez zuten ongi ulertzen nola sei pertsonak hemezortzi buru ukan zezaketen, eta hori haientzat sobera zen. Haur bati txontxongilo bat erakusten zaion bezala hartzen zuten haien bidelaguntza, ala hobekiago, ume bati Santa Klaus azaltzen zaion bezalakoa edo hobe oraino, errege magoen hiru buru korotuen aurrean ttikittoek lilurez begiratzen duten bezala. Sinesgaitza! Ezin sinetsi haiek gizaki mundukoak izatea eta, oroitzapenak nagusi, Noeren untzian egon izan balira, popatik hartuak izan zirela bazekiten segur. Bainan, Noerena ez zen gaurkoa eta nardatuta izan arren, onartu egin zituzten, mende batzuen buruan osoki elkar laketuz.
Sapek, aldiz biziki maite zituen, jostailu batzuk bezala hartzen zituelako, batez ere, dantzan aritzen zirenean. Bera oroitzen baitzen nola, leizeko suaren inguruan, lerro luze batean dantzan aritzen ziren, nola hezurrezko txistu paregabeko bat sortu egin zuten eta nola bere orduko lagun batek soinu lillugarriak ateratzen zituen. Ezin ahantzi ere ederraren konzeptua osoki sartu izan zitzaienean, edergintzan izango ziren lehengoetariko urratsak eginez. Habilek gezurtitzat hartu zuen eta orroz hasirik, bultzaka hasi zitzaion. Denek ulertu zuten keinuz iroizten ari zitzaiona hauxe zela, leizetako marrazkiak bere arokoak zirela eta ez Saperenak eta bera eta bere lagunak, jadanik, ehizean harrapatuak horma hotz eta gogorretan marrazten zituztela. Bere gezurra irentsirik, Sap baztertu egin zen, gorri- gorria, bere ahalkea ezin gorderik.

Hiruburuekiko izan zituzten sentimentuak adierazi ondotik, aurrera jotzea erabaki zutelarik, Sapek Richardi esan zion: “ Aizu Richard, hemen denak gure eritziak eman ditugu, gure ikuspuntu zehatza agertuz eta, beti bezala, zerau isilik, deus esan gabe. Nik uste dut zuk uste baino aise gehiago badakizula eta ordua dela zerbait esateko, bai honetaz , baita ere orai arte egin dugun bidai osoaz. Ez al duzu uste? ”
Ximinoak jauzika eta txaloka hasi ziren, haiek, protagonista bilakatuko zirelako jakinaren gainean egoteagatik. Besteek, batez ere Adan eta Eba, esandakoarekin ados agertu ziren eta adierazpen osoak eskatu egin zizkioten ere.
Darwinek hitza hartu zuen: “ Ados, agian ordua liteke nere presentziaren arrazoina zuen aurrean azaltzea, denak, alderantzizko bidai honetan, zuen bizia kurritu duzuelako eta zuen aroa aurkitu duzuelako, zuek ere Adan eta Eba. Egiari zor, nahiz eta ez iduri, ni naiz gazteena hemen eta zuek baino mila eta milaka urte gutxiago daukazkit. Neronek antolaturiko bidaian sartuak zaudete, bakoitxak bere biziaren egia ukan dezan. Munduaren sortzea gauza zaila eta konplexua da, are gehiago gizadiarena. Zientziak, emeki emeki, bainan zehazki azken aroko XX. mendean, aintzinamendu izugarriak egin ditu eta orai arte izandako usteak itzulipurdika ezarri ditu.

Bidaian ikusirik bezala, gizakiak egunez egun bizi izan dira, luzaz, eguneroko bizia baizik gogoan eukirik. Sekulan ez diote heien buruari galdegin nondik zetozen ala nora zihoazten, aski zutelako elikadura lortzeko ehizean aritzea eta orduko eginbeharrak betetzea. Askaziz askazi haien bidea egin dute, sortuz, biziz eta hilez. Zu Erek holakoa zara, behin bi pailazo horienganik zutitua eta lehen aldikotz giza osoa bihurtua,” esan zien jostetan ari ziren bi ximinoak begiratuz.

Ximinoak kesu agertzen hasi ziren.

-Emeki emeki, lan egiten ikasi zenuen, Erek, eta bizirako behar izan zenituen gauzak sortzen hasi. Ehiza izan duzue biek elementu nagusia bainan zuk, Habil, tresna berriak landu zenituen eta abereak hiltzeko arma berriak sortu. Harria lantzeko tresna modernoak asmatu zenituen ere eta poliki- poliki mozkin gizartean sartu.” -Inorrek ez zuen ulertu zer esan nahi izan zuen eta berriro esplikatu egin zien nola Habili armaren punta hausten zitzaionean eta bere zorrozdura ahultzen zenean, arma osoa ez botatzen ikasi zuela, hautsi zitzaion punta baizik. Nolazpait kate lana asmatu zutela luzatu zien ere, bainan denen baldidura aurpegiek zehastasunetan ez sartzea bultzatu zuten.-
“ Zu Sap, gizakiaren iraultzaren aita izan zinen, gogo zorrotza sortu zitzaizulako eta pentsatzeko ahala bizi-bizirik ezagutu zenuelako. Zurekin batean hainbeste gauza berri sartu ziren, hizkuntza adibidez. Oihutik hitzetara pasatu zinenean erabat gizakitu egin zinen eta gizon modernoaren etxeko atea zabal- zabalik utzi zenuen.”- Sap- Sapek Ebari harropuzkeriz beteriko soaldia bota zion.

Ximinoak, jelos, bultzaka eta orroka hasi ziren: Sap! Sap! Sap!

Adan eta Eba, zuena kasu bitxia da, lehen aldiko, bi aro desberdinetako izakiak izaten ahal zinaketela agertzen delako. Hiruburuen antzera, izaki asmatuak zaretela dirudi, munduaren hasieran kokatuak bainan, une berean, berriki ideiatuak. Biblia asmatu eta idatzi zutenean, hau da orain laupabost mila bat urte, erlijioa sortzearen beharra agertu zen eta hebraitar ziren Moises, Isaias, Jeremias, Samuel eta beste batzuek, herriaren ahozko ohiduretan oinarritua, sinesmen bat igarri egin zuten, Jainkoarengan harroindua. Lehen aldikotz, heriotzaren ondoko balizko biziak jatorriarena argira ereman zuen eta, ipuin baten pare, munduaren kreazioa asmatu egin zuten, Edena eta guzi. Fantastiko ixtorio horretan, pertsonai nagusiak zuek izan zineten, inondik etorriak, nonbaitetik asmatuak. Sinesmen behar berri horrek bere bidea eginda, nereganaino iritsi izan da, esan nahi baitut, gizarte berrietan izan diren gizenganaino. Denek lehen gizon- emazteentzat hartu izan zaituztete, munduko kreazioko arokoak, zientziaren frogak agertu arte. Horiek, egin dugun bidaia baieztatzen dute eta alderantzizko bidaian laster ezagutuko duzuen benetazko hasi- hasiera. Zuen asmatzaileen jarraitzaileek, zientziari ezin uko eginez, azkenean onartu egin behar izan dute egiaren egia, bainan lehen aipatu den bezala, haiena ezin behingoz ukatuz, munduaren kreazio kosmologiko eta geologikoari egokitu egin zitzaizkien, gertatuko zen eztandaren sua, Jainkoak piztu izan zuela esanez eta zuek, irudi huts batzuetara bestelakatuz. Horra zuen izaitearen funtsa, bi aroetan kokatua.
Munduko alde batzuetan, batez ere, kondairarik izan ez duten herrialdeetan, munduko bi kreazio izan direla esatera berriki iritsi izan dira, zuen zaharra eta zuen berria. Azken finean, zuek ere, bi buruko izateak izan zintezketen, batto iraganean kokatua, bestea orainean. Hori izan da Hiruburuak bidai honetan onartzeko arrazoin nagusia, zuekin bat egiten dutelako. Haiek geroa ere badaukate eta hori dute haien baitan duten interesgarriena, alderantzizko ikuspegiak goiko buruari iraganari so egitea emaiten diolako, etorkizunerat harroki begiratzen duenak, funtsean, atzeraldera begiratzen duelako eta iraganeko zahar aholkulariak, patuaren berri emaiten diolako, hemen, atzeraldea aurrea delako. Arazo bakarra da zaharrak geroaren berri emaiten diola, bai, bainan maiz etorkizun moldatu baten berri, esperientziak gaztetasun berotik baztertzen dituen uneez osatuta, askotan zahar guziek esandakoa errepikatuz. Biziak eman dien experientziarekin gazte denboretara itzuli nahiko zuten, ohartu gabe, modu horretan ez dela inolaz ere gaztetasun berririk eraikitzen ahal. Zer zozokeria zahar bati entzuten zaionean gazte izan nahi duela zaharreriak emandako esperientziarekin, hori ez baita inolaz ere gazte izatea.

Azken adierazpen honetaz Erek eta Habilek ez zuten deus ulertu eta ximinoak elkar borrokan hasi ziren.

Bere abere maitagarriak baretu nahi, Richardek jarraitu egin zuen ximinoak denen gurasoak zirela esanez. Egia ote zenez ez zekiten, esandako hura ez ote zen borrokan eta orroka hasi ziren txinpantzeak lasaitzeko esana baizik? Bainan Erekek ezetz esan zien, bera nola zutitu egin zen oroitaraziz eta bera baino lehenago zer zegoen adieraziz. Iduriz, denek sinestu egin zuten eta halaxe Richardek borobil guzia osatu egin zuen, alderantzizko bidaian parte hartzen zutenen jatorria argiki plazaratuz.

Zibuloik esan zion: “Bai, ados, bainan uler dezakedanez orai arte azaldu ez duzun zure presentziaren berri nahi zuen jakin Sapek eta zuk, berriz ere, besteen hor egoitea baizik ez duzu adierazi. Esan ba, zergaitik zauden hemen!”

- Bai, ni hemen ez naiz inor, zientzilari bat baizik. Zuen bizi arrazoina erakuts nahiez, nere eboluzioaren teoria benetazkoa dela erakuts nahi nuke eta dibinkerietatik aparte, gizakia munduan emeki- emeki nola sortu eta egin den frogatu nahi nuke. Zuek, argudio bat baizik ez zarete eta hori da hemen egoteko dudan benetako arrazoia”

Denak elkarri begira zeuden, laborategiko sagu ahulak balira bezala eta Darwini begirada zorrotzak bota arren, haiek elkartzeko mereximendua izan zuela baieztatu zioten, denak aroz kanpoko adiskide bilakatu zituelako. Eman zien adierazpena bitxia iruditu zitzaien, hau guzia bere teoria egitzat hartzeko soilik antolatuta ote zegoen? Denei halako hutsaren konplexua sartu zitzaien, ezertarako bizi izan balira bezala. Baina isilik egotea erabaki zuten, hura soberaxko baitzitzaien. Berriz ere ibiltzen hasi ziren.

Adan eta Eba, Zibuloiren adiskideak egin ziren, beti zerbait berri ikasteko prest zeudelako. Jadanik, oraintxe konfirmaturik gelditu zen egia, hau da, lehen giza emazteak ez zirela izan, zehazki jakin zuten, gero haien aurretik Sap, Habil eta Erek bizi izan zirela ere, azkenik denak ximinotik heltzen omen zirela. Gauza asko bat-batean iresteko, bainan debaldetasunean etsitzeko sobera jakingose ziren eta halaxe erakusten zuten.

Hiruburuek hiru denboretako nozioak bere baitan zeukatela ongi ulertu zuten eta geroari begira, harro zegoen gazteari ea urrunean zerbait ikus zezakeen galdegin zioten, ea burua itzulirik eta jatorrirantz so eginik, Jainkorik ikusten ote zuen ere, eta ezetz, ea paradisurik bazagerkion, berriz ere ezetz, sugerik nonbait zagerizkion, han ez zela ezer berriro erantzun zien, argia baizik ez zuela ikusten.
Beste hemezortzi buruek gauza bera errepikatzean sinestu egin zien, bat bederaren itsukeriaren errua izan zitekeela baztertuz. Ederra zen denbora osoa halaxe menperatzea, sortzetik sortzera gerta zitezkeen guztiak ikustea, ikertzea eta ezagutzea. Nork ez zuen nahiko halako ahalmenik izan. Haiek ezagutu zuten Jainkoak halakorik ez baitzeukan.

Bidean segitu zuten. Urrunean, izpi indartsu bat ageri egin zitzaien, ortzadar xuri baten antzekoa, emeki-emeki kolore guziak hartu zituen ortzadarra, zeru gainetik hantxe utzi zuten maldaraino zihoana. Lainoen artetik, iduzkiaren dirdira zagerien eta argi kutxa haren imanak deituta bezala, argi arraia beregana zetorren, bien arteko lotura eginez. Zibuloik hura zer zen galdegin zuenean, etorberriek iturrizko argi kutxa ez zutela denek ikusi konturatu ziren eta Richardek bere burua eskaini zuen haraino laguntzeko. Beharrezkoa iruditu zitzaion bere osotasunean denbora menperatzen zuten Hiruburuek, argiaren sortzea ezagutzea, haien jatorria izateagatik. Dirdira horrek nolazpait ura eta argia batzen zituela zirudielako arras interesgarria egiten ahal zitzaien, biak beharrezkoak baitziren bizitzeko. Uraren antzeko argi isladagarria ezagu beharra zeukaten. Izokina, bere iturburuaren bila erreka gorantz doan bezala, jaio-gunearen toki zehatza ezagutu behar zuten, denbora argia baitzen.

Besteek astokeri galanta zela zioten, geroztik mendez mende ibili zirela jadanik eta hura denbora galtzea baizik ez zela. Nonbait jeloskeri apur bat azaltzen zutela garbi zagerien, Hiruburuak izaki bikain bezain kunplituak izan balira moduan.

Darwinek erantzun zien, arrazoin guziez, ea zer zen denbora galtzea? Eta, kasurik egin gabe, atzeraldeko bidean berriro abiatu ziren, Sap bidekide eta hemezortzi buruak bere gibelean. Zibuloien umoreak, irriño maltzur batekin, atzeraldera ez zoaztela, aintzinaldera baizik, luzatu egin zien. Inork ez zuen irririk egin, Richardek izan ezik.

Joan etorria egin bitartean, beste gainerako guziak lokartu egin ziren, nahiz eta ximino batek, uholdearena gogoratuz, Ebaren gorputza gogo lizunez begiratzen zuen. Hango ilunaren isiltasuna lekuko izan ezik, denborak aurrera jo egin zuen.

Hiruburuak argi-kutxara iritsi zirenean harritu egin ziren, izpi izugarri haren iturria hantxe zegoela baieztatu zutelako. Neniru izeneko haien arteko bat gehiago hurbildu zenean, argi kutxari gertu-gertutik so egin zion, ur ihardesgailuari Narzizen antzeko begirada botaturik. Bat- batean, mirailaren indarrez, Hiruburu baten argizko itxura agertu egin zitzaion, dirdira osoan, kutxa hura benetazko ispilu izan balitz bezala. Ispiluaren antzeko hartan, ez zen lehen bezalako ez ximinorik ezta ere gizakirik agertzen gehiago, argia baizik. Hori zen Richardek Hiruburuek ikustea nahi zuena, nola argiaren argia hantxe zegoen. Neniru horretara ez zegoen ohituta eta bitxiki so egin zion hilobi hari. Argiaren argia zela zioen Richardek bainan berak beste zerbait ikusten zuen, berpiztearen iturria izan zitekeela esan zien. Argiaren argia zela zioen Richardek bainan berak beste zerbait ikusten zuen, berpiztearen iturria izan zitekeela esan zien, hil baten lekua hartu zuen argia zirudiela eta hori zela isladaren arrazoina. Islada bat baizik ez zela luzatu egin zuen, bainan argi horren funtsa beste motakoa zela, biziaren lekua berriz hartzen zuena, nolazpaiteko berpiztea.

Zer pena hantxe ez egotea Adan eta Eba, segur berarekin bat egingo zutela.

Richardek zer esan ez zekien, hura dibinotzat hartu zutelako eta hiruburuak mistifikatzaile lanetatik urrun zeuden. Paregabeko zerbait gerta zitekeela iruditzen zitzaion, denbora osoak bat egitea txantxetakoa ez baitzen. Isiltasunak bere burua agertu zuen, harriturik balego bezala. Berak bazekien bidaiaren azken urratsak egiten ari zirela eta gertakizunak trumilka gainera etorriko zitzaizkiela. Dena azkartzen ari zen, oro amiltzen.
Hemezortzi buruak argiari hurbildu zitzaizkionean argia dantzan ezarri zen, jira-biraka, borobil-borobila bihurtuz, lurraren iduriko pisurik gabeko puxika borobil puztu baten antzera, alde guzietara itzulika, biribilka, zortzi baten antzeko biraka, zorabiaturik egon balitz modura.
Hiruburu jantzien uhain arinez osatuta jira-bira argitsuan hemezortzi buruak agertu ziren, bat bestearen gainean eta, behingoz, iraganak, oraiak eta geroak bat egin zuten kutxa barnean elkarturik. Gauzak hain fite gertatzen ari ziren, munduaren azken uneak zirela iduritu zitzaiela. Zimistaldi ikaragarria hasi zen, argia borborez hasten balitz bezala. Sumendi gori bezain gorri baten pare, argi txuriak bere bikaintasun osoa hartu zuen eta bat- batean itzali zen.
Tipustapan, animaleko eztanda entzun zen eta mundua ilunpetan desagertu zen, planeten dantza berrian sarturik. Hori bai alderantzizko bidaia! Hemezortzi planeta itzulika hasi ziren, milaka eztanden artean eta lurraren jatorria behingoan agertu zen: Hutsa.
Hutsa ederra zen, bakoitxak bere gisara irudikatzen ahal zuena. Dena ezin lasterrago gertatu zen, alderantzizko bidaiaren biziari burua moztu balioten antzera, ezbehar batean bizia galtzen balitz modura, sortzea heriotza bezain lasterra izan balitz bezala. Horretan zegoen gakoa, fitetasunean, hain luze izan zen bidaiari lasterrak gaina hartzen ziolako.

Bidean lotan gelditu zen tropa hegaldakan agertu zen, indar magiko batek bultzaturik, galdezka ea zer gertatu ote zen. Richardek Big- Banga izan zela erantzun zien. Harriturik so egin zioten. Hantxe zairaten Noe eta bere abereak, Jainkoa eta bere debekuak, Elohim eta bere menpekoak, Adan eta Eba eta haien zalantzak, Manu eta Madi eta bere ikerketak eta Claude Vorighon eta bere sekta, denak, hegaldakan zihoazen, liburu magiko haren orri hegaldarien artean, ea non pausatu haien oinak. Ezezagun zitzaien beste norbait haien aurretik hegalda lasterrean pasatu izan zen ere, gorputzik eta bururik gabeko jauzian, xehatuta, bolbora arrastoak sabelean, bertset ulergaitz batzuk ahoan.
Belaunikaturik zairan hura nehork ez zuen ezagutu.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Itzultzaileen itun berria

 

 

Halako airetasunez aspertuta eta Richardek luzatutako denboraren zehastasuna aukeratzeko ahalmena baliatuz, puzzle hark eskas zeukan pieza eskuratu behar zutela erabaki zuten. Ohiko liburu zaharraren zonbait orri salbatuak izanez, Adan eta Eba, menturaz, hatzaparretan harturiko idazkiaren orri banandurietako helburua jarraituz, oraitik kanpo zeukaten antzeztoki hartara joatea erabaki zuten eta entzunlarien artean jarri ziren, itzultzaileen kondairaren azkenak aditzeko gertu. Richardi hantxe gertaturikoa jakinaren gainean egonda, mozorrotu egin ziren, badaezpada ere, eta bertako itxura zeukan bikote amoros baten pare, eskutik helduak, azken lerroan eseri ziren. Darwin beti preso zegoela entzun zuten eta Parot doktrina aplikatu ziotelako, luzaz kateturik egon beharko zuela oraino ere entzun zuten. Haien asmoa ez zen areto horretan luzaz egotea, han esandakoak, jadanik, ezagutzen zituztelako, handik ateratzerakoan gertatuko zitzaien gauza jakin hura bizitzea baizik, hori baizik ez baitzen falta alderantzizko bidaian, bainan mixterio hori bizi izateko, antzokiko itzultzaileen hitzaldiaren azken zatia entzun behar zutela bazekiten. Isil- isilik, buru belarri egon ziren.
Idazleak haien kontakizunen bigarren partearekin hasi zirenean, jendea nahiko aspertuta zegoen, haien hitzaldi luzean Bibliaren pasarte gehienak irakurri eta adierazi zituztelako. Hark Tel Avivekoa zirudien. Hasieratik lebitarrenera, zenbakietatik Deuteronomiora, profeten hitzetik erregeeneraino, Isaias eta Jeremiasetik Jonas eta Zakariaseraino, salmoetatik esaera zaharretara, kanta ederrenetarik Esther eta Judith emaztenganaino, eta hala beste hainbeste, Jeremiasen gutunetik Daniel grekorenaino, Bibliaren Itun Zaharrean zagerten den-denak, zinez osotasun aspergarria. Eskerrik denboraren nozioa murriztu egin zitzaien ere eta nahiz eta luzea izan, biziki laster adierazi izan zuten. Bigarrena irakurtzen hasi zutenean, hau da, Itun Berria, jendearen artean zonbait kexa sumatu zen. Aretoan zeuden fededun amorratu gehienek protestalariak isiltzera bulkatu zituzten eta juduek sinesten ez zuten Jesusen jainkotasuna aipatzen zuen Bibliaren arloaz mintzatzen hasi ziren, giro nahiko baketsuan. “- Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen; eta elkarrekin bizi aurretik, haurdun gertatu zen Izpiritu Santuaren egitez.....” Claude Vorignoek kontaturiko mistifikazioa gogora etorri zitzaien.

Berehala Adani hura lasterregi kontatua zela iduritu zitzaion, Big- Bangaren moduan laster bukatzeko gogoa izan balute bezala, hari zehatza kontatzeko lotsa izan balute bezala, maiz Biblian pasarte garrantzitsuenak lasterregi isuriak zeudela iduritzen zitzaizkiolako, batez ere munduaren kreazioarenak. Haien sortzearen kontakizuna, adibidez, zientifikoa baitzirudien, karratua, lau hitzez esana, ezin eztabadatzeko modukoa. Bainan eritzi bat baizik ez zen, eta agian, mota horretako liburu bat idazterakoan, zehastasunez ez oztopatzea hobe zitekeen, funtsa baizik erakusteko, besterik atxikitzea ez zutelako batere interesgarri. Gauza berdina gertatu zela munduaren bukaerarekin iduritzen zitzaien.
Inpresio hori izan zuen Adanek. Ebak isiltzeko esan zion, ez zela horretaz mintzatzeko unea.
Lehen pasartea irakurri zutenean eta oroitzapen tinkoak heldu zitzaizkielako, elkar begirada konplize bat gurutzatu zuten, orduan ere, Eba bere sahetsetik jalgi izan zelako. Horra beraz, Jesus, aitarik gabeko amaren sabeletik aterata, lehen emaztea ama batenganik atera ez zen antzera. Orai denak kitto, arrak eta emeak!
Ipuinarekin fitxik ikustekorik izanda, Ebak, lehen aldiz, zerbait arraro senditu zuen bere sabelean eta oka egiteko gogoa sartu zitzaion. Bitxia. Noiztik ez zuen harreman berezirik Adanekin izan ez zen oroitzen, ezta ere Saperekin izan zuen sexu harreman gordea. Bidaian zehar, denboraren nozioa galdu izan zutela ere ez zen gogoratzen, ezta ere argiaren iturburu garrantzitsuena....

- “Jose , Mariaren senarra, gizon zuzena zen- jarraitu zuen hizlariak- ez zuen hura salatu nahi eta isilean uztea erabaki zuen. Asmo horrekin zebilala, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan eta esan zion: ” Jose, Dabiden ondorengoa, ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko, harengan sortua Izpiritu Santuarengandik baitator. Semea izango duzu eta Jesus ezarriko diozu izena, berak askatuko baitu bere herria bekatuetatik...” “ Hara, birjinak haurdun gertatu eta semea izango du, eta Emmanuel jarriko dio izena, Jainkoa gurekin dagoelako. Esnatzean, Jaunaren aingeruak agindua egin zuen Josek, eta Maria emaztetzat hartu zuen. Eta ez zuten ezkontza harremanik izan, Mariak semea izan arte, eta Josek Jesus izena ipini zion”.

Adanek, ostiko arin bat Ebari emanik, zer gertatzen ote zitzaion galdegin zion, hain gertu zeukazkiten sahetsarena eta bidaian gertaturiko gorabeherak. Haurdun ote zegoen Eba? Halaxe zirudien, behintzat, eta ipuinlariaren ixtorioa entzun ondotik, ea haren hitzek indar berezi bat ote zeukaten bururatzen hasi zitzaion Adani, gogoan ez zuelako berak ere batere elkar harremanik eta gauza horiek ez ohi dira oroitzapenetik galtzen.
Hitzaldia aurrera joan zen, nola ekialdeko jakintsuak Beleneraino izar bat gidari, Jesus gurtzera hurbildu ziren, nola Egiptora ihes egin behar izan zuen eta Belengo haur guzien hilketa nola gertatu zen ere.
Berriro kondaira errepikatzen ari zela pentsatu zuten eta egile berdina izan zitekeela ere. Autobiografikoa litzatekeela pentsatu zuten ere bai, egileari gertaturikoa, eta forma izkutu batean eta pertsonai berri batengan agertarazia. Bainan gogoetak baizik ez ziren.
Halere, kontaturiko guziek haien alderantzizko bidaiarekin zerikusirik bazeukaten, izar batek tropa ibiltariaren bidea markatu izan balu bezala. Jainkoarenganik salbatu izan nahi bezala, Egipto alderako ihesaldia ere horri lotuta zegoela sumatu zuten, lehenbiziko gizon emazteak ez zirela konturatu zirenetik Jainkoa haien atzetik baitzebilelako.

Bikote maitemindu baten antzera eta konplizitate hutsez, Ebak bere gizonari irri ttiki bat egin zion, ezpainen artean xuxurlatuz ongi egina zela, halere. Aita hain gaiztoa izanda, merexi zuela semeak Herodesek harrapatzea, bainan hori ipuina errealitate bihurtzea baizik ez zen. Inork ez zuen esandakoa entzun eta haientzat hobe, bitxia litzatekeelako ustez eta kreaturiko lehen emazteak Jainkoaren semea modu horretan hil nahi izatea.

Itzultzaileek haien kontaketa jarraitu zuten Jesusek jasanduriko tentazioekin, harri batzuk ogi bilakatzea esan ziotenean baina berehala Jesusek Jainkoa ez tentatzeko idatzia zegoela erantzun zien eta adoratu behar zela,” Alde hemendik Satanas!” oihukatuz. Oihu horiek Edenean bizitakoa gogorat ekarri zien, sugeak sagarra jatera tentatu zuenean, bere helburua osoki lorturik. Jesusen bataioaren pasartea irakurri zuten eta Joan Bataiatzailea nola giltzaperatu zuten ere. Zoriontasunak aipatu zituztenean jendea biziki hunkituta zegoen, Adan, aldiz, batere ez. Ebari ezin izkutaturiko irrifar handik jalgi egin zitzaion ”- ez hil inor” manamendua entzun zuenean, ” eta hiltzailea kondenatua izango da” esanarekin bukatu zutenean. Hori al zen Jainkoaren semearen hitza? Gutti oroitzen zen Noeren denboran Aitak sorturiko uholdeaz, mundu osoa suntsitu eta erail zuena. Nola zitekeen Jainkoarenganik zuzen- zuzenik etorria, Aitaren erailketak modu horretan ahanztea eta hitz ona lotsarik gabe zabaltzea? Bainan aita baten gauzak ez al dira ohi defenditzen basakeri bat izan arren? Klan bereko defentsa ohikoa baita...
Aretoan zegoen jende guzia itzuli egin zen ea nor ausartzen ote zen horrela trufatzea, bainan inork ez zituen ezagutzen.
Adulterioa aipatu zutenean, hau da “- Ez adulteriorik egin! Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak egin du jadanik adulterioa bere bihotzea”. Ebak, berriz ere, irri ikusezin egiteko gogoa izan zuen, hain xelebre bezain krudela zen esaldia. Krudela, alderantzizko bidaiaren hasieran, erlixioz beteriko jende beltxaran batzuk emazte bat harrikatzen ikusi zutelako, bere bularraldekoa apur bat agerian utzi zuelako eta gizon batzuk, gose lizunez, hari begira egon zirelako. Xelebrea, bera ere tentazio horietan erori izan zelako eta Sapen itxura gogora itzuli egin zitzaionean, oroitzapenetik kanpo botatzea nahiago izan zuen. Gainera, haien amodioaren fruitua ez zen sekulan sortu, agian, denboratik at egoteagatik edo Jainkoak bere lehen sormena defenditzeagatik? Nork daki?

Harridura izugarriena altxatu zitzaien Jesusek mendekuaren aurkako hitzak aipatu zituenean, Aitak mendekua bere zainetan sartua zeukalako eta senak ez direlako halaxe ezabatzen. “ Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain. Nik berriz, hauxe dautzuet: Gaizkileari ez gaizki erantzun; bestela baizik, eskuineko masailan jotzen zaituenari eskaini beste masaila ere; soinekoa kentzeko auzitara eraman nahi zaituenari, eman soingainekoa ere; norbaitek kilometro bat egiten behartzen bazaitu egin bi berarekin. Eskatzen dizunari eman, eta dirua uzteko eskatzen dizunari ez ukatu.” bainan ere: “ Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztenen alde; horrela, zerukoa zeuen Aitaren egiazko seme alaba izango zarete, hark zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzengabeentzat isurtzen euria.” .

Adanek hitz horiek entzuterakoan eta , “Aitak” animaleko barrabilak zituela pentsatu zuen, etsaientzat zeruko atea irekita zeukala zioelako eta arerioak bihotzez maitatu behar zirela esanez eta haiek huskeria batenganik Edenetik bota...
Berak maitatu duen bezala maite behar balira, denak itota egongo lirateke uholde baten uretan, Noeren untzian denentzat lekurik ez zegoelako. Eta orai, semea aitaren ukatzaile galanta bezala agertu? Kontraesan asko bazagerien.
Ebak bere maitea baretu nahiez, bere hanka mutil lagunarenaren gainean goxoki ezarri zuen eta eztiki esan zion: “Xo, maitea, guk eta gure senideak jasan ditugunak ahantzi behar ditugu, hori da esaten ari zaiguna. Ikus, lehen aldiz irakurri duten guztiaren artean benetazko irudiak agertzen zaizkigu, bihotz onekoak izan gaitezen, eta horrek sufriarazi egin dizkigutenak barkatzeko eskatzen digu. Ez da erraza, badakit, bainan entsaiatu beharko genuke, bestela nola bizi?
- “Arrazoin duzu Eba, bainan nahiago ditut Erek eta Habil hauxe baino, haiek bederen sano- sanoak dira, azpiko eritzirik gabekoak. Hauxe guretzat korapilotsuegia ez al da?”
Ebak lasaitzeko erantzun zion, hainbeste jendek hitz hori ez zutela ulertuko esanez, baina fedea halaxe zela, itsua. Aintzinean zegoen ikuslearenganik, xooooo luze bat jaso zuten eta isildu ziren.

Emaztea aretoaren izenez gogartu zen eta ”Harpe” hura nahiko bitxia egin zitzaion. Orai arte honen esanahiez inor ez zen konturatu eta izen hori gizaldiz gizaldiz hortxe zizelkaturik zegoela iduritzen zuen. Orai bai ohartzen zen, goiko parteko arkitekturak leize goiko zola baten forma zeukan, borobil xamarra, estalaktita negartiarrak osatzeko gertu bezala, areto barnean zeuden guziak prekondairarekin bakea egin behar balute bezala. Txantxetakoa ez baitzen bikotea izan zitezkeen lehen gizon emazteak munduaren hasieran kokaturik ez egotea, Bibliak kontatzen zituen guziak hebraitar arokoa baitziren, orduko gizarte modernoan ezarriak eta hori asmatuta baizik ez zegoela zerakutsan. Areto honen formek eta izenek Erek, eta Habil eta ziminoekin bat egiten zuten, textu sakratuetan kontatutakoa baino lehenagorik bizia bazegoela nolazpait aitorturik. Ebaz aparte, nehor ez zen horretaz ohartu eta bere gogoetak gizadiaren jatorriari lotuak zeuden. Bere bildur bakarra heriotzak bere sudur punta agerraraztea zen, jatorriarekin bat egiten zuelako, batez ere, erlijiozko kontuetan. Fedearen beharra eta gosea halaxe agertu zela bere baitan zerabilen ere, heriotzaren ondoko misterioak haiek ziren protagonisten jatorriaren kreaziora zekarrelako, hori baitzen erlijoaren funtsa bakarra. Eta legezkoa zuen orai, aretoan bizitzen ari zen une zehatz honetan heriotzaz ikaratzea, hori sentitzen baitzuen bere dardaretan.
Txaloak ugaritzen ari ziren itzultzaileen lana laudoriatuz. Gehienek, denborari ostiko bat emanez, hizlariak itzultzeaileak baizik ez zirela ahantzia zeukaten eta egileentzat hartzen zituzten, haiek Biblia idatzi izan balute bezala. Egia esateko haien jokamoldeak horretara erematen zuen, hain dotore zuten solasa.
“Gure Aita” otoitza aditu zutenean jadanik nonbait entzun zutela bururatu zitzaien, non aldiz jakin gabe. Baraua, zeruan irabazten den aberastasuna, barneko argia gaiekin segitu zuten, esanez ezin zela inor bi nagusiren morroi izan; -” izan ere bata gorroto izango du eta bestea maite, edota, bati men egingo dio eta bestea begitan hartuko”. Jainkoaren eta diruaren morroi ezin zitezkeela izan esanez bukatu zuen. Bikoteak ongi zer zen dirua ez zekien eta hura gogoaren menetik kanpo zeukaten, konzeptu berriak zirela ohartuz. Bainan Jainkoa hain modernoa ez ote zen?
Biak zerbaitetaz ohartu ziren. Esandako guziek zentzu guzia har lezaketela banan- banan esaterakoan eta horixe zela mezua pasarazteko bide zuzenena. Behin norbaitek aipaturiko zooma bururatu zitzaien, kreazioa abtsraktu zehatzetik etor zitekeela, hau da, puzzle baten antzera, ulergaitzak ziren zati ttiki guziak elkartuz, elementu ulergarrietara heltzeko, azéken finean ttikitik handira eta ez alderantziz. Esaldi bakoitxari zerbait erantzuteko bazuten, sistematikoki kritikan aritzen diren horien pare, ez ziren horretara debaldetan etorri eta hori zen bereziki Ebak gogoko zuena. Axolarik ez zioten eman.

Jesusek hamabi apostoluak izendatu zituenean izen ezagunak zirudizkien. Aholkuz akolku adi egon zitzaien, hauxe egin behar zutela, beste hauxe ez, nori beldur izan behar zioten, nori ez, eta berari zer zor zioten adierazten hasi zitzaien.
”Zatozte niregana- zioen, -Nik emango dizuet atseden. Hartzazue nire uztarria eta ikasi neregandik....”
Bikotea aspertzen ari zen, beti gauza bera errepikatzen baitzuen, Jainkoa maitatu behar zela, modu batez edo bestez, eta zuhaitza eta fruituarena entzun zutenean sutan ezarri ziren. Hauxe baitzioen: ” Emazue zuhaitza ona dela: fruitua ere ona izango da. Edota zuhaitza txarra dela: fruitua ere txarra izango da. Zuhaitza fruitutik ezagutzen da. Sugekumeak! Nola esan zenezakete gauza onik, berez gaiztoak izanik? “
Zer kopeta! Aitaren semearenganik hori entzutea, bera fruitu onetik heldu balitz bezala.
“- Nork kondenatu ote gintuen?- luzatu zuen Ebak- Nork emaztea baztertu eta gizonaren morroi bihurtu, bide zuzenetik ez sorrarazteagaitik? Nork sugea igorri eta hilzorian denak sartu? Nork ni, haurrak ukaitean, oinazeak eukitzera zigortu? Nork Edengo baratzetik gu kanporatu eta betiko bota? Eta makurretan makurrena, nork gizadi osoa erail eta uholde izugarriz ito? Eta nork ondoko gizarteetan injustizia, gose eta pobrezia onartu? Nork lurrikarak, suteak eta tsunamiak sortu? Nork? Jainkoarenganik munduan den guzia gertatzen omen bada behintzat. Ai ama Adan! Zuhaitza fruitutik ezagutzen bada, fruitua zuhaitzetik ere eta hauxe omen dugu haren semea. Goazen hemendik! “

Liburuaren azken orri bakarra eskutan tinkaturik, handik isilka atera ziren eta bitartean txaloak ugaldu egin ziren, Jesus uraren gainean ibili omen zelako esaten ari baitziren, bost ogi eta bi arrain gosez zegoen jendea asetzeraino bidertu zituela ere, hurbiltzen zitzaion gaixoak sendatzen zituela ere. Eta esku zartak ugariago. Txalo! Txalo!
Jadanik kanpoan Ebak pixka bat itxoiteko ea zer zioten Adani esan zion, eta atearen gibeletik entzuten gelditu ziren, bi haur zirtzil batzuen pare. Beste hainbeste eri eta haur sendatu omen zituela entzun zuten, berriz urririk jatera eman zuela ere. Azpijokoz, nola fariseutarrek Jainkoaren seinale bat eskatu zioten kontatu zuten ere eta nola Jesusek -“Arrats gorri, bihar eguzki!”- luzatu egin zien arratsean, baita ere goizean-” Goiz gorri, arrats euri-”, inork ezer ez ulertuz. Fariseuen antzera, haiek ere handik lekutu egin ziren, nahiko etsituta.
Bitxia zen ikustea nola Adan eta Eba hain aldakor izan zitezkeen, denetarik hain laster erabat konbentzituta eta hain eragingarriak bihurtuak. Begira bestela: Lehenik lehenbiziko gizon emazteak zirela zioten, gero beste aro batekoak izan zitezkeenik sinetsiak egon ziren bidaiako gazteenak zirela erabat onartu arte, geroago Jainkoak mundua ez omen zuela sortu, hurren azkenik, berriz ere argi hura Jainkoaren argia izan zitekeela eta azken-azkenik, orai, Jainkoarekiko esandakoez irrifar trufakarietara iritsi. Nork zuen ulertuko halako aldakuntza ahalmena izatea?

Alde egiteko emandako lehen urratsak egiten ari zirelarik, barneko hitzak adigai zituzten oraino. Haiek zioten Semearen heriotza hurbil zegoela, eta Jesusek aintzinetik hori bazekiela, baita ere Judasek salduko zuela. Apostoluekin azken afaria izan zutelarik betirako geldituko ziren hitzak esan zituen:
“-Hartzazue eta jan, hau nire gorputza da”-eta kopa harturik- “Edan guztiok honetatik, hau nire odola baita, Jainkoarekiko ituna berrituko duena, bekatuak barkatzeko guztien alde isuria.”

Bat- batean eta kirikeka aritzeko berriro hurbildu zirelarik, iluntasun tinko batek eguna estali zuen eta haien lekukotasun isilari mehatxu bat eman nahi edo, herriko kaleak beltzatu zituen osoki. Zer gertatzen ote zen, gauaren ordua ez baitzen oraino iritsi? Misterioz aseak zeuden eta eskas zeukaten igurikaturiko pasartea laster biziko zutela sumatzen zuten. Alderantzizko bidaia galderaz galdera osaturik egon ondotik, berriro, hemen, ezagutzen ez zuten leku honetan, jakingabetasuna gainerasotzen ari zitzaien. Belztasun ikaragarriak urduri ezarri zituen eta elkarri galdezka hasi zitzaizkion ea hura ez ote zen Sapi entzundakoa, lurraren beste aldean iduzkirik ez zegoela hemen dena argitsu zelarik? Ez ote zen beste alderdi horretara, ohartu gabe, jauzi egin zutela edo iduzkia joko tzarretan trufaka ari zitzaiela? Tokiz aldatu zutela segur zegoen, hortxe ez baitzegoen areto gehiagorik, ez antzokirik, ez itzultzailerik ez eta textu sakratuen komentariorik ere. Dena desagertua zegoen, hura leku bera ez baitzen.
Zer debru gertatu ote zen? Argi-neurgailu zen kutxa bitxi hark bere ahalmena galdu ote zuen ala ametsetako balizko bidai batean, beste aldean zegoen parekorako bideraino iritsi ote ziren? Bazekiten bakarra kale izkina hartan egiazki zut-zutik zeudela eta alderantzizko bidaiak eskas zituenak hantxe bizi izan behar zutela. Alta, zerbait arraro gertatzen ari zen. Ebak Edenetik bota egin zituztenean bizi izan zuen sentipen ber- bera bere baitan sentitzen zuen, mundu zaharrera hatzaparrez eratxiki nahi eta ezin. Ilunbea pisua zen, Jainkoak asmaturikoaren antzekoa. Handik lekutzea erabaki zuten eta kalez kale eskutik heldurik zerbait ezagunaren bila urrundu ziren. Hiri horren karrikak erabat arrotzak egiten zitzaizkien eta, denboraren nozioaren galdu ondotik, haien ardatz geografikoa galdu egin zutela ere ageri zen. Haien kokapenaren nozioak ihes egin ziela azaltzen zen ere, bainan liburu zaharraren azken orrian idatzitako patuari ezin uko eginez ez ote zeuden? Hori guzia idatzita baitzegoen, baita ilunbearena ere.
Hura Erroma ez zela konturatu ziren, jendea latinez ari ez zelako eta begi bistan zituzten eraikinak handitasunik gabekoak zirelako. Zein ote zen herri hura? Atenas? Ez, zalantzarik gabe, ez baitzuten ezagutzen, Tel Aviv agian? Ez! Hogoigarren mendeko hiri berria izanez, ezinezkoa zen, agian liburuaren iturburu zen Baionan ? Are guttiago! Hiruburuen sorterria? Ez! Begi aintzinean zeukatenak itsasorik ez baitzeukan eta gainera ihauteria ez zen.
Gune eta uneari loturik zeuden elkar solasak ulergaitzak zituzten eta Hiruburuek iragana, oraia eta geroa nahasi zituzten antzera, hantxe, inongo herri eta denbora hartan, logikak buru-buztanik ez zeukan. Zekiten bakarra zen hitzaldian kontatu zutena herri judu baten ixtorioa ez zitekeela izan, judaismoak sinesgaitza zuen Jesukristoren abentura kondatzen ari zirelako. Beraz, liburua ez zen judua, horixe bera agertzen baitzen eskutartean zeukaten azken orri hegaldari hartan. Gau tinkoak mundu berrian zeudela erakusten ote zuen? York Berrin ala Filadelfian edo San Frantzisko ala Los Angelesen? Gau beltzak lurreko beste aldea izan zitekeela zerakutsan bainan bidai berririk ez zuten batere egin, orduan? Amerikarrek asmaturiko bigarren kreazioaren unean bizi ote ziren, Adan eta Eba berriak izanez? Zozokeri galantak!

Orri bakan hura eskutartean harturik, eskas zituzten azkeneko guzietan zer idatzia ote zegoen igartzen hasi ziren eta Ebak Adani erlijioaren zutabe berriaren sormena zitekeela iradoki zion, orai arte areto hartan entzundakoa berrituko zuen ixtorioa. Nork zekien bada? Ebak etorkizuna igartzeko aski trebea zela jadanik erakutsi egin zuen, Adanek, aldiz, batere. Suntsituta egon arren, orri bakan horrek bere podere magikoa bizi- bizirik bere baitan zekarren eta Ebaren borondate ona ikusiz eta zeruaren pare, bere hizkiak gardendu zituen, Jerusalemeko olibondo baratzetik hurbil zeudela adieraziz, Golgotha mendia parez parez eukirik.

Bazekiten bai alderantzizko bidai horretan zerbait garrantzitsua ahantzi egin zutela, Jainkoarekin hurbiletik zerikustekorik zeukan zerbait, bere familiarekin, are gehiago, bere balizko semearekin lotuta zegoena. Denboran zehar iragaitea ez zuten izan gauza erraza eta nonbait akats bat izan zitekeenik bazekiten, baita ere Richardek. Adanek susmo txar bat ukan zuen, ea honek ez ote zuen Jesusen hiltzearen pasartea nahiez bazterrean utzi, Bibliaren itun berriaren berri inork ukan ez zezan? Ez ote zuen Richardek begiz ikus zitekeen zerbaiten ondoan itsurik iragan nahi, bere teoria osoa zutik gera zedin? Zozokeri bat zirudien. JesuKristok pairatutakoa egi eta ikusgai izan arren, ukaezina, beraz, hori ez zen zalantzan ezartzen zena, bere jainkoaren semetasuna baizik, eta hori biziki subjektiboa zen. Halere, hori zen bera erailtzeko arrazoina, erregeen errege bezala agertzen zelako eta bertako poderetsuei horixe zitzaien onargaitzetan onargaitzena.
Adan eta Ebak nonbait halako atala berriz ikusi behar zutela erabaki zuten, alderantzizko bidaia ezin zuketela bukatu hori gabe, azken finean, heien sortzearekin batean, hori baitzen haien ohiko fedearen funtsa. Richardek luzatua edo, atzera eta aurrera ibiltzeko ahalmena jaso izan zuten eta ' Action replay” baten antzera bizitako irudiak berriro ikusten eta bizitzen ahal zituzten. Susmo argi bat bazeukaten, ahantzitako pasartean, berriz ere, argi- kaxa haren berri ukan behar zutela, agian, horren gakoa eta adierazpen zentzuduna.
Beraz, antzokitik ateratzerako unetik oraintxe bizi izan zuteneraino, egonlekuz benetan aldatu izan ziren, gurutzaturiko jendea ez baitzen batere jende bera, etxeetako arkitektura ere biziki aldatua baitzegoen eta parkean olibondoak zagerten. Hainbeste gauza ezezagunen artean, norantzarik gabeko ibilera hiritar batean murgildu egin ziren.

Haien helbururik gabeko ibileran hiri berri guzia oinez kurritu zuten eta denborarekin
zerikusirik ez zeukaten gauza ugari agertu zitzaien. Kalez kale ibilki, zurrumurruak entzuten hasi ziren, han hemenka, auzoz auzo.
Bizitzen ari ziren aro berri horretan, Jesus loturik preso hartu zutela zioten eta, erregeen erregea bere burua laudatzeagatik, gurutze batetik zintzilkatu behar omen zutela ere. Denen ahotan gauza bera entzuten zen, bereziki Ghelsemainen, han berriki Jesus atxilotu omen zuten lekuan. Haien ibilaldi hartan buru belarri egon ziren gertaturikoen berrien jakin gosez. Ez zekiten zer sinetsi eta zer ez, karriketako jendeak hainbeste gauza esaten baitzuen, egia bezain gezur, neurtuta bezain hantuta. Nahiz eta biziki eragingarriak izan, gauzak neurriz hartzen ikasi zuten, batez ere haien bidaietan, baina zalantza izugarriak sortzen ari zitzaizkien gurutzatzen zuten jendea ikusiz. Denak arras hunkituta zeuden, Kristorengan sinesmen itsua balute bezala eta egiten ari zitzaiotena jasangaitza zeukaten. Hori zen giroan sumatzen zena.

Kale Nagusiko izkinean hesi batzuk aurkitu zituzten, handik aintzinera jarraitza debekatzen zutenak. Hantxe zeuden zaindari lantzadunen itxura bortitzak beldur ematen zuen. Edenetik bota egin zituztenen antzeko gudariak ziruditen. Manatze zorrotzei jarraituz, egun horretan hartu zituzten sekuritate neurriak biziki bortitzak ziren eta inork ezin zuen aurrera segitu.
Ezkerreko karrikaren erdian ikusi zituzten kupelak, taberna bat zegoela adierazi zien. Harat hurbildu zirenean, taberna harkor bat zela konturatu ziren, “Aroies” izenekoa. Publizitateak zioenez, hantxe saltzen zuten ardoa “Noe” markakoa zen eta paretan itsasturik zegoen afixak, Noeren arka-untzia mahatsondo baten erdian zerakutsan.
Barneko giroa bizi- bizia zela oharturik, bertan sartu ziren. Hasieran, futbol partida baten derbyetako giro alai batean sartu zirela uste izan zuten, jendea trumilka zebilelako, ozenki mintzatuz, jar -mahaietatik sal- mahaietaraino abiatuz, noiz txaloka, noiz oihuka, komentario biziak egiten. Atzean zegoen beste gela batean telebista handi bat zegoen eta “Aro 7” kateak Jerusalem herrian gertatzen ari zena zuzenean ematen ari zen, irudiak lagungarri. Ostirala zen. Han gurutze bat soinean zeraman preso bat hilbiderako bidean zihoala zagerien. Erramu koro arantzatsu bat buruan sarturik zeukan. Pairamenez josirik, nola lurrerat erortzen zen ageri zen, behin eta berriro, publikoak nola iraintzen eta txistukatzen zuen ere, espaloietan zegoen jendea errege galtzailearen aurka oihuka ari zen bitartean. Horra, beraz, zaindari lantzadun haiek hain trebeki babesten ari zirena eta orai zuzenean emandako irudiek Golgota mendia zerakusten. Erortzez erortze, kondenatua goraino iritsi zenean, nahiko kolpatua zegoela zirudien. Han ere kasko puntaraino zeraman bidea itxita zegoen, erromatar lantzadun soldaduak zaindari. Familia baizik pasatzen uzten ez zuten egin eta pantoka haren kaskoan, bi gizon, ezker eta eskuineko gurutzeetan jadanik lotuta zeuden. Batto Barrabas lapur ezaguna. Hunkigarria izan zen ikustea jendea “ Barrabas! Barrabas!” oihukatzen, ea Jesus eta beraren artetik nor libratzen nahiago zuten galdegin zitzaionean. Plano itxiek jendearen amorrua erakusten zuten, gorrotoa ere, denek, aho batez, Barrabas hautatu zutenean.

Tabernako giroa berotzen hasi zen eta denak gorabibaka ari ziren, Barrabas! Barrabas! Barrabas! Ozenki builaka ere.
Kristo erdiko gurutzean iltzatu eta altxatu izan zuten. Azken lantza kolpea bihotzean emanik, hantxe erail egin zuten. Irudien dramatismoa hunkigarria zen, adin ttikikoek ez ikusteko modukoa, bederen. Tabernan isiltasuna nagusitu egin zen nahiz eta alde guzietakoak egon. Egiari zor, batzuek haien barne sentimenduak ez zituzten gehiegi erakusten ahal, herabe batzuen moduan baitzeuden, isilik, hura argiki erakustea debekatua izan balitz bezala. Alde batetik oposizio politiko baten bilgunea zirudien, erlijioak eta politikak bat egiten zutelarik, erregeen erregea erlixio mezu batengatik bere burua proklamatzea ez zen erraz ulertzen eta poderearenganik politikatzat hartzea legezkoa zirudien. Etorkizunak ez zeudela hain oker erakutsiko zuen. Bestetik, erailketa politikoaren aldekoek sorbalda gainetik begiratzen zituzten, mespretxuz.
Adan eta Ebak, ardo pote bana hartu eta jendea goitik behera hauteman ondotik, handik ihes egin zuten, bereziki Jainkoaren semea zela esaten entzun zutenean. Zer Jainkoa ote zen elkarri galdegin zioten, haiek kreatu egin zituena? Hura harrigarria bezain jasangaitza iduritu zitzaien.
Hemen zerbait argi eta garbi zagerien, Richardekin bizi izan zuten denboraren soka trezatu luze horretan, aro gazteena eskas zegoela, bidaia haien bien sortzean eta Noeren uholdean hasi zutelako, prekondairari begira, bainan aro modernoa eskas zegoen. Orai bizitzen ari ziren unearen garrantziaz agian ez ziren konturatzen ahal eta puzzlea osatzeko azken pieza begi aintzinean zutela ere ez.
Ostatutik atera eta hirian zehar ibiltzen jarraitu zuten, bertan lo egitea erabakiz. Zer arotan zeuden ez zekiten batere eta azken orri hark zekarzkien lerroak irakurri zituzten. Itun Berriaren bigarren parte hartan gertatu zen guzia zehazki adierazita zegoen.
Biharamunean ea giroa lasaitu ote zen ikusteko, tabernara itzuli egin ziren bainan tabernalariaz aparte, beste inor ez zegoen. Telebista piztuta zeukaten. Bertara sartu eta jabearekin hizketan hasi ziren, goiz hartan, bestean eta hirugarrenean ere. Kafea nahiko ona zen. Azken egun hartan tabernariak esan zien arratsaldean, zuzenean, hirugarren kapitulua telebixtan eman behar zutela eta bertara hurbiltzera gonbidatu zituen.

Orai bai bidaiaren azken partea hasten zitzaiela ohartu ziren, Jesu kristoren epaiketa eta hilketa horrek oinarrituko zuen gizartearena. Haien burua aktualitatez beterik zekusten, bikotearen kreatzailea honen aita baitzen ere eta Hiruburuek erakutsitako denboraren nahasketa pil- pilean agertzen zitzaien. Hau guzia ipuin batean baizik gerta zitekeela egitan ohartzen hasi ziren ere. Halere, goxo zuten haien burua nonbait berraurkitzea.

Telebistak bere kolorezko irudiak zerakutsan eta boza apaldurik egon arren, beti marmarka ari zen. Adanek galdera bat egitera ausartu zen, ea zergaitik herri berean gertatzen ari zen kondenaren hilketa telebistaz zuzenean ikustera jendea zetorren, hantxe bertan zegoen urrizko ikusaldia ikustera hurbiltzea baino. Tabernariari irritto bat atera zitzaion eta eskutan zeukan eskartza paretaren kontra utzi eta, kafe bat eskainiz, terrazako aulki batean esertzera gonbidatu zituen.

- Begira lagunak, nongoak zareten ez dakit baina behar ez zen unean agertu zarete, Jainkoaren semearen erailketa ofiziala zen egunean.”- Zer zekien ardo saltzaile honek bikotearen aita Jainkoa izan zenik ere- ” Hiltzera kondenatu dute eta hemen, jendea kale eta bide bazterretan egoteaz ez da sobera ausartzen, hauxe politika baita eta Kristoren aurkari hutsak baizik ez daude oinbideetan. Hemen, zorionez, telebista daukagu, denborari irain egiteko modukoa, geroa oraian kokatzen duena eta judu populu honek esana Jainkoaren hitza bezala hartzen dute, ez kondenatuaren aitaren hitza bezala, baizik eta egia, egiaren egia, nunahi eta inondik jalgia. Herri honetan, irudien emaile den argi kutxa tresna hau sakratua da, ikutu ezina eta gauzak egiazki bizitu baino, argi kaxa honen bitartez ikustea nahiago dute, patua agerian agertzen zaielako. Horri komunikazioa deitzen zaio eta bere bozatik isurtzen direnek izugarrizko eragina dute jendearengan. Argi tresna honek esandakoari garrantzi ikaragarria ematen zaion antzera, gero eta gehiago izango du, aipatzen ez dituen guziak ahantziz eta isilduz. Pentsa, adibidez, gaur telebistak ez dituela erakusten Jesusen epaiketa eta hilketa, inork ez lituzke gogoan atxikiko eta sekulan nehork ez lituzke pairamenak gidaturiko urrats horiek kontuan hartuko. Eta halaxe gertatzen da edozoin gauzarekin. Pentsa ere telebistak zuzenean emandakoak berriro erakusteko ahalik ez lukeela, aurrez grabaturiko irudiak errepikapenik egiteko edo lapurpenik egiteko ahalmenik ez duela ere, berehala galduko lirateke ikusitako irudien eraginak. Jendeak berri laburrak nahi baititu. Nik ez dakit erregeen errege honen hilketa eta bizia gogoetan zizelkaturik egongo den bainan telebista den argi-kaxa honek horretara neurri handi batean lagunduko duela badakit.”

Bikotea harriturik zegoen, ez telebista aroz kanpo hor ikusteagatik, horretara ohituta baitzeuden, baizik eta argi kaxa baten ixtorioa berriz ere agertzeagatik, baita ere patuarekin loturiko gizon dibino horren kontakizun bitxiarengatik.
Berriz ere argi kaxa baten agerpena, funtsezko argi neurgailuaren ondotik, berri emaile lanetan zagerrena. Arraro bezain interesgarria.
Hain sinesgaitza zen gizon horrek esandakoa, ostatu baten aintzinean egotea nahiko ote zen alkoholak bere eragina aurresortzeko galdegin zieten haien buruei Adan eta Ebak. Burutik sano ote zegoen? Baietz zirudien bainan hura ezin bitxiagoa zen. Kutsatuta gerta baino lehen, mahaitik altxatu ziren eta arratsaldean berriro etorriko zirela zin egin zioten, halakorik ez zitekeelako galdu. Bidean zehar ibiltzen hasi ziren. Herria sekuritate indarrez beterik zegoen.

Igande haren arratsaldeko lehen ordutan, Aroies-era abiatu ziren eta ostatuan zegoen giroa ezin animatuago zegoen berriz ere, hurrengo herenegunaren pareko. Telebista bere egitarauarekin goizeko zazpiretan punttu- punttu hasi zen. Telesail guzietan bezala, aintzinekoaren laburpena erakutsi zuten, presoaren guruzbidea, haren aurkako bortizkeria eta hilketa. Musika pisu baten konpasean kapitulu berria hasi zen eta hantxe agertzen zena baldigarria zen, zuzeneko irudiak zirela jakinda: Kristo hilobiratu zuten ehortz lezea erakusten ari ziren, hutsa bezain argiz beteta, eta kazetariak hauxe zioen:
-”Kristo hilobiratu ondotik, lurrikara bat izan da eta berak igarritako bezala, argiz beterik berpiztu izan da “-Hauxe, futbol partida latino batean bezala oihu mailukatu batzuz adierazia, eta....partidako gola hurbil balego bezala - “eta hobia hutsik agertu da, argiz beterik- GOOOOOOl! Horra irudiak, begira leizea, hutsa dago”- eta kusian errepikapena.

Ebak Adan begiz begi begiratu egin zuenean mendi kasko hartan ikusi zuten argikutxaren oroitzapena gogora biei etorri zitzaien, bat- batean, eta argitik argira zetozen irudiak begietatik bazterturik, neskak esan zuen: -”Ai ama, hau Hiruburuen argia ez ote da? Ea bidaian aurkituriko hobi argitsua, ez ote den hor aipatzen dutena, hala ematen du, ezta? Norbaiten hilkutxa argitsua zirudien hark ere, honen antzekoa, oroitzen zara? Lehena, oraia eta geroa elkartu zituen argi dibino hura eta eztanda!”. Ebaren esanak ez ziren txantxetakoak, gau ilunaren ondotik argi bizi eta azkar hura agertzea ohiko misteriotan berriz erortzea baitzen eta horren lekuko, iduzkiaren indarrez eskutartean zeukaten orria erretzen hasi zitzaien eta errautsa bilakatu.

Adanek halako zerbait izan zitekeela bazekien ere, nolazpait arlo dibinoa eta zientifikoa betiko elkartuko zituen argia. Kazetaria ozenki ari zen, Jesusen hiltokia argiaren bizileku bilakatu zela esanez. Testigu batzuen bila joan zirenean, eritziak nahiko desberdinak izan ziren. Elkarrizketatu zituzten emakume batzuei berpizturiko Jesus agertu zitzaiela esan zuten, hilobitik jalgi ondotik eta Galileako bidean abiatu izan zela. Beste batek soldaduak lo bitartean, bere ikasleek Jesusen gorputza gordezka ereman zutela eta berak soldadu baten emaztea ikusi zuela esku ahurrean irabazitako dirua zuhurki kontatzen. Nor sinetsi?
Telebistan agertu ziren lekuko guziak berpikuntza hura gezurrezkoa zela baieztatzen ari ziren, inork ekintza horren aldeko testigantzarik ez baitzuen eman. Agian debekuaren beldurrez?
Tabernan, giroa ezin biziago zegoen oraindik eta gaupasan zebilen batek oihuka zioen hori truko bat besterik ez zela izan, magiak eragindako mirari bat, besteek gezurretan ari zela erantzunez. Mokoka eta erdi joka hasi izan zirenean bikoteak handik lekutzea erabaki zuen.
Anfora bat eskutan zeukan batek atariraino lagundu zituen eta berriro dena montaia bat zela builakatzen hasi zitzaien, karrikan barne urruntzen ari zirelarik. Erdi horditurik zegoen beste harro batek bulkada bat eman zion zozokeririk ez esateko oihukatuz, kazetariak esan zuela leizetik desagertzea benetakoa izan zela.
Adanek bere buruari galdetzen zion nola zitekeen hain goizik, hainbeste jende mozkorti eta gautxori ostatuan egotea, goizeko zazpit'erdiak izaki.

Kanpoan Aroies tituluaren azpian zagerren publizitateari begira, gizon bakartiar bat zegoen, isilik, barneko zalapartak traba egin balio bezala. Bere hor egoteaz inork ez ohartzea nahiago zuela sumatzen zitzaion, zerbait higuingarri egin izan balu moduan. Bikotea berarekin solasetan aritzera ez zen gehiegi ausartzen, misterioz beterik zelako bainan ardoak ere bere gain ondorio sakonak utzi zituelako. Denak nahiko beroak zeudela iduri zuen, bai ostatuan zeuden oihulariak, baita ere hauxe, isiltasunean itorik zegoen bakartiar bitxia. Uzkurki agurtu zutenean bitxiki so egin zien, zerbaiten beldurrez balego bezala, bainan laster fidatzekoak zirela ulertu zuenean haien agurrari, burua apalik, ele ulergaitz batez erantzun zion. Telebista ematen ari zena gustokoa zuenez galdegin zioten bainan erantzunez ez emanik, handik leku zitezen luzatu egin zien, elkar mintza zezaten olibondoko parkeko alki batean jartzera abiatzea hobe zela esanez. Berak ongi ezagutzen zuen laburbide batetik eta poliziatik urrun egon nahiez, haraino hurbildu ziren. Loreetan zegoen olibondo baten azpian jarri ziren.

Berriz ere, telebista ematen ari zena gustokoa ote zuen galdegin zioten bainan haren erantzun motzak ezetz esaten zuela zirudien. Nahiko edanda zegoela nabaritzen zitzaion, builarik gabeko hordikeritan itoa, bere baitan zeukazkienak negar xortaz isurtzeko gogoz egon balitz bezala. “Seiora, seiora” ezpain artetik jalgi egin zitzaion, hordi baten ulergaitzak zitezkeen hitzak adieraziz. Eta une labur baten buruan, berriz ere “ Seiora, seiora”. Zer debru esan nahi ote zuen? Hirugarren aldikotz “Seiora, seiora” ezpain artetik lerratu egin zitzaion. Bikoteak zer egin ez zekien, handik lekutu eta gizon pasatu hori hantxe abandonatu ala pazientziari lotu, honek zerbait interesgarri baitzerakutsan halere. Irriño bitxi baten artean ea anagramak zer ziren bazekiten galdegin zien, modan zegoen hitz jokoa omen zen Jerusalemen eta Aroies tabernaren deiturarena Seiora zela adierazi zien, bere hortz ustel xamarrak erakusle agertu zen irria eginez.

Adan eta Ebaren begiradak zorrozki gurutzatu izan ziren, gogoan baitzituzten ixtoria guzian zehar agertu ziren anagramak eta dudarik gabe zer ziren bazekitela, Sapek Ebari Baionakoa zehazki kontatu ziolako. Baiezkoa erantzun zioten, baietz, haiek zetozen munduan halakoak ere bazeudela esanez.

'” -Konturatu al zarete “Aroies” izenak “Aroa ihes” egiten duelako halaxe deitzen dela?”- luzatu zien paregabeko zerbait aurkitu egin balu bezala- ” Eta ohartu zarete Noe Jainkoaren zerbitzaria publizitatean dagerrela, gaurkoa balitz bezala? Ba al dakizue nor zen Noe? ” Nola ez zuten jakin behar bada nor zen Noe Adan eta Eba izanez, bainan hori sekretua baizik ez zen eta momentukotz, haien artean isil- isilik euki zuten.

Sem, Kam eta Jafeten aita nor zen bazekitela aitortu ziotenean, harriturik gelditu zen, horren gainean zegoen bakarra zela uste baitzuten, telebistak, bera ohartu gabe, halako berria eman ez balu bederen, hark dena omen baitzekien. Bainan nondik zekizkiten hauek Noeren askaziaren izenak?

-Zergaitik ez dugu jakin behar nor zen bada, aski ezaguna baitzen ezta? -Esan zion Adanek hura lasaitzeko asmotan. Haien arteko elkarrizketa erabat fidakorra bihurtzen ari zitzaien eta bat bestearen atzetik, mila gauzetaz mintzo izan ziren. Xelebre horrek bere baitan zerbait gordetzen zuela nabaritzen zitzaion, eta Eba, hain perzeptiboa bera, galdetzera ausartu zitzaion, ea zer zeukan halaxe barneratzeko eta noren bildurrez ote zegoen? Gizon bitxi hark bere burua Noeren antzekoa zela luzatu egin zion eta egin zuen odolgaiztokeriez aski ahalketuta zegoela aitortu zien. Adanek ea zer demontres egin ote zuen galdetu zioenean, negarrez urtu zen gizona, agian, alkoholaren eraginez. Ez ote zen haien semeak eginiko erailketa antzekotan erori eta Kainek Abel erail zuen bezala bere senideren bat garbitu?
“- Ni ere traidore zikin bat nauzue, telebistan erailtzen ari diren Jesus neronek saldu baitut eta lotsa betiko gogoan sartua daukat.”
“- Zer egin duzu bada lagun?” esan zion amultsuki Ebak.
-” Ba begira, Judas dut izena, eta Jesukristoren ikaslea nintzen, beste hameka lagunekin batean bere urratsak segitu izan ditut fideltasunez beterik bainan sosa eta ospearen truke nere nagusia saldu dut, Jainkoaren semea denik ez dudala gehiago sinesten. Aroies tabernan aintzinean aurkitu nauzuenean, Noeren publizitateari so egiten ari nintzaion, azkenean, biek elkar ikustekorik badugulako, nahiz eta helburuak desberdinak izan. Berak gizadi guzia saldu zuen Jainkoaren menpe ezartzeagatik eta bere senideen eta bere bizia salbatzeagatik uholde erraldoi baten konplize bihurtu zen, bere parekoak ukatuz eta Jainkoaren zerbitzari irabazdun bihurtuz. Ni, Jainkoaren seme omen dena salduta, Noeren traidore gradora iritsi naizela badakit eta agian ez dut gaur neurtzen nere ekintza honen ondorioen ikutua. Halere, aitzaki bat badaukat, herriarekin bat egitea, errege berririk hemen ez delako behar eta, ni, bederen, nere kasta berekoen aurka, ni ez naiz altxatu. Noerena nerea baino askoz larriagoa izan zen, genozidio baten konplizea izatea ez baita txantxetako afera. Ulertzen didazue?”- erdi nigar- zotinka galdegin zien Judasek”.-.”Jesus epaitu eta hiltzera kondenatu dute nere erruz, agian Noek ere gizadiaren aurkako erailketa masiboa egiteagatik epaitu behar izan zuten modura, bainan eskerrik, orduan penalezko nazioarteko epaitegirik ez zegoen, ezta?” -
Bikotea aro berri hutsetan erortzen ari zela nabaritzen hasten ziren.
Judas nahiko edana zegoela somatzen zen, ez kalean bilutsirik etzanik lokartzeko puntuan, bainan bai bere gorputzaren baitan. Nondik bestela atera epaitegi bereizi horrena, bere mozkor gogotik jalgi ez balitz? Halere esaten zituenak nahiko ikasiak zituela zirudien. Adan eta Eba harriturik zeuden Judasek, berez, etorkizunera jauzi egiteko ahalmenik ez zuelako euki behar, horixe gauza dibinoa baitzen eta bera odolgaizto arrunta zen. Richarden ahalmenetik jalgia ote zen? Misterio horren aurrean, galderetan ez jarraitzea hobe zutela pentsatu zuten eta Judas izeneko gizon bitxi harrengandik urruntzea erabaki zuten parkeko alki urrun batean jar zitezen, gertaturitakoaz elkar hitz egin zezaten.

Ez ote zaizu bitxia iduritzen, azken mementu honetan, alderantzizko bidaiaren azken urratsetan halako tipoa gure aurrean agertzea? Ez al da kasualitate handia? Jainkoa eta bere balizko semearen arteko lotura modu horretan gure aintzinean egitea, guri, Jainkoak asmaturiko lehen gizon emazteei? Lehengoan aipaturiko argiaren erdia gogorat heldu zait, mundu erdia gauean dagoela gu hemen argitan gauden bitartean, horrek gizon horren egoera gogorazten baitit, itzaletik argira eta argitik itzalera doana, gure munduaren pareko. Sosaren truke eta saltzaile bilakatuz, bere bizia argira zetorrela uste izan baitu eta orai berriro gauerantz badoa, lotsez eta ahalkez beterik. Bere arimaren egoera aldakorra gure lurraren antzekoa zait, beltzetik argira eta alderantziz. Eta, zehazki, Jesusen hilobiaren argi trinkoa agertu, argi neurgailu haren modukoa, argi berri baten pizle izan balitz bezala. “
Adanek ez zuen gehiegi ulertzen Ebaren filosofia solasa eta otoi isiltzeko esan zion, han, lezean izugarrizko mirakulua gertatu omen zelako eta hura zelako herrian zebilen solasgai bakarra.

Taberna urruneko oihuak oihartzun bat baizik ez ziren eta burrunba ito haren soinuan Ebak bere senarrari hauxe luzatu zion:

-Ez ote zuten arrazoinik mozkorti alai haiek eta telebistako beste lekuko anonimoek?
Eta Jesus Jainkoaren semea benetan ez balitz? Munduan sortuko ziren erlijio ugarik ardozale haren hitzei arrazoin ematen ez ote zieten? Juduak eta judaismoa oker egongo ote ziren? Korana ere bai? Eta gu nor gara? Eta nor izango?”
Adan balditurik zegoen, Ebak bizitakoak ukatu nahi izan balitu bezala. Etorkizun berri baten goseti baten antzera mintzatzen zela iduritzen baitzitzaion. Berriz ere, aldatzen ari zen, zalantzak horretara berriro bultzatzen zuelako.

Eguna biziki luzatu egin zela nabari zen, udaberrian sartuak zeudelako eta argitasun berezi hori beste bizpahiru hilabetez oraino luzatzera omen zihoan, beste Jesusen ikasle baten eguna arte, ekainaren hogoita laua arte, bederen, bainan hantxe, hori oraino ez zekiten. Nahiz eta isildu, Ebak bere baitan gogoeta sakonekin zerraien, Jesusen hiltzearekin ea benetan argia hil eta berpiztu zenez bere buruari galdeginez. Adanek bere emaztea eskutik hartu eta handik lekutu egin nahi izan zuen, mundu bare eta lasai baterantz abiatzeko asmoz, bainan alki hark indar berezi bat zeukan eta han egotea bortxatu egin zituen, denborari lotuta egon balira bezala.
Haien bizia ez zen erraza izan, sorrune bitxi hartatik, Edenetik botatzera iragan betiko zigorra jaso zezaten eta askaziz askazi eginiko mundu gaizto eta mendekatzailearen aitamak izan. Zer ardura, Jainko maitea! Ebak, bizitako guzia oroitarazi nahi izan zion eta sagar hartatik hasiz, aingeru zaintzaileak aipatu zituen, hura aspalditik gertatu zela azpimarratuz. Adanek baietz erantzun zion, dena aspaldikoa zela bainan ez hainbestekoa, eta biziaren arabera denbora oso laster pasatzen zela, nahiz eta bizitakoa aspalditakoa izan. Hori baitzen denboraren egiazko izaitea, denbora berean laburra bezain luzea izatea. Pentsa zenbat aro ez ote ziren pasa Noeren uholdea gertatu zenetik, zenbat ximinoek beste abere guziak popatik hartzeko griña izan zutenetik edo bikotea handik lekutu eta alderantzizko bidaia malda behera hasi zutenetik, Erek, Habil eta Sap ezagutu zituztenetik, Hiruburuak agertu zirenetik, Tel Aviven eta Baionan gertatukoaren lekuko izan zirenetik, Bibliaren idazkera eta itzulpena bizi izan zutenetik, azken finean, bidaia hastepenetik bukaeraino bizi izan zutenetik. Egunen argiaren luzapenarekin zerikusirik zeukan denborarekin. Pentsa aro moderno honetan ere biziko zituzten gora beherak, erlijioaren izenean eginiko desmasiak, bare denborak, podere politikoarekin biziko zituzten lotura nazkagarriak, faxiskeriak eta kakeriak, eta pentsa isiltzea hobe zituzten gauza guziak. Dena bizi izango zuten, iragana eta oraiaren antzeko geroan, binperrez biziriko balizko etorkizun osoan. Oro, gizonek kudeatuta!
Halere, zerbait eskas zegoen, hemendik aintzinat hari luze hartan kokatzen ahal zutena eta hauxe ezagutzeko alderantzizko bidaiaren hasi- hasieraraino igo behar izan zutela ohartu ziren, aro moderno modernora ea pentsatutakoa egia ote zenez? Legezkoa zuten azken muturreraino joatea, hura baitzen egiazki alderantzizko bidaiaren hastapena eta ez haien sortzea eta Noeren uholdea ala haien sortzearen asmakuntza eta Bibliaren idazkera. Bi mila bat urte oraino kurritu behar zituztela zagerien, nahiz eta zentzuaren aurka joan. Hauxe baitzen gizon zaharrenen edo berrienen funtsezko gizartearen oinarria. Atzera egin zuten, beste hainbeste mende eta gizaldi iragan, Jainkoaren semearen hilketaren ikutua bidaiaren soka trentzatu luzean kokatzeko. Benetan abentura aberasgarria. Ederrago oraino Darwin preso hartu zutenetik Londonen gertaturiko bere argirik gabeko berragerpena, atseko gauerdi batean, garagardo botoila bat eskutan.
Bidaian bizitako azken aneurkin horiek, gogoz gogo bizi izan zituzten eta hordikeriarekin gauza handirik ikustekorik ez zutela ikusiz aintzinera jarraitu egin zuten, nahiz eta alkitik mugitu ezin. Bi traidoreak nahiko mozkorrak izanik, Richardi behin entzudakoa bururat etorri zitzaion Adani, ezezagun zuten aro modernoa ardoarekin lotua zegokeela, eta horren lekuko, Jesus eta bere Ikasle guziekin eginiko azken afaria, berriz ere kopa bat ardo eskutan, altxaturiko hura, nahiz eta Jesus lotsatu eta bere odol sakratuta zela agerian utzi nahi. Agian hori zen Judasek onartu ez zuena.... Bainan nahiago zuten hori ahantzi, laidoa baizik ez zelako eta, nahiz eta Darwinek esan erlixioaren aurka ez zuela bere teoria eraiki, susmoa beti bizirik zegoen eta fedeaz hala hitz egitea iroipen merkea zen.
Alkian jarririk eta bidaiaren azkenekoen irudiak ikusi zituzten, heriotzaren aintzinean biziaren haria josten ikusten omen den bezala. Koropiloz beteriko soka horretan ikusi zituzten gerlak, genozidioak eta gose hilketak egiazki ez bizitzea eskertu egin zuten, hori baldin balitz aro berriaren funtsezko izate izkutua, bederen. Adan bere kastako arrez lotsatu egin zen, arrak izan baitziren ororen hobendun. Eba, berekoez urrikaldu.
Haien balizko askaziaz eginiko desmasietaz ahalketu egin ziren, giza guziak Jainkoak sortuak baitziren eta haren pareko eginak. Nola onartu fama oneko Jainko batek halako larrikeri guziak antolatzea, onartzea eta aldarrikatzea? Uholdearen zigorrraren segida bukaezina ote zitekeen? Jainkoak gizadia zigorrera betiko kondenatu ote zuena? Onargaitza benetan!

Halako ideia txarrak abandonatzea hobe zutela pentsatu zuten eta denboraren puzzlearen azken zatia bere lekuan jadanik ezarririk zegoela ikusiz, hastapenetik bukaeraino bortizkeriz osaturiko bidea bukatuta zegoela ohartzen ziren.
Adanek eta Ebak hiri hartatik betiko alde egitea erabaki zuten, alderantzizko bidaian hegaldakan abandonatu zituztenengana itzul zitezen. Parkeko alkia utzirik, ezezagunerantz alde egin zuten. Une berberan, ezin hurbilago gerta zitekeen izugarrizko ortotsa entzun zen, hiru denborak elkartu zirenean argi kutxa hartatik sorturiko eztandaren parekoa. Haizeak senar emaztea, zuhaitzen gainetik airean hartu eta tximista batek gune ezezaguneraino ereman zituen, bing eta bangez zegoen zeruko lainoen arteraino. Edeneko kanporatze hura, berriz ere, gogorat etorri zitzaien.
Planeta guziak dantzan zebiltzan, elohimdarrena dantzaburu. Salbatu egin zen leku bakarraren argia goitik garbi berriro zikusketen: Antzeztokia! Jesus, Jainkoaren semearen gordeleku isila betiereko bilakatu izan zena, izkutatzea ohikoa baitzuten familian. Hura al zen Jainkoarena ere? Ez zuen hala ematen behintzat.
Bere aitaren urratsak segituz, nehork ez zuen Kristoren berri gehiagorik ukan, otoitzetan izan ezik. Hantxe xede berri bat hartua izan zen, sekretuki amodioa jendeen artean zabalduko zuela, bainan hori bai, soilik sekretuki eta lekukorik gabe. Hori ez zen agerian inoiz agertuko, ez eta fededunen artean ere. Adanek bazekien amodiozko mezua pasarazteko bizi xume bat bizitu izan behar zela, haienaren modukoa, pobrea, eta aberastasunarekin loturik egongo zen elizak maitasunarekin eta bihotz zabalarekin zerikusirik ez zuela izango bazekien ere. Une latzak zurbiltzan.
Ebaren susmoa egiaztaturik bezala, antzokiko publikoaren artean zegoen bizardun gazte hark gerrian itsasturik zeukan dinamita kargari eztanda eginarazi zionean antzeztokia hankaz gora lehertu egin zen, Jesukristo eta guzi.
Hiru harpeak, behingoz, hutsez beterik agertu ziren, betiko. Hauxe lehenik, areto harpetu dibinoa, semearekin batean lehertu izan zena, gero, Jesusen ohiko harpea argi itzaliz baizik erideiten ez zena eta azkenik, estalaktitez beteriko Ereken harpea, turistei baizik erakusten ez zitzaiena.
Aixtion zeruko lainoetan belaunikaturik zegaldan ezezagun haren arima, berriz ere gurutzatu egin zuten, martiri baten zorionezko irria ezpainetan, nahiko urduri, oraino paradisuko atea ez omen zuelako aurkitzen. Beherean, kez beteriko aretoan denak zenduta zeuden, Aita, Semea eta Izpiritu Saindua.
Zer arrazoinengatik jakin gabe, Kosmos urrunean elohimdarren planeta argitsua ere lehertu egin zen, agian minbiziak sorturiko metastasi kutsatuaren indarrez, beste hainbat hormaturiko harri bere ondoan sortaraziz.
Berandu zen, heriotza denetaz nagusitu baitzen. Bolbora usaina airean zebilen, berriz ere klorofilarenarekin nahastua.
Bitartean, alderantzizko bidaian ibili ziren guziek hegaldakan zerraiten, pozik, esperientzia biziki aberasgarria izan zutelako, gogor xamarra izan arren.
Ilaunez ilaun ibilitako bukaerarik gabeko denboran, argia itzuli zen eta planeten dantzaldi sortzaile hartan, gure lagunei bizi argia berriro agertu zitzaien. Berriz ere hutsa beterik azaldu zen.
Iragana, oraia eta geroa argiaren barnean elkartzeagatik eta Hiruburuei eskerrak ematen ari zitzaizkien bitartean, betiereko biziak planeten arteko batto aukeratu zuen, ederrena, urdin koloreko Amalur berria, eta ur jauzi eder bat jatorritzat harturik, lur berria berpiztu egin zen. Merexi izango zuena.
Suntsidura ikaragarri horren ondotik eta experientzi guziak lekuko, denak sortzetik sortzerat abiatzeko pozik agertu ziren, gaizki eginak emendatzeko xedea harturik eta gizadiari betiko bere bizileku osoa eskainiz. Buru-makur zeuden gizon guziei ainitz kostatu izan zitzaien hauxe egitea bainan ez ote zuten egon behar bizi berriaz egarritsu? Jainkoa depresio tristean sartu zela zirudien bere iraganiko ekintzaz damutu balitz bezala. Ez bakarrik hori, gizakiak, bera gabe, bidai berri bat egiteko prest ikusten zituelako ere. Hainbeste gauza gaizki eginda izan zirela bazekien arren, dena barkatuko ziotela uste zuen, Jainkoa izateagatik, bainan ez zen batere hola. Nor, beraz aparte, gertu egon zitekeen bidai berri bat egiteko? Inor ez! Richard agian? Ezta ere , aspertuta baitzegoen eta gainera bere helburua nahiko ongi lortu zuela iduritzen zitzaion, mundua Big-Bang batez sortu izan zela eta eboluzioz eboluzio gizakia osatu egin zela ere.
Kreatzaile ukatua pentsakor zegoen eta besoak apaltzeko gogoz. Bizi berria ederra izan zitekeela pentsatuz, erabaki tinko bat hartu zuten, gizonak antolakuntzetik baztertzea! Emazteen aroa iritsi zela pentsamenduan denek bat egiten zuten. Ebak denen begirada tinkoak jaso zituen. Onena litzateke esperientzi handiko gizaki batek gidaritza hartzea, emazteen artean erakaspen gehiena jaso zuenak, hain zuzen.
Adan, gizonek gizadiarekin eta lurarrekin egin zutenez lotsaturik zegoen, erabat ahalketurik, eta ez zuen deus jakin nahi. Bortxaz, Eba izan behar zen zuzendari. Alderantzizko bidai honetan pairatutakoak gogoan ukanez, batez ere, emazte bakarra izateagatik eta denboraren soka luze horretan arrak portatzeko moduengatik, saiakera hori polita izan litekeela esan zien eta Sapi laguntza ttiki bat eskatu zion. Amodioz josirik edo mundua hobetzeko asmoz, berehala baiezkoa eman zion. Egiari zor, Sapi ez zion gauza ainitzik iroitzen, bere askaziaren aita izatea baizik, eta, nahiz eta gauza ttikia ez izan, bere kontrolpean ez zegoen zerbait zen.
Jainkoa, bazterrean pentsakor zerraien, denek ahantzi zutelako eta bizi berrian bere beharrik ez zutelako. Bere baitan, biziki eskergabeak zirela zioen, jainkoa zela ideiari ez ziotelako garrantzi gehiagorik ematen, bainan inor ez omen da baitezpadakoa ezta? Jainkoa ere, besteak bezala hartzen baitzuten, bat gehiago eta Ebak bere aitak egindakoak gogoan zizelkaturik zituen. Gauza bat zen ahanztea eta bestea barkatzea. Nola barkatu uholde sarraskitzaile haren antolatzailearen ardura, Edenetik bota zituen une hura? Jasangaitza zeukan ikustea Jainkoak bere idurira gizakiak sortzeagatik, gizakiek hitza- hitz hartu zutela esan dibinoa eta gizadia eta bere lurrama suntsitzera ereman zituztela, gaiztokeriez, bortxakeriez eta mendeku gosez.
Emazteak , bidai berria saiakera ederra zitekeela jakinez, dibinkeri arrakoitatik urrun, askaziz askaziz ibiltzeko asmoz agertu zen, lurramak eta gizamak bat eginik, arantzarik gabeko bide zuzenean abiatzeko gertu.
Azken unean, balizko jainko bihozdun andere berriak biziari zentzu aditu bat emango ziokeela denek pentsatu zuten, batez ere, aditzen ziren kantari gozoek, bainan berak, zinez, ez zuen jainko izan nahi.
Nolazpait horri erantzun nahian, zin bat egin zuen, dibinkerietan inoiz inor ez erortzea, are guttiago kreazioaren amatasunean. Bide honetan bakoitxak bere tokia baitzeukan, bai ximinoek, eme erectusek eta eme habilisek ere. Eme sapiensari bere leku osoa ematearen ardura Sap laguntzaileari eman zion. Nahiz eta arra eta askazi adituaren aita izan, beretaz osoki fidatzen baitzen, nahiko emetsu zelako. Hebraitarrak gizadiaren kondairatik baztertu egin zituen.

Gauza guzi horiek ikusiz, denen soek gero eta zehazkiagio Eba gidaritzat izenpetzen zuten eta bere emaztearen kastako gizakien egoera hobetzeko asmoz nahiez, baiezko tinko erantzun zien, berak hartuko zuela bidai berriaren zuzendaritza, ama bat eukitzea derrigorrezkoa zelako bizi berrian ongi hasteko eta berak eta Adanek bizitako sortzea inori ez ziola eskaintzen ahal, ezta txantxetan ere.

Lainoetatik zetorren doinu goxoa ozenki entzuten hasi ziren, kantu bat zirudien, hegaldakan dantzan zegoen esker xaramela. Aingerurik gabeko ametsetako emazte abesbatza lau bozez ari zen eta Eba, hori entzunik, bidaiaren kudeaketan laguntza izango zuela berehala ohartu zen, etorkizun alaia eguzkiaren izpi tartean agertzen hasi zelako.
Sap gogoan zeukan.
Izkutaturik, itsaso barearen uhainetan Noeren boga- untziaren irudia dantza arinetan zebilen, belak haizean, berpizkuntzaren doinu txistukari emetsu bat sorturik.
Hori ikusiz, gizonak ere, agian haien arima salbatu nahirik eta erabat errukiturik, boza emetsu ezti bezain berriez abesten hasi ziren, adigai zen abesbatza lagundu nahiz. Eztul idorrez hasi zen bakarra jainkoa izan zen.
Gizonak uzkurki ibiltzen hasi ziren eta ez ohiko irri gozoz zeuden, suntsiturik zegoen mundu larri zaharretik xaramelaz urruntzen hasi zirelako eta hain argitsu zagerren lurrama berriaren bila abiatzen zirelako.

Eginiko alderantzizko bidaiak mereximendu handi bat ekarri zuen, zimendu berritan oinarritzen zen bizi baliagarri bat hastea, arra guziek sorturiko sufrimendu guziak alboan utzirik. Orai, behintzat, gidaria fidatzekoa zagerkien eta hainbeste eztanden ondotik, benetazko sortzearen eztanda airean ozenki entzun zen.